Arlo magnetikoak
André Breton
euskaratzailea:
Josu
Lantegia
Trenbideen eta ur gordailuen leienda izugarriak eta lorrabereen zenbait gizakiren bihotzak erabat unkitzen dituzte. Horregatik transmisio-zerrendekiko elkar ezaguera jaso dute; haientzat arnasa hartzeko erregularitatea bukatu da. Lantegi istripuak, inork ezin ukatu, komenientziazko ezkontzak baino ederragoak dira. Hala ere, patroiaren alaba patioan zehar pasatzen ari da. Koiperune bat orbela baino errazago kentzen da, behintzat eskua ez da dardar ari. Fabrikategi eta apaindegien arteko biderdian, bijilantzi prismak alistamendu izarrarekin maltzurkeriaz jolasten ari da.
Eztai ondoa
Zertan datzate elkarrenganako joerak? Badira zelo batzuk besteak baino unkigarriago direnak. Emakume bat eta liburu baten arteko lehiaketak suposatzen duen iluntasun horren barruan gustora paseatzen naiz. Buruan dagoen behatza ez da errebolber baten kainoia. Elkarren pentsamendua. aditzen genuela uste dut, baina gure ukapenik zuhurrena den "ezertaz ez" ohargabekoa, eztai bidai guztian ez genuen ezta behin aipatu ere. Astroak baino beherago ez dago ezer tinkoki begiratzeko modukoa. Edozein trenatan leihatiletatik agertzeak arriskua dakar. Geltokiak argi eta garbi itsaskolko batean zehar banaturik zeuden. Itsasoa, giza begientzat inoiz ederra ez den itsasoa, ez ginduan bakarrik uzten. Gure begietako ondoan etorkizuneruntz zuzendutako kalkulu politak gartzeletako hormetakoak bezalakoak galtzen ziren.
|