L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,4 (1985-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Gudari helbarria

 

Oliver Goldsmith

 

euskaratzailea:
I. Zubiria

 

        Oliver Goldsmith, Longford Irlanda, 1728 — London, 1774.

        Familia ertain batetakoa, Edinburgh-en medikuntza ikasi zuen zailtasun handiz. Gero, Europan zehar bidaiatu zen, oinez, eta ikusitako ohiturak, ideiak eta mailakatze sozialak kritikoki salatu zituen bere idatzietan. Poeta, nobela eta teatroegilea, periodiko bat fundatu zuen ("Erlea" "The Bee", 1759), zeinean bere poesiarik onenak publikatu bait zituen. Horrez gain, nobela sentiberak idatzi zituen, nahiz eta teatroan sentikortasunaren aurkako lanak idatzi.

        Gerraren aurkako idazlea, bere kritika, orain dela 200 urtetako tankera baten eredu bezala, ipuin gisa dakargu.

 

Ez dago behaketa arruntagorik, eta, une berean, egiazkoagorik, ezen mundu erdi batek ez dakiela nola bizi den beste erdia. Handikien zoritxarrak gure arreta erakartzeko goratuak dira; erretorikaren doinuez handiagotuak dira; eta nobleen sofrikarioei so egiteko mundu osoa deitua ohi da: handikiok, kalamitateen presioaren pean, beraien penekin besteen sinpatiaz jakitun dira; eta horregatik, aldi berean, mirespenaren eta errukiaren atsedena daukate.

        Mundu osoa so dagoenean ez dago ezer handirik desfortunak sendotasunez pairatzean: gizakiak, baldintza horietan, adorez arituko dira, harrotasunagatik baino ez bada ere; baina, iluntasunaren haranetan, hestutasun-uneak gaindi ditzakeen hark; adore emateko lagun gabekoa, errukitzeko ezagun gabekoa; edo, are gehiago, bere desfortunak arintzeko itxaropen gabekoa, baretasunez eta antsikabetasunez ari daitekeen hura, hura da egiatan handi: nekazari edo gortelari, mirespena merezi du, eta gure imitazio eta onespenerako goratua behar du izan.

        Eta handikien ezerosotasun txikienak kalamitate izateraino handiagotuak diren artean, eta tragediak, haien sofrikarioak elokuentziaren erritmo guztien poderioz ahozkatzen dituen artean, txiroen miseriak guztiz albobegiratuak eta enoratuak dira, eta jenderiaren behe-mailetako batzuk benetako gogorrune gehiago pairatzen dituzte egun batetan, goragoko egoera batetan daudenek beren bizitza osoetan pairatzen dutena baino. Sinets ezinak dira gure marinel eta gudari baxuenek daramatzaten zailtasunak murmurio edo lamentaziorik gabe; eta Probidentziaren kontra lehiaz ahozkatu gabe, edo beraien fiertasunaren lekuko izan daitezkeen lagunak deitu gabe. Egun bakoitza miseria-eguna izango da beraientzat, eta, hala ere, beraien patu txarra daramate despoztasunik gabe.

        Zein hiraz dantzuzkit Ovidio bat, Cicero bat edo Rabutin bat, beraien desfortunez edo gogorrunez zinkurinatzen, beraien lazeria handiena Lurraren alderen bat, zeini zorion-asmo bat erokiro itsatsi baitzioten, bisitatzeko ezgai izatea izanik! Beren mindurak plazerak lirateke, egunero txiro benturatiek murmuriorik gabe daramatenarekin konparatuaz. Haiek jan, edan eta lo egiten zuten, beraien zerbitzatzeko jopuak zituzten eta bizitzeko hornizioez segur zeuden; bitartean, beren kreatura-kideek noraezean ibili behar dute, kontsolatzeko edo laguntzeko adiskide baten gabe, eta, areago, aroen gogortasunetatik aterpe edo babes baten gabe.

        Burutazio hauetara eraman nauena gizajo batekin ustegabeko topaketa izan da, mutiko zenean ezagutzen nuena, eta, marinelen jaka batez jantzita, egurrezko berna batekin hiriaren irteera batetan eskeko zegoena. Ba nekien onest eta trebe izan zela baserrian zegoenean, eta kurios nengoen jakiteko zerk eraman zuen gaurko egoera horretara. Eta horrela, egoki neritzona heri eman ondoren, bere bizitzaren eta desfortunen istorioa jakin nahi izan nuen, eta nola izan zen gaurko desditxa horretara murriztua. Gudari helbarria, zeren hori baitzen, nahiz eta marinelen soinekoa jantzita, bere burua hatz eginez, eta makuluaren gainean okertuz, nire eskaria betetzeko paratu zen, eta bere istorioa honela eman zidan:

        «Neure desfortunez, jauna, ezin dizut esan beste edonork bezainbeste gauza pairatu izan dudanik, nire lohadarraren galeraz salbu, eta eskekoarena egitera behartua izateaz gain, ez baitut ezagutzen, Zeruari esker, inolako arrazoirik kexu agertzeko. Hor dago Bill Tibbs, gure erregimentukoa, bere bi bernak galdu dituena, eta begi bat gainera; baina, Zeruari esker, ez da nirea horren txarra oraindik.

        «Shropshire-ra jaio nintzen; nire aita alokazera zen, eta bost urtetako nintzenean hil zen, eta horregatik parrokiaren menean jarri ninduten. Hura erratari horietako gizabanakoa zenez, eliztarrek ez ziren gai zein parrokiatakoa nintzen esateko, edo zeinetara jaio nintzen, eta horrela beste parrokia batetara bidali ninduten, eta honek beste parrokia batetara. Horrela denbora luzetan lekurik leku bidaltzen jarraitzen baziren, nire gogoaren bihotzean pentsatzen nuen ez ninduketela utziko inolako parrokiara jaioten, baina, azkenean, lekutu ninduten. Eskolazaletasun zerbait ba nuen, eta nire izenaren letrak ezagutzeko beste jakiteko erabakia hartu nuen. Baina asiloko nagusiak lanetara jarri ninduten mailu bat erabiltzeko gai nintzen unetik; eta bertan bizimodu erraz bat bizi nuen bost urtetan zehar. Egunean hamar ordutan soilik lan egiten nuen, eta nire lanaren truke okela eta edaria nituen. Egia zen ez zidatela toleratzen etxetik kanpo ibiltea, zeren, ziotenez, ihes egingo nuelakoaren beldur baitziren, baina, horrek, zer? Etxe guztiaren askatasuna nuen, eta ate aurreko bailarena ere, eta hori aski zen niretzat. Gero nekazari baten morrontzatu ninduten, bertan bai goiz eta bai berandu jaikita nebilelarik; baina ongi jaten eta edaten nuen, eta nire zeregina laket aski zitzaidan, hura hil artean; orduan neure kontura behartua izan nintzen; horrela nire fortunaren bila joatea erabaki nuen.

        «Era horretan, hiriz hiri joan nintzen, enplegua lor nezakeenean, lan egiten nuen, eta gosez hiltzen nintzen lortzen ez nuenean; eta orduan, behin bake-juje baten soroetatik nindoelarik, nire aurrean zidorra gurutzatzen zuen erbi bati bota nion begia; eta uste dut deabruak jarri zuela neure buruan nire makila hari jaurtikitzea. Tira, zer egingo zenuen hortan? Erbia hil nuen eta, neramalarik, jujeak berak aurkitu ninduen; ohoin eta bilau deitu zidan, eta, idun-katea jarriz, nahi zuen neure buruaren kontuak ematea. Belaunikatu nintzen, Jaun nagusionen barkamena erregutuz, eta neure leinuz, sendiz eta sortzeaz kontu osoa ematen hasi nion; baina, kontu oso egiazkoa eman nion arren, jujeak ezin nuela konturik eman esan zuen; eta horrela, hauzitegian akusatua izan nintzen, txiroa izateagatik erruduna aurkitua, eta London-era eta Newgate-ra bidalia, erratari garraiatua izan nendin.

        «Jendeak, hau eta hori esan dezake gartzelan egoteaz, baina nik, neure aldetik, Newgate aurkitu nuen neure bizitzan zehar, inon baino, egon izan nintzen leku atsedengarriena. Sabela janaz eta edanaz betea nuen, eta ez nuen inolako lanik egiten. Era honetako bizimodua onegia zen betirako irauteko; horrela, bost hilabete igarota, presondegitik kanpo ateratua izan nintzen, untzi batetan jarria, eta, beste berrehun gehiagorekin, landazioetara egotzia. Bidaia, edonolakoa izan ezik, beste edozer gauza izan zen, zeren, denak leotzetan konfinatuta egonik, gure jendearen ehun baino gehiago hil bait ziren aire freskoaren gabeziaz; eta geratzen zen enparatua, gaixoak nahikoak geunden, Jainkoak daki. Lehorrera heldu ginenean, landazio-ugazabei salduak izan ginen, eta beste zazpi urtetarako lotuta geratu nintzen. Eskolatua ez nintzenez, nire letrak ezagutzen ez nituelako, beltzen artean lan egitera behartu ninduten; eta neure denbora bete nuen, konplitu behar diren obligazioekin bezala.

        «Nire denborak egin zuenean, nire etxerako bidaia pagatzeko lana egin nuen, eta Ingalaterra zaharra berriz ikusteko poz nengoen, neure herria maite baitut. Beldur nintzen, hala ere, berriro erratari moduan akusatua izateaz, eta horregatik ez nuen ardura larregi hartu herrietara joateko, baizik eta hiriaren inguruan mantentzeko, eta, lortu ahal nituenean, lan txikiak egiten nituen.

        «Honela oso zoriontsua nintzen denbora batetan zehar, arratsalde batetararte, zeinean, lanetik etxerantz nindoala, lurreratu baininduten, eta gero, gainera, zutitzea nahi zuten. Gudarosterako jendea harrapatzen ibiltzen ziren taldeetako kideak ziren. Justiziaren aurrera eraman ninduten, eta neure buruaz konturik eman ezin izan nuenez, ez nuen beste aukerarik edo harmadako untzi batetara joatea edo soldadu bezala sartzea. Azkena aukeratu nuen, eta jaun baten leku honetan, Flandes-en bi kanpainatan zerbitzatu nuen, Val eta Fontenoy-ko batailetan egon nintzen, eta zauri bat baizik ez nuen jaso, hemen, bularraren zehar, baina gure erregimentuko doktoreak bizkor jarri ninduen ongi berriro.

        «Bakea etorri zenean, askatua izan nintzen, eta, lanik ezin nuenez egin, zeren nire zauriak batzutan larritzen baininduen, East India Company-ko zerbitzuan zegoen lur-jabe batez lerrokatu nintzen. Frantsesak gorputzez gorputz sei batailatan borrokatu ditut, eta egiatan sinesten dut ezen, irakurtzen edo idazten baneki, gure kapitainak kaporala izendatuko nindukeela. Baina ez zen nire zoria promoziorik izatea, zeren berehala gaixotu bainintzen, eta etxera itzultzeko berriz konjita eman zidaten, nire boltsikoan berrogei liberarekin. Hau izan zen oraingo gerraren hasieran, eta lehorrean jarriko nindutela espero nuen, eta nire dirua gastatzeko plazera izatea ere, baina Gobernuak gizonak nahi zituen, eta lehorrean oina jarri baino lehen, marinela izatera derrigortua nintzen.

        «Ofizialeak zioenez, morroi setatia topatu ninduen: berak zin egiten zuen ba zekiela nik neure zeregina ongi ulertzen nuela, baina Abraham atzipetuko nukeela nagi egoteko; baina, Jainkoak daki, nik ez nekien ezer itsasoko gorabeheraz, eta hark koipatu ninduen zer egiten ari zenik kontsideratu gabe. Hala ere, nik oraindik ba nituen berrogei liberak, eta hori niretzat lasaitasun zerbait zen kolpaketa bakoitzean, eta diru hori egun ukan nezakeen, baina gure ontzia frantsesek harrapatua izan zen, eta hola dena galdu nuen.

        «Gure eskifaia Brest-era eramana izan zen, eta asko hil ziren, zeren ez baitzeuden ohituta gartzela-bizitzarako, baina enekiko ez zen berri, sasoitua bainengoen. Gau batetan, ohol-ohantzean lotan nentzanean, burusi bero batez inguratuta, zeren beti gustatu izan baitzait lasai etzatea, ofizialeak iratzarri ninduen, eskuan linterna ilun bat zeramalarik. «Jack», esan zidan, «zentinela frantsesaren gareunak birrinduko hituzke?». «Ez litzaidake arduratuko», esan nuen, neure burua itzarri mantentzeko burrukatuz, «esku bat luzatzea». «Orduan, jarrai nakik», esan zuen, «eta espero diat zerbait egingo dugula». Horrela, altxatu ginen eta nire burusia gerriaren inguruan lotu nuen, berau baitzen nuen janzki bakarra, eta berarekin frantsesa borrokatzera joan nintzen. Nik frantsesak gorrotatzen ditut, denak jopuak direlako eta zurezko oinetakoak darabiltzatelako.

        «Harmarik ez geneukan arren, ingeles bat, bost frantses edonoiz garaitzeko gai da; horrela da, bi zentinelak zeuden tokirantz abiatu ginen, eta, beraien gainean eroriz, harmak harrapatu genizkien instant batetan, eta kolpatuta utzi. Leku hartatik gutariko bederatzik ihes egin genuen elkarrekin kaieraino, eta topatutako lehen txalupa harrapatuz, portutik atera eta itsasoratu ginen. Ez genuen oraindik hiru egun emanik bertan, Dorset izeneko privateer-ak, arerioaren negozioa eragozteko komisionatutako gerrauntzi pribatuak, harrapatu gintuela, eta oso pozik zeuden horrenbeste beso on aurkitzeaz, eta ados geunden gure zoria jokatzea. Hala ere, ez genuen izan itxaron beste zorterik. Hiru egunetan, berrogei kainoietako Pompadour izeneko privateer-arekin topo egin genuen, guk hogeitahiru baizik ez geneuzkan artean, eta hara joan ginen, bela-haga bela-hagaren parean. Burrukak hiru ordu iraun zuen, eta egiatan sinesten dut frantsesak hartuko genituzkeela zenbait gizon edukiz gure atzekaldean; baina, zoritxarrez, guk geure gizon guztiak galdu genituen garaipena lortzear zegoen unean.

        «Berriro nengoen frantsesen eskutan, eta nirea oso zaila izango zela sinesten dut atzera Brest-era eramango baninduten; baina nire zorionez, Viper izenekoaz berrarrapatuak ginen. Zera esatea ia ahantzia nuen, gorabehera horietan bi tokitan zaurituta izan nintzela: ezker eskuko lau hatzamar galdu nituen, eta nire berna desarra batek eraman zuen. Baldin bernaren eta eskuaren usadioaren galerak Erregeren untzi batetan gertatzeko zori ona izan banu, eta ez privateer batetan, nire bizitzaren enparatuko janzkia eta jana jasotzeko izendatuta nintzatekeen, baina hori ez zen nire fortuna: gizon bat ahoan zilarrezko goilararekin jaiotzen da, eta bestea egurtzaliarekin. Hala ere, Jainkoa benedikatua, osasun ona dut, eta betirako maitatuko ditut askatasuna eta Ingalaterra zaharra. Askatasuna, propietatea eta Ingalaterra zaharra, betirako, biba!»

        Hori esanda, herrenka joan zen, bere fiertasunez eta kontentasunez harrituta utzi ninduelarik; ezin nuen ekidin zera ezagutzea, miseriarekin ohizko trebantziak, filosofiak baino, gehiago balio duela hura mespretxatzen ikasterakoan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.