L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-32 / Hau muturreko pila! (1994-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hau muturreko pila!

 

Lubaki banda

 

        Hau muturreko pila jaso duguna. Begiondoak ubelduta jarri dizkigute, ezpainak zartatuta, masail hezurrak okertuta. Bekainak irekita dauzkagu, sudurra kraskatuta. Hortzetakoak galdu ditugu lehen crochet-arekin batera. Izerdia eta odola aurpegi dislokatuetan. Bigarren direktoarekin atzera bota gaituzte, soken kontra. Edonondik datoz kolpeak. Balantzaka hasi gara, nahiz eta zutik oraindik. Crochet-ak eta hook-ak bata bestearen ondoren. Arnasestuka biriketakoaren ostean. Gero, bat-biko parea eta ukabilkada gibelera. Burua makurtu beharra defenditzeko. Eta makurtutakoan, to uppercut-a! Zangoek ez dute azpian zorua, airea baizik. Eskerrak lehen round hau bukatzear dagoen.

        Asalto bakarra jokatu dugu eta ring-etik atera nahi izan gaituzte. Halako swing, jab, hook eta uppercut-ak ezin dira nolanahi saihestu. Puska baterako markatuta laga digute aurpegia. Izan ere, beharko markatu. Hau muturreko pila!

        Argazkien flashez zurbildu gaituzte, elkarrizketetako itaunez zorabiatu, telebista kamaren aurrera prantatu. Manager kaskarra aukeratu dugu! Paperetan lausenguen ferekak kolpeekin datoz nahasian. Eta orduan, are zabaltzenago zauriak. Loreak oparitu dizkigute, batzuek haragijaleak. Zutabe bat gure kontura, eta to swing-a! Esaldi bakarrean bat-bi-hirukoak! Gurekin zerikusirik ez duen elkarrizketa batean, hara gozo-gozo kolpe-baxua! Jaso eta jaso. Hau muturreko pila!

        Ez gara ordea, zapia lehen round-ean lurrera botatzen duten horietakoak. Ikasteko asko daukagu, eta horregatik ez dugu lehen asaltoan amore emango. Egia esan, nahikoa kolpe gogorrik izan al da, bada, knockout etzateko? Gureak ez dira K.O.zko konbateak ezinbestean. Puntuetan datza kirol honen gakoa. Eta oraindik round batzuk geratzen zaizkigu puntuez zauriak artez josi ostean. Duracell pilak dauzkagu bihotzaren ordez. Beraz, segi gurekin punching-ball-ean. Enkajatzaile onak izaten ikasi berri dugu. Lehenengorako ez da ikasgai merkea. Ondo jotzea adina kostatzen da ondo hartzea. Bejondeigula baselinak.

        Ez gara Jack LaMotta, ez Robert de Niro. Prefosta. Ez gara Joe Walcott, ez Rocky Marciano. Jakina. Lehen aldiz amateur bezala igo ginen ring-era, baina ohartu orduko profesionalen pisuetan sartu gaitu Federazioko arbitro taldeak. Hain manager kaskarra aukeratu al dugu? Sartu gara-eta, ez da orain atzerako bueltarik. Eta, neska-motellak, hau muturreko pila!

        Kanpai hotsa. Bigarren round-a hastera doa. Arinagoak izan beharko lukete gure dantza pausu eta itzuri keinuek. Hanka-jokoan trebatu bagina gimnasioko soka-saltoan —herri honetan korrika egiten eta denetik saihesten ikasi behar—. Dena den, pausajea baldarra ateratzen bazaigu ere, abisatu ditugu aldez aurretik zuen aginduetara dauzkazuen medikuak. Aurrerantzean ere, jo muturreko pila!

 

 

BOXEOKO ENZIKLOPEDIA DESORDENATUA:

Pygme: ukabila (grekeraz): ukabilkako borroka.

(to) Box: ukabilez muturrean kolpea jo (ingelesez).

Boxeo: ez box, ez bozeo; boxing (ingelesez); bi gizonen (?) arteko borroka kirola (?), arau eta lege ezagun batzuri lotua.

Boxeolari: boxeo kirolaria; boxer (ingelesez); esate baterako: André Drille, René Weissmann, Paulino Uzkudun. Paco Bueno, Isidoro Gaztañaga, Bixente Etxeberria, Joxe Manuel lbar, Luis Pinedo, Agustin Mendikute, Mariano Etxebarria, Benito Canal, Constantino Suso edo Kid Chocolate.

Figg, James: Ingalaterrako lehen boxeo txapelduna, 1719tik 1730 bitartean; esku hutsik jotzen zen garaikoa, noski.

Broughton: Ingalaterrako 4. txapelduna (1734), boxeoko eskularruak asmatu omen zituena (baina erabili?).

Queensberry-ko markesa: boxeo araudien egile aitzindaria: 1865ean eman zituen lehen arau eta legeak.

Knocked down: ukabilkadaz (bultzadak eta burukadak ez dira ontzat ematen) ring-ean belaunikatu edo etzan arazia.

K.O: knockout hitzaren laburdura; 10 segunduz edo gehiagoz knocked down geratzea; ez nahastu O.K. laburdurarekin.

Ring: lurraren gainean eraikitako laukia, gehienez 6 x 6 metrokoa eta 4,9 x 4,9 metrokoa gutxienez; lau aldeak hiru sokez inguratuak (altuena zorutik 1,3 metrora kokatua).

The Ring: New Yorken argitaratutako boxeo aldizkari ospetsua; aldizkariko zuzendari mitikoa: Nat Fleischer.

Round: 3 minutuko borroka zatia (erne gong entzun orduko); borroka saioak 2 round, 6, 8, 10 edo 15ekoak izan daitezke.

Punch: oso jende gutxik daukan zera... badakizu!

Punch mota zenbait: crochet, hook, swing, uppercut, direktoa, jab, bat-bikoa (eta ahal izanez gero, bat-bi-hirukoa).

Eskularruak: boxeolariak eskuetan eraman ohi dituen estalki bereziak; 12 ontzakoak entrenamentuetan, 10ekoak pisu astunekoek, 8koak amateurrek eta 6koak profesionalek.

Muturreko: muturrean eman edo hartzen den ukaldia; Hauta-Lanerako Euskal Hiztegiko adibideetarik bat: «mutur-jokalari bizkorra»; beste bat: «muturreko galanta».

Hortzetako: (geratzen zaizkienei) hortzak babesteko gailua.

Gibel: behazuna jariatzen duen erraia, odoleko zenbait gaietan aldakuntza garrantzizkoak eragiten dituena; gogoan har: «halako gibel-handirik ez dut sekula ikusi» eta antzeko esamoldeak; ikus badaezpada Koldo Izagirrek argitaratutako Euskal Lokuzioak: gibelondo, gibelzabal, gibel jale, gibel beldurti.

Baselina: harroliotik ateratzen den gaia, koloregabea eta gantzatsua, hainbat sendagai prestatzeko erabiltzen dena.

Kategoria: boxeolarien pisuaren araberako sailkaketa: astunenetik arinenera: heavy, mid-heavy, middle, welter, light, feather, bantam eta fly (tarteko zenbait kontuan hartu gabe).

Amateur: profesionala ez den hura: gutxi gorabehera denok dakigu zergatik den astunagoa fly amateurra (51 kilo gehienez) fly profesionala (50,802 kilo gehienez) baino, welter amateurra (67 kilo) welter profesionala (66,679 kilo) baino.

Izen bereziak: Sullivan, Corbett, Jeffries, Johnson, Shmeling, Carnera, Baer, Louis, Marciano, Patterson, Ali (Clay), Frazier, Stevenson, Foreman, Spinks, Holmes, Tyson, Holyfield.

Manager: boxeolariaren lepotik bizi den gerente edo gobernaria; ezaugarriak: dotore jantzia, zuria, azpijokoetan trebea.

Tongo: diru truk irabazia izaten uzteko egiten den iruzurra.

Xukadera: gorputz atalak lehortzeko erabili ohi den zapia; gehiago eutsi ezin eta, ring gainera botatzen den horietakoa.

Gimnasio: gorputza indartzea eta zailtzea helburu duten gorputz ariketak egiteko espreski prestaturiko lekua; adibidez: Biarritz Boxing Club edo Vitoria Boxing Club.

Boxing-bag: edo punching-bag: boxeo entrenamentuetarako hondarrezko zakua; punching-ball: ukabilez jotzen den bola.

Filmeak: The Set-Up (Robert Wise, 1949). The Harder They Fall (Mark Robson, 1956), Fat City (John Huston, 1972). Raging Bull (Martin Scorsese, 1980).

Gerriko: «Burdinazko katea zeukan gerrikotzat» (urrerik ez).

Telefonoa: adibidez, 444 86 64, Bizkaiko Boxeo Federaziokoa (Bilboko Iparragirre kaleko 46. peora).

 

 

Poesiak desprestijioa darama beti kopetan

 

BERNARDO ATXAGA

 

        Orain ere ahulaldian dago euskalgintza, zakur-jana bezala egiten ari dira euskarazko proiektuak. (...) Kantitateari begira jarri dira, baina iraun, kalitateak bakarrik irauten du. Beste adibide bat: urtean euskarazko mila liburu argitaratzea gehiegi da. Bizi osoan bost mila ere ez ditugu irakurtzen. (...)

        Poesiak desprestijioa darama beti kopetan. Eta horren errua poetek eurek ere badaukate, badira eta presaz jokatu dutenak eta hogeitabi urterekin bere poesia guztia zabaldu nahi izan dutenak.

El Diario Vasco

1993ko urriak 27

Felix Ibargutxik hitzaldi batetik hartu pasarteak

 

 

Arestiano

 

JON ARANO

 

        Aresti gora eta behera Aresti. Euskalduna letraduna baino goiko zerutik ez du Gabrielek eskribidu. Euskal Herriko I. Poesiaren Egunaren ostean hasi naiz bizkaitarra berrirakurtzen eta antzeman dut etzaiola leitzen. Ezta arrastorik ere. Aipu aipagarri gehiago egingo zitzaion bestela okasionetan. Zutik diot hau «Zerumortuak» argitaragabean.

        Denboretan idazle belaunaldi edo errelebo berri baten zain ernegatzen ibili ondoren etorri zaigu berri ona: zahar gaiztoa? Lubaki deritza eta denetatik dagoela dirudi. Beren manifestua entzun beharko du lubizipean bizitzeko jaiotako honek. 18 urte dituen Xabier Aldai bat dago tartean eta ezin esan liburu txarra egin duenik: «Bala zeru urdina», izkiraiturik aurkitu ditudan nire hitzak. Benetan. Arestiz gero modernoena omen, bakarren bat kondenatu beharko omen luke isiltzera aipatu liburuak. 'Talomida kumeak' ataleko lehen poema—garaipenerako hezitzen naute / aitaren soldatatik bizi naiz»—, 'Hau da azpeitia diot' eta beste zenbait bala-hotsek ahots gazte indartsu bat badatorrela esan didate belarri-ixkinara.

        Den-dena ere ez dela euritaz, larrazkenaz idazten aritzea, beraz. Ez eta marfilezko dorreetatik egingiko poesia veneziano usuala. Ez du kulpa handirik izango akaso irauntzera noan arke-tipoak, baina lizentzia eskatzen dut estralurtarrek saritutako eta estralurtarrek publizitatutako poetika madarikatzeko Arestiren maneran: «Nire grazia izan zitekeen / Lazaro / Horrexegatik derriorrez / Behar dut abaro / Jendeartean nintzateke / Klaro naharo. / Motorrean goazela / Gure abiadura ez da mauka / Baina edozein zakurttok espaloitik / Egiten digu kosk-keinu eta zaunka / Txikituko geniokeenean buru eta hanka. / Saliole al gitano / Un grano en el ano: / Erase el hermano cano / Signo de los tiempos / Poetando uno de tantos / Poetador de certamenes ganador / Tan sano tan malsano».

        Bestelakoak baziren ere (poetastroak ginenean, a ze trastoak!), geuk ere idazten genituen geure manifestuak, hain ginen gazte!, geure inbentziokoa ez zen zeru zuri urde inbentariatu haren aurka listu-ttu duela hamalau urte, agure guztiak gorroto genituenean, bikoak talde ginenekoan, saltzen ginenean garesti, ea. ea. Zeru urdina beti, besterik ez dugu nahi orain.

Euskaldunon Egunkaria

1993ko urriak 31

 

 

 

Olerki 93

 

IÑAKI SEGUROLA

 

        Poeta gazte bati. Bazekiat bihotz-muinak eskuetan estuturik idazten duala, amildegiaren hegitik mintzo haizela eta mundua zuztarretik harrotu nahi hukeela. Eskertzekoa duk.

        Buruan sartu diate ordea, bi aditz luze, lau labur, dozenerdi bat atzizki eta hogeiren bat berba zantar inork antzik ez emateko moduan paratuz poesia egin daitekeela; tipografiaren laguntzarekin noski: badakik, lerroa bete gabe idatziz, zein baita gaur —heu ere antzemanik egongo haiz— poesiak poesiatzat ezagutua izateko behar duen baldintza premiazko bakarra.

        Beharbada esanen didak poesia mailu bat dela, eta nik esanen diat araurik gabeko jokoa edo josteta baino gauza aspergarriagorik ez duela sortu munduak. (Aita Gabrielek berak esan ohi zian 'olerkari' ez baina 'okerlari' izengoitia aproposagoa zela).

        Atzendua zegok gure munduan poesia idatziaren teknika. Bakarren bat bazebilek; gurean Orixe edo Mirande batekin itzali zena berpiztu nahian, poesia izenekoa ideien kartzelatik askatu eta atzera belarriaren mendera ekarri nahian. Lan gaitza duk. Bien bitartean, Kulturaren merkatuak poeta gazteen saldoa aldian behin berritu beharra eskatzen dik, eta hi ere lainezatu haute. Ez duk harritzekoa: partiduak, gobernuak edo korteinglesak bezalaxe, Kultura ere gaur egunean nekez bizi litekek bere gazte-sail errebeldetxoa gabe. Ez beldurtzeko esanen diate: gazte ameslari izanak curriculuma asko jazten duela gerora Kulturaren exekutibo (edo exekutibo soil) bihurtzeko, edo gauza ederra dela gaztetako poematxoei heldutasunaren irrifarre zinikoz begiratzea.

        Hara, motell: astapotroa izango nauk, baina aukeran hobe duk Molotov Maiakovski baino.

Euskaldunon Egunkaria

1993ko azaroak 7

 

 

 

Plaza gizonak

 

ANJEL LERTXUNDI

 

        Euskal idazle gazte, ia ezezagun bat entzun dut irratiz kexuka. Ez omen diogu jaramonik egin bere azken liburuari (idazle gazteek ere badute beren azken liburua). Idazle adinean sartuxeok ere kexatu-zale agertzen gara, isildu egiten gaituzuenetan. Ulertzen hasita, ordea, poeta gaztearen aldeago behar genuke egon, nahiz badiren artean hogei urte ere bete ez, eta euskal idazle zahar askok beren bizitza osoan baino gehiago irabazi dutenak. Bego. Dentistarengana ere joan beharra dago noiz behinka: adinean sartuxea, ogi gogorrari ekinez pitzatutako haginak konpontzera; gaztea, puskatuko zaizkionerako.

        Edozein modutara, nahiago diot auziari jirabuelta bat eman: jaramon gehiegi egiten zaigu literaturaren soto subsidiarioetan (paperak, telebista, farfaila soziala, firma solidarioen usantza... ez ditu gure sormen paregabeak liluratzen, gure lanak oraindik irudikatzen duen lustre noble-usteak baino) eta, oinarrian, horretxen egarri gara kexatzen garenetan. Soto subsidiario horietan bazkatzeak badakartza bere pagantzak.

        Kexu klase horrek, bestela, zer esan nahi du? Kritikarik ez dagoela? Ez, ez dago kritikarik. Hori, ordea, betidanik jakin dugun zerbait da. Zertaz kexatzen gara, orduan? Idazle batek preziso du kritika ona, orekatua, sakona, bidean tentu-tentuka (eta makilkaden eraginez, hala behar balitz) ibiltzen lagunduko diona. Baina ez baldin badaukagu kritikarik? Tira. Gaur goizean ez geneukan irakurlerik, atzo ez geneukan narratibarik, herenegun Azorinen estiloa geureganatu genuen.

        Lanturu gehiegi. Ez dakit den baino handiagoa ikusten dugun geure plaza, ala geure dantza uste dugun lirainegia hain plaza txikirako.

Euskaldunon Egunkaria

1993ko azaroak 27

 

 

 

Badatoz idazle berriak

 

JON KORTAZAR

 

        Badatoz idazle berriak. Heldu dira. Liburu dendetako apaletan, aldizkari bateko portadan aurkitzeko aukera daukagu. Euskal Herri mindu honetan nahiko da zerbait ez dagoela esatea, beste barik eta inork jakin gabe nondik, desafio moduan, han non dituzun begi aurrean falta zirela aipaturikoak.

        Horrela gertatu da oraingoan ere. Xabier Mendiguren Elizegik kaleratu zuen, beharbada, goizegi iritzia. Azken batean bere lana belaunaldi baten sartzeko aitzakia baino ez zen 63ko belaunaldiaz egindako artikuluan, atzetik ez zetorrela inor abisatzen zuen. Idazle gazte faltan aurkitzen omen ginen. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko literatura sailaren arduraduna dugu, eta berak inork baino hobeto jakingo du nolako arazoak dituen, ala ez dituen, idazle berriak aurkitu eta argitaratzeko.

        Baina ipuin miresgarrietan gertatzen den bezala, ez dago esatea bezalakorik, gauza gorputz dadin.

        Garziarena aldizkariko 5. zenbakian lehen abisua eman ziguten: «Idazle gazteak ihes egiten dio, bere ezkutuko bidaiari ekinez, irakurgaiak eta irudimena ekipaitzat hartuta». Horrela bizi omen ziren idazle gazteak.

        Eta bat batean, udagoienean, Durangoko Azokarako gutxi falta zela agertu zaizkigu idazle gazteak. Susa aldizkariak Lubaki taldeari ate-orrialdeak ireki eta idazle gazte salde baten lanak eskaintzen dizkigu.

        Talde honek manifestu baten bidez (bestela, nola?) ematen du bere burua aditzera.

        Literaturak berea du berritasuna, berri joera maite du, eta behin eta berriroko berritu beharra. Edozein literaturatan gertatzen den eraberriketaren antzekoa gertatzen da euskal munduan ere. Gure artean, baina, eraberriketak ia zentzu sikologikoa eta mitikoa du. Zeren berrien agerpenak hizkuntzaren iraupena aurrera doala adierazten baitu. Iraupenarena arazo kezkagarria da, eta izan da, hein batean, bestela nola defenda hizkuntza aurrera doala, idazlerik ez bada hazten? Beharbada ikaragarrizko presa dago euskal literaturan aurpegi berriak agertu daitezen. Horregatik, agian, idazten dute Lubakikoek bere manifestuan: «Non dira idazle gazteak?» galdezka aritu direnek atara dituztela lubakitik non isilean idazten ari baitziren. «Eta guk isiltasunaren kobazuloetan etzanik iraun dugu, harik eta irtetera behartu gaituzuen arte» jarraituz. Beharra izateko, ez zaie zalapartarik falta izan!

        Manifestuan espero zitekeena aurkitzen da. Baina esperoaren gainetik, lan egiteko gogoa eta eroentzat idazteko esperantza, er(r)omantizismoaren ildotik, hori bai!, dira ezpelik aipagarrienak. Eta azpimarragarri baieztapen hau: «Idazten dugu, engoitik existitzen gara». (...)

        Talde berriak, idazle gazteak agertu dira. Eta une honetan Jon Juaristiren hitzak datozkit gogora: «Gizabanakoaren orduan, bandek gutxi dute egiteko».

 

Deia

1994eko urtarrilak 9

 

 

 

Kezkak, orroak eta lubakiak

 

JUAN LUIS ZABALA

 

        Izango da, bai, 'Susa' berezi honi behar eta merezi baino oihartzun handiagoa eman zaiola uste duenik, hamabost «gazte txorok» egindako agerpen ikusgarri honek Durangoko Azokan agertutako gainerako emaitzei itzal handiegia egin diela iritzi dionik. Baina ezin da ukatu Lubakiren agerpenak baduela bere garrantzia. Ezin da ukatu honelako ur freskoaren egarri ginela. Ezin da ukatu ale berezi honetan gehigarri moduan plazaratu duten «Atzazalez urratzen dugu bidea» izeneko manifestua euskal literaturaren historian nolabaiteko mugarri gisa aipatu beharko dela aurrerantzean, zenbait urte barru ezagun eta sona handiko izango diren hainbat izenen lehen agerpenari lotua egongo delako besterik ez bada ere.

        Baina (idazki honen bidez neure burua leku onean uztea ezinbestekoa denez) Lubakikoen alde egin (eta, horri esker, aurrerakoi gisa agertu) ondoren, euren agerpenari buruzko ikuspegi kritikoa eman nahi nuke jarraian (lehiaketetan irabazi egiten badidate ere oraindik ere gaztetxo hasberri hauek baino gehiago dakidala erakutsiz): gazteari konforme ez egotea dagokionez, oldarkor eta sutsu agertu zaizkigu euren manifestuan Lubakikoak, behar zuen bezala, baina harritu egin nau haserre hori noren aurka bideratu duten ikusteak. Ez dut ukatuko beren agerpenarekin batera egin duten orroa bortitza justifikatua dagoenik; denok dakigu egia gordina dela literatur lehiaketetako zaurituen kontua, denok dakigu —hobeto esanda, guztiahalduna omen den jainkoak baino ez du jakingo— zenbat literatura ari den usteltzen instituzioetako nahiz banketxeetako sotorik ilunenetan, denok dakigu izanak baino indar handiagoa duela izenak gauza gehienetarako, eta are gehiago literaturaren zirkoan; eta denok dakigu zer den bidea atzazalez urratzea (ederki, hasi gara aitona zaharrarena egiten, gerra ahantzietako domina zaharrak erakusten)... Baina hori al da dena? Ez al dute beste kezkarik, orroa egiteko beste motiborik? Eurek zulatutakoa al da ezagutzen duten lubaki bakarra?

        Ez, noski, ez da hori dena, eta ez dut uste Lubakikoak dena hori delakoan daudenik ere. Ziur naiz izango dutela bestelako kezkarik ere, orroa egiteko gogo berririk, beste lubaki batzuetan sartzeko grinarik, lubaki nahikoa baitu gure lur zulatu honek borrokarako prest dagoenarentzat.

        Bi gauza erakutsi dizkigute behintzat Lubakikoek 'Susa'ren eskutik egin duten agerpen txukun eta ikusgarri honekin: idazten badakitela eta beren burua agertzen ere bai. Ez da gutxi, alajaina!

        Pentsatzekoa da, horrenbestez, irakurri beharko dugula euren idazlan gehiago, entzun beharko ditugula euren orroa garratz berriak, lubaki guztien gainetik eta Kultura Sail guztien azpitik.

Euskaldunon Egunkaria

1994eko urtarrilak 30

 

 

 

Queda manifiesto lo siguiente:

 

MANDRAGORA

 

        A los insignes e ilustrados anfitriones de las musas más 'in' del parnaso éuscaro, eminentísimo Luvaqui (Trinchera, en un agujero se hallan marginados, pobrecitos ellos):

        Los salpicones del sucio lodo que nos han llegado acuciado nos han a manifestar concienzuda pero alegremente nuestro personal juicio, agudo quejido contra lo que representa la banda Luvaqui.

        Esperemos se derrumbe, rauda y estrepitosamente, el pedestal babélico que os habéis erigido, mal claveteando, por el flaco mérito de ser mediocres carpinteros, y cada letra de aquestas os suponga una fiera carcoma.

        ¿Quién dictamina vuestra calidad lírica? (haced la merced de pasarnos el teléfono del mundo ideal platónico, por favor). ¿Son tan buenos vuestros poemas? A lo mejor Aitasusa no sepa leer tan bien.

        Desde aquí, honorable casino artista eibarrés, donde se reunen en comunión las juventudes armeras de comienzos de siglo, os preguntamos: ¿Hace frío allí en la cima?

        Pero basta ya de envidia cochina rencorosa! Vade retro hipocresía! Lo que queremos es ser como vosotros y lograr aunar cultura, sapiencia y eminencia literarios con el terrible torrente creador que os cuelga, para hacer al fin literatura.

        P.D.: Lo escribimos en erdera, como en Bilbao, no sea que nos loen y nos quieran hacer un monográfico de Euskal Idazle Gazteak, recién salimos de casa ya mi mamá nos previno ante las proposiciones deshonestas.

        P.D. (2): Tais mu guapos en la foto, firmadnos una, porfi.

Mandragora literatur argitarapena

4. zenbakia

1994eko martxoa

 

 

 

Idaztea behar existentziala da niretzat

 

KARLOS LINAZASORO

 

        Udan hiru urte izango dira argitaratzen hasi nintzela eta orain arte nahiko oharkabean joan da nire lana. Beharbada nire izaera halakoxea delako, ez naizelako gehiegi prestatu promoziora. Ez naiz banidadeagatik ari. Errekonozimendua, etorri behar badu etorriko da.

        Ez naiz kejatzen, baina ikusten dut jendeak, euskal literaturan, baduela nik ez daukadan zerbait, ausardia edo muturra, eta igoal hemezortzi urterekin pretenditzen dute errekonozimendua. Eta beste batzuek, gazte nahiz heldu, kristonak eta bi botatzen dituzte, pontifikatzeko egundoko erraztasunaz.

        Nik literaturari errespetu haundia diot eta horixe da beste batzuek ez dutena, ze batere problemarik gabe esaten dizute «hemen abstrakziorako joera dago» edota «hemen ortodoxoak gaituk» edota «orain literatura barrenutsa da»; batere konplejorik gabe. Eta nik, berriz, uste dut apalago jokatu beharra dagoela.

        Nik gauzak oso estu eta oso serio hartzen ditut. Eta idaztea, hauxe da nik gustora egiten dudan eginbehar bakarra. Niretzat ez da hobby edo denborapasa, behar existentzial bat da. Idazten ari ez naizenetan, etxean bakarrik edo mendian nagoela, buruari bueltak ematen pasatzen dut denbora, gauzak nola idatzi behar ditudan erabaki nahiz.

El Diario Vasco

1994eko apirilak 27

Felix Ibargutxik eginiko elkarrizketaren pasartea

 

 

 

Lubuki Bandaz

 

FRANKOTIRATZAILEAK

 

        Manifestuan esaten diren zenbait gauzarekin ez gatoz guztiz bat eta zehazketa egin beharrean ikusi dugu geure burua. Borroka frontea ahultzearren kontserba potoetan bidalitako lehiaketek eragindako kalteak dituzte mintzagai, saritutako lanak inongo bazterretan usteltzen dituzten idazleen trajeria... Aspaldidanik dakigu lehiaketek zein arrisku duten eta horren ondorioak ezagutzen ditugunez horiei aurre egiteko prestaturik behar dugu egon, ezin da etsaiaren etxean hala nahita sartu eta ondoren ondorioez damutu.

        Gure literaturak, sormen lan den neurrian, ez du ezinbestean lehiaketaren bidea egin behar, eta are gutxiago saririk espero izan, ezta argitaratzearen mauka bilatu ere. Sormenak bide ugari eta hagitz desberdinak ditu kaleratzeko eta guri dagokigu horiek lantzea, esan nahi duguna esateko bidea aurkitzea.

        Hasieran esan dugun lez, gurean inoiz baino eraso bortitzagoak jasaten ari gara eta nekez oldar gakizkioke etsaiari aurrez aurre. Honegatik ezin dugu Lubaki Bandarekin bat egin oraingoz, horrek ez du esan nahi inola ere amore ematera goazenik. Aurrera egingo dugu gure bidean kosta ala kosta; ezkutuko lanean, gauez irakurri eta idatziz giza laguntza errezeloz begiratuz... Horrek eusten baikaitu bizirik. Luebakiak utzi egingo ditugu ordea, eta etsaiaren narruz jantzirik, haren eremuan barneratuko gara; gutako bakoitza bere talaiatik frankotiratzaile izango da; ezkutalekutik etsaiak gezur ederrez apainduriko krisia astinduko dugu.

        Orain esan dezakezue, lubakiar maiteok, badela soldadu bat ikusteko hamargarren modu bat: kamuflaturik. Gure borrokaren agerpenak mozorro anitz izango du: pintada, poesia, bertso, kanta orru, irrintzi nahiz garraisi itxuran. Durrutiren moduan egingo dugu aurrera; erlijio antzuak gaitzetsiz, sasitenpluak errez, santuak... bilustuz.

Zintzhilik aldizkaria

1994eko udaberria

 

 

 

Pitzadura Lubaki izoztuan

 

AITOR ZUBEROGOITIA

 

        Beti izan dut irakurtzeko zaletasuna. Gainera, gaur egungo bizimodu aurreprogramatuak nire grina hori areagotu baino ez du egiten; horretan baitatza nire ustez literaturaren xarma eta balio (baldin eta baliorik bilatu behar bazaio) nagusienetakoa: bizimodu hotz, teknokrata eta aurrez fabrikaturantz habaila bizian goazen garaiotan, literaturak sentitzea eta arrazoiaren mugarri estu eta itogarriak gainditzea ahalbidetzen digu.

        Hau horrela izaki, bereziki gogaikarri eta jasanezin egiten zait bere ospearen talaira igon (uda honetan literatura marketina ere badela gogorarazi baitzigun batek) eta berez ireki eta mugagabe izan beharko lukeena zedarritzen saiatzeaz gain sermoiak botatzen diharduen jendea. Eta hari honi tiraka, laket zaizkit apaizen sotanak itsasontzi piraten bandera gisa erabili nahi zituenaren idatzi eta poemak, baina ez dut gogoko aldarera igonda orain bai eta hurrengoan ere gomendioak eta epaiak botatzen diharduen tipoa. Era berean, oso gustoko dut berriki gazte aldra batek erakutsi duen idazteko gaitasun eta gogoa, baina esparru horretatik atera eta sententzia eta maximak botatzen hasten direnean erridikulorik gorriena egiten dutela iruditzen zait. Lehen ere bageneukan pulpiturik Legebiltzarrean, elizan zein kalean bertan. Horregatik, ni ere, durangar bezala, arestian aipaturikoen liburu eta idatziekin geratzen naiz.

Euskaldunon Egunkaria

1994eko maiatzak 5

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.