Azeri axiantea Ysegrinen xingarrak
Ezezaguna
euskaratzailea: J.M. Arzallus
Ager dezagun, ordea, aurrena Azeri nota muzindu zen Ysegrinekin. Dakizuen bezala, lehoi txima harroa Errege den animalien erreinuan, Jaun ohoretsua zen Ysegrin eske. Gainera, inguruan eduki nahi zuen beti. Horregatik, ez zeukan hutsa ustetan Ysegrin otsoak bere burua. Aldiz bai lehengusu eta gainerantzeko jendetoena.
Azeri jendeto hauetarikoa zen. Eta hain zuzen, losintxazko edukazioz, Osaba Jauna eta esaten zizkion otsoari itzal haundiko personaia bailitzan.
Astoen errege duzue hori esan ohi zuen, berriz, andere Hermeline eta semeekin, zulo bazterrean eserita, dijestioa eginaz kontu kontari ari zenean. Ez du bere tripa barrena eta serio eta deskubritu berriak bailituen miatzen dituen bi edo hiru zulo bazter baino ezagutzen. Ezin dut horrelako harropuzkeriarik eraman. Aspaldian nabil, beraz, ametsetan ere ezin ahaztu ahal izango duen axioren baten ausnarrean.
Baina, ene jauntxo kutuna esaten zion samurki Hermeline emazteak, egizak kontu, ez hadila gero, bere laguntxoa izorra duala eta, Erregerekin bihurri. Pentsa, gainera; aurrez, herorrek ondo asko dioan bezala, zorrotzak dituela otsoak haginak.
"Ez diot beldurrik" esan nahizko keinua egin buruaz eta etxetik atera zen Azeri.
Hotz lehor horietako egiten zuen kanpoan. Izotz kandelak eta guzti zeuden elorrietan zintzilika. Neguko manta zuripean gizonaren zentzuentzat bakarrik zegoen basoa lo. Azerik, ordea, laster usnatu ohi zuen airean ere ehize berriren baten arnasa beroa.
Ai, ai, ai hasi zen zulotik aterata berehala. Tibert basakatuaren zuloa ezetz urruti egon. Conard erbi gaisoa ere ez duk nonbait pasa zaharra. Brichemer basahuntza ez bazen, bestela... Halaxe duk eta, Brichemer bera; orain antzeman zioat.
Gelditu zen, zimurtu zuen bekaina, belarriak zuzendu eta zein aldetara joko ari zen pentsatzen, inguruan karrakarra sor bat entzun zuenean. Hegazti-beltz haundi bat zegoen abar puntatik, eta Azeriren hatzaparretik at, farre gisan begira. Tiercelin belea.
Txo!! Azeri Jauna, gabon esan zion kroaka ulergaitzez beleak. Mutur okerra dakark gaur. Oraino gogoan duk, noski, zurikeriaz lasatu erazi hidan gazta. Halere, muturra gaztatan sartzen ikusi hindudanean gustora ninduan ni, ze gaztaren ez baina neure ondoren henbilen eta.
Ala, ala! Bai hegazti harroska eta zikina haizenena, Tiercelin. Hire haragitxar horiek dastatu nahi nituela pentsatuko huen, bada!!! Bai zera! Ez zeukenat neure burua pozointzeko gogorik oraino. Eta gaztazalea, berriz, amorratua naun. Ez dinat halakorik egundo jan.
Erantzunik gabe geratu zen belea. Eta Azerik tuntuna halakoa esanda (altuxe baitzegoen, gainera, egon ere hegaztia), bideari jarraitu zion isatsa eta gorputza harro kulunkatuaz.
Hurrena sastrakarik sastraka Ysegrinenera heldu zen.
Basamutilak utzitako txabola zarpil batean bizi zen otsoa. Lahar eta arantzaz josita zeuden etxolatzarraren inguruak. Sartzeko pasaleku bakarra zeukan eta estua hura ere. Gordeleku hartara hurbildu zenean, ordea, egundoko usain tentagarria sentitu zuen. Usna musnaka eta napurkerian ibili aurrena, gero lahar artea pasa eta atejoka hasi zen.
Nor da? galdetu zuen Ysegrinek.
Neu erantzun zion zuri zuri Azerik. Ni nauk, Osaba. Zuen berri jakitera nentorren.
Ba zion Ysegrinek Azeriri sinpatia piska bat, ez baitzion bere inozokeria eta harrokeriak lehengusuaren seta txarraz jabetzen uzten. Horrexegatik hartzen zituen zilar fintzat honen adar jotzeak ere.
Hemen oso ongi gaituk erantzun zion barrutik sano. Sar hadi. Oraintxe bukatu dizkiagu azken ondarrak.
Ez daukak aitortu beharrik Azerik Hersent emazte eta otsantei txairoki eskua emanaz. Poz ematen dik jarraitu zuen gero txiki jende hau guztia honen sendo aurkitzeak.
Bitartean bizi zebiltzen pikaroaren begiak hara eta hona. Ez, ordea, afari ondarretan. Zertan begira Ysegrin eta bereek utzitako bildotsaren behazun edo giltzurrun zikinak? Tetxuko urdaiazpikotan, baizik; sukalde osoa usain gozoz beterik zeukaten zintzilikario haietan zebilakion begiak.
On egin diezaizuela bota zien hurrena ezer ikusi ez balu bezala.
Eskerrik asko Otsoak ahoxurika hankak miazkatuaz. Afaldu duka?
Bai, osaba; harritzekoa duk baina, ez diat goserik. Edo, hobeki esan, ez behintzat bildotsgoserik otsoak aurrean ipini zizkion ardikiak apartatuaz.
Haragi gorriak ez ziok, nonbait, nire urdailari onik egiten... edo ez zekiat zer esan.
Lastima duk, ba, ez zeukeagu eta besterik eskeintzeko... Nilika samarra ez al haiz ari jartzen?
Egia diok. Osasunbera nebilek bolada hontan. Gauza arinak behar nizkiake jan eta... Xori lumatu berriak edo... Baina lumak ere eztarrian pegatzen baitituk. Beraz, gurina edo txingarra txarrago ez.
Otsoak entzungor egin zien hitz hauei. Azerik laster jakin zuen harengandik largeza haundirik ezin zitekeela espero. Hain zeuden, ordea, hiru urdaiazpikoak tentagarriak!
Urdaiazpikoa esan al dut? bota zuen bere gisa ari balitz bezala, baina lehen esanari helduaz. Sekulakoak dauzkak. Baina, nola utz hitzake horrela mundu guztiaren bistan? Kaskarinkeria haundia dagik horretan.
Kaskarinkeria? otsoak bi begiak zabal zabal tetxu aldera jasoaz. Zergatik?
Lapurrak, mutil, lapurrak, besomotzak direla uste al duk? Edo baita heure tartediko bisitariren batek xerra bat eskatu ere. Eta xerrarik xerra, haizen eskuzabalarekin, laster hintzateke batere gabe.
Ez zegok horretarako arriskurik, gizona bota zion Ysegrinek biziro. Lapur zorrotza beharko dik neri xingarrok harrapatzeko. Begininiak lehenago ostuko zizkidatek. Bisitariei eman, bestela al diok. Lehenago hilko dik tartedi guztia goseak, honetatik izpi bat jan baino. Horren zoro uste al nauk?
Hobe, hobe horrela, Osaba erantzun zion Azerik xingargurea disimulatuaz eta ahots apalagoz. Halere nereak balira gordeko nizkikek hobetoxe. Neuk bakar bakarrik ezagutzen harkaitz zuloren batean edo... behintzat lapur eta tripazainek tentaziorik ez izateko moduan. Bueno, baina, aholku on bat emateagatik ari ninduen. Eta zertarako, gainera? Badakik hik horrenbeste. Adiskideok, ari du berandutzen eta banoala esan zien altxata. Gau ona pasa eta urdaiazpikoekin amets!
Ysegrinenetik aterata urrundu itxura egin zuen Azerik. Baina hurbileko sastrakaondo batetan etzan zen gaua bildu zain.
Nahikoa ilundu zuela eritzi zionean, Otsoaren zulora itzuli zen berriro isil isilik eta teilatura igo zen basakatu bat bezain airoso. Xingarrak zintzilika zeuden parean txintik atera gabe zaborrak apartatu zituen gero, askatu hirurak eta eginahalean bere etxera joan zen korrika.
Hura festa Azerirenean aita urdaiazpikoak arrastaka zituela ikusi zutenean! Bai Hermeline eta bai semeek ere, laster erantsi zizkieten haginak. Denek lepo egin zutenean, hartu xingar ondarrak eta zuloaren barrenean gorde zituen. Gero, nekaturik zegoela eta, eguna argitzerako lo kuluska bat egitera etzan zen.
Egun txintarekin batera jeiki eta Ysegrinenera abiatu zen ostera. Otsoaren zulora hurbiltzean presaka eta arnaska hasi zen ehiztariren bat segika balu bezala. Hango errietak eta aieneak entzutean farregureak eman zion. Baina sartzerako serio plantaz jantzi zuen muturra.
Zer demonio gertatu zaizue? galdetu zien errukia bera bailitzan. Zerk mintzen zaituzte horrela? Familiartekoren bat hil agian? Egundoko gosea nekarren, ba, gaur, baina kendu dizkidazue jateko gogoak.
Ai bahenki, iloba, zer pasa zaigun esan zion otsoak amorru sutan buruko tximatatik tiraka. Urdaiazpikoak harrapatu dizkigutela!
Urdaiazpikoak ostu alajaina! esan eta begiekin keinu xalo bat egin zuen Azerik, gero burua astindu eta alagara bizitan lehertu zen azkenean. Bai komeriante ona haizena! esan zion erdi farrezka.
Ysegrin eta emaztea elkarri begira geratu ziren. Azerik, ezin zion berriz ere, farreari eutsi.
Farre egiteko kontuak direla uste al duk? eraso zion Ysegrinek marmarka eta zeharka begiratuaz. Xingarrak harrapatu dizkigutela eta farre? Ez zidak neri farregure haundirik ematen.
Ai, Osaba pikaroa Azerik, oraino erdi purrustaka. Ez nian horren komeriante ona hintzenik uste. Piska bat ezagutuko ez bahintut egia dela esango niake.
Baietz, ba! Ostu egin dizkigutela! erantzun zion otsoak marru bizian.
Ez iezadak leher egin erazi! Hori duk abildadea eta berriro farreari erasoz. Hi hago, hi, azala. Nere esana egin, xingarrak gorde eta orain harrapatu egin dizkiotela, alajaina! Ez litzaidatekek horrelako trikimailurik bururatuko.
Baina ez al duk lapurrek teilatuan egin duten zuloa ikusten erantsi zuen emazteak albotik.
Hala esan! Azerik, une batez harridura plantak hartuaz. Ordea, berehala berriro algaraka. Nahikoa diagu! Ez duzue detaile bat ere hutsegin. Esango litzatekek, benetako lapurrak izan direla; zulo eta guzti egin dutela gainera.
Halaxe duk eta Ysegrinek, topatzen zuen guztiari ostikoka.
Tira, tira, Osaba, sinestarazi iezaiok amonari, neri ez didak horrelako ziririk sartuko eta. Hori, gainera, bestea! Sabaian zuloa egin! Bai trufari onak zaudetena! esan eta atetik kanpora hasi zen. Eta nolako pikaroak! Jan itzazue bakean eta on egin diezazuela.
Han geratu zen otsoa paretei harramazka. Azeri, berriz, egindako axioak barnean ematen zion kilimi gozoa ito ezinik urrundu zen.
|