L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<barz0500>— Garziarena Berria-5 (1998-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Pertsona esanguratsuak

 

Nadia Garziarena

 

Ez dakit aspaldiko kontua den edota azken boladan izugarri indartu den moda bat, baina nonahi (egunkariak, aldizkariak, afitxak...) ikusten ditut pertsona esanguratsuen atxikimendu sinadurak.

        Delako pertsona esanguratsuen sinadurak ikusten ditudanean (izan idazle, izan unibertsitate irakasle, izan politikari...) eta sinatutakoak haien lanbide edo bizimoduarekin zerikusirik ez duela konturatzen naizenean, orduan ulertzen dut zergatik ez naizen ni pertsona esanguratsua, eta zergatik ez didaten niri sekula sinadura eskatzen, ez niri, ez taldeetan titulu barik baina isilean dabilen jendeari, ez etxea pintatzen ari zaidan pintore berritsu eta konprometituari. Dirudienez, edozein gairi buruz zeresana izateko, aski da idazle, unibertsitate irakasle edo politikaria izatea, hitz batez, intelektuala izatea.

        Bestalde, intelektualen kontu honek badu beste alde bitxi bat ere: pertsona talde batek manifestu bat argitaratzen badu eta hori norberaren iritziekin bat baldin badator, talde hori intelektualena izango da; kontrakoa gertatuz gero, ostera, norberaren iritziaren kontrako manifesturen bat ateratzen badute, oportunista edo aprobetxategi koadrila bat baino ez dira izango.

        Horrexegatik, egundo pertsona esanguratsua izan ez naizen honek (egundo ez baitidate sinadurarik eskatu) erabaki dut sinadura bilketa bati ekitea pertsona esanguratsuekin egiten den erabilerari aurre egiteko. Norbaitek lerro hauekin bat egin eta bere sinadura emateko gogoa balu, orain du sinatzeko aukera (hori bai, bilketa hau eragingarri izan dadin, eskertuko nuke idazle, unibertsitate irakasle edo politikariak bezalako pertsona esanguratsuak izatea).

 

IZEN-ABIZENAK       LANBIDEA EDO ESANGURATSUTASUNA       ENA zkia.          Sinadura

1. ....................................................................................................

2. ....................................................................................................

2. ....................................................................................................

4. ....................................................................................................

5. ....................................................................................................

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.