L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-8 (1985-martxoa-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Saki-ren bi istorio

 

Hector Hugh Munro "Saki"

 

euskaratzailea: L. Anselmi

 

        SAKIren honako bi ipuin hauetarik itzuliak:

                THE ACHIEVEMENT OF THE CAT

                THE INFERNAL PARLIAMENT

 

 

Infernutar parlamentua

 

Gauza orijinalen bat egitea gero eta zailagoa den haro batetan, Bauton Bidderdalek bere belaunaldikoak harritu zituen gaisotasun berri batengatik hil zenean. "Beti jakin izan genuen egun hauetarik baten zerbait ohargarri egingo lukeela", adierazi zuten haren izebek; "gure bereganako sinesmena justifikatu egin du". Baina badago humanitatearen sail bat beti prest lorpen meritagarriei zor zaien onespenari uko egiteko, eta eragin handiko mediku eskola batek benetan hilik ez zegoelako eritzia zabaldu zuen. Hiletaren prestaketak atzeratu behar izan zituzten arazoa hala edo hola konpondu arte, eta behin behinean izebek erdi-dolua ekarri zioten.

        Bitartean, Bidderdalek infernuan iraun zuen ostari gisa, bere harrera oinarri sendoago batetan esekita ikusi zain. "Uste badute benetan hilik ez zaudela", esan zuten paraje hartako agintariek, "ez dugu nahi pentsa dezaten zu harrapatzeko irrikitzen gaudela idenzenteki. Infernua bizilagunen behar gorrian dagoelako teoria aintzinako kontua da. Hara, har dezagun zure familia, esate baterako, Bidderdaletar ugari dago gure liburuetan, geroago ikusteko parada izango duzunez. Gure sistimaren parte garrantzitsua da familiakoak bultzatuak izan beharko liratekeela elkarrekin hemen bizitzen. Beste munduan egin azterketak direla bide, nabari dugu gure helburuak lortzeko egokia dela. Hala ere, zu apopilo zaren bitartean atsegin genuke begirune osoz zu tratatzea eta bereziki interesa dakizukeen edozein gauza erakustea. Bide batez, gustatuko litzaizuke gure Parlamentua ikustea?".

        "Badaukazue parlamenturik infernuan?" galdetu zuen Bidderdalek apur bat harriturik.

        "Orain dela gutxi bakarrik. Beti izan dugu anabesa, jakina, baina parlamental arauen beharrik gabe. Orain, ordea, Parlamentuak Turkian eta Persian modan egoten hasi direlarik, eta luze baino lehen Afghanistanen eta Chinan ere, nik uste, arranditsuegi lirudike mugimendu honetatik at egoteak. Iragan berri den deabru gazte hori, EAST BRIMSTONeko hego sufre aldea ordezkaria da. Atsegin osoz erakutsiko dizu Instituzioa".

        "Debate baten hasiera entzuteko aukera izango dugu", esan zuen ordezkariak, Bidderdale gizonaren jauskera, urrearen aurkikuntza, karten asmaketa eta beste zenbait ohizko gai egoki agertzen zituzten freskoek apaindutako kanpoko areto zabalean barrena zeraman bitartean.

        "«NETHER FURNACE»ko labe behe aldea ordezkaria proposamen bat azaltzen ari da", etxe honek sutsuki protesta egiten duela Lurreko lege biltzarren aurrean "deabrudun" hitzaren erabilera oker eta iraingarriaren aurka, zeina bakarrik giza-ofentsa hutsak adierazteko erabiltzen bait da, Infernualdeari buruzko inpresio txar eta faltsua sortu eta zabaltzeko asmoz".

        Parlamentu Areto beraren ezaugarri bat bere tamainu itzela zen. Ordezkariei zegokien tartea txikia zen eta urriki betea, baina jendearentzako solairuek hainbeste mailak zituzten non ezin ikus bait zitezkeen urrunenak, eta ia gainezka zeuden denak.

        "Badirudi jendea oso interesaturik dagoela debate honetan", hots egin zuen Bidderdalek.

        "Ordezkariek debateetara huts egin dezakete nahiez gero", hasi zen azaltzen deabrua; "haren pribilegio preziatuenetariko bat da. Bestaldetik hautesleak behartuak dira hitzaldi guztiak burutik burura entzuten. Azken finean infernuan gaudela gogoratu behar duzu".

        Bidderdalek hortzikara bat erreprimitu zuen, eta berriro debatea aditzeko burua bihurtu zuen.

        "Ezer" zioen deabru-hizlariak, "ez da negargarriago gaur egungo kulturadun arrazen artean, deabrutasuna eta gehiegikeria nazkagarri guztiak berdintzeko joera baino; ebidentzia legendarienetan oinarriturik bakarrik lepora dakizkigukeen gehiegikeriak. Soilik edo nagusiki gizonari dagozkion bizioak jotzen dituzte ezgizakortzat eta are esker gabeko edo arbuiagarriago dena, deabruduntzat. Batek ikertzen baldin baditu zenbait esaldi hala nola "meatze zaldien aurkako tratu ezgizakorra" edo "deabrudun ankerkeriak Congo-n", Lurreko anai-parlamentuetan hain sarritan entzuten ditugunak, batek, dinot, aurkitzen du zinez meatze zaldien eta Congo-n jaiotakoen aurkako tratu gizakorraz ari garela, eta ezin daitekeela deabruen parte hartzerik egiazta izugarrikeria hauetan. Beharbada kexatzeko beste arrazoi txikiago bat hau da", jarraitu zuen hizlariak, "Gisa arrazak maiz esaten du, "txiste hori deabrukiro dibertitua izan da", zinez txistea ez deabruduna, ez dibertitua izan ez denean, guri hitz gozo dudagarri bat bota izango baligu bezala".

        Hizlaria baratu egin zen, eta isiltasun lodi bat jabetu zen areto handi hartaz.

        "Zer gertatzen ari da?" guguratu zuen Bidderdalek. "Bost minutu isiltasuna", azaldu zuen bere gidariak; "hizlaria onespen mutuan izan delako zeinua da, Pandemonium-en eman daitekeen estima erakuspenik garaiena. Sar gaitezen orain erretzeko gelan".

        "Onartuko al dute proposamendua?" galdetu zuen Bidderdalek, itaunduz bere baitan nola tratatuko lukeen protesta hori Sir Edward Grey-ek, Britaina Haundiko parlamentura helduz gero; Infernualdearekiko entente batek ikuskizun zoragarri bat irekitzen zuen, zeinean kanpo arazoetarako ministroaren irudimena gal litekeen etsi etsian.

        "Onartu? Noski ezetz", esan zuen deabruak; "Infernuko parlamentuan proposamendu guztiak atzera boteak dira derrigorrez".

        "Lurreko Parlamentuetan ia gauza guztiak dira onartuak gaur egun, bidaiarako gastuak eta soldatak barne".

        "Zana zala, seguru aski infernuan txantxaren bat egiten zuen bere familiako lehen partaidea zela sentitu zuen".

        "Bidenabar", gaineratu zuen, "eta Lurreko parlamentuez garenez gero, ba al duzue alderdi sistemarik hemen behean?".

        "Infernuan? Guztiz ezinezkoa. Ez dugu sari sistemarik. Hain ongi espezializatu gara zigorretan ezen beste arloa erabat arduragabetu bait dugu. Eta gainera, engainuz oinarritutako gobernuek, zuen parlamentuetan erabiltzen dituzuenen antzekoek, ez lukete hemen funtzionatuko. Ez nuke tentazioaren aurkako hitz bat ere esan nahi, baina erran zuhur bat dugu hemen: "saguharrapagailu bat gaztaz beitatzerakoan, utzi beti lekua saguarentzat". Zuen "bederatzi pezeta lau pezetaren truke" bezalako alderdi slogan batek ez luke ezertarako balioko; saguarentzat ezezik, irudimenarentzat ere ez bait du lekurik uzten. Esaera bat duzue zure herrian: "ez dago kirten alu kondenatu bat bezain kirten alurik", edo holako zerbait, nik uste; hemengo kirten alu guztiak nahitanahiez kondenaturik daude, baina batek ere ez luke "bederatzi pezeta lau pezetaren truke" kontu hori sinetsiko".

        "Ezin izan litezke behartuak hori sinesten sermoiak direla medio, intelektual eta moralezko betebehar bat balitz bezala?" Galdetu zuen Bidderdalek.

        "Guk ez ditugu zuen erreztasun guztiak", esan zuen deabruak; "guk ez dugu ezer hemen zuen "Master of Elibank"-i bete betean dagokionik".

        Momentu horretan Bidderdalek begieman zion agenda paperezko orri solte baten idazkiari: "Zure botua Infernu Berezien alde".

        "Ah!" esan zuen, "maiz entzun dut esamolde hau: "Badago infernu berezi bat holako edo halako pertsona mota batentzat erreserbaturik". Esaidazu zerbait haietaz".

        "Prestatzen ari garen bat erakutsiko dizut", esan zuen deabruak, korridorean behera gidatzen zuelarik. "Hau diseinatua izan da zure Nazioko dramagile ospetsuenetariko bat ostatzeko. Ikus dezakezunez deabrutxo saldoak ari dira Britaniar antzerki modernoei buruzko egunkari ebakinak itsasten liburu izugarri batetan, bakoitza egilearen izen azpian, alfabetoaren arauera taiuturik. Liburua ia milioi erdi ebakinek osatuko dute, nik uste, eta izango da bereziki kondenatutako indibiduo honi emango zaion literatura bakarra". Bidderdale ez zegoen oso hunkiturik.

        "Dramagile batzuei ez lieke gehiegi axola eternitate osoa emateak beren denborako egunkari ebakinez osatutako liburu bat hostokatzen". Esan zuen.

        Orduan deabruak irri maltzur batez eta ahapeka: "S letra ez dago" (Bernard Shaw).

        Orduantxe ohartu zen Bidderdale infernuan zegoela.

 

 

 

Katuaren lorpenak

 

Nazioen historia politikoan ez da harrigarria herri eta estaturik topatzea zeinak denbora laburrez elkarren kontrako gatazka bizian aritu badira ere, egokitu bait dira elkarrekiko borondate oneko bideetan eta aliantzan batzutan ere. Espezien garapen sozialen historia naturalak ematen du antzeko eredu bat: bi elementu gerlagile izandakoak bat etortzean, gizon zibilizatu eta etxeko katuaren gisa aurkeztuak. Aintzina-aintzinako egun hauetan gertatu zen gizaki eta felinoen artean gotorki ihardukitako gudua, hain zuzen ere, sable-betagindun tigrea eta leizetako lehoia gizon primitiboaren aurka ari zireneko borroka, aspaldian burutua zen hobetoen hornitutako borrokalariaren alde, hots, Erpurudun Gauzaren alde; eta familia desjabetuaren ondorengoak baztertuta daude gaurregun, gehien bat estepa eta oihanetako mortuetan, non gorderik bizitzea bait da sakailatzea ekiditeko bide bakarra. Baina "felis catus"ak edo etxeko katu modernoaren (andana izugarria oraingoan) arbasoen espeziea zenak, maisu kolpe batez galerazi zuen bere arrazaren hondapena, eta leku bat lortu zuen konkistatzailearen organizazioko giltzarri berberean. Ugaztunetan harroena dena ez bait da jopu edo menpeko gisa sartu gizanaiartekotasunean; ez eta esklabu gisa zamariak edo zakur antzeko emagaldu manugina bezala. Etxekoa da katua bere nahiari egokitzen zaion neurrian; ezin txakurtegiratu, ezin mandratresnak ipini ez eta jasan ere bere joan-etorriei dagokien agindurik. Giza arrazarekiko kontaktu luzeak erakutsi dio diplomaziaren artea, eta Ertaroko erromatar kardinale batek ere ez zekien nola ingurukoekin begikotu katuak baino hobeto, bere burumugan plater bat esne azaltzen zaionean.

        Baina leuntasun soziala, inozentzia burrunbalea, erpe terziopelatuaren biguntasuna albora daitezke bat batean, eta katuki sinuosoa hotz hotzean aienatu daiteke teilatu eta tximinietako mundu batera non giza elementu urrunduari ez bait zaio jaramonik egiten. Edo jaiotzetiko basa-izpiritua zeinak lagundu zion erpe eta hortzetako joandako egunetan bizirik irauteko bisor daiteke itxura ederraren azpitik eta torturaren instintoak (felinoek eta gizakumeek baizik ez dutena) mugarik gabe dihardukete zoritxarreko txori edo marraskari batzuen agonian. Benetan ez da garaipen makala basakeria primitiboaren askatasun trabagabea eta oso zibilizazio garatuak izan dezakeen luxua konbinatzea; merkatalgoak munduko mugaldeetan batu dituen tela leunetan bildua izatea; lanak eta industriak lur erraietatik ateratako epeltasunean kiskaltzea; aberastasunak bere mahairako erreserbatutako jaki finez oturuntzatzea, eta hala ere Naturaren seme libre bat izatea, ehiztari ahaltsua, bizi-odolaren isurlea. Hauxe da katuaren garaipena. Baina arrakastaren kredituaz gainea onespena eskatzen duten beste kualitate batzu ditu ere. Egiptiarrek dibinontzat jauretsi zuten abereak erromatarrek askatasunaren sinbolo bezala beneratu zutenak, demoniologiaren agente bat bezala Ertaro inorantean europarrek anatematizatu zutenak, elkarrekin erabat nahasirik doazen bi ezaugarri azaldu ditu, hots, kuraia eta auto-begirunea. Zirkunstantziak guztik kontrakoak izan arren, bi ezaugarriak aurretik beti. Jar itzazu haur bat, txakurkume bat eta katukume bat bapateko arrisku baten aurrean; haurrak laguntza eskatuko du instintiboki; txakurkumea narraz ibiliko da zigor hurbilaren aurrean menekotasun doilorra dariola; katakumeak bere gorputz txikia makurtuko du erresistentzia apoderatu bat egiteko prest. Eta separa ezazu katu luxuzalea ibiltzen ikasi duen erotasun sozialaren girotik, eta begira zibilizazioaren kondizio kontrastean —(Eta nolako zibilizazioa? Hain zuen ere), gizon bati gizarteko alde errespetagarri eta ezkriminalean iraunarazten dioten irabazi apurrak lortzeko, adeigabeko arropa lotsagarriz jantzita kalean saltinbanki-itzulipurdiak egiten behartu dezakeen zibilizazio berbera. Etxarte eta bazteraunzunetako katu goseti, proskribatu, kinatuak oraindik kontserbatzen du, bere zorigaitzaren joan-etorrietan ere, pantera pauso ausart eta librea, zeinarekin aintzina zapaldu zituen Tebas-ko patioak, oraindik agertzen du ere gizonak baztertzen inoiz irakatsi ez dion ernetasun independientea. Eta bere higidurak eta arte maltzurrak urrikigabeko patua eragozteko kapaz izan ez direnean, bere indar defendagarrien aurrean, etsaiak gehiegi edo sendoegi azaldu direnean, azkeneraino borrokatuz hiltzen da, erresistentzia bentzutuaren amorrazio itogarriaz zirgit eginez, eta bere azken hil garrasian, giza abereek edozein botereri egotzi dioten protesta saminaren agonia oihukatuz; zoriontsu egin zitzakeen baina egin ez zituen destino baten aurkako azken protesta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.