L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,1 (1984-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Ixiltasun

 

Edgar Allan Poe

 

euskaratzailea:
Santi Urrutia

 

                        Mendi gailurrak lo dagoz;

                        ibarrak, arkaitzak eta atx-zuloak, ixilik.

                                                     ALCMAN (60-10-643)

 

—Aittu —esan eustan Deabruak, eskua neure buruan jartzen ebala—. Berba egiten nabilan lurraldea Libiako eskualde baltzuska bat da, Zaire ibaiaren ertzetan. Eta an eztago ez bare unedarik ez ixiltasunik.

        Ibaiko urak, gaixotasun eta azafran itxurazko kolorea artuta dagoz, eta eztira isuriten itsasorantz, ordez pilpir diardue betikoz eguzkiaren urrezko begipean, mobimendu zalapartatsu eta ernegaduz. Milla askotarik zear, ibaiaren basaz beteko uarkaren albo bietan, nenufare itzelezkoen basamortu zurbila zabalduten da. Bakardade orrean arkalari antzizka dabilz eta zerurantz zuzenduten dabiez euren sama luze ta zuristak, arantza ta onantza euren betiereko buruak makurtuiaz batera. Eta zurrumurru bardintsu bat sortuten da eurengandik, lurpeko uraren ibiliaren antzerakoa. Eta arkalari antzizka diardue.

        Baina euren erreinuak muga bat dauka, beresi ilun, bildurgarri eta galantaren muga. An, Hebridetan olatuak moduan, sastrakak gelditu barik darrai denbora guztian. Alan bere zerua eztau gurutzatuten inongo aizek. Eta aro zaarretako zugatz garaiak sekulaz sekula okertuten dira ara ta ona durundi sendo batez. Eta euren tantai goitarretatik, tangadaz tangada betiereko garoa darie. Eta euren sustraietan birjotuten dira, lo geldiezinean, pozoindun lore arrigarriak. Eta goi aldean, soinu zoli xuxurlariz, edoi grisak mendebalerantz abiatuten dira betikoz, zeru mugako suzko ormetan zear jauzietan amildu arte. Alan bere zerua eztau gurutzatuten inongo aizek. Eta Zaire ibaiaren ertzetan eztago ez bare unedarik ez ixiltasunik.

        Gaua zan eta euria egiten eban, eta erorikeran euria zan, baina jauxi eta gero odola biurtuten zan. Eta ni paduran nengoan nenufare andien artean, eta euria neure buru ganera jauzten zan, eta nenufareek arkalari antzizka ziarduen, euren ondamenaren anditasunean.

        Ta ustebakoan iretargia jaso zan mamuen laino mee artetik, eta bere kolorea gorriska zan. Eta nire begiak geratu ziran ibai ertzean altzatzen zan negargarrizko atx gris batetan, iretargiak argiturikoa. Eta atxa grisa zan, ta mamu erakoa, ta garaia; eta atxa grisa zan. Beraren aurpegian izkiak egozan arrian marraztuta, eta ni nenufareen paduratik ibili nintzan ibai ertzera urreratu arte, izkiak arrian legiduteko. Baina ezin izan nebazan irakurri. Eta padurara biurtuten ninoiala iratargiak gorri indartsuagoz dizdiratu eban, eta buelta emokeran ta begiratukeran ostera arrirantz eta izkietara ikusi neban izkiek ONDAMENA zinoiela.

        Eta gorantz begiratu neban eta ats buruan gizon bat egoan, eta nenufare artean ezkutatu nintzan gizon arek zer egiten eban begi betean ikusteko. Eta gizona garaia eta errege itxurakoa zan, eta sorbaldatik oinetaraino Erroma zaarreko togaz estalita egoan. Eta bere gerizea nabarmenezina zan, baina bere aurpegikera jainko baten aurpegikera zan, zeren gauaren estalgarriak, eta iretargiak, eta lainoak, eta garoak agirian itxi eben beraren aurpegikera. Eta bere bekokia goia eta gogoetatsua zan, eta bere begiek arduraz dizdiratuten eben; eta bere matrailetako tximur urrietan goibeltasunaren, nekearen, eta gizadiarenganako atsekabearen alegiak irakurri nebezan, ta baita bere bakarrik egoteko guraizana.

        Eta gizona atx ganean jezarri zan, burua eskuan eutsi, eta ondamena begiztatu eban. Ikusi ebazan sastraka geldiezinak, eta aro zaarretako zugatz garaiak, eta gorago zeru xuxurlaria, eta iretargi gorriska. Eta nik nenufareen aterpean jarraitu neban, gizon aren ekintzak aztertuten nebazala. Eta gizona bakardadean dardaraz jarri zan, baina gaua iragoz inoian, eta berak atxean jarrita zerraian. Eta gizonak urrundu eban bere adia artzitik eta begiratu eutsen Zaireko ibai sotorroinari, eta ur beilegi irudi gaiztokoei, eta nenufareen legino zurbilei. Eta gizonak aditu zittuen nenufareen asperenak eta eurengandik sortuten zan murmurioa. Eta nik ezkutuan jarraituten neban eta gizon aren egitateak aztertuten nebazan. Eta gizonak dardar egin eban bakardadean; baina gaua iragoz inoian eta berak atxean jarrita zerraian.

        Orduan padurako sakon unedetan murgildu nintzan, nenufareen bakardade artetik zearka eginez, eta deitu neutsen urtegien artean bizi diran hipopotamoei, padurako sakonean. Eta hipopotamoek nire deia aditu eben eta etorri ziran behemot-iegaz axpera eta orroeka jardun eben zaratatsu ta negargarriro iretargipean. Eta nik ezkutuan jarraituten neban eta gizon aren egitateak aztertuten nebazan. Eta gizonak dardar egin eban bakardadean; baina gaua iragoz inoian eta berak aixean jarrita zerraian.

        Orduan iz guztiak madarikatu nebazan asaldapenaren madarikazioz, eta izugarrizko ekatxa batu zan zeruan, lenago aizerik ez egoan tokian. Eta zerua ubeldu egin zan ekatxaren gogorraz, eta euriak gizonaren burua zartatu eban, eta ibaiko urek ganezka egin eben, eta ibai mindua bitsez beteten zan, eta nenufareak deiadarrak jaurtiz egozan, eta beresia aizeaz ondatuten egoan, eta trumoia zan, eta inestarria jauzten zan eta atxa durdurikatu zan bere barrenetik. Eta nik ezkutuan jarraituten neban eta gizon aren egitateak aztertuten nebazan. Eta gizonak dardar egin eban bakardadean; baina gaua iragoz inoian eta berak jarrita zerraian.

        Orduan amorruz beterik jarri nintzan eta madarikatu nebazan, ixiltasunaren madarikazioz, ibaia eta nenufareak eta aizea eta beresia eta zerua, eta trumoia eta nenufareen asperenak. Eta madarikatu gelditurik ixildu egin ziran. Eta iretargiak itxi eutson zerurantz igoteari, eta trumoia il zan, eta inestuak ez euken iada argirik, eta edoiak geldi geldirik eskegi ziran, eta urak lengo lekura jatsi ziran eta gora ez bera geratu ziran, eta zugatzak itxi eutsoen okertuteari, eta nenufareek ez ziarduen antzizka, eta ez zan entzun geiago eurengandik sortuten zan murmurioa, ezta zarata baten izpi txikienik bere Mugabagako basamortu zabal osoan. Eta begiratu neutsen atxeko izkiei, eta aldatuta egozan; eta izkiek zera zinoien; IXILTASUN.

        Eta nire begiek gizon aren aurpegira jo eben, eta bere begitartea zurbil egoan. Eta bat baten burua jaso eban, eskuan eusten eukana, eta atxean zutunik jarriaz, belarriak iri ebazan. Baina ez zan entzuten inongo abotsik mugabagako basamortu zabal osoan, eta atx ganeko izkiek zera zinoien: IXILTASUN. Eta gizona guztiz estuturik jarri zan, eta aurpegia aldenduz aal ebanik arinen igesi joan zan, non ez neban geiago ikusi.

        Bada olan, kontakizun guztiz politak dagoz Magoen liburuetan, burdinean azaleztaturiko Magoen liburu malenkoniatsuetan. An, badinot, zeruaren eta lurraren kondaira miresgarriak dagoz, eta itsaso indartsuarenak, eta itsasoa ta lurra, ta zeru haundiosa gobernatuten dabiezen Jenioenak. Baita bere jakituri andia egoan Sibilek jaurtiten ebiezan berbetan, eta santuak entzunikoak ziran beihala Dodona inguruetan dardaraz egozan orri iluntsuak. Baina Ala bizi dan bezain egiazki, badinot, nire alboan ilobiko gerizpean jezarten zan Deabruak kontatu eustan alegia, guztietatik arrigarriena dala. Eta Deabrua, bere istorioa amaitu ebanean, ilobiko zuloan itxun zan eta barreka asi zan. Eta nik ezin izan neban beragaz barrerik egin, eta madarikatu ninduen ez nebalako barrerik egiten. Eta sekula ilobian bizi dan katamotzak urten egin eban andik eta Deabruaren oinetan itxun zan, eta aurpegira begiratuz adi adi jarri jakon.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.