L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Amerikarik ez dago

 

Peter Bischel

 

euskaratzailea:
Pello Zabaleta

 

Historiak kontatzen dituen gizon baten historia dakit. Behin baino gehiagotan esan diot ez ditudala bere historiak sinesten.

        — Gezurra diozu —esan diot— burutik eginda zaude, ametsetan ari zara, engainatzen ari zara.

        Ez zitzaion batere inporta. Baina trankil aurrera kontatzen jarraitu zuen, eta nik esan nionean:

        — Gezurti, ero, ameslari, engainatzaile! —luzaro begiratu zidan, buruari eragin zion irrifar egin zuen triste eta oso isilean, ni kasi lotsatzeko moduan, esan zidan:

        — Ez dago Amerikarik.

        Bera kontsolatzearren, bere historia idatziko nuela agindu nion:

        Direla bostehun urte hasten da errege baten gortean, Espainiako erregeren gortean. Jauregi bat, seta eta ileguri, urrea, zilarra, bizarrak, koroeak, kandelak, morroi eta neskameak; aurreko gauean oinetara erronka eskularrua bota ondoren, egunsentian bata besteari kontra ezpetaz erasotzen dioten gortegizonak.

        Dorre gainetan zaintzaileak tronpeta jotzen. Eta zalditik salto egiten duten mandatariak, eta zaldira salto egiten duten mandatariak, erregeren adiskideak eta adiskide gezurrezkoak, emakumeak, ederrak eta kontuz ibiltzekoak eta ardoa eta jauregi inguruan guzti hori ordaintzea besterik ez dakien jendea.

        Baina erregek berak era honetan bizitzen besterik ez zekien, eta edozein moduz bizitzen dela ere, jan eta edanean edo ezinean, Madrilen ala Barzelonan edo beste nonbait, azkenean egunoro gauza bera gertatzen da, eta aspertu egiten da. Horrela nonbait bizi den jendeak Barzelona ederra dela pentsatzen du, eta Barzelonako jendeak nonbait hortara joan nahi zukeen.

        Pobreek errege bezala bizitzea edertzat jotzen dute, eta erregek pobreentzat pobre izatea egoki dela pentsatzeagatik samintzen dira.

        Goizean errege altxatzen da, gauean errege ohera joaten da, eta eguna zehar bere ardurekin, bere zerbitzariekin, bere urre, zilar, ileguri, bere setaz aspertzen da, bere kandelez aspertzen da.

        Ohea edertsunez beterik dago, baina lo egitez aparte ez dago han bestelako gauza apartekorik egiterik.

        Morroiek goizean makurtze haundiak egiten dizkiote, goizero berdin sakonak, hartaz ohiturik dago errege eta ez du begiratu ere egiten. Norbaitek ematen dio koilarea, norbaitek ematen dio haiztoa, norbaitek hurbiltzen dio aulkia, eta berarekin hitzegiten duen jendeak "Haunditasun" diote. Eta hitz polit asko gainera eta bestela ezerrez.

        Ez dio inork esaten:

        — Txotxolo hori, astaburu hori —eta gaur esaten dioten guztia atzo ere esan zioten.

        Horrela da gauza.

        Eta horregatik dauzkate erregek gorteko txerpolariak. Nahi dutena egin dezakete, eta nahi dutena esan, erregeari farregin erazteko, eta haien bizkarretik gehiago farrerik egin ezin badu, garbitzen ditu eta horrelako zerbait.

        Hitzak nahasten zituen txerpolari bat zuen bada behin. Atsegin iruditu zitzaion erregeri. "Haunditasun" esan ordez "Tadihaunsun" esaten zuen, "Ziopala" esaten zuen "Palazio" ordez, eta "nun oge" "egun on" ordez.

        Neri oso inozoa iruditzen zait, erregeri atsegin iruditzen zitzaion. Urte erdi oso batez aurkitu zuen atsegin, Uztailaren 7.a arte, eta zortzian, jaiki zenean eta txerpolaria etorri eta "nun oge Tadihaunsun" esan zionean, erregek esan zuen:

        — Ken neri txerpolaria lepotik!

        Beste txerpolari bat, txiki potolo bat, Pepe zeritzana, lau egunez bakarrik gustatu zitzaion erregeri, hark andre eta jaunen, konte, markes, baroi eta zaldunen aulkietan eztia igurtziaz jartzen zuen errege pozik. Laugarren egunean erregeren aulkia eztiz igurtzi zuen, eta erregek ezin zuen farrerik egin, eta Pepe ez zen gehiago txerpolari.

        Azkenean munduko pailasorik okerrena erosi zuen erregek. Itsusia zen oso, argala eta gizena aldi berean, luzea eta txikia une berean, eta haren ezkerreko hanka O-Hanka bat zen. Inork ez zekien hitzegin zezakeen ala ez, edo nahita ez zuen hitzegiten edo gorra zen. Haren begirada gaiztoa zen, aurpegia zipotza; hark zuen gauza maitagarri bakarra izena zen: Jontxo zeritzan.

        Zatarrena, hala ere, bere farrea zen.

        Oso txiki eta kristalezko hasten zitzaion oso sakon urdailean, galgai igotzen zitzaion, korrokada bihurtzen zitzaion. Jontxoren burua erabat gorritzen zuen, ia itota uzten zuen, erakatzen, lehertzen, astanda egiten, garrasika egiten zuen arte; orduan txilipurdi egiten zuen eta dantza egiten zuen eta farre; eta errege bakarrik pozten zen horrela, besteak zurbil jartzen ziren eta beldurrez ikaratzen. Eta gaztelu ingurutako jendeak farrea entzutean, ate eta leihoak palankatzen zituen, lehiatilak isten, haurrak oheratzen eta belarriak argizariz tapatzen.

        Zitekeen beldurgarriena zen Jontxoren farrea.

        Erregek nahi zuena esan zezakeen, Jontxok farre egingo zuen.

        Inori farrerik eragingo ez liokeen gauzak esaten zituen erregek, baina Jontxok farre egiten zuen. Eta egun batez erregek esan zion:

        — Jontxo, urkatu egingo zaitut.

        Eta Jontxok farre egiten zuen, algaraka lehertzen, inoiz ez bezala egiten zuen farre.

        Goizean Jontxo urkatzea erregek orduan erabaki zuen. Urkabe bat eraiki erazi zuen, eta seriotan hartua zuen erabakia, urkabetik zintzilik Jontxo farrez entzun nahi zuen. Orduan jende guztiari ikuskizun gaiztoa ikusteko agindu zion. Baina jendea ezkutatu egiten zen eta ateak josten, eta goizean errege zegoen borreruarekin, morroiekin eta farrez ari zen Jontxorekin bakarrik.

        Eta orduan bere morroiei oihuka eraso zien:

        — Ekar neri jende guztia hona!

        Morroiek hiri osoa mihatu zuten eta ez zuten inor aurkitu, eta errege haserre zen eta Jontxok farre egiten zuen.

        Azkenean han aurkitu zuten morroiek motiko bat, hura ekarri zuten erregerengana. Motikoa txikia, zurbila zen, eta erregek urkabea seinalatuz hara begiratzeko agindu zion.

        Motikoak urkaberantz begiratu zuen, irrifar egin zuen, txaloka hasi zen eskuekin, harriduraz begiratu eta esan zuen:

        — Errege on bat zara zu inolaz ere, horrelako eserlekutxo bat usoentzat egiten duzunez gero; begira, jadanik bi geratu dira gainean.

        — Ibiltari bat zara zu —esan zuen erregek—, nola deitzen zara?

        — Ibiltari bat naiz, Errege Jauna eta Kolon deritzat, nere amak Kolontxo deitzen nau.

        — Zu, ibiltari —esan zion erregek— hemen norbait esegia izango da.

        — Nola deritza? —galdetu zuen Kolontxok, eta izena entzun zuenean, esan zuen—: Izen polita, Jontxo deitzen da orduan. Horren izen polita duen gizon bat nolatan urka daiteke?

        — Baina horren itxuragabe egiten du farre —esan zuen erregek eta Jontxori farre egiteko agindu zion, eta Jontxok aurreko egunean baino bi halako izugarriago egin zuen farre.

        Kolontxok begiratu zuen, eta gero esan zuen:

        — Errege jauna, hain izugarria iruditzen al zaizu? —Errege harrituta geratu zen eta ezin zuen erantzun, eta Kolontxok jarraitu zuen—: Horren farrea benetan ez zait gehiegi gustatzen, baina usoak oraindik urkabean daude; ez ditu beldurtu; haiei ez zaie farrea hain izugarria iruditzen. Usoek belarri oso fina dute. Jon libre utzi behar duzu.

        Erregek pentsatu zuen eta gero esan zuen:

        — Jontxo, alde hemendik infernura.

        Eta Jontxok lehendabizikoz hitz bat esan zuen. Kolontxori esan zion:

        — Eskerrik asko! —eta giza irrifarre eder bat bat erantsi zion eta alde egin zuen.

        Erregek ez zuen orduan batere txerpolaririk gehiago.

        — Zatoz nerekin —esan zion Kolontxori.

        Erregeren morroi eta mirabeek, konte eta beste guztiek ordea Kolontxo gorteko txerpolari berria zela pentsatu zuten.

        Baina Kolontxo ez zen alaia. Han zegoen eta begiratzen zuen, oso gutxitan esaten zuen ezer, eta ez zuen farrerik egiten, irrifar egiten zuen bakarrik eta ez zion inori farrerik eragiten.

        — Ez da txerpolaria, mozolo bat da —esaten zuen jendeak, eta Kolontxok esaten zuen:

        — Ez naiz txerpolaria, mozoloa naiz.

        Eta jendeak aurpegira farre egiten zion.

        Errege enteratu izan balitz, haserretu egingo zen, baina Kolontxok ez zion ezer aitatzen, ez baizitzaion inporta bere bizkarretik farre egin zezaten.

        Gortean jende indartsua eta jende ongi hezia zegoen, Errege errege bat zen, emakumeak ederrak ziren eta gizonak kementsuak, erretorea debotoa zen eta sukaldeko mirabea maraka. Kolontxo bakarrik, Kolontxo ez zen ezer.

        Norbaitek esaten zuenean:

        — Zatoz Kolontxo, hasi borrokan nerekin.

        Kolontxok erantzuten zuen:

        — Zu baino makalagoa naiz ni.

        Norbaitek galdetzen bazion:

        — Zenbat da bi aldiz zazpi?

        Kolontxok erantzuten zuen:

        — Zu baino tontoagoa naiz.

        Norbaitek esaten zuenean:

        — Errekasto gainetik salto egiten ausartzen al zara?

        Kolontxok esaten zuen:

        — Ez, ez naiz atrebitzen.

        Eta Erregek galdetzen zuenean:

        — Kolontxo, zer izan nahi zenuke?

        Kolontxok erantzuten zion:

        — Ez dut ezer izan nahi, ni banaiz zerbait, Kolontxo naiz ni.

        Erregek esaten zuen:

        — Baina zerbait izan beharko duzu.

        Eta Kolontxok galdetzen zuen:

        — Zer izan naiteke?

        Orduan esan zuen Erregek:

        — Bizarra, aurpegi beltz, larruzkoa duen gizon hura itsasgizon bat da. Itsasgizon izan nahi zuen eta itsasgizon da, itsasoetan arrauntzen du eta lurraldeak aurkitzen ditu bere Erregerentzat.

        — Zuk hala nahi baduzu, nere Errege —esan zion Kolontxok— ni itsasgizon izango naiz.

        Orduan gorte guztiak farre egin behar izan zuen.

        Eta Kolontxo alde egin zuen laisterka, salatik urruti eta oihuka esan:

        — Lurralde bat aurkituko dut, lurralde bat aurkituko dut!

        Jendeak elkarri begiratzen zion eta buruak astintzen zituen, eta Kolontxok gaztelutik alele egin zuen laisterka, eta soroetan zeuden nekazariei eta berari begiratzen ziotenei dei egin zien:

        — Lurralde bat aurkituko dut, lurralde bat aurkituko dut!

        Eta basora joan zen eta aste luzetan txaren artean ezkutatu zen, eta aste luzetan ez zuen inork Kolontxoren berri izan, eta Errege triste zegoen eta bere burua madarikatzen zuen, eta gorteko jendea lotsatu egiten zen Kolontxori farre egin ziolako.

        Eta pozik jarri ziren, aste luzeen ondoren zentinelak dorrean adarra jo zuenean eta Kolontxo soroetatik etorri zenean, hiria barrena etorri zenean, atea barrena etorri zenean, Erregeren aurrean sartu eta esan zuenean:

        — Nere Errege, Kolontxok lurralde bat aurkitu du.

        Eta aurpegi serioak jartzen zituen gorteko jendeak Kolontxoren bizkarretik farrerik egin nahi ez zuelako, eta galdetzen zuen:

        — Nola deritza eta non dago bada?

        — Oraindik ez du izenik, oraintxe neuk aurkitu berria dudalako, eta oso urruti itsasoan dago —esan zuen Kolontxok.

        Orduan itsasgizon bizarduna altxatu zen eta esan zuen:

        — Ongi da, Kolontxo, ni Amerigo Vespucci, lurraldea bilatzera noa. Esan neri non dagoen.

        — Zoaz itsasora eta gero beti zuzenean aurrera, lurralde jo arte joan behar duzu eta ez duzu dudarik izan behar —esan zuen Kolontxok, eta ikaragarrizko beldurra zuen gezurti bat zelako eta lurralde hura ez zegoela zekielako eta ezin zuen gehiago lorik egin.

        Amerigo Vespucci ordea bila joan zen.

        Inork ez daki nora joan zen.

        Beharbada hura ere basoan ezkutatu zen.

        Orduan adarrak jo zituzten, eta Amerigo Vespucci itzuli egin zen.

        Kolontxoren aurpegia gorri gorri jarri zen eta ez zen itsasgizon ospetsua begiratzen ausartzen. Vespucci Erregeren aurrean zutik jarri zen, Kolontxori keinu bat egin zion, arnas hartu zuen sakon, berriro keinu bat egin zion Kolontxori eta altu eta garbi, denek entzuteko moduan, esan zuen:

        — Nere Errege —horrela zioen— nere Errege, lurraldea badago.

        Kolontxo hain pozik zegoen Vespuccik salatu ez zuelako, ezen harengana abiatu zen, besarkatu zuen eta otsegin:

        — Amerigo, nere Amerigo maitea!

        Eta jendeak pentsatu zuen hura zela lurraldearen izena, eta ez dagoen lurraldea "Amerika" deitzen zuten.

        — Orain gizon bat zara —esan zion Erregek Kolontxori—, hemendik aurrera Kolon deituko zara.

        Eta Kolon ospetsu bihurtu zen, eta denek miresten zuten eta elkarri marmarioka bezala esaten zioten:

        — Horrek Amerika aurkitu du.

        Eta denek miresten zuten Amerika bazegoela, Kolon bakarrik ez zegoen seguru, bizitza osoan eztabaidan egon zen, eta ez zen ausartzen itsasgizonei egia ote zen galdetzen.

        Berehala ordea beste batzuk joan ziren Amerikara eta berehala asko oso; eta itzultzen zirenek esaten zuten:

        — Badago Amerika.

        — Ni —esaten zuen historia kontatu zidan gizonak— ni ez naiz oraindik Amerikan izan. Ez dakit Amerikarik dagoen. Beharbada jendeak Kolontxo ez mintzeko jokatzen du horrela. Eta bi elkarrekin Amerikari buruz hizketan ari direnean, keinu egiten diote elkarri begiez, eta ez dute ia inoiz Amerika esaten, nahiko iluna den zerbait esaten dute "Estatuez" edo "bestekaldean" edo horrelako zerbait.

        Beharbada Amerikara joan nahi duen jendeari Hegazkinean edo Itsasontzian Kolontxoren historia kontatzen diote, eta orduan nonbait ezkutatzen dira eta geroago berriro itzultzen dira eta Cowboy-ez eta Zerurainoko etxeez, Niagarako ur amillez eta Missisippiz, New Yorkez eta San Franciscoz kontatzen dute.

        Dena den, guztiek gauza bera kontatzen dute, eta denek bidaia egin aurretik zekiten gauzetaz hitzegiten dute; eta horrek nahiko susmo txarra du.

        Baina gaur oraindik jendeak Kolon benetan nor ote zen diskutitzen du.

        Badakit nik hori.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.