Emakumearen eskubideak
Lurdes Garziarena
"Emakumearen eskubideak" lema nonahi ikusten da gaur egun, edonoren ahotan dabil, publikoki bederen inork ez ditu ukatzen emakumeen eskubide horiek. Emakumearen eskubideak, emakumearen berdintasuna, bai, baina zein eskubide eta zein berdintasun?
Dudarik ez dago emakumeen eskubide eta berdintasunaren nondik norakoak aletzen hasten bagara azken finean beti ere gizonen eskubideak, edo hobe esan, gizonek kasu eta leku bakoitzean daukaten maila hartzen dela eskubide eta berdintasun horiek neurtzeko. Eta hori horrela dela ikusteko Euskadin bederen dauzkagun adibide batzuk kontutan hartzea besterik ez dago.
Emakumeen artean eta hirietan oso normala da gaur egun ospakizun bar amaitzeko gizonen striptis ikuskizun batera joatea, baita emakume baten ezkon bezperetan egiten diren despedida afari edo otorduen amaiera gisa ere ez omen dago hori baino ezer "dibertigarriagorik". Gizonek ez al dute betidanik antzeko zerbait egin? Eta zentzu berean, makina bat aldiz gogaitu gaituzten sexuari buruzko gizonen txiste txarrez gain, orain emakumeek gizonak gai hartuta asmatzen dituztenak ere jasan behar!
Euskadiko emakumeen erakunde ofizial batean langile guztiak emakumeak dira, mutil bat izan ezik: eraikineko tekniko lanak egiten ditu honek. Telefonoan edo zuzendariaren idazkari lanetan jartzea besterik ez luke beharko betidanik gizonek eduki duten jokaeraren ildo beretik joateko. Desberdintasun bati beste desberdintasun bat.
Hizkuntzan dagoen sexismoa dela eta, generoaren auzia konpontzeko kasu askotan arauen gainetik jauzi egin eta halamoduzko astakeriak ikusten dira hortik: alkatesa, idazkarisa, etabar.
Emakume politikoek antolatu eta emakumeek parte hartzen duten nazioarteko biltzar batean interpretari lanak egiteko gizonik ez dutela nahi eta lanera mesedez emakumeak bidaltzeko eskatzen dute. Sexismo arazorik gabeko alorretan hain zuzen egin beharko litzatekeenaren kontrakoa egiten dute. Ez al da berdintasuna lortu nahi?
Eredu sexista bati beste eredu sexista bat kontrajartzea da hori. Berdintasunaz hitz egiten denean gizonen eredua hartzen da, eta garbi dago hori ere ez dela asegarria. Azken finean emakumeak gizonak egiten duena egiten du edo egiten saiatzen da, eta kontua beste bat litzateke: gizartean ezarrita dauden rolak berriz definitu beharko lirateke, dauden ierarkiak hautsi.
Diskriminazioaren bidetik gizonek garatu duten desberdintasunean oinarritutako berdintasuna bada emakumeok lortu nahi duguna, edo emakumearen berdintasuna lortzeko erakundeek edo emakumearen eskubideak aldarrikatzen dituzten talde feministek lortu nahi dutena gizonei dauzkaten pribilegioak kendu eta emakumeentzat eskuratzea bada, jakin beharko lukete emakume asko eta askorentzat gizonen 'pribilegio' horiek ez direla batere erakargarriak. Horiek lortu nahi dituztenentzat aukerak egotea da gauza bat, eta bestea denentzat eredu bera finkatzea.
|