L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Leitzeko teatroa, ikusteko teatroa

 

Xabier Mendiguren

 

        Teatroa ez da teatro taularatzen ez den artean. Antzerkiaren kasuan eztabaidagarri gerta daitekeen abiapuntu hau argi eta garbi ageri da beste arte batzuetan: esate baterako, filme bat ez da filme harik eta zeluloide bihurtu arte, edo esgulturarik ez dago zizelkatzen ez den bitartean; aurretik egiten dena proiektu edo egitasmo edo dena delakoa izan liteke, baina ez lan burutua.

        Ez dut uste inork goiko adibideen egiatasuna ukatuko didanik, begibistakoak baitira. Baina antzerkiarekin ordea zalantzak sortu ohi dira: obra bat inoiz ikusi gabe ere «ezagutu» egiten dugula pentsatzen dugu sarritan gidoia irakurtze hutsarekin, eta orohar gidoi idatzia eta antzerkia identifikatzeko joera haundia dago.

        Zergatik? Bi eratako arrazoiak ikusten ditut nik, elkarri loturik badaude ere. Lehena, teatroa literaturaren eremu zabalaren barnean kokatzeko ohitura zaharra. Egia da teatroak literatura ere erabil dezakeela beste baliabide askoren artean, eta teatro era asko eta askotan testuak berak autonomia haundia duela, berezko edertasun bat; baina horrek ez du inondik ere teatroaren funtsa testua, hitza denik esan nahi: teatroan dagoen hitza gainera, ez da inoiz littera, letra inprimatua alegia, ahotik belarrira hegan dabilena baino. Nik esango nuke literaturarekin baino zerikusi estuagoa duela ilusionismoarekin, prestidigitazioarekin, zirkoarekin; eta hori ez da inondik inora ere gutxiespena, «arteen» parnasotxotik kanpora bidali nahia. Izatekotan ere, ene ezintasunaren aitorpen apala litzateke, nolabaiteko teatrogile izan nahi eta hitz idatziaz baino baliatzen ez dakidan honena.

        Bigarren arrazoia, last but not less, antzerkia ikusteko zailtasuna litzateke: liburuak eta filmeak ia nahi adina ikus daitezke, neurri haundi batean; teatroan berriz, zenbat obra ikus daiteke urtero gure edozein hiritan? Zer nolako hautapena egin dezakegu gure gustuen arabera? Zer esanik ez herri txikixeagoak kontuan hartuz gero. Hau ordea arazo korapilotsuegia da, antzerki ekoizpenetarako garestitasun, zabalkunderako antzoki falta eta beste hamaika gorabeherarekin nahasia. Teatroaren krisi estruktural baten aurrean gaudela pentsatzeko adina arrazoi badugu, eta euskal antzerkiaren kasuan areagotu besterik ez da egiten prolema, baina luzeegi joko luke guzti horretaz hitzegiteak, eta gainera ez genuke ezer konponduko. Beraz, gauzak hobetuko direlako esperantzan, segi dezagun aurrera, gaiari berriro helduz.

 

        ANTZERKIA ETA LITERATURA

        Ohartxo bat, aurrera baino lehen: badira inoiz antzezteko esperantzarik eta asmorik gabe idazten diren lanak; eta horretarako aukera haundirik eskaintzen ez dutenak, nahita. Teatro lanak ote? Ez dakit. Dena dela, hori ere lehen azaldutako arrazoiek esplikatzen dutelakoan nago. Zinemaren adibidearekin segituz, imajina dezagun halako batean ez-dakit-zer dela eta, teknikoki ezinezko bihurtzen dela filmerik egitea; nik uste dut kasu horretan posible litzatekeela pelikula etiketapeko liburuak egin eta jendeak erostea baina, berriro diot, hori ez litzateke benetako zinema.

        Erakutsi dudan panorama horretan teatro liburuak suzedaneo gisa joka lezake, ikusterik ez dagoen atzerkiaren ordezko. Horrek bi arrisku ekarriko lituzke: batetik teatroa ikusteko ohitura eta irrika desagertarazi, eta bestetik publikoaren gustua are gehiago deformaraztea lehen esandako bidetik, antzerkia-literatura identifikazioa sortarazten duen aldetik.

        Hala ere, liburua ez da berez kaltegarri, noski. Beste funtzio batzuk ere joka litzake eta jokatzen ditu. Bata bildumazalearena litzateke, hau da, ezagutu eta maite izandako antzerkien oroigarri gisa edo, bergogoratzeko liburua erostearena; tamalez ez dut uste gure artean holako fans ugari dagoenik. Bestea, garrantzizkoagoa, pizgarri moduan jokatzea da: zaletasuna sortu eta suspertzeko, hangoak eta hemengoak elkarren lanak trukatu eta ezagutzeko bidea. Antzerki liburuak beraz, behar-beharrezkoak ditugu, alderdi honetatik begira eta helburu horrekintxe, beti ere.

        Zoritxarrez ordea, egun antzerki liburuok ez dute publiko haundirik, eta argitaratzen diren apurrak gutxi, oso gutxi saltzen dira; poesia baino gutxiago. Honek gibelerazi egiten ditu argitaletxeak; eta gaur egun antzerkiak kaleratzera ausartzen diren bakarrak SUSA eta Baroja ditugu, nik dakidala.

        Hari asko geratzen da hemen askatu gabe: ea antzerkilan askoren argitalpena bultzatu behar ote dugun edo piskanaka abiatu; kanpoan ezagunak direnen itzulpenak bultzatu behar ditugun edota geurok sortutakoak; lehentasuna idatzi eta antzeztutakoei ematen diegun edo oraindik taularatu ez direnei; zer egin behar dugun geure klasikoekin. Zalantza asko dira. Interesgarria litzateke mundu guzti honetako jendearen eritziak entzutea.

        Baina bukatzeko, lehengo lelo zaharrera itzuliko naiz: antzerki argitalpenen etorkizuna teatro ikuskizunen ekoizpenari loturik joango dela, edo joan behar lukeela, eta hau gehitu ezean jai dugula bestean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.