L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-2 (1998-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Eroa—

 

Ero loteroa

 

Pazzo Garziarena

 

Irratian entzun dut Euskal Herrian hamalau mila milioi pezeta gastatu ditugula Gabonetako loteria erosten. Erraza litzateke esatea denok erotuta gaudela holako dirutza zorte itsuaren nahipean uzteagatik gure artean ere hain behar handiak daudenean; baina ez dut esango, eta ez oraingo honetan milioitza hori eta gehiago itzuli delako balear batzuen eskuetara, baizik eta azken finean ilusioa edo itxaropena erosten delako diru horrekin: beste non eros daiteke, bestela? Gainera, askotan elkarbanatzen den ilusioa izaten da, jendearen artean halako lotura xumea ezartzen duena, eta zorteduna guztiz erotzen duena, nire antzera.

        Nolanahi ere, kontuak egitea ere ez dator txarto. Horrela, jakin dezakegu bataz beste gutako bakoitzak 5.000 pezeta gastatu dugula loteria erosten egun horretarako. Ikuspuntu horretatik begiratuta, ez da asko. Aldiz, baten batek esango du diru hori Euskal Herriko langabetuen artean banatuz gero, bakoitzari 120.000 pezeta inguru tokatuko litzaizkiokeela, eta bistan da ikuspegia aldatzen dela hola ikusiz gero. Baina, jakina, diru kopuruak, baita mailarik xumeenean ere, beti dira erlatiboak, subjetiboak, edo esan ezazue nahi duzuen bezala.

        Adibidez, jendeari oro har ez zaio gaizki iruditzen Estatuari 5.000 pezeta erregalatzea loteria erosten, trukean itxaropena ematen digulako (Estatuak askori ematen dien itxaropen bakarra, bestalde); baina zenbat jenderi ez diogu entzun protestatzen telefono fakturan antzeko zerbait ordaindu behar izan duelako, nahiz eta diru horren truke egiazko zerbitzu bat jaso? Jende gutxik onartuko luke, ezta Santageda honetan ere, 5.000 pezeta gastatzea kilo bar hegaluze fresko erosteko, baina japoniarrek 15.000 ere ordaintzen dute kilo bat hegaluze izoztuagatik; ahaztu gabe, hemen hori dexente ordaintzen dutela askok berrehun bat angula jan ahal izatearen truke, bakoitza hamabi pezetan hor nonbait. Jende asko dago 5.000 pezeta ordaintzeko prest futbol edo saskibaloi partidu edo zezenketa bakar bat ikusteagatik, eta horietako askok seguru aski sekulako haserreak hartzen dituzte seme-alaben eskola-liburuak ordaindu behar izaten dituztelako. Gauzak hola dira: zozketak egin beharko, jendea nolabait konforme egon dadin ordaindu behar dituen gauzekin, baita ikasteko liburuak direnean ere. Zer zozketatu? Kilo bat angula, adibidez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.