Esopo'ren ipuinak
Esopo
euskaratzailea: Igotz
121. Zeus eta sugea
Zeus'en ezteguak iragarri ziranean, doe ta atsegin-sariz omendu eben abere guztiak, bakotxak eukana eroanez. Sugea, narraska, Zeus'en aulkiraiño igon zan, agoan larrosa bat ebalarik. Zeus'ek, ikusi ebanean, esan eutson:
Guztien dubak artzen ditut, baiña zure agotik eztot ezer nai.
* * *
Alegi onek au derakusgu: zitalen irribarreak bildurgarri yakuzala.
122. Zeus eta ondasunen upa
Zeus'ek, ondasun guztiak upa baten sartu ta upa au gizon baten eskuetan itxi eban. Gizonak, barriz, begi-luze zalako, uparen estalkia jaso ta barruan zer eukan jakin nai izan eban; eta orrela, ondasun guztiak egaz joan ziran jainkoagana.
* * *
Ipuin onek derakusgunez, giza-semeen artean Itxarokizuna geratu zan bakar-bakarrik, ezkutuko ondasunak eskinka.
123. Zeus, Prometeu, Atene ta Momu
Zeus'ek zezen bat eratu eban, Prometeu'k gizon bat, Atene'k etxe bat; eta gero, epaikaritzat, Momo'ri dei egin eutsoen. Momu, arein lanak ondo aztertu nairik, onela asi zan: Zeus'ek uts-egin dau zezenaren begiak adarretan ez jartean, orrela ba nun zauritzen eban obeto ikusiko eban; Prometeu'k be uts-egin dau gizonari biotza bularretik kanpora dingilizka ez ipintean, orrela bada bere gaiztakeria etzan ostenduta egongo, danen aurrean baiño. Atene'k, ostera, bere etxea txirrinka gaiñean jarri bear ei eban, gaizkiñen bat auzoan egotez jarten baldin ba'zan, bertakoak andik errez igeska egin egien. Zeus'ek, epaikari ura bekaizti utsa zala-ta, Olinpu'tik bota egin eban.
* * *
Eztago ezer esames eta surru-murrutik iges egiteko lain oso danik.
124. Zeus eta turtua
Zeus'ek, bere ezteguak jaitzeko, abere danai dei egin eutsen. Turtuak bakarrik bako egin eutson. Aren ez etorteaz artegatuta, urrengo egunean itandu eutson:
Zelan zu bakarrik, abere guztietan, etziñan nire ase aldira etorri?
Sendi-etxe, etxe eredu! -erantzun eban turtuak.
Zeus'k, aretzaz sumindurik, etxea lepoan eroatera beartu eban, eta arrezkero olan dabilkigu.
* * *
Askok naiago dabe, iñoren maian oparo jan baiño, nobere etxean lau-lau bizi.
125. Zeus epaikari
Antxiñako aldietan Zeus'ek erabagi eban: Ermes'ek irarri egizala giza-semeen uts-egiteak itxas-maskurretan, maskur oneik kutxa batean bere alboan jarriaz, bakotxari zuzen egokiona emon egion. Maskurrak, baiña, nastu egiten; eta Zeus'en eskuetan batzuk beste batzuk baiño len igaroten ziran, bakotxak zotzean egokion epai zuzena eroateko.
* * *
Alegi onek esan nai dauskunez, ez gara arritu bear gaiztoak eta gaizkiñak euren gaiztakerien zigorra lenago artzen ezpa-dabe.
126. Eguzkia eta igelak
Udea eldurik, Eguzkiaren ezteguak ospatzen ziran. Alan abere danak ebiltzan pozez gaiñezka, igelak eurak be jaian esku artzen ebela. Oneitako batek, alan be, ots egin eban:
Zoro alakoak! Zergaitik poztuten zarie? Orain berak bakarrik zingira danak legortzen ditu; andrea artu ta bere antzeko semeren bat ba'dakar, zer ikusi bearko ete?
* * *
Gizaseme buruarin asko, pozgarri ez diran gauzakaz, poztu oi dira.
127. Mandemea
Mandeme bat, garagarrez ondo asetuta, jauzika (saltoka) asi zan, bere barrurako iñoala:
Nire aita, zaldi bizkorra da lasterka, ta ni aren antzekoa naiatzu oso.
Abagune baten, baiña, mandemeak be ariñeketan egin bear. Lasterketa amaitzerakoan, txordo ta zapuzti, aita astoaz gogoratu zan, arnasean.
* * *
Erreza dozu ipuin-ondoa: gizonak eztau aztu bear, inguruak naiz zoriak naiz aldiak goratzen dauanean be, bere jatorria, gure izatea duda-muda besterik ez da-ta.
128. Erkul eta Atene
Bide estu batean zear joian Erkul. Lurrean sagar iduriko zerbait ikusi ta zapaldu egin eban. Gauza a bitu egin zan larrantz edo lodieraz. Ortan, Erkul'ek zakarrago zapaldu eban, aga-buruaz be astindu ta txupi egiñik. Zer a, baiña, gero ta aziagotuz, bere larrantz aundiaz bidea be estu itxirik. Gizurena orduan, bere aga lurrera bota, ta izularri itzelak joa gelditu zan.
Atene agertu yakon ontan, esanaz:
Entzuizu, anai; zer au, eztabaida ta iskanbillaren ezpiritua dozu; trankil laga ba'dagizu, len lez dirau; baiña eraso ezkero, ikusi zelan aunditzen dan!
* * *
Gaitz aundien iturri dira asarre ta iskanbillak.
129. Erkul eta Pluton
Erkul'ek, jainkoen artean artua ta Zeus'en maian jarri-azoa izanik, jainko bakotxari agur egion begirune aundiaz. Pluton eldu zan azkenengo, ta Erkul, begiak lurrean, arengandik aldendu zan.
Zeus'ek, zurturik, Pluton'engandik zer zala-ta baztertzen ebazan begiak galde egin eutson, jainko guztiak oso maitekor agurtzen baitzitun.
Ni giza-semeen artean aurkitzen nintzanean erantzun eutson, ori, ia beti, birigarro, sabelzuri ta arlote artean ikusten neban. Orixegaitik orain ez ditut neure begiak beragan izarri gura.
* * *
Zoriak aberastua, baiña seta txarrekoa dan gizon bati, ondo yatorko alegi au.
130. Iainkotxua
Gizon batek jainkotxu bat eukan etxean, eta oni eskintzen eutsozan opari aberatsak. Opa-eskintza oneitan diru-mordo aundiak eralgi oi ebazalako, gau batez jainkotxau bera agertu yakon, esanez:
Ene adiskide, ez geiago dirurik alperretan egaldu; dana galtzen ba'dozu ta zeure burua ezerezean ikusi, neuri botako daustazu errua.
* * *
Arlotekeriz zoritxarreko egin diran askok be, era berean, jainkoei egozten dautse errua.
13. Zimarroia eta izurdea
Zimarroi bat izurdeak aurrean erabillen: onek eraso ta ak iges. Zimarroia, etsaiak oratu-ur aurkitzen zala, zapart ikaragarria egiñik, ur-ertzeraiño eldu zan ustekabean. Izurdea be, oldar berberak eraginda, ur-ertz bertara eldu zan. Zimarroiak burua biurtu ta izurdea ikusirik, azken-arnasetan egoala,
Ilteak ez daust miñik emoten esan eban, eriotza ekar-azo daustana be, ilten dakust-eta.
* * *
Onek erakusten dausku: zoritxarrak errez daroaguz, oneik dakarskuenakaz zatituta ikusiaz batez be.
132. Osagille ez-jakina
Gaixo bat osatu naita ebillen sendagille ezjakin bat. Enparauak itza emona eben, arriskuan ez egoan arren, aren geixo-aldia luzarokoa izango zala. Ez-jakiñak bakarrik esan eutson berak agindutako zer guztiak artu egizala, urrengo eguna ez ebala igaroko ta.
Geixoa, egun-mordoa ogean eginda, jagi ta kalera urten zan, laru ta nekez ebillela. Gure osagilleak bidean aurkitu eban, eta bota eutson:
Zelan dagoz, lagun, inpernuko arimak?
Oso trankil ak erantzun, Leteu'ko ura edan dabe-ta.
Azken orduan, ostera, Ade'k eta Erio'k zemai (amenaza) ikaragarriak jaurtzen ebezan osagilleen kontra. Zergaitik? Ona: geixoai ilten ez dautselako izten, eta osagille guztien izenak ezarten ebezan euren liburuan. Zure izena be jartzera joiazan, baiña ni arein oiñetan auspaztu nintzan zu etziñala egiazko merikua ta errazoi barik salatu zinduezala esanik.
* * *
Ipuin onek irri dagitse itz ederrak bailo ez dabezan osagilleai.
133. Osagillea eta gaixoa
Osalari batek geixo bat eukan bere zainpean. Il yakon gaixoa ta osalariak illa iltegira eroienai arduraz zirautsen:
Gizon au, ardaoa itxi ta bisisturak artu ba'leuz, etzan ilgo.
Lagun erantzun eutsoen, ezta orain, ezertarako eran garai ontan, au esan bear zenduna, lenago, zure onua (kontsejua) baliotsu izan zeitekean garaian baiño!
* * *
Lagunai, jakiña, lagundu bear yake premiñan dagozanean, eta ez euren auziak galdutakoan, buruargi agertu.
134. Mirua eta sugea
Miru batek sugea arrapau ta airean eroan eban. Sugeak, arrapatzailleagana biurtuaz, sista egin eutson ari. Biak jausi ziran goitik beera, amiltegi aundi batera. Mirua antxe garbitu zan. Sugeak ordun:
Sen bakoa! Zer dala-ta, txarto egin nai izan dautsok, kalterik egiten ez eutsokanari? Zuzen zigortua izan az, ni indarrez eroan nokalako.
* * *
Griñak eraginda bera baiño argalago diranai kalte dagitsen gizonak, bidean topo egin dagike bera baiño sendoago danagaz, eta orduan itxaroke ordainduko ditu aurretik egiñiko gaitz guztiak.
135. Irrintzi egin nai izan eban mima
Miruak lenago beste aots bat ei eukan, aots zakarragoa. Baiña egun batean, oso ederto irrinzti egian zaldi bati entzun ei eutson. Eta berak be, aren antzera, irrintzi egin gura. Lerrenak eginda be, baiña, ez eban lortu zaldiaren abotsa, bere doitasun guztian, artzea. Ta tamalez, ori ez-ezik, berez eukan abotsa be galdu egin eban. Orrela, zaldiaren abots barik, eta bere lenagokoa be galduta, geratu zan gizajoa.
* * *
Izaki tantan bekaiztiak, euren izakeraren kontrako gaitasunak eskuratu nairik, dagokiezanak be galdu egin oi dabez.
136. Txori-eiztaria eta sugegorria
Txori-eiztari bat, lika ta adar igortziak arturik, eizara joan zan. Bidean, zozo bat zugatz goituan ezarria ikusiaz, aren jabe egin nai izan eban; ortarako, oi dan lez zotzak doi-doi egokitu ebazan, eta arduraz gora begiraturik bere adikuntza osoa airean bateratu eban. Burua goi eukolarik, etzan oartu oiñagaz lo egoan sugegorri bat zapaltzen ebanik, eta onek, min artean, kiribildu ta aginka egin eutson. Eta eiztariak, il-urren, oiu bere kautan:
Zori txarreko! Txori bat atxitu nai izan dot, eta ez naz konturatu neu be eriotzaren atzamarretan jausten nintzanik.
* * *
Geure lagun-urkoari azpitik gabilkiozanean, geu gara aurrenengo zori txarpean jausten.
137. Zaldi zarra
Zaldi zar bat errotarria biraka erabilteko saldua izan zan. Arriari lotuta bere burua ikusi ebanean, zotinka bota eban:
Lasterketan egiñiko bira ederren ondoren, ona emen zer bira ta itzuli egitera beartua!
* * *
Gaztetasunak edo ospeak ekarri oi dauan indarragaitik, etzaiteze arro ibilli. Zartzaroa zenbatentzat aitu oi dan lan neketsuetan!
138. Zaldia, idia, txakurra eta gizona
Zeus'ek gizona sortu ebanean, bizitza laburra baiño ez eutsan emon. Gizona, orraitiño, bere adimenari lan eragiñik, negua eltzerakoan, etxe bat eregi ta bertan bizi izan zan.
Otz aundia zan egun batez, euria jausten astean, otzez ta euriz geiago eziñik, zaldi batek, aringa gizonagana elduez, aterpea emon egiola eskatu eutson.
Gizonak baldintza baten azpian bakarrik egindu eutson aterpea: zaldiak egokion urte-zati bat emon bearko eutsan. Zaldiak baietz, emongo eutsala. Andik laster idia be aurreratu zan: onek be ezin eguraldi txarra eroan. Gizonak erantzun bardiña emon eutsan: bere urteen batzuk izten ez ba'eutsozan, ez ebala artuko; idiak eskiñi eutsozan zati batzuk, eta gizonak berean artu eban. Txakurra be, atzenez, otzak illik, aurkeztu yakon, eta, bizi izango zanaren zati bat amor egiñik, jaritxi eban leorpea.
Eta ona onen ondorena: Gizonak, Zeus'ek emondako epea betetean garbiak eta onak dira; zaldiaren urteetara eltzean, ausart eta arroak; idiaren urteetan dagozanean, agintzea da euren arazorik beiñena; ta txakurraren urteetara jaristean, euren bizi-amairuntz, asarrekor eta aldarte (umore) txarreko biurtu oi yatzuz.
* * *
Alegi au egoki datorkio agure minbera ta erramuskalariari.
139. Zaldia eta jagolea
Zaldizain batek bere zaldiaren garagarra ostu ta saldu egin oi eban; baiña, ordaiñez, egun osoa emoten bera garbitu ta txarrantxatzen. Zaldiak begietara bota eutsan:
Egiaz eder ikusi nai ba'nok, ez egik saldu niretzako dokan garagarra.
* * *
Zekenak itz ederrez losingatzen dabez sarri zentzun gitxi dabenak, bear-bearrezkoa be kentzen dautsela.
140. Zaldia eta astoa
Gizon batek zaldia ta astoa eukazan. Egun batean, biak bidez joiazala, astoak zaldiari esan eutson:
Ar eistazu karga zati bat, nire bizia aintzakotzat ba -daukazu.
Zaldiak ostera gorrarena egin eban, eta astoa, nekearen nekez lurrera jausirik, bertan il zan. Jaubeak ordun zaldiaren gaiñ irauli eban zama guztia; astoaren narrua bera be bai. Ta zaldiak, asperenka, esan eban:
Ni bai zori gaiztoko! Karga arin bat lepoan ez artzearren, orain dana bizkar gaiñ eroan bear, baita aren narrua be!
* * *
Txikiak eta andiak alkar artu ezkero, biak bizia seguratzen.
|