L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-2 (1998-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Zerrendak—

 

Xirrixta gora

 

Alice Garziarena

 

Duela urtebete inguru Xirrixta eta Kometa haur aldizkariak itxi beharrean aurkitzen zirela adierazi zuten argitalpen horien arduradunek. Albisteak halako kezka eta samina sortarazi zuen hainbat eta hainbat lagunen artean eta horren ondorioz hasi zen aldizkari bi horien aldeko kanpainatxo bat (nolabait esatearren): Eusko Jaurlaritzak hiru urtetan agindutako dirulaguntza gauzatuko zuela adierazi zuen, harpidedunei aldizkaria zabaltzeko eskatu zitzaien, prentsan ere azaldu ziren haurrentzako aldizkariak. Baina Xirrixta eta Kometa itxi egin zituzten... handik hilabete batzuetara "berrindarturik" plazaratzeko.

        Desagerpenaren mamua ikusi behar izan dugu horien alde zerbait egiten hasteko, kontzientziatzeko haur txikientzat euskaraz dagoen aldizkari (duin eta egoki) bakarra mantendu egin behar dugula (elikatu eta iraunarazi esanahi bikoitzarekin mantendu hori).

        Badirudi gure gizartean ez garela konturatzen dugunaz horren eza nabaritu arte, badirudi bost axola zaigula alboan duguna, albokoa, ingurua, harik eta horren hutsunea, horren gabezia nabaritzen hasi arte. Eta urrutiko lilurak engainaturik bizi gara, inguruko bitxi ez hain distiratsu baina gureak direnak kontuan izan gabe.

Xirrixta adierazitako horren guztiaren adibide txiki bat baino ez da. Lau urtetik aurrerako haurrentzat egindako aldizkari osoa, egokia, guztiz gomendagarria eta beharrezkoa baztertu egin dugu, gutxietsi edo are okerragoa dena, ezikusi bilakatu. Hegoaldean Iparraldean beste harpidedun egoteak zer pentsa eman beharko liguke, jostailu baten prezioan urte osoan hilero hilero umearekin disfrutatzeko, jolasteko eta irakasteko tresna aproposa horrela tratatzeak gogoetak eragin beharko lizkiguke.

        Euskal kulturaren ardura, aurrera ateratzearen ardura instituzioetan, besteengan uzteko joera gero eta nabarmenago honetan argi eta garbi ikusten da gure utzikeria. Guri geuri, herritar bakoitzari, dagokigu nahi dugun gizartea, nahi dugun kultura, nahi dugun bizimodua eraikitzea, eta ondoren datozela instituzioak, datozela bestealakoak laguntzera.

        Arestian aipaturiko aldizkariak horren adibideak direla esan dugu, eta horregatik, hain zuzen, guri dagokigu lan egitea, produktu onak plazaratzea eta dauzkagun kalitatezko produktu horiek aurrera ateratzea. Xirrixta eta Kometa horietakoak dira, desagertuz gero inor ez da hilgo, inork ez du jasanezinezko egoera gainditu behar izango... baina denok galduko dugu pittin bat eta gure kultura pittin bat pobretuko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.