De Jardines Ajenos
Etxea etxekoentzat
William A. Douglass
...Baserri barrura, etxekoak eta auzotik kanpo bizi diren senideak bakarrik sartzen dira. Baserritarrak gutxitan jasotzen du kanpotarren edo auzokoen bisita. Egoera kritikoetan egiten diren bisita formalak alde batera utzita, auzokoek inoiz edo ia inoiz ez dute hankarik jartzen besteren etxean. Solasaldiak eta dibertsioak, edo auzoan sortutako arazoez eztabaidatzeko bilerak, terreno neutralean egiten dira (esate baterako, mendian, lanerako edo etxerako bidean edo auzoko enparantzan). Auzoko bati zerbait esan nahi diona, etxe atarian edo eskaratzean geratzen da, eta han esaten du esan beharreko guztia. Etxeko bat atarira ateratzen da gaia eztabaidatzera, baina ez zaio burutik pasatzen bisitariari barrura pasatzeko eskatzea. Eta eskatuz gero ere, normalena da bisitariak ez onartzea.
1966ko udan boxeo konbate garrantzitsu bat eman zuten telebistan; pisu astunen munduko titulua zegoen jokoan. Telebista zuten etxe batekoek konbatea ikustera konbidatu ninduten. Programa hasi aurretik, etxekoak auzoko bi etxekojaunetaz hitzegiten hasi ziren, esanez oso boxeozaleak zirela eta konbatea ikusteko gogo handia zeukatela. Luze eztabaidatu ondoren zera erabaki zuten, etxeko mutil bat bidaltzea bi gizon haiek gonbidatzera, konbatea ikus zezaten. Itzuli zenean, mutilak esan zuen batek bakarrik onartu zuela. Gizon hau ez zen iritsi zazpigarren round arte. Kikilduta bezala sartu eta txokorik izkutuenean geratu zen, sekulako ahaleginak eginez bere presentziaz ohar ez gintezen. Aldian behin, etxeko batek ardoa edo gailetak eskaintzen zizkion, baina berak ezetz esaten zuen beti, larrituta bezala. Konbatea bukatzean eskerrak eman eta ziztu bizian atera zen. Ni bere atzetik atera eta, atarian, gonbidapena onartu ez zuenarekin egokitu nintzen. Une hartan, jakinminez beterik, galdezka ari zitzaion besteari: «Nork irabazi du? Nork irabazi du?».
Muerte en Murélaga, Barral editores
|