L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0 (1984-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Noticias da terra Meoga:

un achegamento a Tolkien

 

X.L. Méndez Ferrín

 

euskaratzailea:
Antton Azkargorta

 

        1.938. urtean, J.R.R. Tolkien, Edimburgoko Unibertsitatean emandako hitzaldi batetan, berak «secundary worlds» deitzen zituen horietaz aritu zen. Gure eguneroko bizitza, arrunt eta kaxkarretik urrun, buru kreatiboak beste fantasia-mundu batzu sor ditzake, «sekundarioak» alegia. Tolkienentzat, mundu horiek «barne-konsistentzia» bat  izan behar dute, estrainio eta miragarriak izan behar dute, baina ezin dute gure errealitatetik guztiz  deskonektaturik egon.

        Literatura absolutuki fantastikoa posiblea den galdetzen diotenean, hau da, mundu errealarekin inolako harremanik ez duen literatura, non ezin diren ezagutu izaki, gertaera edo giroak, Tolkienek ezetza erantzuten du. «Fantasiaren munduak, elfoak, maitagarriak, trolls-ak, diganteak edo herensugeak aparte, beste gauza asko dauka; itsasoak edo eguzkia, ilargia, zerua dauzka; eta gainera lurra eta bertan dauden gauzak oro: zuhaitz eta txori, ur eta harri, ardo eta ogi, eta gu geu ere, gizaki hilkorrok, enkantaturik gaudenenan». Fantasiaren mundua, entzutzeaz soilik ezagutu behar da. Osagai ez-fantastikoak izan behar ditu, egunerokoak eta egiazkoak, edozein irakurleri jasangarria egin ziezaion.

        J.R.R. Tolkienek, teorizatzen aritzen zen une berean, 1.938.go urtean, egungo fantasiaren menturarik handiena hasi zuen: «The Hobbit»en ondoren —non eragin oso mugatua baino ez dugun ikusi behar— Tolkien «The Lord of the Rings»en eraiketa majikora abiatzen da. Geroztik eta textu labur batzuren ondoren, bere azken obra hasi zuen, genesis antzeko «Silmarllion» izenekoa. Bere azken obratik, milaka orrialdeetan, inoiz ikusi ez den bezalako edifizio irrealista handia, konplexua eta anizkuna eraiki zuen.

        Erudito filologoa eta literatura anglosaxoniarra eta Erdi Aroko ingelesa ongi ezagutzen zituen Oxfordko —Lewis Carrol izan zen bezala— gizon honek, lur berri baten kreatzea erabaki zuen: «Middle-Earth»a, bertan arraza libreak bizi dira, elfoak, ent-ak, anaoak, hobbitak eta gizakiak, bai eta arraza gaiztoak eta ilunak, Sauron-i obedienteak, zeina, orc-ak eta trolls-ak bezala, Gaizkia den. Eta batzu eta besteen artean, Gandalf, Ongiaren sorgiñaren presentzia ezarri zuen, bai eta Gollum, edo ibaietako, oihanetako gaitz fribolo eta inteligentea, Tom Bombadil, zirgitaldi ilunak. Erabaki zuen, ongia eta gaizkiaren artean, herri libreen eta Sauron eta bere horden artean, gerra bat hasiko zela, eta gerra hori, lar gizatiarra zen hobbit txiki baten maltzurkeriak irabaziko zuela, honi, ezbehar guztiak jasotzen zitzaizkiola eta Propp eskuliburuak, edo epika tradizionalera betiko errekurrentziak, agintzen dituen laguntza guztiak hartuko zituela. Baina ez pentsa Tolkienek bere Lur Ertaina hutsunean zintzilika aintzindaririk gabe eta denboran luzapenik gabe utzi zuenik. Ez. Tolkienek Lur Ertaina mugatu egin zuen eta muga horien mapa zehatza egin, bere lurrak, bere gorabeherak, bere berezitasun politikoak markatuz, edo populaketa, bai zentzu diakronikoan bai sinkronikoan.

        Gainera, Tolkienek —batez ere, «The Lord of the Rings»en E eta F gehigarrietan— Lur Ertaineko hizkuntzak diseinatu zituen, bereziki elfoen dialekto miresgarriak, Quenya eta Sindarin direlakoak. Esan nahi da, ez dela konformatu existitzen ez diren hizkuntzetako antroponimo eta toponimoak asmatzeaz soilik, baizik hizkuntza osoak asmatu dituela, halaber, hizkuntza horien historia eta bilakaera. Eta Mundu osoak bere jatorria izan zuenean, heriotzak J.R.R. Tolkien eraman zuen. Lur Ertainera eta bere arrazen teogonia oso bat edo hastapenen asmakizuna munduaren kreatzetik bukatzen zegoelarik: «Silmarillion».

        Eta unihertsoa sortuta zegoelarik, Tolkienek, ederra zela egiaztatu zuen, bertan plazerra baino, matrimonioa zegoela, bortxakeria eskasa zela eta tortura apenas agertzen zela etsaiaren alderdian; etsaia, arraza libretatik at zegoela eta hauen barruan errege eta buruzagiak zeudela, baina ez esklaburik ez eta menpeko kastarik. Eta, kontaketa handiak bezala, garbiki esanda zegoela, gauza bat bestearen ondotik, eta bere kreaturen barruan, ez zegoen desordenik, eta desordena ez zen Tolkien narradorearen hitzetan azaltzen. J.R.R. Tolkienek guzti hori ona zela aurkitu eta atsedena hartu zuen. Imajinatzen dut, Christ Church College-ko landetatik, Oxford-tik aurrera, emeki paseiatuko zuela, edo agian udaberrian erreka ondoko urbazter loretsu batetan, edo Trot Tabernatik bueltatxo bat ematen, Pazifikoko ganbak meriendatzen eta garagardo mingots pinta bat edaten. J.R.R. Tolkienek bere mundua bere barrutik expulsaturik zeukan, leku urano batzutan, non agian, Ulises, Rama, Gawain, Artur, Roland, Thor, Brendan, Superman, Paul et Virginie, Basilio lehengusua. Marvel kapitaina, Aureliano Buendia koronela, Snopes familia osoa, don Juan, Raskilnikof, J.B., Aquiles eta Pinotxo bizi diren. Dena kordonatu zen, ezen, entzuteke zegoen leherketa bat, munduaren memoria bezain zaharrak ziren ematsak ordenatzen/desordenatzen bait zetorren.

        Tolkienek Ingalaterrari mitologia propio bat eman nahi ziola pentsatzen duen exejetaren bat aparte utzita, —Rudyard Kipling, bere inperioa erori zenean, deserabileran erori bailitzen, eta aldagailu bat bilatu behar bazitzaion bezala— «The Lord of the Rings»en zale guztiok, lan hau literatura fantastikoaren gorena delakoan ados gaude. Hori bai, artikulu honen hasierara bihurtuz eta Tolkienek berak literatura moeta honetaz zuen dotrina begiratuz, bere programa betetzen ez duela aurkitzen dugu. Bere literaturak, ez ditu fantasia egiazkoak eta autentikoak mundu errealarekin izan behar dituen proximitate-baldintzak betetzen, Tolkienek San Andrsen esandakoaren arabera.

        Tolkienen epikak batailak dauzka, baina ez egiazko bortizkeria: arraza on eta txarren arteko etena aurkezten du, are gehiago, jakituria on eta txarraren artekoa ere; textutik, dependentzia eta opresioaz aipamen guztiak ezabatu ditu, herri libreen baitan sexuaren erabilera eta explotazio ekonomikoa kenduz. Gaitza oro zuengandik kanpo dago: deabru gisan, funtsean gaiztoak diren izakietan, eta horien suntsidurainoko burrukaren arduradunak, gure heroiak dira. Behin betiko: Ez dago izaki osorik, ezen nigandik —elfo, hobbit, ent eta goi arrazetako gizakiekin identifikatzen naizen irakurlearengandik— izaki diabolikoen, nazkagarrien eta mugagabeen modura, kanpora projektatzen duen gaitza. Sauron eta gaitzaren zientziaren botere absolutuaren menpean bait dago. Eta nik badakit jakin, gaitza, gaitz osoa, nire baitan dagoela; are gehiago, ez dela gaitz soila existitzen.

        William Faulkner, Venancio Méndez Feijóo (ene aita), Valentin Paz Andrade, André Malraux-ren (mendekideak jartzekotan) denborakidea den honek, Marx, Freud, Joyce mundutik iragan ez bailiren idazten du. Baina gertatzen da, bere irakurleok, Marx, Freud eta Joyceren geroztikoak garela; eta beldur eta lan infinitoz ikasi genuen Sauron detektatzen, etsaia gure arrazaren barruan, gure etnian, gure familiaren baitan: ezen dagoen etsaia eta dagoen epika heroiko bakarra klase-burruka bait da. Horrorea ausartki begiratu behar dela ikasi genuen indibiduoak gara jadanik, ez jainko gaiztoen itxuratan, baizik gure nahi sakonetan, gure barruaren gunean bertan. Viennar doktoreak, nire arbasoak bere familiako pertsona maite bat hilda ikustean sentitzen duen tristura/alaitasuna erakutsi zidanean eta bere erruduntasuna herensugea bihurtu zenean, Sauron-en literaturan eta bere orcs armadetan onartzen ez den izaera bat erakutsi zidan. J.R.R. Tolkien, itzul iezaguzu Marxek eta Freudek konjuraturik zeuzkaten balore eta fantasmak.

        Eta horien presentzia horroroso eta aingerutarrak hizkuntza epiko galdua itzuliko digute. Marx eta Freuden ondorengo hizkuntza zauritua, Joycerena eta gure denboretakoa dena, birkonponduko digute ere. Itzul iezazkiguzu lerro zuzeneko ipuina, hitzaldi transparentea, zeinaren edarian Stith Thomsom-en Indizean ez datorren mitorik aurkitzea zaila litzatekeen, non betidaniko gaiak, «volvoreta» gisan finkaturik eta sailkaturik dauden. Puntu honetara iritsiz, C.G. Jung-en irrifarra imagina dezakegu.

        Itzul iezaguzu  hitzaldi bortizki kontra-historikoa, eta geroztik, haurtzarora, primitibismora, primordialitatearen maila poetikora eraman gaitzazu. Oraindik gure orainaldi espiritualaren humusa den horretan urperatze izugarri horrek, ezar gaitzazu iragan zirgitu eta hotzean. Hona hemen gure aintzinako ametsak populatzen zituen joko ikaragarria; hona hemen gure aintzinako arimaren edukiak: ze beldur, ze goxo, ze bakardade. Eta nola litzateke fantasia bat gure denbora osoa gehituz gero? Tolkienek fantasia errealitateari lotuta egon behar duela zekielarik, eta Alvaro Cunqueirok fantasia eta umorea lotzen jakin zuela ikusiz, nolakoa litzateke asmaketa total bat, non jadanik (erremedio gabeki argitsuak) garen gizakiak osoki egon gintezkeen? Ia hogeita hamar arte daramat galdera hau edo antzekoarekin.

(«Escrita» aldizkaritik, galegotik)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.