L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1968 I-II Bakardade (1968-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Horati'ren odak

III'garren sailla

 

Horati

euskaratzailea: Aita Onaindia

 

XI. Lide'ri

 

GAIA: Kondaira odoltsu bat degu oda onen gai, ots, Danao'ren alaben alegia. Biotz beltza ta basakeria, sulezan ere, zigortuak dirala erakusten zaigu beronen bitartez. Hipermnestra'k bere aitari baietz agindu zion, berak ere, bere aizpen antzera, bere senarra, eztei-gauan bertan, il-araziko zuela; baiña etzun esana egin, Linkeu'ri barkatu baizik. Orati, gertakari au aitzakitzat artuta, arako Lide'gana dioa, Hipermnestra goratu ba'dadi ere, neskatxaren biotz gordiña gozatu nairik. Eta ezer baiño len, arnas eske, Merkuri'ri ta Lira'ri dei dagie.

 

Merkuri, nam te docilis magistro...

 

               Anfion'ek, Merkuri, zuk ondo irakatsita,

               Arriak era kantuz dardar-erazi zitun;

               Eta zuk, Turtu!, zazpi zain-arietan erne,

                       Soiñu berri-bizidun,

 

          5   Ez itz-ontzi ez eder beiñola, eta orain

               Aberats-mai zalea ta jauretxetakoa:

               Jalgi doiñu bat, Lide'n belarri setatiak

                       Leuntzeko erakoa.

 

               Au, ba, iru urteko moxal zelai edatu zear,

        10   Iñork uki eztion jauzika dabil pozik;

               Oindiño ez daki ark ezkontza zer dan, ezta

                       Senar gordiñen surik.

 

               Zuk, katamotz ta baso, erakar ditzakezu

               Ta ibairik ariñenak ere geldi-erazi.

        15   Kerber, su-barrendiko atezain ezigaitza,

                       Zure txeraz zan bezi:

 

               Naiz-ta eundaka sugek ari osorik jantzi

               Sumiñezko burua, ta izan arnas mergatza

               Ta aren iru mingaindun agoari erion

        20           Zatarki zital beltza.

 

               Titi ta Ixior'ek be par-zegiten engaraz,

               Eta, zuk kantu eztiz Danao'ren alabak

               Gozaten zenitula, aldikoz beintzat idor

                       Iraun zuen upelak.

 

        25   Adi beza Lide'k gaitz ura, neskatxen zigor

               Jakiña, ta upel utsa, azpitik ura galtzen,

               Eta su-lezan ere oben bigorri aiek

                       Naitaez zai dauzkaten

 

               Zori tzar berankorrak. Biotz-gabe aiek, ba,

        30   —Zer gaiztoagorik, ai!, lezaketen asmatu?—

               Galdu aiek senarrei burdin latzez bizia

                       Gaizkin zieten kendu.

 

               Bat, askoren artean, ezkontz-zuzirako gai,

               Zear-bide gaberik itz-jale agertu zan,

        35   Aitaren aurka gezurti, neska aipagarria

                       Gizaldi guztietan.

 

               «Jeiki —esan baitzion bere ezkon gazteari—;

               Jeiki, bai; ez bekizu iritx lo amaigea

               Susmo ez dezunetik; gezur itzazu aizpa

        40           Dongak, ta aitaiarrea.

 

               Auek, ba, leoi-eme txal arrapari antzo,

               Senarrak, ai!, banaka xetzen dituzte. Nik,

               Aiek baiño ziñago etzaitut zaurituko,

                       Ez jagon ere ertsirik.

 

        45   Kate jasan-gaitzekin sorta nadilla aitak,

               Senar miñari belatz barkatu niolako;

               Naramala berakin ur-ontziz numidarren

                       Azken mugalderaiño.

 

               Zoaz zu, oiñak eta aizeak eramana,

        50   Gau eta Venus lagun dituzun bitartean;

               Zoaz, bai, zoriz, ta irar oroiko nauten itzak

                       Nere obi gaiñean».

 

Oarrak.— 1. Anfion, Jupiter eta Antiope'ren seme, ta Niobe'ren senar, txit ospetsu bere kanta oskidetsuengatik. Merkuri'k lira bat eman zion, eta guztiz goxo jotzen baitzuen, Tebas'ko arresiak jasotzean, arriak ere bakoitza bere lekuan jarten omen ziran.— 3. Merkuri'k, dakigunez, turtu edo xaberama baten oskolez egin zuen lenengo ari-jogaillua.— 15. Orpeu'k, lira joaz, otzandu zuen Kerber, baita Pluton emerazi ta oiñazetuen miñak bigundu ere.— 21. Ixion, lapitarren erregeak, gurpil bati lotua, sulezan garbitzen du Juno iraindu nairik egin zuen gaiztakeria.— 21. Belo'ren seme Danao'k, Babilonia irasi zunak, Libi'tik Argos'era iges egin zuen, bere anai Egipto'ren sare artetik onez irtetzearren. Araiño ere jazartu zuten, eta bere berrogetamar billobak, emaztegaitzat, zeuzkan berrogetamar alabak. Danao'k agindu zien bere alabai, eztei-gauan bertan, bakoitzak bere senarra il-erazteko. Denak egin zuten aitak esana, Hipermnestra'k ezik. Giz-iltzaille auen nekea, sulezan, auxe zan: ondo gabeko upel bat betetzea.— 33. Hipermnestra izan zan bakar-bakarrik, bere senar Linkeu'ri bizia parkatu ziona.— 47. Numidia, Libi'ko zati bat zan orduan, iparraldeko itxas-ertzean, eta basati zerizkioenak ziran bertako biztanleak.— 51. Hipermnestra'k iltzat zeukan bere burua, aitaren esanaren kontra jokatu zuelako.

 

 

XII. Neobule'ri

 

GAIA: Akeu'k bezela egiñiko oda. Neobule neskatxari zuzendu zion Orati'k. Maltzurra zanez, ba-zekin ba gazte ark maite zuena ixilik. Neskatillak, beti ere, biotz leiala izan dute, illeak zuritzen asitako gizasemeentzat; baita agure zartxoak ba'dira ere. Ura bezin garden agiri oi zaizkizu. Neobule'k maite zun Lipara'ko Hebro gazte lerdena, baiña etzun nai maitasun ori erakutsi, osaba latz gogor bati bildur ziolako. Ez-arian eta ixil-mixilka ez ibilteko diotsa Olerkariak.

 

Miserarum est neque amori dare ludum...

 

               Zori gaiztoko neskatxena da

                    Maite-jokun ez sartzea,

               Ardo goxotan gaitzak xautzeke

                    Edo otoren miin-sastea

          5   Itzuri naiez. Zuri, Neobule,

                    Begi bizien betea,

               Kitexea'ko aur egodunak

                    Ken dizu jostun-zarea

               Ta Lipara'ko Ebro'n ederrak

        10        Minerba'gazko galea.

 

               Beleroponte bezin azkar da

                    Ebro zaldi bizkarrean;

               Lepo igurtziak Tiber uretan

                    Ezkotu zitun ostean,

        15   Mutur-joka ez zun iñork goitu,

                    Ez eta oiñ-lasterrean;

               Zelaian zear izuak jota

                    Parrastan iges eitean,

               Jaioa baita orein bizkorrak

        20        Gezi-eztenez jotean;

               Eta zolia dezu, bai, ziñez!,

                    Txara tringu sabelean

               Ondo gorderik dagon aketza

                    Ixil-mixil atzitzean.

 

Oarrak.— 4. Oto, au da, osaba.— Xiterea'ko aur egodun au, Kupido edo Maitagarri dezu, neskatxari jostun-lanerako zapi-otarra kendu diona.— 9. Lipara, eoliar ugarteetatik bat.— 10. Minerba'ren lanak ziran, noski, emakumeeri dagozkienok: etxean eta orratzean maratz izatea.— 11. Beleroponte dezu Pegaso zaldia igo ta ezi zuena.— 13. Igeri naiz borrokan nor-geiagoka zebiltzenak, lepo-sorbaldak olioz igurtzita euki oi zituzten.

 

 

XIII. Bandusi'ko iturriari

 

GAIA: Orati'k Sabina'n zeukan bere landetxea, ta onen urbil xamar zegoen iturri au ere, olerkariak biotz onez goretsi ta kantatu zuena. Gerkarrak olan egin oi zuten, ots, ur-sorburu, erreka, zugatz eta mendi gaillurrak bertsoz goratu. Guk noiz ikasiko ote degu olako zerbait egiten? Orati'k ere ainbat toki eder aipatzen ditu bere oler-lanetan. Eta Bandusi'ko iturri oni egiñak ez dira kaskarrak. Aintziñakoak uste zutenez, ur-jario, iturri-begi, zingira ta olakoak ba-zuten kutsu doneko zerbait; orixegatik eskeintzak egin oi zizkieten, ostoak, lorak eta abere illak opetsirik.

 

                        O Fons Bandusiae, splendidior vitro...

 

               O Bandusi'ko iturri, beira bezin zillar,

               Ardo goxo gai: biar, ez lorerik gabe,

                       Aume bat eskeiñiko dizut,

                       Len-adarrekin kopeta zut,

 

          5   Maite-su ta jarkira ondo moldatua.

               Baiña, alperrik; zuri beztuko dizkizu

                       Talde satsuko seme onek,

                       Odolez, ur ozkirri oiek.

 

               Uda-miñez ez daki, zu ikutzen, aro

        10   Latzak; otz-giro leuna zuk damakiezu

                       Idi goldetan neketuai

                       Ta deslai dabiltzan abreai.

 

               Iturri ospetsu, zu ere, izango zera:

               Aitz-arroen gain dagon artea nun kanta;

        15           Zure ur-xirripa ortik dator,

                       Dantza-dantzari ta txaplata.

 

Oarrak.— 1. XII'garren mende asieraruntz, Venusa inguruko iturri bati «Fons Bandusinus» esaten omen zioten. Au ote dugu Orati'k emen goraipatzen duena? Digenza'ko iturriak ere Bandusi ezkotzen zuen.— 2. Varron'ek dionez, Fontanalia deitu festetan, ots, iturri-omenez urrillaren 13'an ospatzen ziran jaietan, lorezko burestunak eskeintzen zitzaizkien urbegieri, ta urmael ta oxiñak lili-txorta ta ustaiz apaintzen zituzten.— 10. Aro latza edo oso beroa zan Txakur-izartegiko Siri'ren irteera; au da: len uztaren azkeneruntz, eta gaur dagonillaren amai aldera.— 14. Orati'k, aurretik ere, aitatua zuen bere olerkietan, an urrean zegoen artadi beltza.

 

 

XIV. Erromatar erriari

 

GAIA: Iru urtez Espaiña aldetik gudan ibillita, Erroma'ra dator August, Kantauritarrak batez ere osorik azpiratu ta menderatzeko ardurea Agripa'ri utzirik. Era berean itzuli zan beiñola Erkul ere, Espaiña mugaldeetan egintza arrigarriak burutu ondorean. Itzultze au zala-ta, esker onezko jaiak egitea erabaki zan Erroma'n. Orati'k, zorionak ematen dizkio Kaiser'i gudan izan dituan egitsari eder guztien alderako; bereen artean, Neere kitara-jotzailleak lagunduta, izan ditzala orain egun goxoak.

 

                        Herculis ritu, modo dictus, o plebs...

 

               Esana danez, Erkul'en pare, o erri!,

               Erioz erosi oi dan ereiñotz billa

               Jun zan Kaiser etxera dator, garaitsuki,

                       Espaiña'ko lurreti.

 

          5   Betor pozik emazte senar bakarduna,

               Jainko onai opari egin ondorean;

               Betoz baita buruzai argiren arreba,

                       T'eskari-zintaz leba,

 

               Neskatxen amak, t'onez itzuliak diran

        10   Mutillenak. Ta zuok, gazteok, ta zuok,

               Nekatx senartuok, zurt zaudete, ez txarrik

                       Zorgindu itzetatik.

 

               Egun onek —egiz jai— kezka beltzak dizkit

               Oilduko; ez liskarrek, ez indar-eriok

        15   Ez nau ni bildurtuko, bederen Kaisar'ak

                       Ba'dauzka nere lurrak.

 

               Oa, ume, ta eskatu gantzu ta koroiak,

               Marsa-gudu oroille, berriz, ardo upel bat;

               Espartako'k bat-bera soilki utzi ba'zun

        20           Arat-onat ibiltun

 

               Oa, datorrela azkar Neere abeslea,

               Bere ille beltz-illunak txiripaz lotuta.

               Atezai erratsuak luzerazi arren,

                       Ator i beingo baten.

 

        25   Naiz eta azpi-burruka ta dema-zale izan,

               Illea zurituaz gogoa samurtzen:

               Enun nik ori jasango, gazte nintzanean,

                       Planku kontsul zanean.

 

Oarrak.— 1. Orati'rentzat Erkul, gizon trebeenetan trebeenetariko bat zan, ezpairik gabe; ta Espaiña'z ari dalarik baitik bat, maiz eman oi du aren izena. Gerion'en idien aurkako gudan, izan ere, Espaiña zearkatu zun gizuren ongilleak. Ipui ori guztiz zabaldua bait-zegoen, Abili ta Kalpe'ko Erkul'en zutoiñak eztira ospe bakoak, ezta Koruña'ko torrea ere.— 5. Senar bakardun au, Libi Drusila degu, August'en emazte.— 7. Oktabi, August'en arreba, Antoni'ren alargun eta, lenengoz K. Markel'ekin ezkonduta egon zalako, Markel gaztearen ama; gazte oni zuzendua izan zan, «Tu Marcellus eris!» esan ospetsu hura.— 12. Ez ebaki zori gaiztoko itzik, ez loirik, ez nabarmenik, ez zorion gabekorik.— 17. Aberats eta adionekoak, jan-edate ta orritsetan, gantzuki usaitsuz igurtzi oi zituzten beren adatsak.— 18. Jesukristo'ren aurreko 91-89'garren urteetan, marsarrak, erromatarren kontra sumin bizian, Itali'ko beste aunitz errikin alkartu ta erri arteko guda gordiña aizatu zuten.— 19. Espartako, Trazi'ko ezpatari ots-aundikoa; beste ezpatari ta gudazale batzukin bildu ta Itali osoa, Kanpani'tik Alpes'etaraiño zearkatu zun, ostu, erre ta il. Morroi-guda esanikoan irtenena izan zan, Kristo surreko 73-71 bitartean.— 28. L. Munaki Planku, Jesukristo'ren aurreko 42'garrenean izan zan kontsul, Pilipo'ko erasoaldiko urtean; an zan Orati be, 22 edo 23 urteko gudari gazte, Bruto'ren gudarostean.

 

 

XV. Klore'ri

 

GAIA: Andre zar au, nunbait, urtez betea ta atsoturik egon arren, andigura ta baztar-iresle, oraindik ere neskatxen artean dizdiz egin ta mutil gazteak erabat bere maite lilluraz atzitu naiean zebillela ikusirik, olerkariak lantxo onekin arpegira botatzen dio bere gaiztakeria; zarra dala diotsa, ta utzi ditzala aspaldi bateko toki ta zorakeriak. Onakorik ez dagokio orain, bere alaba gazte Poloe'ri bai, ordea. Aolkulari trebe dagerkigu emen Orati, ezpan ertzean maltzur irria dardar.

 

                        Uxor pauperis Ibyci...

 

                      Ibik txiroaren emazte,

               Lotsari orri jar muga, azkenik,

                      Utz ezan lan ospetsu ori;

               Utzi ezan, bai, illeta gairik,

          5          Neskatil arteko olgeta:

               Izartzan ez eiñ jaso laiñorik.

 

                      Ez, Poloe'ri dagokona

               Ez dagokizu zuri, o Klore!

                      Ondo legike zur'alabak

        10   Lautuz gaztien etxe ta lore,

                      Txuntxun-otsez su-erazia

               Naiz-ta urdangea ba'litz zapore.

                      Noti'gazko suak darama

               Auntz saltari lez jolas-min erre.

 

        15          Lukeri argitik urbilxe

               On dagokizu ille iresirik,

                      Ta ez kitarik, ta ez arrosa

               Gorri-orien lili-bururik;

                      Ezta ere, zarra baitzera,

        20   Ondo-beeraiño edan-upelik.

 

Oarrak.— 7. Poloe, Klore'n alaba gaztea, jan-edanerako ta dantzarako gai.— 15. Dauni zeritzan Apuli alderdi artako urizar bat genuen Lukeri. Ta, Estrabon'ek diñoskunez, Tarento'k berak baiño ere artille bikaiñagoak ematen zitun.— 18. Arrosa gorriz apaintzen ziran aintziña bazkaldiarrak.— 20. Eta Bako'ren adiskide porrokatu ziranez, ardao-upelak ere ondo-ondoraiño ustutzen zituzten, gaur euskaldunok egin oi degun antzera edo.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.