L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-12 (1986-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Grisèle Prassinos

 

Grisèle Prassinos

 

euskaratzailea: Kapo

 

        Greka sorterriz, Constantinoplan sortu zen 1920an. Familia Frantzira kanbiatzen da, etorkin. Poetisa goiztiarra, hamalau urterekin ematen ditu bere lehen poemak argitara, iduri denez, Breton-en eskutik, "Documents 34" eta "Minotaure" deitu aldizkarietan, 15 urterekin, bere lehen liburua ikusten du argitaratua, urrengo hiru urtetan, izugarrizko aktibitateari atxekitzen delarik, tai gabe idatziz eta halaber, liburuak argitaratzen zaizkiola: 18 urterekin 8 liburu dira iada kalean.

        Breton-ek, bere "Antologie de L'humour noir" deitu bilduma honela mintzo da idazlersaz:

        Humore beltzaren hortzemuga gaindi oraindino, Dali-k defitutako "emazteki-haurrari egin monument inperialea" ezartzekotan gaude. Neure hortzetatik, hamalau ere emanen nituzke, —inude Sakesperoanoak esango luke—, hamalau urtetatik gora izan balitu, lehen aldiz hura entzutera deituak izan ginenean; halaber, Mab erregina ere baten hura, lamien arteko emazteki jakintsua, nola deitzen den, itzultzeko ez baitago elerik; bada, hark ez zuen adinik, nahiz hemen ageri diren idazleengandik (1) belaunaldi bat geroago etorria zaigun. Mab erregina ez da zinez aldatu Sakespeare-z gero, eta beraren eginpidea, gizonen sudurra korritzea da, loak hartu dituelarik. Hura da Max Ernst-en "kimera gaztea", "eskoliersa anbiguoa", zeinak, "Idazketa automatikoa" izenarekin, "Iraultza Surrealista" aldizkariaren azala ematen baitigu. Urrikalmendua, pietateak, klarki gibel eginik, Salvador Dalí-ren "aerodinamismo morala"-k, "amonatxoarengan" du leiha atxekitzera, zeinak ordu laurden gaizto bat iraganen baitu. Horra hor biluzik. Haren gorputza trikotatzeko orratz moreez da trabesatua, berak sarturik berainik, ederrago izan dadintzat; Halaber orratz bederaren puntan, xingola berde ttippi bat estekatu du ere. Hark ez du batere azpirik. Hutsartea dago, sabela eta belaunak artean. Orduan hori manten dadin, zangoak, hariño batez ditu txilintxau. Azkenekoz, bere ohera sartzen da, haren begiak, begibarnetatik kanpo, oinetara erortzen diren bitartean. Katutxo sabela itzali du. Beraz, zinez beltz dago.

        Zinez beltz: gau erdian, beldurrez, irri egiten duen haurra da; Herri primitiboak oro ere badira, buruak altxaturik, ikusteko haien arbasoak, iduriz zenbait akiturik, zuhaitzera igon arazi eta eskilara kenduz, iharrausi aintzin, ea etortzen direnenz. Tai gabeko iraultza da, sos bederako irudi eder koloreztatuetan —ez dira existitzen, iada—, bainan Gisèle Prassinos-en tonoa bat bera da: haren bekaitz dira poetak oro. Swift-ek begiak apaltzen ditu, Sade-k, bere goxoki toxa arra zerratzen du.

        Gisèle Prassinos-en textuak, "Les mots endormis" deitu liburutik iradoki ditugu, Flammarion, 1967. Bilduma gisako liburua da, non, ordurarte argitara gabeko zenbait texto agertzen baitira.

        Breton-en textoa, aipatu bezala, Antologie de l'humour noir deitu bildumatik, Jean-Jacques Pauvert. 1966.

        (1) Antologia hortan agertzen diren idazleak.

 

 

 

"Vera-k" dio:

        Oilar bat dut erraietan. Haren ahotsa, sakonagoa egiten da eta gero amoltsuagoa, nire bihotsaren erpina ukitu arte.

        Kantuz ere badihardu: Haren putzaren indarrak, hurbil zaion guztia garbiru egiten du eta nire gorputzaren organoak, lohadarretan sentitzen ditut, biltzen ari. Ene mekanismoa kexu da: ene bazkariez berak profitatzen du; ene loa, haren moko usaintsuaz da xurgatua eta ez du nahi deus urtuki dezadan. Neure pepino igaliez baliatzen naizenean, berak ebasten ditu eta jaten ditu ere. Bainan, haragia, baster batetan uzten du usteltzera, zeinak, zornerazten dituen ere urdainaren barne delikatuak.

        Animalia hiltzear antzematen dut. Mementu batez, haren presentziaz libro izatearen pozaz pentsatzen dut, bainan ongi gogozkatuz gero, ez diot gaitzik desiratzen, maite dut eta zernahi egingo dut bizia salba dezan.

        Eme bat behar duela jakin arazten dit, gogaitu egiten dela, zainak galdu.

        Bat lortu diot. Bainan iada hilik zen eta duda dut, animalia balia daitekenenz, nik emanaz.

        Horra ene gorputza dar-dar, anka mee ttipi zenbait, ene sabeletik gainti ibiltzen, organoak, zerratzenago ditudalarik.

        Oilanda batek, zenbat arraultz ezar ditzake urte batetan?

 

 

 

Jiten antzematen duzularik

 

Egidazu keinu jiten antzematen duzularik

Larrosa handi, eta zabaldurat, eramanen zafitut

Erle, ene kuttuna

hura hilarri hobeago duzu eziz emazteki hura

noblia, serius, eder eta on

Iduri gabe, arrenkura da bere koroaz

zeina aize xuri ttipienak arintzen baitu

arrenkura ere bere bihotsaz

berantagoko larrosen pezua,

haren lurrin ilunaren bekaizteria.

 

Azken goiztiriak gris dirate

eta perla petik abantxu izanen zara

lorategi distiranta

zentu izatea ere ez date hain pezu.

Egidazu keinu jiten antzematen duzularik.

 

 

 

Irria

 

Irakurtzen ari naiz. Kanbera argitsu da, bainan kanberaz beste, oro gau da.

        Ez nuke atea zabalduko. Ongi naiz abaroan, Koub-en aitzinean. Bere presentziak, besaulkiaren hezurdurara atxekirik, krisantemo delikatuez inguratzen nau. Haren presentzia senditzen dut, nabaritzen dut, ene begitartean pausaturik, jantzi elastikoa bailitzan.

        Irakurtzen ari naiz. Kloub-ek, enekin batera, liburu bat hartu du eta ber denboran, burua zehiartu dugu. Egiaren erraitekoz, ongi naiz.

        Luze gabe, ene bekokian, —eta sentsazione hori zinezagotzen ari—, erreinu gori baten erredura... kordokatua, begiak jaulgitzera eramanik naiz: Ez, Kloub ez da irakurtzen ari. Net geldo, eni so dago. Haren formak zurbil dira eta karrua bezain hotz. Harena ez den irria begitartean zaio ezarri, euli bat bailitzan. Erraiten dut: zerk zaitu libertitzen?

        Bainan Kloub, higi gabe, ber gisan geratu da, bizkarra, murmuriatzen duen besaulkiari atxekia, begirada ene baitan ezarria, eskuak, zabal dituelarik liburu pean. Nahi nuke zerbait egin lezan: irriak sorbaldak kordokaraz liezazkion, irria zapar ledin kanberan eta beregana nazan.

        Deus ere ez. Zein plazar subtil eta sekretak bereizten ditu haren ezpainak, sekondutik sekondura, zerk zulatzen du aho hori bitan, beirakizko hariak gurutzatzen diren hede hori?

        Kloub interesa dadin esperoan, ezein gertaera anonziatzen dut, nola haren komentarioak igurikatu; oro banoki.

        Behar dut jaulgi?, kolpatu menturaz?, igurika oraindino?

        Aitzina zehiartzen da, bere alegrantzia libratzeko bezala. Edo, saietzak edukitzeko keinua itxurazten ari da?

        Ez dut halaz ere, haren alegrantziaz deus entzuten, baten deusetik deus ere.

        Bitan da plegatu, sabela zangoei atxekirik. Hiru alditan emanik, baten gorputzaren berahaldia, aminika doa, hezurdura bentzutuaren asperenez beteta. Bet-betan, Kloub alfonbraren gainean abailtzen da.

 

 

 

Esklabo bat badut

 

Urtatsean, erregalia eskuratu dut: esklabo bat. Bainan ez dakit hartaz baliatzen.

        Erraiten zait: "Ez duzu deus aisagorik. Zeuri xede eta desirak oro, manu bilaka itzazu, ez haboro. Beharrezko zaizkizun etxeko lanak ere, esklaboari egotz".

        Ene desirak, ene bihotsean dira baraturik, ene ele bakar batez higituko litzatekeen erregalia artikulatu bainan geldo hau.

        Haren gelditze hura ere, ene deus erraitearen ondorio —arren, obeditze feite bat baizik—, ahalamen zait.

        Zer liteke, trabailuren zenbait manatu ondoan, esklaboak, mantsoki, amoltsu, ene plazan, txarpa hartuz, zola xeha baleza?

        Ikara naiz hartaz. Iruditzen zati ahalgez zentu nintekeela.

        Barda, haren mentsaz, etzin egoiten den kanberan, su handi bat piztu nuen. Halaber, jaki sukratua adelatu, nola mahaian ezarri agerrian. Ez duzu izan arrakasta hutsala baizik.

        Beroaren kariaz, menturaz, einherik eta hits ediren dut.

        Ezarri da, besoak luze gorputzaren aldeetan, ez du solamente ukitu gozokia.

        Aier banadi haren ulantzera, kaidera har eta tximiniaren kantian ezar banendi haren aitzinean...

        Elkarrekin jan genezake gozokia, elesta genezake.

 

 

 

Ikustaldi okerra

 

Emazteki bat, bere pendizean zen zeluari so, aidetara zuen adatsa eskuez adukitzeko entseiatzen zen. Oren bat berantago, anpulu handixka zirudin odei gris ttippi bati beatu zion. Haren begi zohardiak, ez ziren higitzen, bainan artetarik ez ziren agerian: zinez beltz izaki, ezin ikusizkoak ziren.

        Han zen, leku hartan, behin ere gorputza higitu gabe, gaua igurikatzen. Hau abaildu zenean, eta aizerik batere ez zelarik, emaztekiak, eskuak eraitsi zituen eta gorputzaren luzerara atxeki. Zartak, goitik behera erdibitu zuen, ehortz handi batekin. Orduan, bihots biga eskapu ziren, bata besteari atzekirik, odol anitxekin, zolatik ixurika. Sokorri bortaño batetaraino pirritatu ziren, keea zeriela, eta zinez dardaraka.

        Emaztekia, arra zerratua zen, bainan indarge, zain gabe bezala paseiatzen zen pendizatik, karrikatik ixurtzen zen odolari so, aldizka zohardi eta beltz ziren bere begi haiekin.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.