Artearen hutsarteak
Patxi Zubizarreta
Joan den urtean, garai bertsuan, zenbait idazlek handik gutun berezi eta bitxi bat jaso zuten. Eta gutunaren hasiera aldeko lerroek, gutxi gorabehera, honela zioten:
«Une hartan ni aurrezki kutxa batean nengoen, ilaran, nire azken sosak ateratzeko asmotan. Halako batean, aurpegia estalia zuten bi gazte sartu ziren. Di-da batean, seguritate kamarak txikitu, gu lurrean etzanarazi eta zuzendariari pistola lokian ezarri zioten.
Nik ez dakit leihatilen bestaldean zer gertatu zen. Bakar-bakarrik dakit bat-batean tiroka hasi zirela, eta nik zartada bortitz bat sentitu nuela bizkarraldean. Hala gauzak, lapurrek alde egin eta polizia eta anbulantziak heldu zirenean, zorutik altxatu eta, bidezorroa erantzirik, zulo handi bat zeukala ohartu nintzen. Eta zuloak barruko liburua ere zeharkatzen zuen, garbi-garbi, copyright-etik barra kode berberaraino. Baina zorionez balak hantxe amaitzen zuen bere ibilbidea eta ni zeure liburuari esker bizirik irten nintzen, zeren zure liburua izan baitzen bala galduaren abiada geldiarazi zuena. Bai, inongo zalantzarik gabe esan dezaket zure literaturari esker nagoela bizirik.»
Idazle handiek jaso zituzten gutun guztiek gauza bera zioten. Gutunetik gutunera liburu mardul salbatzailearen izenburua baino ez zen aldatzen. Esate baterako, Gabriel García Márquezi zuzendutako gutunak, liburua Cien años de soledad izan zela zioen; José Saramagok jasotakoak, ostera, Memorial del convento; Naguib Mahfuz-ek bere El callejón de los milagros nobelak bizitza bat salbatu zuela jakin ahal izan zuen, eta antzera gertatu zitzaion Rosa Monterori La hija del Caníbal nobelarekin.
Gutun haiek oso sentimendu atsegina sortu zuten idazle handiengan. Nolabait ere gazte haren aita edo ama sentiarazi zien. Eta gazteak, gertakari hartan aurresentipen bat izan balu bezala, bere idazteko gogoa agertu zienean, idazle handiak are gehiago poztu ziren. Semea ezezik, jarraitzaile sutsua ere ikusi zuten harengan.
Gazteak, ikasi nahi hartan, apal baino ezin argiago galdegin zien: zein da zure lan egiteko modua?; nola topatzen duzu gai aproposa?; zertaz baliatzen zara zure obra erakargarria izan dadin? Laburbilduz, literatura sortzeko teknika, aholku eta sekretu guztien berri eskatzen zien, apal baina baita argi eskatu ere.
Eta jakina, idazle handi gehienek erantzun egin zioten. Konfidantza giro hartan ez zuten zertan ezkutatzen ibili, eta beren plagioak aitortu zituzten, eta erabilitako materialak, eta egindako zenbait itsuskeria... Woody Allen psikiatraren dibanean nola, halatsu asaskatu ziren gutun haien bidez. Eta erantzuna ezezik, diru gutxiago ala gehiagorekin, denek txeke bana ere igorri zioten.
Eta beharbada aitorpen giro hura lortzearren, gaztearen gutunaren amaierak ere izan zuen eraginik:
«Nire buruari galdetzen diot ea zer gerta zitekeen zure liburukotea eraman ordez, X-en liburuxka ziztrina eraman izan banu. Honezkero ez nuen ez idazle izateko gogorik ez zuri gutun hau idazteko ausardiarik izango, jakina, bala barra kodea ere zeharkatu eta bihotzeraino iritsiko baitzitzaidan...»
Esan gabe doa X hura idazle handiaren arerio baten izena izaten zela, eta horrek ere are gehiago asebetetzen zuela idazle handiaren ego berez handia.
Eta joan den urtean, garai bertsuan, idazlegai gazteak idazle handien gutunak jaso zituen. Eta haiek guztiak arretaz irakurririk, berak ere liburu bat idazteari ekin zion, ez literarioa, literaturari buruzkoa baizik: Literatur arrakastarako teknikak, idazle handien eskutik.
Liburua amaitu zuenean, editore azti baten laguntzaz, egile gazteak prentsaurreko arranditsu bat eskaini zuen, jarraian lunch oparo baten amua eskaintzen duen horietakoa. Hartan garbi asko mintzatu zen:
Egia da idazle handiek beren nortasuna eta beren gogoeta literarioak obretan bertan islatzen dituztela, baina horiek nolabait ere mozorroturik agertzen zaizkigu. Lapurren beldur, artelan garestiak sotoan gordetzen dituzten aberatsak oroitarazten dizkigute. Baina liburu honek ageri-agerian uzten ditu literaturaren eta literaturgileen sekretuak. Hemendik aurrera zaletuei eta idazlegai gazteei eusgarri sendo eta tresna ezin egokiagoa eskaintzen zaie bai gozatzeko bai sortzeko...
Eta zuk, ba al duzu obraren bat esku artean? galdegin zioten liburuaren egileari.
Ez, egia esan, nik ez dut horrelakoak idazteko asmorik. Nire asmoak askoz apalagoak dira eta honen antzeko obra teorikoak idaztearekin konformatzen naiz.
Baina aho ttikiarekin, arrakastaren eromenean eta luncheko edarien poxarekin, egile gazteak aitorpen hau ere egin zion kazetari gazte eta erakargarri bati:
Egia berdaderoa esateko, niri literatura ez zait zipitzik ere interesatzen eta gero: Baina pozik nago idazle handiak pertsonaiak sortzetik nire pertsonaia izatera igaro direlako...
(HABE aldizkaritik hartua)
|