Erdaraz ikastera
Uztapide, Manuel Olaizola
Eskolan eta erdaraz ere pixka bat gehiago ikasi beharko zela eta, hamahiru urte nituelarik, gurasoek Gasteiz ondoko herri batera bidali gintuzten nire anaia bat eta biok: Zurbanora; udan lana egitekotan, eta neguan, eskolan. Uda luze samarra zen, baina pasa egin behar. Han zerbait gehiago ikasi genuen.
Sekula inora atera gabeak ginen gu, Zurbanora joan ginenean: Arroara eta Zestoara ez beste inora joan gabeak. Handik ateratzen hasiz gero, begiak argi izaten genituen guk.
Trenean ere sekulan ibili gabeak, eta hura ere nobedadea. Baina trenean sartu ginen, behintzat, aita eta bi anaiok, eta ez zen hitzik entzuten: elkarri begiratu, eta isilik. Arroan igo ginen trenera, eta Elgoibar aldean edo horrela, lehenengo hizketan hasi ginenerako. Konfiantzan sartu ginen gero, eta handik aurrera, hor nonbait.
Eskoriatza alde horretan, hasten da trena jo alde batera eta jo bestera, eta ez dugula aurrera egingo. Halako batean, Gatzagaraino joan gara, eta han, berriz, elurra: ez zen, orduantxe ere, udaberria oso ona. Ama Birjina Martxoko eguna zen, eta elurra mardul egiten zuen: dena zuritu zuen.
Gasteiz aldeko ordeka haietara azaldu ginenean, dena zuri-zuri eta dena berdin-berdin zegoen. Guk behin ere ez genuen halako ordeka-sailik ikusi, eta hala esan nion anaiari:
Ikusten al dituk zer ordeka-sailak dauden hemen:
Bai, motel! Ikusgarriak dituk, ba! Ez nian uste honelakorik ikusi behar genuenik!
Ez nik ere, motel! Hemen lantoki ederrak izango ditiagu, behintzat.
Hartan goazela, Gasteizera ailegatu gara. Bertan bazkaldu eta Gasteiz pixka bat ikusi ondoren, Zurbanora joan ginen.
Hurrengo eguna igandea zen. Aitak han pasa zuen egun hura, eta arratsaldeko trenean joan zen. Guk begiak ederki busti, aitak aldegin zuenean.
Zurbanoko alkatearen etxean egon ginen. Alkateak andrea euskalduna zuen. Lehenengo bi egunak hantxe pasa genituen, eta aitak aldegin zuenean, morroi-tokira joan ginen. Anaiak, gero ere, alkatearen semearen etxean izan zuen morroi-tokia; eta nik, beste etxe batean.
Alkatearen etxean geundela, erdaraz ikasten hasi ginen: ¡Ya lo creo! eta ¡Qué barbaridad! eta horrelakoak. Belarriak zain egoten ziren han.
Zurbano herri polita zen. Berriro ere han elkartzen ginen jaietan eta anaiarekin, eta berehalaxe ohitu ginen. Lehen esango dugun bezala, ordeka ederrak ziren. Etxeak, banaka. Han ez zen, hemen bezala, tokirik harrapatu ezinda inor ibiltzen.
Erdaraz, berriz, ez genekien hitzik ere, hara ailegatu ginenean. Iritsi berria nintzen artean, eta joan ginen, ba, langa bat jartzera nagusia eta biok. Eta ez dakit propio edo; behintzat, palankarik ez genuen eraman. Eta nagusi horrek esan zidan:
¡Vete a casa y que te den la barra de hierro!
Ni orduan bai zintzo joan nintzela etxera. Berrogeita hamar aldiz errepikatu nuen nik, bidean, esaldi hori. Etxera orduko, berriz, nagusiaren arreba irten zen atarira, eta harixe eskatu nion:
¡Que te den la barra de hierro!
Barre pixka bat egin zuen; baina nik nagusiak esandakoa egin nuen, behintzat. Ez zuten burlarik egiten. Gu okerragoak igoal izango ginateke. Saiatu egiten ziren irakasten.
Lengo egunak gogoan, Auspoa.
|