Orain urte batzuk Ingalaterran zehar nenbilela hirurogeiren bat urteko gizon batekin gertatu nintzen trenean, eta bidaiak iraun bitartean denbora nahikoa eta gehiago izan nuen gizon hark, erosotasunagatik edo beste tokirik ez zegoelako, belaun gainean zeraman maleta txikiari erreparatzeko. Maleta zaharra zen, eta aski hondatua zegoen: heldulekua maiztua zeukan, eta ilunduta ere bai haren inguruan behin eta berriro bildutako eskuaren izerdiaz; gainera, urratuak zituen, harramazkak, zartadurak, kolore askotako mantxak, eta baita labanaz egina zirudien ebaki bat ere, orbain itxurakoa. Bidaiak aurrera, gizonak kremailera ireki eta katalogo komertzial batzuk atera zituen. Saltzailea zen, beraz. Pentsatu nuen maleta hura esku-makila edo erlojuaren antzekoa izango zitzaiola, bere gorputzaren eranskin bat, eta haren larruazalean ageri ziren markak, berriz, inskripzioak zirela, zeinuak, gizon haren bizitza deskribatzen eta laburtzen zuten idazketa baten ikurrak.
Geroago, diskrezio handiagoz eta laburrago, gizonaren aurpegiari erreparatu mon. Orbain txiki bat zeukan eskuineko bekain ondoan, eta gainera, maletarekiko antza handiagoa izan zedin, ebaki bat masailean, beharbada goiz hartan bertan bizarra mozten egina, eta mantxa gorrizta bat beheraxeago, xomorroren baten heldukada seguraski. Kokotzean grano bat ageri zuen, eta beste masailean orina. Bestalde, nekatutako pertsona baten aurpegia zen berea, urtetan eta urtetan txit goiz jaiki eta errepidez errepide ibilitako norbaitena, eta hantxe zeuden ezinbestean begi-azpi puztuak eta ezpain apur bat indarge eta kolore makaldukoak. Une batez, trenaren hots monotonoak lokartu zuenean, maleta burko gisa erabiltzeko ahalegina egin zuen gizonak, eta bi idazketak, bere aurpegiaren azalekoa eta maletaren larruan ezarritakoa, bateratu eta liburu beraren orrialde bihurtu ziren.
Gure helmugara iritsi ginenean, gizona trenetik presaka jaitsi eta beste bidaiariek nasa bete baino lehen urrutiratu zen. Herren egiten zuen zertxobait, edo hobeto esanda, gorputza alde baterantz okertzen zuen ibiltzerakoan, maleta astuna balitzaio bezala, katalogo kornertzialen ordez harri edo berun kargamendu bat balerama bezala. Bere ibilkera ikusita, XVI. mendeko Zahartzaroko balada haren hitzak etorri zitzaizkidan gogora:
Lehengo garai goxoez oroitzen naizenean,
nola joaten ginen begiralekuetara ehizara,
eta mika habien bila, urtero etortzen den udaberrian...
orain itxita daukat sudurra, hortzik gabe ahoa
eta esne-zopak jan behar ditut,
bil-bil eginda noa, kapa ere soinean,
sutondoan nago pitxer bat ur
eta beste pitxer bat ardo aldean hartuta,
dardar egiten didate eskuek edaten dudanean,
ez dut honezkero besterik desio, egotea lasai eta eroso.
Saltzailea, nasa zeharkatu eta une hartan eskailera mekanikoetan gora zihoana, ez zegoen baladako protagonista bezain joa eta hondatua, baina seguru berak ere ez zuela besterik desio, egotea lasai eta eroso. Ordea ez zegoen bere esku pitxer bat ardo eta beste pitxer bat ur alboan hartu eta sutondoan geratzea. Lanean jarraitu beharra zeukan; urruti zegoen artean maleta etxeko txoko batean gordeko zuen eguna. Txoko batean edo bitrina batean, trofeo gisa.
Denok bizi gara batetik bestera, trenetik, hegazkinetik edo kotxetik gure zereginetara eta gure zereginetatik trenera, hegazkinera edo kotxera eta, nire bizitzan buru-belarri sartuta, ez nintzen treneko saltzaile hartaz gehiago gogoratu harik eta Madrilera joan eta Museo del Prado-ko saletatik paseo bat ematea erabaki nuen arte.
Nire asmoa, aldi hartan, mitologia greko-latindarretik abiatuz egindako margolanak ikustea zen, jatorri klasikokoak alegia, eta gehien harritu ninduena, saltzaile haren maleta eta aurpegiaren oroitzapenari esker hain zuzen ere, Tiziano, Velazquez edo Grienen figurek zeukaten azal guztiz garbia izan zen; Ventis, Baco edota Hiru Graziak azaltzen azaleratzen zuten osasun eta edertasun erabatekoa. Ideia hori buruan, gelditu eta erne begiratu nien koadroei, edo zehatzago esanda, utzi egin nion nire gogoari trenean ikusitako gizonaren azaletik jainkosa eta heroienera joan-etorriak egiten. Izan ere, zer zorion izan lezake paseatzaileak, ardura akademikorik gabe nagi eta gozo dabilen zaletuak, lotura bitxi xamarrak egitea ez bada? Niri, egun hartan, berdin zitzaidan Neptuno eta ninfaren artean gertatutakoa ez gogoratzea edo pintzelkada barrokoaren sekretua ez ezagutzea. Nik nahi nuena, azalak aztertzea eta konparatzea zen. Sarraila hartan sartu nahi nuen giltza.
Koadroetako gorputz haien azalean gauza asko falta ziren, dudarik gabe: ez zeukaten mailaturik, ez eta ubeldurik, hozkarik edo ziztadarik ere. Areago: ez zen ageri han ez ospelik, ez erredura edo garatxorik, ez negal, baba, kalentura, pustula, zimur, kailu, orbain edo granorik. Eta dermatitis edo soriasisen aztarnarik ere ez zen ikusten, ezta izerdi edo begizulorik ere, eta ile arrastorik ere ez hanka edo besoetan. Berriro galdetuta, nondik zetorren azal guztiz garbi hura, maletadun saltzailearen azalaren aldean hain bestelakoa?
Museoaren saletan paseatzaileentzat jarrita dauden bankuetako batean eseri, eta horretan pentsatzeari ekin nion. Gogora etorri zitzaidan, hala, greziarren antzinako polis haietan gizon ideiala Aron Gurievich eta beste hainbat historiagilek diotenez Atleta zela, eta indarra, gorputz-garapen orekatua eta edertasun fisikoa balio gorenak zirela, edo hobeto esanda, gizarte hartako balio nagusiak. Gogoratu zitzaidan, era berean, artistek eta artearen teorikoek errealitatearen imitazioa hainbestetan aipatu arren artearen betekizuna errealitatearen imitazio zuzena delako hori alegia hasieratik bereizi izan zirela, Panofskyk idazten duen bezala "kopiatzaileak" alde batetik, alegia artista mimetikoak, errealitateari xehetasunez xehetasun lotzen zitzaizkionak, eta artista heuristikoak bestetik, hau da, asmatzaileak, naturaren zuzentzaileak; Polikleto hura bezala, zeinek, «giza irudiari egiaz gaindiko grazia eman zion», edertasuna antzaren izenean sakrifikatu gabe. «Bai Antzinatean eta bai garai hartako balio asko jaso zituen Errenazimenduan», dio Panofskyk, «bi joera aurkitzen ziren elkarren ondoan: natura artelanaren gainetik jartzen zuena, alde batetik, eta bestetik berriz artearen nagusitasuna aldarrikatzen zuena, artelanari akatsak zuzentzeko eta Edertasunaren alderdi berriak aurkitzeko eskubidea eskaintzen ziona».
XV. eta XVI. mendeetan lehen joera hori indartu egin zen, eta asko izan ziren kopiaren auzia aintzat hartu zuten teoriko eta artistak. Leonardo de Vinci-k, esate baterako, koadroa ispiluarekin parekatzen zuen, eta «margolanik goraipagarriena erreproduzitutako gauzarekin antzik handiena duena» dela idatzi zuen, modu horretan bere ezadostasuna erakutsiz «naturako gauzak hobetu nahi dituzten margolariei». Durerok ere iritzi berbera adierazi zuen beste hitz batzuekin, esanez bere xedea «ximur eta zaintxorik txikienak ere» agerian jarriko zituen erreproduzioa zela, sendagileentzat beraientzat ere baliagarri izango zena.
Puntu honetara helduta, nire eserlekutik altxa eta pintura alemanari eskainitako saletako batera joan nintzen, Durerok ehun banatan irudikatutako Adan eta Eba ikustera. Eta oraingoan ere, gorputzen proportzioetan edo anatomia-legeekiko fideltasunean jarri beharrean arreta, azal hutsean jarri nuen. Adanena guztiz garbia bazen, are garbiagoa zen, bere zuritasunagatik, Ebarena. Ez garatxo bat, ez mantxa bat, ez ubeldu bat. Ezer ez, batere akatsik ez. «Logikoa da», pentsatu nuen neure artean, «azken batean izaki sortu berriak dira, Paradisuan bizi direnak». «Baina, zergatik ez dute ilerik?», galdetu nion jarraian neure buruari. «Zergatik ez dago ilerik Adanen bular, hanka eta besoetan?» Azken finean, Durero bera ere hantxe ikusten nuen, bere Autorretratuan ileluzea zen, bigote eta bizarduna, ez, inolaz ere, azal soilekoa. Ez nuen zalantzarik izan: bere ama zimurrekin eta beste akats batzuekin margotutako Durero handiak, animaliak ere egiatasun osoz taxutzen zituenak, hautaketa bat gauzatu zuen Adan eta Eba margotzeko orduan, urte batzuen buruan klasizismoaren jarraitzaileek aurrera eramango zuten hautaketa ideializatzaile berbera. Bistakoa zirudien ez zuela gorputz-enbor eta adarretan ilerik jarri nahi izan, hain zuzen ere elementu negatiboa iruditzen zitzaiolako, piztitasunaren ezaugarri, satiro eta deabruei ederki zegokiena, baina desegokia erabat gure lehen gurasoen kasuan.
Paseatzaileen pribilegioaz baliatuz berriro ere, libre utzi nituen nire ideiak museo barrutik eta kanpotik hegalda zitezen, eta hala, Caravaggioren San Mateo eta Aingerua koadroaren bi bertsioak etorri zitzaizkidan burura. Lehenengoak, Ernst Gombrich-en liburuko ilustrazioan ikusten denez, agure arlote samar bat bezala aurkezten du Mateo, hankak hautsez beteta dituela eta idazteko aingeruaren laguntza behar duela; bigarrenak, berriz, gaur egun Erromako eliza batean dagoenak eta Caravaggiok lehenengoa gaitzetsi ziotenean egin behar izan zuenak, Mateo zaharra dotoreago eta jakintsuago erakusten du, eta aingeruak jaungoikoaren hitza inspiratzearekin erabakitzen du bere lana. Bi bertsio horiek gogoan, artisten hautaketa ideializatzaileari buruz pentsatzen geratu nintzen: agian ez zirela izango beraiek edertasun zale nagusiak, agian ez zela bere kontua izango gai edo pertsonaiei emandako trataera apartekoa; joera horren azpian oso eragile lurtarrak egongo zirela: hiri, erresuma eta elizetako agintari larderiatsuak gehientsuenetan: Zentzu honetan, Edertasuna koadroa enkargatzen zutenen conditione sine qua non bezala ere ikus daiteke, eta ez lana burutzen zuenaren nahi edo helburu huts bezala.
Caravaggioren margolan zentsuratu horri buruz ari dela, hala dio Gombrichek, margolariak koadroa entregatu zuenean jendea eskandalizatu egin zela, santuaganako oso begirune gutxikoa iruditu zitzaiola. Askojakina izan beharrik ez dago gauzak horrela gertatu zirenik zalantzan jartzeko. Ez zen izango jendea, irudi eta istorio askoz groteskoagoetara ere ohituta zegoena, eskandalizatu zena; gotzaia edo beste edozein eliz edo herri-agintari izango zen, hau da, erakunde eklesiastikoaren glorian zuzenki interesatutako norbait.
Nire ideiek hegan egiteari utzi eta berriro ere museoaren saletan kokatu nintzenean, ahaztu bertako margolanen oinarrian zeuden ideia estetikoak, ahaztu halaber oinarri horien oinarri sozial eta ekonomikoak, eta begiraleari begiratzea dagokio Adan, Eba, Hiru Graziak eta beste biluzi batzuen aurretik paseatzeari ekin nion ostera. Baina, oraingo honetan, beraien azal guztiz garbiak isolamendua, bakartasuna, ekarri zidan gogora. «Gorputz horiek agerian egon izan balira, eta haizea, euria edo hotza sentitu izan balute», otu zitzaidan, «edukiko zuten ospelen bat edo ezpain zartaturen bat. Eta jendearekin hartu-emanik izan balute, berdin.» Baina ez, ez zegoen horrelakorik. Hala zirudien, figura haiek guztiak kutxa berezietan sartuta egonak zirela, ezerk ikutzen ez zituela, inolako eraginik gabe, betiko osasun onaren erresuman.
Irudipen hura areago eraman nahian ari nintzela, isolamenduaren ideiari sentsibilitate-ezarena gehitu zitzaion, eta XIX. mendearen hasieran Itard doktoreak Victor d'Aveyron "ume basatia" hezteko ahaleginean ari zela idatzitako hitzak gogoratu nituen: «Egia ukaezina da giza-eritasunen maiztasun eta ugaritasuna neurri handiagoan zor zaiola zibilizazioaren eraginari bere antolaketaren ezaugarri bereziei baino. Zibilizazioaren lehen ondorioa sentsibilitate nerbiosoaren garapena da, eta sentsibilitate horren harrotze edo bizkorketa gure gaitz nahiz plazerren jatorrian dago».
Itard sendagileak jakinaren gainean hitzegiten zuen, zeren eta ondo aztertuta baitzeuzkan Victorren berezitasunak, hartu-emanik gabeko baso-bizitza batek eragindakoak; tenperaturari buruzko indiferentzia, kasu eskua sutan jartzeko gaitasuna ematen ziona edo doministiku edota nigar egiteko ezintasuna. «Zaila dirudi isolamenduak sentsibilitatearen eta minaren beraren hain urritze orokorra eragin ahal izatea», komentatzen du Harlan Lanek Itard doktorearen esperientziaz idatzitako liburuan, «baina egin berriak diren esperimentu batzuek pentsarazten dute Itard ez zebilela bere aurkakoak zioten bezain desbideratuta. 1950eko hamarkadan mina ikertzen ari ziren psikologoek erakutsi zutenez, hilabete batetik zortzira bitarteko txakurtxoak, isolaturik hazitakoak, mugitu ere ez dira mugitzen sudurrean poxpolo piztuak jartzean edo izterrak orratzekin zulatzean».
Niri ere litekeena iruditzen zait isolamendu eta sentsibilitaterik ezaren arteko harreman estua, eta horixe zen, hain zuzen, Venus eta gainerako irudien azal guztiz garbian irakurtzen nuen mezua. Eta geroxeago, paseatzen jarraitu eta salaz sala errege-erreginak, printze-printzesak, infante-infantak bere dotoreziaren dotorezian erretrataturik ikusi nituenean, halako parekotasun bat somatu nuen, hots, jatorri klasikoa zuten koadroetako biluziak zuzen-zuzen egokitzen zirela hierarkia handiko pertsonaien gorputz jantziekin. Edo alderantziz adierazita: erbinude zuriz apaindutako kapa edota harri bitxiz jositako jipoi eta hopalanda guzti haien atzean ezkutatutako gorputzak areago ezkutatuak, gainera, satenezko edo tafetazko azpiko arropa edo lihozko ator txurien atzean ezin zirela izan, edo hobeto esanda, ezin zirela imajinatu guztiz garbi baino, antzinako atletak edo jainkosak bezain akatsik gabeak. Beste hirugarren modu batean, irudi batez oraingoari, adierazita: Tormesko itsumutilak edo Rinconete eta Cortadillok ezagututako jendea, herri xehea alegia, alde batetik sarga edo kalamuzko zarpailak eta bestetik pustulaz betetako gorputza zuten txanponak bezalakoak baziren, erregeak eta Gorteko gainerako kideak guztiz aurkakoa ziren edo izan nahi zuten, txanpon distiratsuak bi aldetatik. Soilik alde bateko distira ez zela errazki lortzen, Luis XIV.ak berak ere jasan egin behar zituela, bere sendagileak deskribatuta utzi zuenez, «bularreko negal eta mantxa gorri eta ubelak»; baina errealitate hura ez zen agerian jarri behar.