L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Ray Bradbury-taz ohar inkonklusoak

Martitzeko kronikak (1946)

 

Ray Bradbury

 

euskaratzailea:

Jean Arno

 

        Ray Bradbury. Illinois, 1920.

        Scientifictionean, Martian Chroniclesak mugarri izan omen dira. Jorge L. Borgesen hitzaurre dotore bat dakar liburu honek, non esaten digun beste gauza gehiagoren artean Ariostok ere imaginatu zuela Ilargian aurkitzen zirela Lurran galdutako gauza guztiak. Literatura sinbolikoa dela dio baita ere, eta oinarrizko esperientziak kondatzeko orok balio duela, bai fantasia bai errealitateak.

        «Hirugarren espedizioa» ipuinean terrore metafisikoa somatzen duela aitortzen du. Kapitulo honetan, ispiluaren beste aldera joatea tokatzen zaiei gizonei, haurtzaroko lekuen kopian erortzeko. Guztiz aipagarria da «Usher II», non kritika latzak ixurtzen dizkion gizarteari, eta fantasiarako eskubidea aldarrikatzen duen. Eta podereen kontrako kontestazioa gizabanakoen ekintzetan ontzat ematen ditu «Izenen hautaketa» pasartean.

        «Martzianoa», «Euri emeak etorriko dira» etabarretan, gai eternoak ikutzen ditu abildadez, mundu bereziak maixutasunez gauzatuz, ez da zientzia fikzioan gelditzen, gustora irakurtzen da, ez da zaila ezta gutxiago ere. Halere, erreakzionario xamarra ote den susmoak asaldatu nau, hainbeste famili, jainko, etabar.

        Martzianoak zintzoak bezala azaltzen zaizkigu azkenerako, monstruoak izan ondoren. Amerikaren konkista izan zenarekin parekotasun haundia dutela kronika hauek okurritzen zait —orain ospatzera dihoazten 500 urteurrena kakareatu hori ere ikusiko dugu zertan joaten den—. Baina Martitzen konkista urruti ez al dago Bradburyk botatako datetara hurbiltzen ari garelarik?

        Probintzi hirietako bizitza ederki erretratatzen du, prosa poetiko xume batez. Gaiak iraganez eraikitzen ditu; Iraganeko autore klasikoak ere Zientzi-Fikzioa idatziko lukete bizi balira eta Bradbury ia klasikoa da.

        Bradburyren beste obra batzu: «Dark Carnival», «The Illustrated Man», «Farenheit 451», «The Golden Apples of the Sun», «Dandelions Wine», «The machineries of Joy'», «A Medicine For Melancholy'», «I Sing the Body Electric»...

        Ea ba hemen, ezagutzen ez dutenentzat, Martzianoen Kroniken pasarte lakoniko bi eta poema. Azkenekoz, Zi-Fi jeneroan egin den lan sinesgarrienetako baten aurrean aurkituko zerala, irakurle, liburu hau irakurtzeko okasioa izaten baduzu.

 

 

2.000-ko Martxoa
Zergadurua

 

        Martitzera joan nahi zuen suzirian. Goizeko aurreneko orduetan pistara jeitsi zen eta alanbretatik zehar oihuka Martitzera joan nahi zuela esan zien gizon uniformatuei. Zergak ordaintzen zituela, Pritchard deitzen zela eta Martitzera joateko eskubidea zuela esan zien. Ez al zen jaio Ohion, han bertan? Ez al zen hiritar on bat? Orduan, zergaitik ezin zuen Martitzera joan? Ukabilekin mehatxatu zituen eta Lurratik joan nahi zuela esan zien; burutik ongi jantzitako jende guztiak Lurratik aldegin nahi zuten. Bi urte igaro aurretik eztanda egingo zuen gerra atomiko ikaragarri batek, eta berak ez zuen egon nahi Lurran une hartan. Bera eta bera bezalako milaka, zentzu komun pittin bat zutenak Martitzera joango ziren. Ikusiko zuten. Gerletatik ihes egingo zuten, zentsura, gelditasuna, konskripzioetatik, honen edo haren gobernu kontroletatik, arte edo zientziatik. Geldi zitezela beste batzu! Eskubiko eskua eskeintzen zien, bihotza, burua, Martitzera joateko aukeragatik.

        Zer egin behar zen, zer sinatu, nor ezagutu behar zuen suzirian untziratzeko?

        Uniformedun gizonek farre egin zioten alanbretatik zehar. Martitzera ez zuela joan nahi esan zioten. Ez al zekien aurreneko bi espedizioak porrot egin zutela eta seguraski espedizionari orok hil zirela?

        Ezin zuten frogatu, ezin zuten ziur egon, esan zuen Pritchardek alanbreak oratuz; Zitekeena zen han goran esne eta eztizko herrialde bat izatea, eta York kaptaina eta Willians kapitainak ez zutela itzuli nahi izan edo. Irekiko ote zioten atehaundia, Hirugarren Suziri Espedizionariora igotzen uzteko, edo ostikojoz hautsiko zuen berberak?

        Ixil zedila esan zioten.

        Suziri aldera zihoazela ikusi zituen gizonak.

        —Itxaron nazazue!— hotsegin zien—. Ez nazazue utzi mundu itzel honetan! Joan nahi dut! Gerra atomiko bat egonen da! Lurran ez nazazue utzi!

        Arrastaka atera zuten handik. Kolpe batez hertsi zuten polizikotxea eta atzeko lehiatilari aurpegia erantsita eraman zuten. Automobilaren sirenak uluka hautsi aurretik, biragune batetara hurbiltzean, ikusi zuen su gorria, entzun zuen hots izugarria eta sentitu zuen suziri zilarreztatua dardarizoekin igotzen zela, astelehen goiz arrunt batetan abandonatzen zutelarik Lurra planeta arruntean.

 

 

2.001-ko Abuztua
Kolonizatzaileak

 

        Lurrako gizonak Martitzera ailegatu ziren. Beldurra zutelako ailegatu ziren, edota ez zutelako, zoriontsuak zirelako edo zorigabeak zirelako, Erromesak senditzen zirelako edo Erromesak gisa ez zirelako senditzen. Haietako bakoitzak arrazoi ezberdina zuen. Emakume gorrotagarriak uzten zituzten, lan gorrotagarriak, ziutate gorrotagarriak. Zerbait aurkitzearren zetozten, zerbait utzi, edo zerbait lortu; zerbait desehortztera, zerbaiti lur ematera zerbait abandonatzera. Amets erridikuloekin zetozten, amets jatorrekin, edo ametsik gabe. Gobernuaren hatzak lau koloreetako karteletatik zera seinalatzen zuen, hiri zenbatezinetan: Lana bada zuretzat zeruan. Bixita ezazu Martitz! Eta gizonak espaziora abiatzen ziren. Haseran bakar batzu, dozena batzu, zeren ia oro gaixoturik senditzen zen suziriak Lurra utzi aurretik ere. Bakardadez gaixotzen ziren, ze batek ikusten duenean bere etxeak ukabil baten tamainoa hartzen duela, intxaur batena, jostorratz buru batena eta gero subuztan baten atzekaldean desagertzen dela, batek jaio ez dela senditzen du, ziutaterik ez dagoela, inon ez dagoela, eta espazioa bakarrik dagoela inguruan, ezer familiarrik gabe, gizon estrainoak bakarrik. Eta Illinois, Iowa, Missouri edo Montanako Estatuak hodeiezko itxaso batean desagertzen direnean, eta are gehiago, EEBBak lainotan zorrotutako irla bat bakarrik direnean eta planeta osoak urrutira botatako pilota lokaztu bat ematen duenean, orduan benetan bakarrik senditzen da bat, espazioaren zelaietatik noraezean, inolaz ere imajina ezin den mundu baten hila.

        Ez zen arraroa, beraz, aurreneko migrariak gutxi izatea. Etengabeki hazi egin zen beraien kopurua. Martitzen zeudenak gainditu arte. Zenbakiak esportzagarriak ziren. Baina lehen bakartiak ez zuten kontsolamendu hori izan.

 

 

Euri emeak etorriko dira

 

        Euri emeak etorriko dira eta lur usaiak, eta soinu dirdiratsuekin jirakatuko diren enarak, eta urmaheletan gauean kantatuko duten igelak, eta xuri dardartxuzko aranondoak, eta suzko lumak jantziko dituzten txantxangorriak, eta hesien alanbretan txistujoko dituzte beraien kantak; eta inork ez du jakingo gerra badagoenik, inor ez da kezkatuko gerraren bukaeraz. Inori ez zaio ajolako, ez xoriei ezta zuhaitzei, gizateria orokorki suntsitzen bada ere; eta udaberria berberak, esnatzean egunsentian, ia-ia ez du jakingo desagertu garenik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.