L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-4 (1998-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Museo Archeologico Nazionale, Napolesen

 

Ramon Garmendia

 

Hitzaren zentzu hertsian, museoa patetikoa da. Bere geletako batean Pompeia zenaren maketa haundi bat dago, eta hura bertatik ikusten duen bisitaria harritu egiten da aurrena, eta tristetu gero: ez baitzuen hiri hura, Pompeia —Vesubioren errautsek estalitakoa—, hain haundi eta eder imajinatzen, bere auzune, plaza, azoka, kale, anfiteatro eta kirol zelaiekin; ez baitzuen —nahiz eta gertaerari buruzko nobela edo filmeren bat ezagutu izan—, estalketa hain erabat eta hain supitoki gertatu izan zenik uste. Baina, bai, maketaren alboko plakatxoak ez du noski gezurrik esaten, alegia hiriak 40.000 bizilagun zituela hil zen egunean, eta heriotza ordu batetik bestera iritsi zitzaiola, jende gehiena afaltzen ari zen bitartean.

        —Ba honekin inpresionatzen bazara, ea zer gertatzen zaizun gorpuak ikusten dituzunean —esaten dio lagun napolitarrak irribarrez. Bera ohituta dago, urtean bospasei aldiz etortzen da museora.

        Gorpuak museoaren gela haundi batean daude. Gehienek mugimendua adierazten dute, edo zehatzago, heriotzak etendako ekintza arrunt bat: hantxe dago kuxkurtzeko zorian hildako umearena; hantxe mahaian eseri eta zerbait jatera zihoan gizonarena; hantxe leihotik begira-edo zegoen andrearena. Hura guztia aurrean duela, bisitaria areago konturatzen da Pompeian zinez gertatutakoaz. Vesubioaren errauts pila izugarriak iritsi, eta ustekabean harrapatu zituela denak. Ondorioz, orain dela bi mila urte inguruko egun bat —gure aroaren 69.eko Abuztuaren 24a, zehatzago esanda— betirako gelditu zela bere hartan.

        Lagun italiarra bisitariari zuzentzen zaio berriro, oraingoan ere irribarrez.

        —Ezbehar bat, dudarik gabe, baina ezbehar zoragarri bat gaur bizi garenontzat. Pompeiari esker garai hartako bizimoduaren berri zuzena eduki dezakegu. Orain badakigu nola jaten zuten, eta zer dibertimendu gustatzen zitzaizkien, eta zertan sinesten zuten...

        Bai, egia da, gauza asko ikas ditzakegu orain aspaldiko bizimodu hartaz, eta gainera jakintza hori irudiei esker gureganatu ahal dugu, modurik lasterrenean. Ponpeiarren ohitura sexualak, esate baterako, gardenki uler ditzakegu hiriko lupanar delakoan azaldutako mosaikoei esker; Ifigenia eta bere semealaben errepresentazioei begiratzen diegunean, berriz, garai hartako umeak ere kurkuluxetan ibiltzen zirela ziurtatzen dugu, ardi-ankako hezurtxoekin jostatzen, alegia; haruntzago, Musici ambulanti bezala bataiatutako irudia kontenplatuz, hiri hartako jaien usaina hartzen dugu. Eta mitoak? Bai, mitoak eta mitoetako jainko eta heroeak hantxe daude behin eta berriro pintatuta, Teseo, Diana, Perseo, Hermes, Marte...

        —Ponpeia aurkitu eta lur gainera atera zutenean —dio orain bisitariaren lagun italiarrak aski serio—, gauzak izugarri aldatu ziren pinturan. Mugimendu neoklasikoa erne zen, eta ordurarte sekula erabili gabeko zenbait kolore konbinaketa modan jarri ziren. Koadro beltzak, esate baterako, hondoa beltza zuten koadroak, esan nahi dut, Ponpeiako irudiak ikusi eta gero jarri ziren modan.

        Lagun italiarra oso jantzia dago pinturaren historian, eta areago joaten da bere azalpenetan. Bisitariaren burutazioak, ordea, beste norabide bat hartzen dute, zeren zehaztu egin baitzaio bapatean museora sartu unetik itzul-inguruka zebilkion sentsazioa, eta museo hartan errepresentaturiko munduaren ezaugarri nagusia konprenitu egin duela iruditzen baitzaio.

        —Zer batasuna! —hotsegiten du bere sentsazioari izena jarriz.

        Halaxe da. Ponpeiako orma edo zoruetan azaldurako pertsonaiak, Teseo, Diana eta gainerakoak, garai hartako izkribuetan azaltzen diren berberak dira, eta baita, ziuraski, orduko eskola, tenplu edota bainuetako hizketaldietan aipatuko ziren berberak ere. Eta ez da pertsonai kontua bakarrik: narrazioak ere berberak dira alor guztietan, eta sinboloak berdin. Metafisika guzti hori, bizitzeko tresna ona ote? Bisitariari, galdera horrekin batera, zerbait borobilaren irudia etortzen zaio burura, Moises uretatik salbatu zuen otartxo haren antzeko zerbaitena edo, eta baietz eta ezetz iruditzen zaio aldi berean: alde batera, tresna ona izango zela, segurua eta lasaigarria, baina bestera berriz txarra, asfixiagarria eta mugatua. Une batez, bisitariak arte modernoko museo batean ikusitako koadroak gogoratzen ditu —Rothkorenak, Klinerenak, Fontanarenak—, eta antzinako batasuna noraino zirtzilatu den pentsatzen du, noraino iritsi den izpiritua askatasunari buruzko ibilian. Baina zapuztu egin beharra dauka pentsamendu hori: Napoleseko Museo Arkeolojikoan jarraitzen du, eta bere lagun italiarrak zerbait berri esan nahi dio Minotauroz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.