Aseguratzaile pederasta baten sentimendua
Jeremías Garziarena
Amodioa oso gauza konplikatua da. Ikusi bestela nire kasua. Ni aseguru-saltzailea naiz. Etxez etxe ibiltzen diren hitzontzi mezulari horietako bat. Ahotsa eztia baitaukat, telefonoz erraz samar lortzen ditut zitak. Jeneralean etxeko andreekin. Gero, bisitaldi bat egin eta hamarretik zortzik baietza ematen dute.
Joan den astean, etxe ondoko putzuetan Jainkoaren paxa zetzala-eta, edota Neptuno planeta maitea Venusen menpe ipini zela medio (batek jakin! destino petrala!), hondamendiari bisita egin nion, hamabost urteko neskato batekin maitemindu bainaiz, bere aitari bizi-asegurantza bat egiten nion artean.
Etxeko nagusiari lasai bizi izatearen onuragarritasuna eta dena irispidean edukitzearen plazerra azaltzen nion denboran, neskatoaren begi ederrek nire bihotza muturkatzen zuten, itsaso bortitz batek txalupa txiki bat bezala. Zer egin ote daiteke Patu ihizilariaren kontra?
Eta orain arte hain kostata bildu dudan guztia alde batera utzita, familia, negozioak, etxea, ondasunak-eta, neskato horrekin lekutuko naiz, seguruenik Venezia aldera, gondolekin gora eta behera ibiliz, nire sosak akitzera. Lankideak-eta harri eta zur utzi ditut, nik pertsona zintzoa eta serio nintzela ematen bainuen, eta nire emaztekiarekin ongi moldatzen nintzela.
Baina bada garaia nire maskara kentzeko, eta instant batean dena kontatzeko.
Probetxuzko lan hau eskuratzeagatik, gezurretan ibili nintzen. Ez naiz zoriontsua nire matrimonioan, ez bainago ezkonduta; ez daukat hogeita hemeretzi urte. Hamazazpi urte ditut, bildu berriak gainera. Hauxe da nire peluka engominatua, hauxe nire tintea, bekainak urdintzeko ibiltzen nuena; hauxe nire makilajea kopeta zimurtzeko... Eta nola ote da posible hamazazpi urteko batek hogeita hemeretzi urteko pertsona baten itxura hartzea? Thesaurusera joan nintzelako.
COMPLEMENTOS MASCULINOS THESAURUS GIZONEZKO OSAGAIAK.
Fermin Calbeton. Donostia.
Igande eta jaiegunetan zabalik.
Hola ikusita amodioa ez da hain konplikatua.
|