Esopo'ren ipuinak
Esopo
euskaratzailea: Igotz
101. Oreiña, ur-jaiotza ta leoia
Orein bat, egarriak jota, ur-jaiotz edo iturri batera eldu zan. Edan ondoren, ur barruan ikusi eban bere itzala. Aldean eroian adarkera eder ugaria ikuskatzean, etzan bere zango makal leunakaz pozik geratu. Oindiño gogapen oneitan ondatua egoalarik, leoi bat agertu yakon, ots-otsean berari eraso eutsona. Lenengotan, ariñari emonez, alde aundia atera eutson, oreiñaren indarra bada zangoetan dago ta leoiarena biotzean.
Oreiñak, zelai lau bardiñean, zaindu eban galbidetik zaintzen eban aldea (diferentzia); baiño basartean sartu zanean, bere adarrak sasi-saretan kakotu yakozan eta, ezin iges egiñik, leoiak atzemona izan zan gaixoa. Il zorian egoala, deadar egin eban beretzako.
Zori gaiztoko! Saltzen ninduela uste neban oiñak ziran ni gordetzen ninduenak, eta nire adarrak oneitan jarten neban nik uste osoa, dira orain galdu nabenak.
* * *
Askotan, geure burua arriskuan ikusirik, uste andirik ez daukagun adiskideak gaizkatzen gaitue, ta uste (konfiantza) osoa emon geuntsonak galtzen.
102. Orein emea eta mastia
Orein eme bat, eiztariak erasota, masti azpian ostondu zan. Igaro ziran eiztariak, eta orein emea, ondo be ondo gorderik egoalakoan, mats-aienak koxkatzen asi zan. Aien-orriak zirkinka ikusirik, onuntz etozan eiztariak uste eben, eta egia zan, piztiren bat egoala an zotz emona. Ta euren azkonakaz il eben orein ostondua. Onek, ilteko ariarian bere burua ikusirik, itzok ebagi ebazan:
Au merezia dot; ez neutson, ba, onik atera ninduanari kalterik egin bear!
* * *
Ipuin onek, ongilleari kalte dagitsenak, zeruak zigorkatu oi dabezala, erakusten dausku.
103. Orein emea eta leoia artzulo batean
Eiztariak aurrean erabillen orein eme bat leoia bizi zan leza batera eldu zan; bere burua ostondu nairik an sartuaz bat leoiaren erpa artean jausi zan, eta onek ilten ebalarik, ak oiu:
Zori galduko! Gizonengandik igeska, pizti odolzale baten erpapean jausi naz!
* * *
Gizonak, lege berean, arrisku txikitik iges egitearren beste askoz andiago batera leitzen dira sarri.
104. Basauntz bepakarra
Begi bat palta yakon basauntza, itxas-ertzean ebillen janari billa; begi ona lurrerantza biurtuta eukon otoz-otoan gaiñ etorri eitekeozan eiztariak zaintzeko nunbait, eta begi trenkatua ur-aldera begira, andik arriskurik ez bai eban itxaro.
Baiña, ona! leku aretan zear itxas-egien batzuk, basauntza ikusirik, euren geziakaz il egin eben. Abere gaixoak, bizia emokeran, bota eban berekiko:
Ene zoritxar! Arriskuz beterik uste neban lurra zainduten neban, eta itxasoa, neure naigabean igesleku uste nebana, askoz kaltegarri ta baltzagoa izan yat.
* * *
Gure itxarrokizuna be, orrelaxe, iruzurpetua izan oi da sarritan: kaltegarri uste genduzan gauzak laguntzen dauskue, ta ongarritzat geunkazanak, kalte egiten dauskue.
105. Aumea eta azeria
Etxe barruan ondo seguru aurkitzen zan aume bat, eupadaka asi yakon an aurretik igaro zan azeri bati, aren lepotik barre egin naita. Azeriak erantzun eutson:
Doakabe! Iraintzen nokana ez az i, agoan toki ori baiño.
* * *
Ipuin onek darakus: sarri, altsuakaz kamentsu ta mokor agertzeko, abagunea ta lekua dirala azartasuna damoenak.
106. Aumea eta azeri txistularia
Auntz-taldean atzera gelditu zan aumetxo batek, azeria ondoz-ondo etorkiola ikusirik, arengana biurtu ta jaurti eutson:
Ba-yakiat, azeri!, ire janari izan bear dodana; baiña, ohore barik il ez naiten, jo egik txilibitua ta dantzan egingo yoat nik.
Azeriak txilibitua jo ta aumeak dantzan iñarduela, txakurrak arein zaratak entzun eta azeriaren atzetik asi zan leia bizian; azeriak, atzera biurtuta, aumeri onela:
Ondo jaukat au, arakin izanik txilibitulari egin nok eta.
* * *
Edu berean, gauza bat egitera goazanean, zertzelada ta aldekoak kontuan artu ezik, eskuan daukaguna be galdu daroagu sarri.
107. Ermes eta irudigiña
Ermes'ek, giza-semeak noraiño maite eben jakin nai izan eban; eta, ilkor itxura arturik, irudigin baten lantegira joan zan. Eta an, Zeus'en irudi bat ikusiaz, zegan saltzen eben itandu eban.
Drakma baten erantzun eutsoen. Irri-barrea loratu zan aren ezpan-ertzean; gero, barriro itandu eban
Eta Era'ren onek zenbat balio dau?
Geiago balio dau gaiñeratu eutsoen.
Azkenez, berbera ederto iruditzen eban bat aurkitu eban; eta, Zeus'en mandatari ta irabazien jainko zan ezkero, giza-semeen artean oso aintzat artua zalakotan, a zegan saltzen eben itandu eutsen. Eta areik erantzun:
Beste biak erosten ba'dozuz, au dubarik emongo dautzugu.
* * *
Lagunen artean aintzat joa eztan aizeputz eta burueretxi bati egoki datorkio alegi au.
108. Ermes eta lurra
Zeus'ek gizona ta emakumea eratu ebazanean, Ermes'i agindu eutson ak lurrera jatsi egizala, janaria eskuratzeko zorua nun atxurtu bear eben erakutsi egitsen.
Bete eban Ermes'ek agindu yakona; Lurra'k lenengotan ez eban nai izan, baiña Ermes'ek baietz eta baietz Zeus'ek agindutakoa bete egin bear zala iñotsan.
Ondo dago miazkatu eban Lurra'k-; atxurtu dagiela nai daben guztia. Euren negar-zotiñakaz ordainduko daustie!
* * *
Errez sareratu ta zorretatik nekez askatzen diranai ezarten yake ipuin au.
109. Ermes eta Tiresias
Tiresias'en azti-trebetasuna ia egiazkoa zan jakin nai izan eban Ermes'ek. Ortarako, au, Tiresias'ek soloan eukazan idiak ostu ta ilkor antz-irudipean, urira joanik, aren etxean sartu zan.
Tiresias, soloan eukan idi-buztarria lapurtu eutsoela jakin ebanean, Ermes'egaz batera uritik kanpora joan zan, lapurra nor izan zan egaztien egazean igarri nairik, zein egazti agertzen zan esan egiola Ermes'i eskatuaz. Ermes'ek, bereala, arrano bat ikusi eban ezkerretik eskumara egazka, ta olan esan eutson. Ez egokiola txori a, erantzun eutsan Tiresias'ek. Zugatz baten egoan belatxinga bat ikusi eban gero jainkoak. Belantxingak orain begiak zerurantza jaso eroiazan, gero lurrerantza makurtu. Ta orrela esan eutson. Aztiak ordun:
Belatxinga orrek, zeruaz ta lurraz zin dagi, nire idiak barriro aurkitzea zeure eskuetan dagoala!
* * *
Lapur baten bizkar, ederto letorke au.
110. Ermes eta edergillea
Zeus'ek, edergille guztiai guzur-pozoia ixuri egioela agindu eutson Ermes'i. Olan egin eban onek, berenua eio ta guztien artean zati bardiñetan banandurik. Atzenez, zapatagiña baiño ez yakon geratzen; pozoi naikoa, alan be; ta motroilloa arturik, aren gaiñera ustu eban guztia. Ordutik ona, edergile (artesanu) guztiak guzurti dira, baiña zapataria lakorik iñor bere ez.
* * *
Guzurra besterik esan oi eztaunari, ondo yatorko.
111. Ermes'en burdia eta arabitarrak
Bein batean, Ermes lur osoan zear ebillen guzurrez, iruzurrez eta marro-ziriz beteriko burdi bategaz; eskualde bakotxean eroianetik zerbait banatuaz. Arabitarren artera eldukeran alan be, burdia zoko egiñik gelditu ei yakon onik onenera, ta arabitarrak, sorta ederra ba'litz lez, burdiak ekarren guztia arrapataka eroan eben, Ermes'i urreko errietarako bidea artzen be itxi bagarik.
* * *
Arabitarrak, ori dala-ta, errialde guztietatik guzurti ta maltzurrenak dituzu; arein miiñak eztau egirik ezagutzen.
112. Irendua eta apaiza
Irendu bat apaiz-billa joan zan. Eta, aita izan nai ebalako, opari bat egin egiala bere alderako, eskatu eutsan. Oparigilleak erantzun eutson:
Opari egiterakoan, egia, zure aitatasuna deskat: baiña, zure soin-itxura ikusirik, gizona be ez zakidaz iduritzen.
113. Arerio biak
Ontzi bat-batean itxasoz joiazan alkarren artean ezin-ikusiz bizi ziran gizon bi, bata brankan jarrita, bestea txopan. Ekaitz zakarra jagi ta ontzia bai ondatuko ez ondatuko egoala, txopakoak lemazaiñari itandu eutson zein ete zan ontzian lenengo ondatuko zan alderdia.
Branka erantzun eutson ontzi-buruak.
Orduan gaiñeratu eban gizon arek, eriotza ez dot itxaron naigabez, neu baiño len nire areioa ikusiko bai dot ilten.
* * *
Alegi enek esan gura dau: gizon asko ez dira artu daroen kalteagaitik kezkatzen, eurak baiño len ezinikusi dabezanak sufritzen somatu ezketiño.
114. Suge-gorria eta azeria
Ibai batean, ur-tirain biziak narras eroian suge gorri bat, arantza-izpi baten kiribildua. Andik igaro zan azeri batek, alan a ikusita, ots-egin eban:
Zelako ontzi, alako ontzi-buru!
* * *
Egiteko gaiztoetan buru-belarri sarturik bizi dan dongeari zuzendua dozu onakoa.
115. Zigolaztia eta karraka
Errementarianean sartu zan bein zigolazti (suge) bat, ango lan-tresna ta erraminta guztiai zerbait eskaturik. Guztiengandik zeozertxo artu ondoren, karraka (limarengana) zuzendu ta zerbait emon egiola eskatu eutson.
Leku onera ator erantzun eutsan karrakak; nigandik ez don ezer aterako; nik, bada, etxonat emoteko ekandurik, danakandik zerbait atzekoa baiño!
* * *
Ipuin onek auxe darakusgu: zikoitzetatik ezer aterako dauala uste dauana, lelotzar bat dala.
116. Larrangilla eta ur-sugea
Larrangilla bat, utsik egiteke, iturri ondora joan oi zan ura edatera, ta an bizi zan ur-suge batek aleginak egin oi ebazan ori galazoteko, txito asarre baitzan, larrangilleak, zelai-soloetan erregiña izan ezezik, bere agintaritza barrutian be sartu gura ebalako. Sumiñaren sumiñez guztiz amorratu ziran eta burrukaldi eukitea erabagi eben: lur eta ur, garaille urteten ebana izango zan jabe ta nagusi.
Eguna izentatu zan; eta, igelak, sugea ikusi eziñik, larrangillea ikustera joan ziran, au amorrazoaz eta bere alde jokatuko ebela aginduaz. Asi zan burrukea; ur-sugeak eraso eutson larrangilleari, ta igelak, besterik eziñean, deadar ikaragarriak jaurtzen ebezan.
Larrangilleak erabazi eban, baiña onek erasi ta agiraka latzez betetu ebazan igelak; oneik, ba, bere alboan burrukatuko zirala agindu eutsoen, eta burruka bitartean, berari lagundu bearrean, oiu ta deadar zakarrak bota besterik ez eben egin. Igelak erantzun eutsoen:
Kutuntxo: gure laguntasuna ez datza besoeetan, deadarretan baiño.
* * *
Ipuin onek erakusten dausku, beso-premiñan gagozanean, itz-laguntasunak eztauala ezer balio.
117. Zeus eta begirunea
Zeus'ek, gizona moldetutean, joera ta jas guztikaz ornidu eban bertatik, baiña begirunez (lotsaz) edertzea aaztu egin yakon. Nundik sartu ez jakinik egoala, atzekaldetik sartu zedilla agindu eutson. Zeus'ek agindutakoaren kontra jagi zan begirunea; baiña, azkenean, aren eskari biziak erakarria, esan eban:
Ondo, sartuko naz; baldintasun onegaz, alan be: Eros ez daitela andik sartu; a sartu ba'ledi, nik ots-otsean iges egingo.
Emetik dator, nunbait, loi ta galdu guztiak lotsarik ez ezagutzea.
* * *
Ipuin onek dager: lotsa osoa galdu oi dabela, Eros'en sare artean jausten diranak.
118. Zeus eta azeria
Zeus'ek, azeriari, onen adimen zorrotz eta itxura garbalaz arriturik, abereen nagusitza emon eutsan. Au jakin nai izan eban, alan ta guzti be: zoria aldatzean, joera ta griñak be aldatu ete yakozan. Ortarako, errege barria, bere zaldi-burdian oso txairo egurasten ebillelarik, kakarraldo bat jausten itxi eban aren begi aurrean. Azeriak, ordun, berezko griñari ezin eutsirik, kakarraldoa bere burdi inguruan egaz ikusiaz, burditik kanpo jauzi egin, eta obari-aukerak ezesturik, kakarraldoa arrapau nai izan eban. Zeus'ek, asarre bizitan, lengo egokerara biurtu eban azeria.
* * *
Ipuiñaren guna: itxura ederrak artzea ezta naiko, izakera be aldatu ezik.
119. Zeus eta gizonak
Zeus'ek, gizonak antolatu ostean, Ermes'i agindu eutson banatu egitsela adimena. Ermes'ek, zati bardiñetan adimena zatitu, ta bakotxari ixuri eutson berea. Ortik au jazo zan: luze-laburreko gizonak, eurai yagoken zatiz aseturik, gizon zentzundunak izan ziran, eta luzera aundikoak, yagoken zatia euren gorputz-atal guztietaraiño eldu ez yakelako, besteak baiño adimen-indar gitxiagoz gelditu ziran.
* * *
Erantsi ipuin au soiñez goibe andia, baiña izatez barru-arnas urria dauan giza-semeari.
120. Zeus eta Apol
Makoaren tirua zala-ta, Zeus eta Apol eztabaidan ebiltzazuzan. Apol' ek tinkatu eban berea, gezia erauzirik; baiña Zeus'ek bere bernea Apol'ek geziz, jaurti eban baizen urrin luzatu eutzun.
* * *
Geu baiño sendoago diran leikideakaz muturka gabiltzanean, arein marka jaritxi ezezik, arein ixeka ta irribarrepean jausi oi gara.
|