L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Zazpi mezulariak

 

Dino Buzzati

 

euskaratzailea:
Mikel Alvarez

 

Neure aitaren erreinua ikustatzeko abiatu nintzen, baina egunetik egunera ziutatetik urrunduz noa eta heltzen zaizkidan berriak gero eta urriagoak dira.

        Hogei eta hamar urte eskas nituelarik hasi nuen bidaia eta zortzi urte goiti igaro dira ja, etengabeko zortzi urte, sei hilabete eta hamabost egun, hain zuzen. Uste izan nuen, abiatzerakoan, ezen aste gutxi barru erreinuaren azken mugetaraino errazki hel nintekeela, baina beti ere herri eta jende berria topatzen dut; eta nunnahi nire hizkuntza bera hitz egiten dute eta ene menpeko direla esaten.

        Noiz edo noiz nire geografoaren orratza erotu egin dela uste dut eta, beti hegoalderantz goazelako ustetan, egiaz, ziutatetik aldentzen gaituen bitartea behin ere areagotzen ez dugularik, geure urratsen gainetik bueltaka baizik ez gabiltzala; honek esplika zezakeen azken mugaraino heldu ez garelako zergaitia.

        Baina maizago azkenmuga hori ez dagoelako zalantzak oinazetzen nau, erreinua luzezabalean mugarririk gabe zabaltzen delako zalantzak eta, asko urrastu arren, behin ere amaierara helduko ez naizatekeela pentsatzeak. Hogei eta hamar urte beteak nituela hasi nintzen bidaian, beranduegi beharbada. Ene lagunek, ene familiakoek beraiek ere, nire asmoaz barre egiten zuten, ene urte hoberenen alfergaltzea balitz bezala ikusiz. Egiaz, nire leialen arteko gutxiek nahi izan zuten abiatu. Lasai izan arren —egun baino askoz ere gehiago!—, bidaia garaian ene jende maitearekin harremanak eduki ahal izaten arduratu nintzen, eta jagolegokostarik zazpi zaldun onenak mezularitzan zerbitza nintzaten aukeratu nituen.

        Uste izan nuen, gaisoa ni, zazpi edukitzea gehiegikeria litzatekeela. Denboraren denboraz, ordea, barregarriro gutxi zirela ohartu nintzen; kontutan harturik, gainera, bat bera ez zela ez gaiso erori, ez bandolariekin topatu edo eta bat berak ez zuela zaldirik urratu. Zazpiek, inoiz ere nekez ordaintzerik izango dudan leialtasunez eta atxekiduraz zerbitzatu naute.

        Guztiak erraz bereiztearren, alfabetoaren arauera inizialeekin osoturiko izenak ipini nizkien: Alexandro, Bartolome, Caio, Domingo, Eneas, Federiko eta Gregorio.

        Ene etxetik urrun egoteaz ohitu gabe, bigarren egunaren arratsean, laurogei lekoa inguru eginak genituela, lehena, Alexandro, bidali nuen. Hurrengo gaualdean, harremanen iraupena segurtatzeko, bigarrena bidali nuen, gero hirugarrena, geroago laugarrena eta, halaz, bat bestearen atzetik, bidaiaren zortzigarren gaualdean Gregorio abiatu zen arte. Lehena itzulgabe zen oraindik.

        Hamargarren arratsean, bizilagunik gabeko haran batetan kanpamendua ipintzen ari ginelarik, hatzeman egin gintuen. Alexandrok esan zidanez, bere abiadura uste izandakoa baino makalagoa gertatu zen; nik usten izan nuen ezen, bakarrik urratuz gero, zaldi arin batetan zaldizkatuz, geuk egin genezakeenaren distantzia doblea egin zezakeela; baina bat eta erdia bakarrik egin ahal izan zituen; egun batez, geuk berrogei lekoa egiten genituen bitartean, berak hirurogei irensten zituen, baina ez areago.

        Berdin gertatu zen besteekin. Bartolomek, ziutate aldera bidaiaren hirugarren gaualdean abiatua bera, hamabostgarrenean hatzeman gintuen; Caio, Laugarrenean abiatua, hogeigarrenean hurbildu zitzaigun. Mezularia gurekin noiz bilduko zen jakiteko, laster ohartu nintzen ordurarte geuk egindakoa bost bider multiplikatzea besterik ez nuela behar.

        Hiriburutik zenbat eta urrunago, geznarien itinerarioa are eta luzeago egiten zen.

        Berrogei eta hamar eguneko bidaiaren ostean, mezulari baten iristetik bestearenerako bitartea nabarmenki luzatzen hasi zen; lehen bost egunetik behin bat gure kanpamendura ailegatzen zela ikusten banuen, bitarte hau hogeitabost egunetakoa bihurtu zen; nire ziutatearen ahotsa gero eta ahulagoa zen; notizia bat bera ere jaso gabeko aste osoak igarotzen ziren. Sei hilabete igaroz geroztik —Fasanos mendiak zeharkaturik genituen ja—, mezulari bataren eta bestearen arteko bitartea lau hilabetetakoa izatera areagotu zen. Aspaldiko berriak ekartzen zizkidaten; eskutitzen azalak ximurtuak heltzen zitzaizkidan, zenbait aldiz ekarleak gaurdinean igarotako gauetan harturiko hezeduraren lohiduraz ere.

        Aurrera segitu genuen. Alferrik saiatzen nintzen neure burua limurtzen ezen zeruan zihoazen lainoak ene gaztarokoen berdinak zirela, ezen ziutate urruneko zerua eta gainean neukan kupula urdina ezberdinak ez zirela, ezen haize bera zela eta berdinak ere txorien kantuak. Lainoak, zerua, airea, haizeak, berriak eta diferenteak egiten zitzaizkidan egiaz; eta arrotz ikusten nuen neure burua.

        Aurreraka! Aurreraka! Lanadan aurkituriko arloteek azkenmugak ez zirela urrun esaten zidaten. Atsedenik ez egitera bultzatzen nituen neure gizonak, beren ezpainetatik sortzen ziren kexuak ixiltzen nituen. Abiatze egunetik lau urte igaroak ziren ja; zein neke mina!. Hiriburua, ene etxea, ene aita, arraroki urrunak bihurtu ziren, kasik haiengan sinesten ez nuelarik. Mezulari batetik bestera ixilezko eta bakartatezko hogei hilabete goiti igarotzen ziren ja. Denborak horituriko karta kuriosak ekartzen zizkidaten, eta beraietan izan ahantziak, niretzako ezezagun ziren hizkerak eta ulertu ezin nituen sendimenduak aurkitzen nituen. Hurrengo goizaz, atsedenezko gau bakarra eginez, geuk berriro hartzen genuelarik, geznaria bestaldeko bidetik abiatzen zen, ziutatera eramanez aspaldidanik eginak nituen kartak.

        Baina zortzi urte t'erdi igaro dira ja. Gaualdean bakarrik afaltzen ari nintzen nire dendan Domingo sartu zenean, nekeagatik joa izanik ere, irri egitea lortzen zuena.

        Oraindik zabaltzeko gogorik eduki ez dudan kartapakete hau ekartzeko, landarteetatik, baso eta basamortuetatik, zaldia aldatuz batek daki zenbat aldiz, aro luze luze guzti horretan korrika egin baizik ez zuen egin. Bera joan da ja lo egitera eta bihar bertan, goizaldez, berriro abiatuko da.

        Azkenez abiatuko da. Agendan kalkulatu dudanez, dena zuzen joanez gero, nik neure bidea jarraituz orain arte bezala eta berak berea, hemendik hogei eta hamar urte arte ezin izango dut Domingo ikusi. Hirurogei eta hamabi beteko ditut orduan. Baina neure burua nekatua sentitzen hasi naiz eta beharbada Herioak lehenago eramango nau. Halaz ba, ezin izango dut berriro ikusi.

        Hogei eta hamar urte barru (eta agian lehenago, askoz ere lehenago) Domingok nire kanpamenduaren suak batbatean topatuko ditu eta bere buruari ea bitartean zergaitik hain gutxi aurreratu naizen galdetuko dio. Gau honetan bezala, mezulari zintzoa aro lurperatu baten notizia absurduez beteriko karta horixkekin sartuko da aire dendan; bainan, neu geldi, neure ohean etzanda, bi gudari zuziekin laboetan, gorpu ikusterakoan, atarian geldituko da.

        Zatoz, halere, Domingo, eta ez iezadazu krudela naizenik esan! Eraman iezaiozu jaio nauen ziutateari nire azken agurra. Garai batetan nirea ere izan zen munduarekin zeu zara lokarri bizi bakarra. Azkenengo mezulariek gauzak asko aldatu direla jakinerazi didate: nire aita hil egin dela, koroa nire anaia zaharrenarengana pasatu dela, harrizko palazio handiak eraiki dituztela lehen arteak zeuden toldan, umetan jolasten joaten nintzen toki berean. Baina nire herri zaharra da oraindik. Zeu zara haiekin nire azken lokarria, Domingo. Bostgarren mezulariak, Eneasek, urte t'erdi eta hiru hilabete barru hartuko nau, Jauna medio, eta ezin izango du berriro abiatu, ez luke itzultzeko denborarik edukiko eta. Zure ostean ixiltasuna, oi Domingo, muga zizpuratuak azkenez aurkitzen ez baditut bederen. Baina zenbat eta haruntzago joan, are gehiago konbentzitzen dut neure burua mugarik ez dagoenaz.

        Ez dago, susmatzen dut, mugarik, hartan pentsatzen ohiturik gauden eratakorik bederen. Ez dago separazio murrailarik, ez pasua ixten duen mendirik. Seguraski ohartu gabe zeharkatuko dut muga eta konturatu gabe aurrera jarraituko.

        Horregaitik nahi dut ezen Eneasek eta honen ondorengo mezulariek, berriro hatzeman nazatenean, ja hiriburuko bidea har ez dezaten, baizik eta, han zain zer dudan jakin ahal dezadan, nire aurretik joan daitezen.

        Orain denbora bat dela, gaualdean larritasun ezohizkoa pizten da ene barnean, eta orain ez da, bidaiaren lehen garaietan gertatzen zitzaidan legez, lagatako alaitasunaren nostalgia; baizik eta noaneko lur ezezagunak ezagutzeko daukadan artegatasuna.

        Ohartuz noa —eta egundo ez diot inori fidatu—, ohartuz noa, bada, nola egunetik egunera, helmuga sineskaitzerantz noan heinean, zeruak, egundo, ez ametsetan ere, ikusi ez nuen ohi ez bezalako argia irradiatzen duela; eta nola landareak, mendiak eta igarotzen ditugun hibaiak, nire herrikoenetik ezberdina den esentziaz eginak diruditen eta aireak ezin adieraz ditzakedan seinaleak dakartzan.

        Itxaropen berri batek eramango nau bihar are urrunago, gauaren argi ilunek estaltzen dituzten mendi haietarantz. Ziutate urrunegira nire alferreko mezua eramateko, Domingo horizontean kontrako aldetik galtzen den bitartean, berriro ere neure kanpamendua jasoko dut.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.