L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-4 (1998-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskaldun historikoa izatearen zailtasunaz

 

Iban Zaldua

 

Cees Nooteboom idazle holandarrak bere De ontvoering van Europa lanean (gaztelaniaz Cómo ser europeos bezala itzulia), lehenengo atalean, holandar izateko errezeta edo definizio txit ironikoa eskaintzen digu, munduko gauzarik errazenetako bat bezala aurkeztuz. Hona hemen pasartearen nolabaiteko itzulpena: (1)

        Arbasoen itzal gisa, itsasoaren erasoari aurka egiteko, lurrak lehortzeko, Ertaroan zehar borgoinar agintepean egoteko, aro modernoaren egunsentian dukerri eta konterriak probintzia multzo batean eraldatzeko eta berauek zazpi Erbehera batuen Errepublika batean federatzeko prest dagoen oro; laurogei urtez Espainiaren aurka borrokatzera, munduko beste puntako artxipielago bat kolonizatzera, ingelesen kontrako itsas-batailetan arituz (ingelesek, orduz geroztik, porrot bakoitzaren samintasunaren memoria gordetzen dute «double Dutch», «Dutch uncle» edo «going Dutch» bezalako esamoldeez) monopolio apur batzuk defendatzera egokitzen den oro; berpiztutako Bataviar bezala garai batez Napoleonen anaia batek gidaturiko handitasun amets frantziar batean engaiatu eta, mende bat beranduago, lau urtez alemaniar gudalosteek suntsitua izan nahi duen oro, aldi berean kontatzeari, sardinzarrak jateari, merkataritzan aritzeari, lurra lehor mantentzeaz arduratzeari eta, Jainkoari eskerrak, margotzeari, mikroskopioak eta pendulu-erlojuak asmatzeari, itsas-zuzenbidea zorrozteari eta euren paradisuetatik egotzitako jatorri guztietako europarrak anparatzeari ekiten diola; azkenik, munduko gainontzeko herrien alde asmorik hoberenak izan eta ezker-eskuin aldarrikatzen dituen oro, asmo horiek bete arte gelditu gabe, mundua doakionak baino hobeto ezagutzen duelako ziurtasunarekin, mendeetan zehar praktiketan aritu eta erosle, saltzaile, administratzaile eta biktima bezala ezaguera zabala metatu duelako; hitz batean, txiki-txikia eta aldi berean piskatxo bat handia izatearen zama hartzen duen oro da holandar. Eta bere aita eta bere ama behar den garaian behar den lekuan irautea egokitzen bazaie, holandar hori baita sortzez ere izango da eta, beraz, europarra izateko lehenengo baldintza bete ahal izango du eta akaso, ondorioz, europar bihurtuko.

        Sinplifikazioak barneratzen dituen formula izanda ere, ariketa erakargarria iruditu zitzaidan eta Euskal Herrirako honelako zerbait egitea bururatu, baina aurki konturatu nintzen jokuaren zailtasunaz. Hauxe izan zen nire lehen ahalegina:

        Arbasoen itzal gisa, mendi artean kantutan eta dantzan bizitzeko, erromatarrek menderatu ezinik zebiltzaten lur maldatsuak zailtasunez lantzeko, Ertaroan zehar nafar erresumaren agintea garatzeko, aro modernoaren egunsentian gaztelau eta frantziar erresumen manupean erortzeko prest dagoen oro; hiru mendez foruek zainduriko lege zaharren muina defendatzera, munduko beste puntan Amerika konkistatzen laguntzera eta baita balea eta makailua ere harrapatzera, Europako hizkuntzik zaharrena mendeetan zehar gordetzera egokitzen den oro; XIX. mendean berezitasun horiek gordetzeko frantziar eta batipat espainiar gobernuen ahalegin zetralizatzaileei aurre egin ondoren, Francok bonbardeatua eta menderatua izan nahi duen oro, aldi berean burnia fabrikatzeari, sagardoa edateari, merkataritzan aritzeari, urrun emigratzeari, Industri Iraultza egiteari eta, jainkoari eskerrak, ondo jateari, pilota jokoa eta musa asmatzeari, eta ohitura zahar batzuk gordetzeari ekiten diola; azkenik, bere kasara lasai bizitzeko gogoa izan eta helburu hau sendo mantendu nahi duen oro, asmo hori bete arte gelditu gabe, mendeetan zehar praktiketan aritu eta langile, soldadu, menperatu eta biktima baina batzuetan baita borrero bezala ere ezaguera zabala metatu baitu; hitz batean, txikia baina aldi berean, horregatik hain zuzen ere arro sentitzearen zama hartzen duen oro da euskaldun. Eta bere aita eta bere ama behar den garaian behar den lekuan egote hutsarekin, eta euskara baldin badaki edo, behintzat, bere garapena ez oztopatzeko prest agertzen bada, eta ahal izanez gero, frantsesa eta gaztelania ezagutzen baditu, euskaldun hori baita sortzez ere izango da eta, beraz, europarra izateko lehenengo baldintza bete ahal izango du eta akaso, ondorioz, europar bihurtuko.

        "Definizio" honen arazoa, bistan da, gure gizarte honetan adostasun osoa edo, besterik gabe, handia lortzeko izango lukeen zailtasuna dugu. Izan ere, euskal gizartearen pluraltasunean zerraldo sinisten duen batek aurreko ahalegina (gutxienez) abertzaleegitzat jo zezakeen eta —beharbada pittin bat esajeratuz— aurreko definizio horrek benetan honako hau aldarrikatzen duela sostengatuko luke, ozen (El País-eko orrietatik, esaterako):

        Arbasoen itzal gisa, munduko mendirik ederrenen artean adorez bizitzeko, erromatarrek (beldurrez) ia ukitu ez zuten lurra zaintzeko, Ertaroan frankoak Orreagan akatu eta nafar errege handien babespean lehenengoz batasun politikoa lortzeko, aro modernoaren egunsentian gaztelau eta frantziarren traizioa dela medio militarki konkistatua izateko prest dagoen oro; hiru mendez antzinako askatasunak gordetzeko helburuarekin botere absolutista horien aurkako matxinada etengabeak antolatzera, Lurra lehenengo aldiz inguratzeko ausardia erakustera, Paleolitotik datorren jatorrizko mintzaira zaharra hizkuntza indoeuropar eta erromanikoen eraso etengabe eta suntsitzaileez defendatzera egokitzen den oro; mende batean zehar sasi-askatasuna prometitzen zuten iraultza liberalen aurka altxatu ondoren, indar faxistek suntsitua izan nahi duen oro, aldi berean Europako burnirik hoberena fabrikatzeari, sagardoa eta Errioxako ardo gozoa edateari, akelarretan aritzeari, pena handiz emigratzeari eta, Basajaun, lamia eta sorginei eskerrak, bapo jateari, wolframioa, bertsolaritza eta trikitixa asmatzeari, eta emandako hitza lege bihurtzeari ekiten diola; azkenik, munduko gainontzeko herrien alde askapen asmorik hoberenak izan eta ezker-eskuin aldarrikatzen dituen oro, asmo horiek bete arte gelditu gabe, arazoa doakionak baino hobeto ezagutzen duela ziur baitago, mendeetan zehar praktiketan aritu eta borrokalari, askatasun-egartsu, menperatu eta biktima bezala ezaguera zabala eta mingotsa metatu duelako; hitz batean, ttipi-ttipia baina aldi berean, horregatixe hain zuzen ere piskatxo bat arro sentitzearen zama hartzen duen oro da euskaldun. Eta bere aita eta bere ama behar den garaian behar den lekuan egote hutsarekin, eta arbasoen hizkuntz zahar hori baldin badaki edo, behintzat, ikasten badu, euskaldun hori sortzez eta arimaz ere izango da eta, beraz, europarra izateko lehenengo baldintza bete ahal izango du eta akaso, ondorioz, europar bihurtuko, honek aurreindoeuropar batentzat inolako garrantzirik edukiko balu behintzat.

        Sarkasmoz beteriko definizio honek, hala eta guztiz ere, arrakasta lortuko luke, ezbairik gabe, batere mezpreziagarria ez den gure populazioaren zati baten partaideen artean. Eta, beraz, beronen aurka, gure solaskide demokratak errezetaren bertsio pluralagoa eskainiko liguke, Euskadiko gizarte-errealitate ezin anitzagoarekin akortago egongo litzatekeelakoan:

        Arbasoen itzal gasa, Iberiar Penintsularen ipar-erdialdean bizitzeko, Erromatar munduan arazorik gabe baina era bitxi batean integratzeko, Ertaroan zehar Gaztelako koroarekin elkarlaguntza eta integrazio prozesu ezberdin eta aberasgarriak garatzeko, aro modernoan zehar ekonomia handiago horiekiko loturez ondo baino hobeto profitatzeko prest dagoen oro; hiru mendez feudal kutsuko hainbat pribilegio gordetzeko bertako elite oligarkikoek gidaturiko ahaleginean laguntzera, Espainiar Monarkiaren egiteko kolonizatzaile eta zibilizatzailean buru-belarri murgiltzera, euskara eta gazteleraren arteko bizikidetza orijinala aurrera eramatera egokitzen den oro; mende batetan zehar erreakzioa eta atzerakuntza ekonomikoa haragitzen zuten indar fratriziden aurka borrokatu ondoren, industri garapen izugarria bizi izan nahi duen oro, aldi berean burnia Bretainia Handira esportatzeari, enpresa-izpiritua bultzatzeari, inmigratzaileen lana gogor ustiatzeari, Tubal, Aitor eta abertzaletasuna bezalako faltsukeriak asmatzeari, Unamuno edo Barojarrak bezalako intelektual handiak produzitzeari eta, bestalde, euskal sukaldaritza berritzeari, arte ederren eta batipat eskulturaren mundu-mailako berrikuntzari, eta Estatutuaren bidez autodeterminatzeari ekiten diola; bukatzeko, munduan zehar batasuna eta mugen desagerpena gertatzen ari den bitartean gutxiengo irrazional batek eragindako kalte eta gaiztakeriak jasan behar dituen oro, pakea lortu arte lasai geratuko ez delarik, bizi duen demokrazia munduko gauzarik ederrenetarikoa dela ziur baitago, azkenengo hogei urteetan zehar praktiketan aritu eta honen ondorioz pluraltasun, bizikidetasun, errespetu eta sofrimendu-ezaguera zabala eta mingotsa metatu duelako; hitz batean, txikia baina aldi berean, beste senide-herri batzuekin batera nazio handi batean elkartzeko etorkizunez beteriko lana hartzen duen oro da euskaldun. Eta bere aita eta bere ama zenbait urtetan zehar behar den lekuan egote hutsarekin, edo etorri berria bada ere, bertan lan egiten badu (edo, antzinean esaten zen bezala, plusbalioa bertan izerditzen badu...), eta edozein hizkuntz jakinda ere (hizkuntz hori gaztelania bada, gutxienez), euskaldun hori baita arimaz eta batipat legez izango da eta, beraz, espainiarra eta, ondorioz, europarra izateko lehenengo baldintza betetzeko gai izango da eta, noski, europar bihurtuko.

        Jakin badakit: honekin ez lirateke bukatuko permutazioen posibilitateak baina, gaurkoz behintzat, zorabiatua, hemen uztea erabaki dut. Definizio-sorta hau nahikoa errealista dela iruditzen zait, pasarte batzuetan trufati xamarra suerta baldin badaiteke ere. Definizio batekin ala bestearekin ados edo nahikoa ados daudenentzat euskaldun (edo dena delakoa) izatea ez da problema handia: ez die, behintzat, buruhauste gehiegirik emango. Noski, ez dakit Nooteboomek Herbeherez ematen duen jatorrizko formulak neerlandar guztien edo gehienen adostasuna lortuko lukeen (hasteko, bertako guztiak zazpi probintzien arteko bakar baten izenez izendatzen dituela/ditugula kontutan harturik): susmatzen dut baietz, Holanda oso herrialde zibilizatua omen delako, baina susmo bat besterik ez da, herri hura ez baitut nahikoa ezagutzen. Errazagoa ote da holandarra izatea, euskalduna baino? Edozein kasutan, aipatu ziurtasun horrek ondorio garbiak ditu, esaterako, gure artean bizi omen dugun "gatazka" horren aurrean (esijitzen zaigun) zentzu bateko zein besteko erantzun sendo-apurtezinak ematerakoan. Okerrena, ordea, neu bezala definizio hauen guztien elementu batzuekin (eta beste batzuekin ez) ados egon daitezkeenen kasua da: ez dut uste sintesi aukera gehiegi dagoenik. Nahi izanez gero saia zaitezke, irakurle, lan horretan. Nik izan ez dudan adorea erakutsiz-edo.

 

        (1) Batez ere kontutan hartzen badugu jatorrizko hitzaldia neerlanderaz idatzita dagoela eta ni espainiar itzulpenaz baliatzen naizela, zeinak, bere aldetik, frantziar bertsioa erabiltzen baituen...

        (2) To talk double Dutch: modu ulergaitzean hitz egin; to talk somebody like a Dutch uncle: norbaiti egiak esan; to go Dutch: gastuak partekatu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.