L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Enseiucarrean aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<ense0300>— Enseiucarrean-3 (1987-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Omar Khayyam

 

Amaia Guijarro

 

17 urte eta 3/4 nituelarik ezagutu nuen nire liburutegian ezezik nire bihotzean ere leku berezia hartuko zuen orri horiskadun liburutxo hau: OMAR KHAYYAM olerkariaren RUBAIYAT izeneko poematxo bilduma, Plaza eta Janes argitaletxekoa, 1975. urtean Rotativa delako sailean publikatua.

        Orduantxe ere rubâi batzuk euskaratzeko asmoa izan banuen ere, ez dut orain arte kapritxo hori bete. Hona hemen, beraz, nahiko arbitrarioki —arbitrarioa bait da mundu honek bira egiteko hautaturiko norabidea nahiz katearen bueltan dagoen okindegiaren izena— aukeratu ditudan 7 rubâi.

        Lantxo honen helburu bakarra zuei ere poematxo hauek heldu eta behin erreflexionarazi zidan lan poetiko horren atala eskaintzeaz batera, zuen jakingura ere esnatu beste guztiak irakur ditzazuen litzateke.

        Atsegin baduzue ahapalditxootan agertzen den filosofia, horri jarraitu, eta horrela gertatu ezean, lan poetikoa dastatu. Edota hurbilketa biotaz baliatu eta bai ahapaldion poetikotasuna bai bizitzaren prosaismoari onura atera.

 

 

 

Olerkaria eta bere lan poetikoari buruzko bizpahiru argibide

 

Omar Khayyam olerkari pertsiarra, Naishapurren jaio zen XI. mendearen erdialdean eta bertan ere hil hurrengo mendearen lehenengo laurdenean. Matematikak eta astronomia ikasi ondoren pentsio moduko diru laguntza eskuratu zuen sultanaren Gortearengandik, matematikak eta izarren ikerketari ekiteko. Horrenbestez, Naishapurren erretiratu eta, poesia ere lantzeaz batera, bertan ihardun zuen bere azterlanetan, hil arte.

        Antza, lan egunak atsedenaldiekin tartekatzen zituen. Adiskidez inguratu eta hauekin solasean eta edaten aritzea omen zen gustokoen zuen plazerra. Horretan iharduten zuen ilargiaren pean, etxeko terrazan, kantari, dantzari eta laute jolez lagundurik, etzanda, neska-zerbitzari eder batek urrezko edontzian ardoa isurtzen ziolarik.

        Omar Khayyamen lan poetikoak Rubaiyat du izena, hots, rubâi delakoaren pluralerako hitza. Rubâia 2 puntutako ahapaldi pertsiar ezaguna dugu, silaba-kopuru berdineko 4 lerrotakoa, 1., 2. eta 4.ak elkarrekiko errima dutenak. Erabili dugun liburuak rubâi horien bilduma eskaintzen digu, 250 rubâi ezberdin hain zuzen.

        Bertso zoragarri hauen bidez, olerkariak errealitatera hurbildu nahi gaitu. Gizakion sufrimenduaren kausa, hil ondorengoarekiko beldurrak eragindako larritasuna omen da. Paradisu eternalaren saria helburua izanik, sakrifizioz beteriko bizimodua daramagu. Baina gerta liteke Paradisua geure asmakari hutsa izatea. Benetakoa dugun bakarra lur honen gaineko bizitza denez, eta bizitza hau hain ederra izaki, horren probetxu hartu behar dugu.

        Hala ere, irangankorra da gizakia eta jabeak izatea uste genuen Unibertso horren alde ñimiñoa besterik ez gara. Denbora ere, geure asmakizuna baino ez da, geuk sortu egiten bait dugu Denbora kontzeptua, esistentziaren iragana eta etorkizunari begiratuz. Oraingoa da errealitate bakarra, eta Denboraren ideia hori baztertuz gero, ez ginateke Heriotza eta Eternitatearen beldur izango. Beraz, Denboraren kontra borrokatu behar eta horretarako, zentzumenen plazerraren eskakizuna betetzea dugu armarik egokiena. Ez genuke, hortaz, bizitzaren zergaitia azaltzeko alferrikako ahaleginetan aritu beharko, munduak eskaintzen digun edertasuna gozatu baino.

        Bukatzeko liburuaren atze-azalean irakur daitekeenaren berri emango dizuegu oraintsu: "Khayyamen rubâi ospetsuak sinpletasun handiaz, bizitzaren iragankortasunaren aurreko giza angustia, munduaren zentsugabekeria eta gizakiak egoera honetan pozbide bakarra duen plazerraren izate hutsaren adierazle dira. Arrazionalista edo ateoa baino gehiago gureagandik guztiz ezberdina zen gizarte aberats, gailen eta dekadente baten emaitza dugu Omar Khayyam".

 

 

 

Arrapaladan irakurtzeko zenbati Rubâi

 

Ez dakit zer dela eta munduratu eta

eman zidaten bizitza. Zelan kexatuko naiz ba

berorren laburtasunaz? Eskertu egin beharko nuke.

Ekar biezaidate ardoa, bizitza profitatu nahi dut eta.

 

Utziozu berekoitasun horri; ez izan pobretasunaren beldur.

Ez joan urrearen bila. Eta edan egizu, zeren eta

hainbat atsekabez betetako gurea bezalako bizitza beti ere

amets sakonean edota guztiz mozkortuta pasatu behar bait dugu

 

Naturak larrosa sortu eta suntsitu ere egiten du

lurrari bueltatuz. Hodeiek ur gabe

hautsa irentsiko balute, munduko azken

egunerarte maiteminduen odola genuke euria

 

Nire moduan, pitxar hau ere maitale triste bat izan zen,

emakume baten ileari heldua. Begiraiozu

euskarriari. Berau izan da hamaika bider

emakume eder baten sama zuri zuria inguratu duena.

 

Bazter ezazu edertasuna maite ez duen bihotza.

Pasiorik gabeko gizakia mespretxugarria da.

Ez du merezi ez argitzen gaituen eguzkia,

ezta nahigabeak arintzen dizkigun ilargiaren musua ere.

 

Zergaitik izan Heriotzaren beldur? Nik ezinbestekoa dugun

helmuga hori dut nahiago jaiotzeaz ezarri zitzaigun besteori baino.

Zer da bizitza? Eskatu gabe eman zidaten zerbait,

eta erdeinuz bueltatuko dudan zeozer.

 

Maitale bat larrean eta edontzi bete ardo,

horixe da eskatzen dudan bakarra. Plazerrak momentuan

nahi ditut bete. Etzazu sines Zeruaz esaten dena.

Bertan nor egon da, ba? Nor bueltatu da infernutik?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.