Esopo'ren ipuiñak
Esopo
euskaratzailea: Igotz
159. Belabaltza ta luki-emea
Belabaltz goseti bat ikondo gaiñean gelditu zan, baiña ikoak oindiño berderik egozala ikusiz, umotu arte zain geratu zan. Luki-emeak, belea luzatuz joiala gaiñean, zergatik zan ori itaundu eutson. Jakitun egin zanean, esan eutson beleari:
Oso txarto egiten dozu itxaropenean uste izanik: amets zoroz janaritzen jatzu itxaropena, eta ez bazkaz.
160. Belatxinga ta belak
Belatxinga bat, beste belatxingak baiño aundiagoa alanbearrez, bere endakoak arbuiaturik, belaen artera joan eta euren arteko bizimoldea eskatu eutsen. Belak, baiña, aren izakera ta abotsak ez ezaguturik, pikoka zauritu ta andik bota eben. Eta belatxinga, belak erauzia, bere belatxingetara biurtu zan. Oneik orduan, iraiñaz minduta oindiñokarren, ez eben euren artean artu nai izan. Olan ez batzuk ez bestetzuk, ez eben eurekaz artu.
Gizasemeen artean be orrenbeste jazoten da. Euren aberria itxi ta beste bat obetzat aukeratu, txarto ikusiak dira emen arrotz lez, eta, gaiñera, euren erritarrentzat be gorrotogarri dira, arbuiatu ta gitxi-etsi ditulako onek.
161. Belatxinga ta egaztiak
Zeus'ek, txoriai errege bat ipiñi nairik, egun bat izendatu eutsen bere aurrean batu zeitezan, euretariko guztien artean bat ederrena autatu bear eban danen errege izan zedin. Egaztiak ibai-ertzera joan ziran gorputzak garbitzeko. Belatxingeak orduan, bere itxusitasuna ikusirik, beste egaztietatik jausten ziran lumak batzen ziarduan, bere soiñean eurak egokiturik. Olan gertatu zan egaztietatik ederrena.
Eldu zan egu izentatua, eta egazt guztiak agertu ziran Zeus'en aurrean, an zan belatxingea be, bere luma-egaki ñabarrakaz. Eta Zeus ain ederra agiri zanari bere erregetza emotekotan egoelarik, egaztiak, aserre sumiñean, bakotxak berari egokion luma kendu eutson, eta olan luma barik leen baizen belatxinga geratu zan.
Au jazoten da urrez jositako gizonakaz: iñoren ondasunaz jazten diranean, zerbait dirudie; baiña zor dabena ordaintzean, lenago ziran lez daukazuz.
162. Belatxinga ta usakumak
Belatxinga batek, ondo janarituriko usakumak egozan usotegia ikusiz, bere lumak zuritu ta araxe joan zan arein janariz bera be gozatzera. Belatxinga ixilik egon zan artean, usakumak, euretako bat zalakoan, eurentzat artu eben; baiña momentu baten aaztu egin zan eta garraxi bat bota. Usakumak orduan, aren abotsa ez bait eben ezagun, jaurti eben andik guztien artean. Eta belatxingea, usakumen jateko gozo barik geratzen zala-ta, beretarren artera biurtu zan. Belatxingak alan be, ekarren koloreagaitik ez bait eben ezagutzen, bota eben euren artetik; olan, janari bitatik gozartu nai ebalako, ez bataz ez besteaz geratu zan.
Ipuin onek erakusten dausku: geure-geureak diran ondasunaz naikotu bearra daukagula, zikoizkeria ezeren obari bakoa izan ez-ezik, sarri daukaguna bera be galdu azoten dauskulako.
163. Belatxinga igeslaria
Gizon batek belatxinga bat eizatu eban, eta zango batean liñozko ari bat loturik, bere semeari emon eutsan. Belatxingeak, baiña, gizasemeen artean bizi eziñik, onako askatasun tartez baliatuaz, iges egiñik bere abiara biurtu zan. Baiña aria adarretan naspildu jakon; ezin, beraz, egazik egin, eta, hilurren bere burua ikusiz, esan eban:
Doakabe! Gizasemeen artean katigu ez egotearren, bizitza galtzen dot.
Alegi au ez jatorke txarto arrisku txikietatik iges egin naiean, alanbearrez beste aundiago batzuetan jausten diranai.
164. Belea ta luki-emea
Bele bat, aragi-zatia ostu ondoren, zugatz baten kokatu zan. Lukiak ikusi eban eta, ari aragia ostu nairik, aren gorputz aundi ederra goratzen asi zan, egaztien errege izateko bera baiño obeto apaindurik ez egoala esanaz; eta ori be lortu leikeala ziur asko abotsik izan ba'leu. Beleak, abotsa be baebala azeriari erakutsi gurarik, jarein eban aragia garraxi aundiak botateko. Luki-emeak aragia artu ta esan eutson:
Bela lagun, adimena ba'zeunko barriz, ez zintzatekez ezeren paltan izango egaztien errege izateko.
Ikasbide ederra ergelentzat.
165. Hermes eta belea
Arrapagaillu baten Apol'i itz emon eutsan intzentsua erreko eutsala; baiña, arriskutik urtetean, aaztu eban bere agintzaria. Ostera be beste lakio baten jausirik, Apol itxi ta Hermes'egana zuzendu zan, oni opari bat eskiñiko eutsola agindurik. Baiña jainkoak esan eutson:
Zuregan, zori-bako!, zelan uste ona ipiñi, zeure leen-ugazabari ziria sartu ba'dautsazu?
Ongille bategaz esker txarreko izan gareanean, zoritxarrak jo ba'gaitu, ez dogu geiago iñondiko laguntzarik izango.
166. Belea ta sugea
Janari-urri ebillan bela batek sugea ikusi eban eguzkitan lo, eta aren gaiñera eldurik, airez aire jaso eban erpa artean. Sugeak, ostera, itzuli ta aginka egin eutson; eta beleak ilteko zorian, esan eban:
Ene doakabe! Aokada bat idoro, ta beraugatik il bear!
Ez datorkio gaizki alegi au altxor-lapiko bat aurkitzeak erio-arriskuan jarten dauanari.
167. Belea gaixorik
Gaixorik egoan bele batek bere amari esan eutson:
Ama, eskatu jainkoai, ta ez egizu geiago negarrik egin. Amak erantzun eutson:
Euretatik zein, seme, zutaz errukitu? Ba-da bat-edo-bat zuk aragia ostu ez dautsazunik?
Areik bizitzan arerio asko egin dabezanak, ez dabe bear-izanean laguntasun aundirik izango.
168. Larratxori gangarduna
Larratxori gangardun bat lakioan jausi zan, eta antsiz bota eban:
Zorigaiztoko larratxori! Ez dautsazu iñori ostu ez urre, ez zidar, ez ezetariko gauza bitxirik; galgarau pitin bat da eriotzara naroiana.
Egoki jatorke ipuin au, opari ezerezagaitik, arrisku aunditan sartu oi diranai.
169. Belatxinga ta belea
Garramuraz jarri zan belatxinga belearen aurka onek gizasemeei zantzuak emon oi dautsezalako, etorkizuna iragarriz eta, auxegaitik, oneik testigutzat artu oi dabe; belatxingak be doai ta eskubide bardiñak beragandu opa zituan. Bidazti batzuk, bada, andik igaroten ikusiz, zugatz baten gelditu zan, garraxi izugarriak jaurtiaz. Aren abotsa entzunik, bidaztiak bildurrez biurtu ebezan buruak; baiña eurotatik batek, itza arturik, au esan eban:
Adiskideak, goazen aurrera; belatxinga besterik ez da ori; orren garraxiak ez dabe ezer iragarten.
Eta bardintsu gerta oi da gizonen artean be: eurak baiño sendoago diranakaz leiatsu dabiltzanak, ez dabe areikaz bardintzerik lortzen, baiña bai arein isekaz betetea.
170. Belatxinga ta txakurra
Atenea'ri opari egiten ziarduan belatxingak txakur bati dei egin eutson opari osteko oturuntzara. Txakurrak jardetsi:
Zer dala-ta urtzen dozuz zeure ondasunak alperreko opariak eskintzen? Jakin bear zeunke, ba, jainkosak ezesten zaitula, zure iragarkizun guztiak utsean eukiteraiño ezetsi be.
Belatxingak errepika:
Orixegaitik ain zuzen be egin oi dautsadaz opariak, ba-dakidalako nirekiko aren gogo txarra: onezkoak egin nai ditut aregaz.
Era berean, gizonik askok be bardin jokatu daroe euren izterbegiakaz, bildurra dautselako.
171. Marraskilloak
Lugin-seme batek marraskilloak txigortzen ziarduan. Arein zirt-zartak entzunaz, esan eban:
Pizti kaskarrak, sutan dagoz zuen etxeak, eta kantari oraindik!
Alegi onek irakasten dau, orduz kanpo egin oi dan guztia, errezpegarri dala.
172. Kisne antzartzat artua
Gizon aberats batek batera janaritzen zituan antzarra ta kisnea; eta ez asmo bardiñaz, bata kanturako nai eban, ba, ta bestea mairako. Antzarrari bere txanda eldu jakonean, gaba zan eta illunez ezin zeitekezan bereizi egazti biak, zein zan bata ta zein bestea. Antzarraren ordez kisnea arturik, onek erio aurreko kanta soiñua asi eban. Ugazabak ezagutu eban aren abotsa, eta orrek atera eban bizirik.
Zer dausku erakusten alegi onek? Musikeak sarri atzatzeka eragin oi dautsola eriotzeari.
173. Kisnea ta bere ugazaba
Kisneak, diñoenez, iltera doazanean abesten dabe. Gizon batek salgei ikusi eban kismea, eta esaten entzunez kantuz abere oso eztitsua zala jakiñik, bera erosi eban. Gizonak bein aparia emoten ebalarik, kisne billa joan eta kanta egiala jan-edan bitartean eskatu eutson. Kisneak ez eban itzik oguzi. Baiña, egun batean, iltera joiala uste izanik, illeta bat abestu eban aurretiaz. Jaubeak bota eutson, ori entzutean:
Ilterakoan bakarrik kantatu bear ba'dozu, ergel bat izan nintzan zuri, il ordez, abesteko otoi egitean.
Sarri askotan orrelaxe jazoten da: gogo onez egin ez nai doguna, indarrez egitean.
174. Txakur biak
Gizon batek txakur bi eukazan. Bata eizarako azi eban eta bestea bere etxea zaindu egion. Lenengoak eizara urten eta zerbait artzen ebanean, ugazabak orren zati bat etxea zaintzen egoan txakurrari botaten eutson. Eizatxakurrak, au ikusirik, agiraka egin eutson gogor be gogor bere lagunari: bera zan urten eta askotxo jasan bear ebana; bere lagunak, barriz, ezertxo be egiteke, bere irabazitik jaten eban. Txakur-etxe-jagoleak erantzun:
Ni ez nozu origaitik gaiztetsi bear, geure ugazaba baiño; onek ba niri, lan egiten erakutsi ordez, iñoren lanez bizi izaten erakutsi daust.
Ume alperrak be ez dabe akarrik merezi, euren gurasoak bait dira alperkerian azten dabezanak.
175. Txakur gosetiak
Txakur batzuk, erreka barruan garbitzeko ipiñi narruak ikusi ebezan. Baiña areinganaiño eldu eziñik, ori lortzeko ura edatea erabagi eben. Alan be, edan eta edan, narruak eskuratu orduko eztanda egin eben danak.
Itxaropenak eraginda, etzaitez sartu lan arriskutzuetan.
|