L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Enseiucarrean aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Enseiucarrean-3 (1987-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Marianne Moore

(1887 - 1972)

Ehun urte Missouriko poetisaren hitzek

 

M.A. Elkoroberezibar

 

Marianne Mooreren bizimoduak ez zirudien, azaletik begiratuta behintzat, emakume modernoarena, XIX. mendekoarenaren itxura guztia zeukan. Bizitza paketsu bat oso zeraman eta ez zen inoiz ezkontzera heldu bere ama eta nebaren konpainia nahikoak zituen. Baina bazuen, bestalde, arma ezkutu bat, bere poesia alegia, modernismo erradikalez osatutako ganibet zorrotza. Mariannen asmamen bortitz hau bere garaiko idazleei arras atsegin zitzaien, ondorengo Robert Lowell, Randall Jarrell eta Richard Wildburrek behin baino gehiagotan aitortuko zuten bezala, idazlesa horren eragin indartsuaz blai zeudelarik. Bere aitzindari Emily Dickinsonek egin zuen eran, Mariannek ere "emakumean ezarritako ohizko lekua" espazio aske batetan aldatu zuen, baina —E. Dickinsonek ez zuen honelakorik egin— benetako profesional bat bihurtuz, sarritan bere poemak argitaratu eta inguruko artista eta mugimenduekin harremanetan egonik. Mariannen poesiari buruzko teoria edota ideia honakoa zen: nahiz eta poemak errealitatetik sortzen ziren, poesiak mundua, honen baitako forma oro erabiliz, birsortu beharko zukeen: poemak "balizko lorategiak apo errealekin haietan" ziren.

        Kirkwooden, Missourin, jaio zen, St. Louiseko hiringuruan. Haur bat zelarik aitak familia abandonatu egin zuen eta Carlislera joan behar izan zuten, non amak irakasle lanetan seme-alabak mantentzen zituen. Carlisleko United States Indian Schoolean hasi zen bere lehen poemak eskribatzen, eta "Egoist" (Ezra Poundek ere parte hartzen zuen aldizkari ingelesa), "Poetry" eta "Others"en (William Carlos Williamsekin batera) so egin zituen bere lanaren lehenengo fruituak, poesi landare dotore eta emankorrak. 1915 eta 1916. urteetan gertatzen zen hau, eta aldizkari hauen ateetatik abangoardia eta modernismoaren mundura oso osoan sartu zen.

        Poemak idaztean gogor ekin zion, eta Poems deitutako poema bilduma 1921.ean kaleratu zuen eta Observations 1924.ean. Editore bezala ere lan egin zuen, "Dial" aldizkarian hain zuzen, 1925.etik 1929.era, huraxe desagertu zen arte. Bere artikulu eta editoriale eritziak errespetu handiz onartuak izaten ziren, ez ordea Mariannek dotoretasuna eta deduari ematen zien lehentasuna sexuaren egiazko azalpenen aurrean. Hart Crane eta James Joyce izan ziren jokaera hori gehien kritikatu zutenak.

        1935.ean plazaratutako Selected Poems-ekin, Marianne Moorek poesiaren forma arduratsu aztertuko du, hizkuntza eta zehaztasunari izugarrizko garrantzia emanez, hori dela eta askotan gal neutralak erabiliko ditu, animaliak adibidez. II. Mundu-Gerrarekin Mariannen poesiaren dotoretasunak eta ondo esanak pasio eta grinari utziko dio lekua.

        Marianne Moorek Bollingen, National Book, eta Pulitzer sariak 1951.ean bere Collected Poems liburuarekin eskuratu zituenetik ez zuen ezer berri askorik konposatu, eta urteetan zehar idatzitakoak bildu, berrikusi eta aukeratzen saiatu zen; bilketa eta aukeraketa hauen ondorio 1967. urtean argitaratutako Complete Poems liburua da. Handik bost urtetara Heriok eraman zuen alosien erreinura.

        Beste modernistek bezala Marianne Moorek tradizioa hautsi nahi izan zuen, bide berriak irekiz, baina ez zuen inoiz bere burua gizarte baten gidari gisa ikusi, ez zuen nahi bere poesia aldaketen islada izaterik, ez zuen inolako misiorik aurrera eraman beharrik. Hitza utzi zuen lorategietan eta apoek errezitatzen ikasi zuten.

 

 

 

Poems (1921)

 

Niri ere gaitzi zait hori: badira garrantzitsuak diren gauzak

engainu guzti hauengandik urrun.

Benetako mesprezu batez hura irakurtzerakoan, nolabait

inork aurkitzen du hantxe

berezitasunarentzat lekune bat behintzat.

Estutu dezaketen eskuak, zabaldu

daitezkeen begiak, altxatu daitekeen ilea

beharrik izan ezkero, gauza hauek garrantzitsuak dira,

 

ez zundaldi nagusian ulerkuntza gainean ezar liezaiokeelako

eurak baliagarriak

direlako baizik. Berezitasun urrikoak bihurtzen diren eran

ulergaitzak gertatzerakoan

berdina erran daiteke guztiongatik,

ez dugula miresten

ulertzen ez duguna xaguxarra

hankaz gora edota janari bila,

 

elefanteak bultzaka, zaldi basati bat zabunka, otso nekaezin bat

zuhaitz baten azpian,

kritikari mugiezinak bere larrua astintzen

arkakuso bat sentitzen duen zaldiak bezala,

beisbolzalea, estadistikoa

batek ere ez du balio

'negozio dokumentuak eta eskola liburuak'

 

baztertzeko fenomeno guzti hauek dira garrantzitsuak.

Batek bereizi behar du,

nolabait poeta erdiak gorentasunera narraztaka eramandakoan, ondorioa ez da poesia

gure arteko poetak ere ezin dira oraingoz

'irudipenaren

literalistak' izan

ezertasun eta huskeriaren gainetik, eta

 

aurkez        daitezke ikergorako balizko lorategiak apo errealekin haietan

ukanen ditugu

bertan. Bitartean, askatzen baduzu, alde batetik,

poesiaren materiale zakarra

bere zakartasun osoan

eta, bestalde, berezia dena,

orduan bai poesiaz interesatuta zaudela.

 

 

Iragana da oraina

 

Kanpo ekintza jaiskorra bada

eta errima zaharkitua,

zugana bueltatuko naiz,

Habakkuk, gutxi dela aldi batetan XYk, errima

gabeko bertsoaz mintzatzen ari zenean,

hori egitera zipi egin zidan bezala.

Gizon honek zioen — bere hitz berdinak

errepikatzen ditudala uste dut:

"Poesia hebraitarra

zentzutasun mota nagusi batez eginiko prosa da". Extasiak

okasioa sortu eta paradak mugatzen du forma.

 

—Selected Poems (1935) —

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.