L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-3 (1998-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Bi kaña Atxaga

 

Joserra Garziarena

 

Herrikoia ixten dute. Horixe izan zen albistea, Gasteizko liburudenda itxi behar dute. Ez da dagoen denda bakarra, ezta itxiko den azkena ere, baina kulturarentzat izan duen garrantziagatik merezi du horretaz hitz pare bat esatea.

        Alde zaharretik plaza berrira joan zen liburudenda hori kultura (batez ere euskal kultura) bultzatzeaz gain zenbait elkarte eta talderentzat toki irekia izan da, prentsaurreak eskaintzeko, aurkezpenak egiteko edo topagune moduan erabili izan da liburudenda azken hogeita bat urteetan. Hasiera-hasieratik egin da euskarazko produkzioaren aldeko apostua, eta Garziarena bezalako aldizkariek beti izan dute lekua bertan.

        Orain, aldiz, dagoen tokian ematen ari den espekulazio basatiaren ondorioz itxi beharrean aurkitzen dira dendariak. Liburuak baztertu eta horren ordez irabazi azkarragoak eta ugariagoak ematen dituzten zerbezak eta kopak izango dira nagusi esparru horretan. Berriro ere, kulturaren ahuldadea erakusten zaigu, merkatu lege bortitzen aurrean ezer gutxi egin dezakete horrelako proiektuek, kultur proiektuek. Eta hau dena udaletxearen aurre-aurrean gertatzen ari da, alkatearen (liburudendako erosleetako bat bera genuen) eta zinegotzien bulegoetatik metro eskas batzuetara.

        Denok dakigu ez dela morala horrelako jokabidea edo horrelako gertakariak ematea, baina zilegi al dira? Utzi al daiteke kultur proiektu bat hondoratzen irizpide kapitalista basatiak bultzatuta? Askatasuna? Zer askatasun mota da hau, zer askatasun mota bultzatzen dute politikariek? Aberatsen askatasuna, dirua duenak eros eta erabil dezakeena, baina inola ere ez justitzian oinarriturikoa.

        Oraingoan denda bat itxi dute, kulturgune bat, topagunea, baina hurrengoan zure lantegia izan daiteke edo zure etxea. Badakizu, jabeari eskaintza zoragarri horietako bat eginez gero... lurrak saldu eta beste herri batera, edo etxea bota eta pisu gehiago eraiki dezakete... zu kale gorrian utzi.

        Eta kale gorrian utzi gaitu espekulazio hutsak Herrikoia gurea sentitzen genuen askok. Itxiko dutela jakin eta hurrengo egunetan ez baitzen batere arrunta bezeroak dendan sartu «eta orain non erosiko ditut nik liburuak?» galdera egitea. Jakin badakigu Gasteizen liburudenda gehiago daudela eta horietako batzuetan ere ibiltzen gara, baina diruak Herrikoiako bezeroei, euskarari eta kulturari ikaragarrizko mina, dendamina ere, egin digu. Baina baita ere bizitzeko hiri bat nahi duten/dugun guztioi, ez bakarrik irauteko, bizitzeko leku bat, lagunekin egoteko, hitz egiteko, eztabaidatzeko, edo besteekin harremanetan jartzeko moduko hiri nahi dugunoi.

        Hemendik aurrera Lurralde miresgarriak edo euskararen ajeak, Chiapaseko indioak edo Saharako umeen postalak zeuden apaletan pintxoak eta zerbezak izango dira. Badakizu, Atxaga, bi kaña!!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.