Zein baino zein gehiago bizi
Jota Garziarena
Badut lagun harrigarri bat tarteka gauza harrigarriak kontatzen dizkidana. Lehengoan, esaterako, gezurtatu egin zidan emakumezkoak gizonezkoak baino luzaroagoan bizi direnik.
Segituan zuzendu nion nik, hainbat datu emanez, bihotzekoak emateko orduan adibidez gizonezkoek arrisku askoz handiagoa dugula emakumezkoek baino, azken hauek hilekoa duten bitartean behintzat.
Baietz baietz, erantzun zidan berak, estatistikak aintzat hartuz horrela dela dudarik gabe eta ezin direla datuak ukatu, baina aldi berean esan beharra zegoela hori ez dela modu horretan ematen, jendeak pentsatzen duen bezala, naturak-edo emandako berezitasun edo dohai batengatik, baizik eta beste arrazoi askoz ere errazago batengatik.
Nire lagun harrigarria isildu egin zen orduan, beti gustatzen baitzaio konklusio nagusia bota baino lehen piskat isiltzea, ingurukoen jakinmina sortzeko.
Horrela jarraitu zuen erne nengoela egiaztatu ondoren:
Begira, emakumeak baino gutxiago bizi direnak dira, hain zuzen ere, bizitza honetan eta zentzu orokorrean hitz eginda emakumeen kontra kokatzen direnak. Eta, jakina, nola oraindik ere gehiengo handia osatzen duten, lojikoa da estatistika guztiek datu horiek ematea, baina sekretuak, seguru nago, errealitate xinple horretan datza.
Ez dakit oraingo honetan ere nire lagun harrigarriak arrazoia duen ala ez, baina pentsakor utzi nau behintzat, gehienetan bezala.
|