L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Baltazarren arratsalde miragarria

 

Gabriel García Márguez

 

euskaratzailea:
J.A. García

 

Kaiola bukatuta zegoen. Baltazarrek etxegalean eskegi zuen, ohiturak hala aginduta, eta gosaria bukatzerako bazter guztietan esaten zen munduko kaiolarik ederrena zela. Hura ikustera hainbeste jende bildu, eta iskanbila sortu zen etxe aurrean, eta Baltazarrek kakotik kendu behar izan zuen eta aroztegia itxi.

        — Afeitatu beharrean hago —esan zion Ursula bere andreak—. Kaputxinoa ematen duk.

        — Gosaldu ondoren afeitatzea txarra dun —esan zuen Baltazarrek.

        Bi asteko bizarra zuen, ilea motza, gogorra eta tentea, mandoarena bezala, eta mutil izutuaren kara. Baina itxura engainagarria zen. Otsailean 30 urte bete zituen, lau urtetik hona Ursularekin bizi zen, ezkondu gabe eta haurrik izan gabe, eta bizitzak erne egoteko motiboa franko emana zion, baina izututa egoteko bat ere ez. Egin berri zuen kaiola pertsona batzurentzat munduko ederrena zela ere ez zekien. Berarentzat, umetatik kaiolak egitera ohiturik, besteak baino lan nekezago bat baizik ez zen izan.

        — Etzan hadi, ba, piska batean —esan zuen andreak—. Horrelako bizarrarekin ez hago inon ere agertzeko.

        Hamakan zetzan bitartean behin baino gehiagotan jaiki behar izan zuen hauzoei kaiola erakusteko. Ursulak ez zion jaramonik egin ordura arte. Haserre zegoen, zeren senarrak aroztegiko lana utzixea baitzuen, kaiolara zeharo dedikatzeagatik, eta bi astez gaizki lo egin zuen bueltak emanez eta disparateak esanez, eta ez zitzaion gehiago bururatu afeitatzerik. Baina haserrea airatu egin zen kaiola bukatuaren aurrean. Baltazar siestatik esnatu zenean, galtzak eta alkandora bat plantxatuak zeuzkan, hamakaren ondoko aulki batean jarri zizkion andreak, eta salako mahaira eramana zuen kaiola. Hari begira zegoen, isilik.

        — Zenbat kobratu behar duk? —galdetu zuen.

        — Ez zekinat —erantzun Baltazarrek—. Hogeitamar peso eskatuko dizkinat, ea hogei ematen dizkidaten.

        — Berrogeitamar eska itzak —esan zuen Ursulak—. Desorduz ibili haiz oso hamabost egun honetan. Ondo handia duk, gainera. Nere denboran ikusi dudan kaiolarik handiena delakoa badiat, neretzat.

        Baltazar afeitatzen hasi zen.

        — Uste al dun berrogeitamar pesoak emango dizkidatela?

        — Hori huskeria duk don Chepe Montielentzat, eta kaiolak balio dik hainbeste —esan zuen Ursulak—. Eskatu behar hituzke.

        Kerizpe sargorizko batean zetzan etxea. Apirileko lehen astea zen eta beroak sufriezinago zirudien.

        Jantzitakoan, patioko atea ireki zuen etxea freskatzeko Baltazarrek, eta haur tropela sartu zen salara.

        Berria zabalduta zegoen. Octavio Giraldo, medikua, sendagile zahar bat, bizitzaz kontentu baina lanbideaz aspertua, Baltazarren kaiolan pentsatzen ari zen bere emazte elbarriarekin gosaltzen zuelarik. Sargorizko egunetan mahaia jartzen zuten barruko terrazan, lore ontzi ugari zegoen eta bi kaiola kanario batzurekin.

        Emazteari txoriak gustatzen baitzitzaizkion, eta hain maite zituen, non katuak gorroto baitzituen, haiek jateko kapaz direlako. Bera gogoan zuelarik, Giraldo medikua gaixo bat bisitatzera joan zen, eta etxeruzkoan Baltazarrenetik pasa zen kaiola ezagutzeko.

        Salan jendetza zegoen. Mahai gainean ikusgarri jarrita, alanbrezko kupula izugarriak, barnean hiru maila, pasadizoz eta jan eta lo egiteko gelatxo bereziekin, eta trapezioak txorien jolasketarako lekuetan, jela egiteko fabrika erraldoi baten eredu txikia zirudien. Medikuak arretaz aztertu zuen, ikutu gabe, pentsatuz benetan kaiola hura bere ospea baino are bikainagoa zela, eta askoz ederragoa inoiz bere andrearentzat amestu zuen guztia baino.

        — Irudimenaren abentura bat da hau —esan zuen. Jende artean Baltazar bilatu zuen, eta bere ama-begiak harengan finkaturik, gaineratu zuen—: Arkiteto bikaina izan hintekeen.

        Baltazar gorritu egin zen.

        — Eskerrik asko —esan zuen.

        — Egia duk —esan zuen medikuak. Loditasun leun eta samurra ageri zuen, gaztaroan ederra izandako emakume batena bezalakoa, eta esku delikatuak. Latinez ari den apaiz batena zirudien ahotsak—. Txoririk jarri beharrik ere ez zeukak —esan zuen, jendearen begien aurrean kaiola jiraka erabilirik, saltzen ari balitz bezala—. Zuhaitz artean eskegitzea nahikoa izango duk bere gisa kantari hasteko. —Mahai gainean jarri zuen berriro, momentu batez pentsatzen gelditu zen, kaiolari begira, eta esan zuen—: Eraman egin behar diat, ba.

        — Salduta dago —esan zuen Ursulak.

        — Don Chepe Montielen semearena da —esan zuen Baltazarrek—. Propio enkargatu zuen.

        Medikuak jarrera errespetagarria hartu zuen.

        — Modelurik eman al zian?

        — Ez —esan zuen Baltazarrek—. Kaiola handi bat nahi zuela esan zuen, horrelakoa, turpial bikote batentzat.

        Medikuak kaiolari begiratu zion.

        — Baina hau ez duk turpialentzako.

        — Horixe baietz, mediku jauna —esan zuen Baltazarrek, mahaira hurbilduz. Haurrak inguruan bildu ziren—. Neurriak egokiak dira —esan zuen, gelaxka bakoitza indizeaz seinalatuz. Gero kupula jo zuen behatz-koxkorrekin, eta kaiola akorde sakonez bete zen—. Aurkitzerik dagoen alanbrerik zailena da, eta juntura bakoitza barrutik eta kanpotik soldeatuta dago —esan zuen.

        — Loro batentzat ere balio du —sartu zen haur bat.

        — Hala da, bai —esan zuen Baltazarrek.

        — Hortaz, ez dago problemarik —esan zuen medikuak—. Gauza bat da turpialentzako kaiola handi bat eta beste gauza bat kaiola hau. Agindu ziatena hau denik ez zegok frogarik.

        — Hauxe da —esan zuen Baltazarrek, aztoraturik—. Horregatik egin nuen.

        Medikuak gogaitu-keinu bat erakutsi zuen.

        — Egin hezake beste bat —esan zuen Ursulak, senarrari begiratuz. Eta gero, medikuari—: Berorrek, itxoin lezake.

        — Arratsalderako agindua nion andreari —esan zuen medikuak.

        — Damutzen zait oso, mediku jauna —esan zuen Baltazarrek—, baina ez da zilegi salduta dagoena saltzea.

        Medikuak bizkarrari eragin zion, etsita. Lepoko izerdia pañelo batez xukatuz, kaiola ikustatu zuen tutik esateke, begirada definitu gabeko puntu batetik alderatu gabe, doan itsasontziari begiratzen zaion bezala.

        — Zenbatean saldu huen?

        Baltazarrek Ursula bilatu zuen erantzun gabe.

        — Hirurogei peso —esan zuen hark.

        Medikuak kaiolari begira jarraitu zuen.

        — Oso polita da —hasperenez—. Ezinago polita.

        Gero, ateruntz zihoala, gogotik abanikatzen hasi zen, irrifarrez, eta pasadizo haren oroimenak alde egin zuen betiko bere burutik.

        — Montiel oso aberatsa da —esan zuen.

        Izan ere, Jose Montiel ez zen irudi bezain aberatsa, baina horretara iristeko edozertarako prest egona bai. Handik ez urruti, saldu ez zitekeen usairik sekula aditu ez zen etxe zaldi-tresnaz betetako batean, kaiolaren berriaz enteratzeke. Haren emazteak, heriotzaren obsesioak torturaturik, ate-leihoak itxi zituen bazkal ondoan eta gelaren itzalean etzan zen bi orduz, begiak irekita, Jose Montielek siesta egiten zuen bitartean. Hala harrapatu zuen ahots askoren istiluak. Orduan salako atea ireki eta iskanbila ikusi zuen etxe aurrean, eta iskanbilaren artean Baltazar kaiolarekin, txuriz jantzita eta afeitatu berria, pobreak aberatsen etxeetara datozen inozo itxura apain horrekin.

        — Zoragarria benetan —miretsi zuen don Jose Montielen emazteak, irrifarre zabalez, Baltazar barruruntz eramanik—. Ez dut nere denboran horrelakorik ikusi —esan zuen, eta gaineratu, atean pilatzen zen jendetzaz haserre bizitan—: Baina barruruntz eraman, edo sala hau oilartegi bihurtuko dute.

        Baltazar ez zen arrotza Jose Montielenean. Behin baino gehiagotan, bere trebetasun eta zintzotasunarengatik, arotz lan txikiak egiteko deitu zuten. Baina behin ere ez zen gustora egon aberats artean. Pentsaketan ihardun ohi zen halakoez, beren andre itsusi eta gatazkatsuez, beren operazio ikaragarria, eta errukitu egiten zen beti. Beren etxeetara sartzean ez zuen asmatzen hankak arrastaka eraman gabe ibiltzen.

        — Pepe hemen al dago? —galdetu zuen.

        Salako mahai gainean jarria zuen kaiola.

        — Eskolan dago —esan zuen Jose Montielen andreak—. Baina honez gero etortzeko izango da. —Eta gaineratu—: Montiel bainatzen ari da.

        Egia esan, Jose Montielek ez zuen bainatzeko astirik izan. Alkanfor-alkoholez igurtzialdi bizkor bat hartzen ari zen, zer gertatzen zen ikustera ateratzeko. Etxeko hotsen guardian egoteko bentiladore elektrikorik gabe lo egiten zuen, hain zen gizon zelatia.

        — Etorri, ikusi zer nolako gauza miresgarria —deiadar egin zion bere andreak.

        Jose Montiel —sendo eta iletsu, toalla lepotik zintzilik— logelako leihotik agertu zen.

        — Zer da hori?

        — Peperen kaiola —esan zuen Baltazarrek.

        Emakumeak txunditurik begiratu zion.

        — Peperena —baieztu zuen Baltazarrek. Eta gero, Jose Montieli—: Pepek enkargatu zidan.

        Ez zen orduan ezer gertatu, baina Baltazar komuneko atea ireki baliote bezala sentitu zen. Jose Montiel logelatik irten zen galtzontzilotan.

        — Pepe —garraisiaz.

        — Ez da oraindik etorri —murmuriatu zuen andreak, gelditurik.

        Pepe atetik agertu zen. Hamabi urte edo zituen eta amaren bekain kizkur eta patetikotasun geldoa.

        — Hator hona —esan zion Jose Montielek—. Hik enkargatu al huen hori?

        Haurrak burua makurtu zuen. Iletatik helduta, Jose Montielek begietara begiratzera behartu zuen.

        — Erantzun.

        Haurrak ezpainei horzka egin zien erantzun gabe.

        — Montiel —ahapeka andreak.

        Jose Montielek umea utzi eta Baltazarrengana zuzendu zen erneguzko aurpegiz.

        — Damu diat, Baltazar —esan zuen—. Baina nerekin hitzegin behar huen egiten hasi baino lehen. Hiri bakarrik bururatzen zaik haur batekin tratua egitea. —Hitzegin-ala, bere aurpegia lasaituz zihoan. Kaiola altxa zuen begiratu gabe eta Baltazarri eman zion—. Eraman hemendik eta ahal duanari saltzen saia hadi —esan zuen—. Eta batez ere, ez diskutitzeko erregutzen diat. —Bizkarreko bat eman zion, eta explikatu—: Amorratzea debekatu zidak medikuak.

        Haurra geldirik egon zen, begiak kliskatu gabe, Baltazarrek txunditurik begiratu zion arte, kaiola eskuan. Orduan zintzur hots bat irten zitzaion, txakur zurrunga bezalakoa, eta lurrera jaurti zuen bere burua, orroaka.

        Jose Montielek aurpegirik mudatu gabe begiratzen zion, ama baretzen ahalegintzen zen bitartean.

        — Ez jaso —esan zuen—. Utzi burua turraren kontra hausten eta gero gatza eta limoia bota, gusta ala amorra dadin.

        Umeak deiadar egiten zuen malkorik gabe, bere amak eskuturretatik eutsita zeukalarik.

        — Askatu —insistitu zuen Jose Montielek.

        Baltazarrek haurrari begiratu zion, hiltzera doan animalia kutsakor bati begiratuko ziokeen bezala. Laurak jotzear ziren.

        Ordu horretan, bere etxean, Ursulak aintzineko kanta zahar bat zuen ahotan, tipula txikitzen zuen bitartean.

        — Pepe —esan zuen Baltazarrek.

        Haurrarengana joan zen, irrifarrez, eta kaiola eskaini zion. Umea salto batez zutitu zen, ia bera bezain handia zen kaiola besarkatu, eta Baltazarri begira geratu zen burdinsaretik zehar, zer esan ez zekiela. Ez zuen malkorik ere isuri.

        — Baltazar —esan zuen Montielek, apalki —eramateko esan diat.

        — Emaiok —agindu zion andreak haurrari.

        — Gorde zuretzat —esan zuen Baltazarrek. Eta gero, Jose Montieli—: Azken finean, horretarakoxe egin nuen.

        Jose Montiel atzetik joan zitzaion salaraino.

        — Ez izan txotxoloa, Baltazar —zioen, bidea itxirik—. Eraman hire trastea etxera eta ez egin txatxukeriarik. Ez diat xentimorik ordaintzeko asmorik.

        — Ez du axolarik —esan zuen Baltazarrek—. Peperi erregalatzeko propio egin dut. Ez nuen ezer kobratzeko asmorik.

        Baltazarrek atean traban zeuden ikusleen artetik bidea ireki zuenean, Jose Montiel deiadarka ari zen salaren erdian. Oso zurbil ageri zen eta begiak gorritzen hasita zeuzkan.

        — Alua —garraisiaz— eraman hemendik hire atxamarta hori. Horixe bakarrik falta genian, arlote ezerez bat etortzea neure etxean agintzera. Nekaben judios!

        Billartegian txaloka hartu zuten Baltazar. Ordura arte, zera uste zuen: besteak baino kaiola hobe bat egin zuela, Jose Montielen semeari erregalatu behar izan ziola, negar egin ez zezan, eta gauza horiek guztiek ez zutela aparteko meriturik.

        Baina gero konturatu zen guzti horrek nolabaiteko inportantzia zuela askorentzat, eta horretan pentsatzeak kilikatu egiten zuen.

        — Beraz, berrogeitamar peso eman ziaten kaiolagatik.

        — Hirurogei —esan zuen Baltazarrek.

        — Zeruan arrasto bat egin beharra zegok —esan zuen norbaitek—. Don Chepe Montieli hainbesteko diru pila ateratzen asmatu duen bakarra haiz. Hori zelebratu beharra zegok.

        Zerbeza bat eskaini zioten, eta Baltazarrek denentzako erronda batez ordaindu zien. Lehendabiziko zurrutaldia zuenez, iluntzerako mozkor-mozkor eginda zegoen, hirurogei pesoko mila kaiolako proiektu haundi batez ziharduen, eta gero milioi bat kaiolakoa, hirurogei milioi peso osatu arte.

        — Gauza asko egin beharra zegok aberatsei hil baino lehenago saltzeko —esaten zuen, mozkorrak itsuturik—. Denak gaixo zeudek eta hilko egingo dituk. Zenbateraino izorratuta egongo diren, amorrurik hartu ere ezin zezaketek egin eta.

        Bi orduz tokadiska automatikoa jo-ta-ke aritu zen bere kontura. Denek txin-txin egin zuten Baltazarren osasunagatik, bere suerte eta portunagatik, eta aberatsen heriotzagatik, baina bazkal ordurako bakarrik utzi zuten saloian.

        Ursula zortziak arte egon zen zain, tipulaz estalitako okela hotzezko plater batekin. Norbaitek esan zion bere senarra billartegian zegoela, pozetan ero, mundu guztiari zerbeza eskainiz, baina ez zuen sinistu, Baltazar ez baitzen sekula mozkortu. Oheratu zenean, ia gauerdi, Baltazar saloi argitsu batean zegoen; hantxe, lau lagunentzako mahaitxoak, aulkiak inguruan, eta dantza leku bat kanpoan, belatsak egurasten zirena. Aurpegia koloretez beteta zeukan, eta pausorik ere ezin eman zuenez, uste zuen bi emakumerekin batera oheratu nahi zuela. Hainbeste gastatu zuen, non erlojua bahituran utzi behar izan zuen, biharamunean ordaintzeko konpromisuarekin. Handik momentu batera, kale bazterrean zerraldo, zapatak kentzen zizkiotela konturatu zen, baina ez zion utzi nahi izan inoiz izan zuen ametsik ederrenari. Bostetako mezatarako pasa ziren emakumeak ez ziren ausartu begiratzera, hilda zegoelakoan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.