L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-4 (1998-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

—Umea—

 

Ainarak esaten du

 

Eñaut Garziarena

 

Ni oso pozik joaten naiz eskolara. Baina txarrena goizean altxatzea izaten da. Ni ohean egoten naiz goxo-goxo eta aita etortzen da, ku-ku!, eta nik esaten diot:

        —Utzi apur bat gehiago. Oraindik ez dut amaitu lo egiten!

        Orduan berak kilikiliak egiten dizkit eta esaten dit bera Tarzan dela, eta ni Txita. Eta bere besoetan komunera eramaten nau txiza egitera. Beno, ez, egin baino gehiago, botatzera:

        —Hara, Ainara, txiza eginda egoten da eta guk bota egiten dugu.

        Gaur aita galtzontzilo hutsik etorri da, eta nik begiratu eta esan diot:

        —Aita, zertarako daukazu galtzontzilo erdian poltsiko hori?

        Eta berak barre egin du, eta amari begiratu dio, eta amak ere barre egin du niri begiratu gabe. Orduan nik Iñigori galdegitea pentsatu dut, baina gero ahantzi egin zait.

        Esnea berotu bitartean, egongelako sofa handian etzan naiz. Beno, ez, aurrena telebista piztu dut marrazki bizidunak ikusteko.

        —Ordu erdi bat goizean eta ordu erdi bat iluntzean, ez gehiago eta ahal bada gutxiago —esaten dit amak.

        Pif eta Herkules ordurako esnai zeuden eta barrabaskeriak egiten zebiltzan. Gero Mofli hasi da, azken koala, eta hori zoragarria eta txatxi piruli da.

        Amak Mofliren kamiseta jantzi dit. Niri Mofliren kamiseta asko gustatzen zait. Baina gero ama apur bat haserretu da. Gaur ez dit laztana esan. Gaur esan dit:

        —Ainara, edan esnea hoztu baino lehen!

        Eta nik ez nuen nahi eta amak telebista itzali du. Agur Mofli! Baina ez dit axola. Gero autobusean Iñigok kontatzen dit Mofliri zer gertatzen zaion.

        Niri Iñigo gustatzen zait. Baina Ebak esaten du Iñigo berea dela. Ebak ez daki Iñigo niri ere gustatzen zaidala. Horregatik, nire nobioa Eder da, baina Ederrek ez daki ezer. Hori sekretua da. Eder zozoa da eta ez dit musurik ematen. Baina nik berarekin konformatu behar dut Iñigo Ebarena delako.

        Iñigo eta biok autobus berean joaten gara eskolara. Eta baita Jon, Miren, Ainhoa eta Edurne ere. Gurekin andereño Joxepa etortzen da eta batzuetan kantatzen hasten gara. Gaur ni hasi naiz Iñigoren aurrean:

 

                Bizkaiko bazter baten /Anboto partean /

                gizon bi bizi ziren / Baserri batean.

                Gizon biak ziraden / Peru eta Anton /

                Euren aldi guztian / Biziak Anboton.

                Goizean sartzen ziren / Tabernako atean /

                Ez zuten alde egiten / Bihamun artean.

 

        Baina ez naiz gehiago oroitu eta apur bat lotsatu naiz. Baina andereño Joxepak esan du: Ederto. Eta txalo egin du, eta gero baita Jon, Miren, Ainhoa, Edurne eta Iñigok ere.

        Gero, ahopeka, esan du gidaria seguru Peru eta Antonen laguna dela. Eta gero, eskolan, Anbotoko Mariren historia kontatu digu: nola zeukan urrezko orrazi bat, nola egiten zuen hegan, eta horrela.

        Lehen esan dut eskola gustatzen zaidala. Baina gaur autobusean hobeki pasa dugu.

        Beno, autobusean eta patroletan. Ze etxerako bidean gidaria kantatzen hasi da eta batzuetan eskuak bolantetik altxatzen zituen.

        Gero, leihotik behiak ikusi ditugu eta Iñigori esan diot gure etxean Ilegorri eta Majadero bizi direla, behiaren seme-alabak. Orduan berak behiaren izenaz galdegin dit eta nik ez nekien eta bat asmatu dut: Eba!

        Bat-batean, zarata handi bat entzun eta autobusa gelditu da eta ni isildu egin naiz. Orduan ertzainak agertu dira eta gidaria jaitsi da eta globo bat eman diote. Guk ere nahi genuen bat, baina andereño Joxepak esan du: Ixo! Gidaria ere haserre zegoen, ze Jonek esan du esan duela: Kaka zaharra! Eta ertzainek esan dutela:

        —Mozkorra pasatu arte, edo hemen eseri edo korrika apur bat egin.

        Guk ere korrika egin nahi genuen, baina andereño Joxepak berriro ere esan du: Ixo! Eta gero esan du: Ene, ene, ene!

        Gero ertzainek irratiz deitu dute, pelikuletan bezala, eta beste bi patrol etorri dira. Orduan denok jaitsi gara eta gidaria oso haserre ikusi dugu, txuf-txuf, kafeterak kafea egiten duenean bezala.

        Patroletara igo gara eta Iñigok sirena jotzeko esan die ertzainei. Baina ez dute jo. Gero andereño Joxepak esan die:

        —Desde luego, egunen batean gizon horrekin istripu bat izango dugu.

        Herrira heldu garenean ama ikusi dut. Eta bera eta ama guztiak galdezka hasi dira. Denak batera. Baina andereño Joxepak esan die lasai egoteko, gidaria apur bat edanda zegoela eta ez dela ezer gertatu.

        Ama haserretu egin da. Baina ez goizean bezala, ze eman dit musu bat eta, lehen, autobusak baino zarata handiagoa atera du. Gero Konanen marrazkiak ikusten utzi dit eta ni gidariaz oroitu naiz eta pentsatu dut: Gaur igoal ezingo ditu marrazkiak ikusi, ze ertzainak berarekin haserretu dira. Gaixoa!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.