L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa —Hurrengo artikulua




 

 

Aitzol'en gizaldia

 

Etxetxo

 

I

 

Iñolako olerkari-sailla sortu zun Aitzol'ek Eusko-Olerti-Egunen bidez. Geientsuenak ordurarte olerkari ez-ezagunak izaki, bizkorrenetakoak zirala adierazi ziguten.

        Aurrenengoan Lauaxeta izan zan garaille. Bigarrenean Lizardi. Irugarrenean Loramendi. Laugarrenean Etxeberria. Boskarrenean Zaitegi. Seigarrenean Yauregi. Ta oiekin batera Orixe, Tapia-Perurena, Jakakortajarena, Loidi, Erkiaga, Gaztelu, Onaindia, Enbeitia, Zugazti, Arozena, Labaien, Pagadizabal, Urkidi, Ametzaga, Arrizubieta, ta abar ospatuak izan ziran.

        Orain arte euskerak izan ditun olerkari garaienak eta bikañenak Aitzol'en baranoan loratu ziran, nonbait. Alegia, 1930 g. urtetik 1936 g. urtearte. Zazpi urteok, benetan, arrigarriak izan zenitun euskel-olerkarien onerako. Nik uste, zazpi urteok betirako goragarri izango dirala Eusko-Olertiaren edestian. Ori dala-ta, nolabait sailkatu ta izendatu bear-eta, aldi ori «Aitzol'en gizaldia» izendatu dezakegu. Aitzol izan bai-genun guziok eragille ta zirikatzalle, nolarebait. Ta beraren zaiñetako odolez edertu baitzigun guzion euskaltzaletasuna. Non-naiko elerti-edestietan olerkari ta idazleak sailka bildu oi dira.

        Olerkari ta idazle guzitsuok 1890 garren urtea ezkero yayoak dira. Guziok gizon ikasiak dituzu. Nondik naiko idaztiak irakurtzeko itoak giñan geientsuenak. Batez ere olerki-idaztiak. Parantze, Germani, Ingalaterra ta Itali'ko olerkarien idaztiak irauli genitun. Españi'koak ez orrenbeste. Guziok elkaturik giñan eskutitzez, beintzat. Amaika idazki eder eskuratu nitun Aitzol, Lizardi, Orixe, Lauaxeta ta Etxeberria'k neroni idatziak, beintzat. Idazkiok, maitez bildurik ditut oraindik. Aitzol'ek sorturiko «Yakintza» aldizkari ederraren bidez ere elkarturik giñan. Aldizkari ortan idazten bai-genun geientsuenok. Bertan dituzu gure olerki ederrenetarikoak. Irauli aldizkari orren orriak esanaren lekuko.

        Arana-Goiri'k beraren idaztiz, esanez ta eriotzez abertzaletasuna ereiñik zun Euzkadi osoan. «Euzkadi dugu euskotarren aberria». Asmo orren bidez euskaldun geientsuenen biotz-gogoak bestelakotu zitun Arana-Goiri'k.

        Onek piztu zun argi berriaren izpietara, Euzkadi euskotar egin zuten Irakaslearen ikasle purrukatuak. Iruzpalau ez beste ez giñan iñongo alderdiko, euskaldun eta euskaltzale baizik. Ori bai euskaldun bakar-bakarrik. Españi ta Parantze'ko politika-goraberak etzuten guregan oyartzunik arki al izan. Gure etxea maite genun. Españi'ko agintariak askatasun-apur bat eman ziguten-eta, orren babesean ari giñan eten gabe. Aldi artan, erle-mulko ugariaren antzera, gau ta egun kataskan aleginka ari ginan euskeraren alde.

        Orixe zan gure elburu: euskera orraztu, apaindu ta txukunean olerkiak eusko-gogoz egin. Beraz, gure auzi ta asmakizuna Euzkadi zan barne-muiñez: Euzkadi'ren gogoa asmatu ta azaldu. Ta gure erantzuna: Europe'k aizatutako Euzkadi. Ortarako, ahapaldi berri ta zarberrituetan, edontzi txanbeliñetan iduri, gure edari zar-berria euskaldunei eskeñi genien. Azkue'ren iztegi andian arki genun gure arrillobia: bertan, Euzkadi'ren baserri andi ta apaiña eraikitzeko bear genitun arri zar ta landuak.

        Elerti-gaietan «Orixe»ren euskel-lanak ezagunak genitun. Berau genun gure otsemalle ta irakasle nolarebait.

 

 

II

 

        Beren gorabidean zoztor ugari arkitzen ditute euskel-olerkariak. Ez, uste, ordea, atzerrietako olerkariek orrelako beaztoporik izan ez dutenik-edo.

        Aitzol'en gizaldia zuzen eta zeatz ebazteko korapillorik nagusiena olerkari ugari izateak sortzen du. Gañera, aldi artako eztabaidak erakori ta arrotutako auts-laño-odeiak —oraindik bertanegi baikaude— begiak lausotzen dizkigute.

        Baña, dana dala, Aitzol'en gizaldia oraindañoko arorik aintzagarriena izan dala ezin uka dezakegu.

        Aldi ori sortzean, euskel-itz-neurtizkera nola zetzan aurrenik ikertu dezagun.        Euskel-iztegiko itzik asko, erdiak baño geiago, noski, zokondoratuta zeuden: beraz, eskubete diña etziran itz moltsoz, beren oldozpenak adierazi bear zituten olerkariek. Amaika itz eztitsu, argi ta ezagun, baldankeriz eta zabarkeriz, ugarra yarioan eta sitsak yanda zokondoan geundurik ziran.

        Erdalkeriak yotako gaitz-miñez, euskera dana ezurruts biurturik zan. Olerkietan erabilli oi ziran itzak, alik eta erdel-mordolloenak izan bear zuten. Arrezkero, esakera urri, murri ta bakana izan bear.

        Itz-neurtizkera ere, itzak bezela, erabat urria zenun. Geientsuenik amar silabadun itz-neurtizkera lo-argarria erabilli oi zan.

        Gañera itz-kopuru urri ta beartsuak itzen berdin-amaitze urriak ekarri zitun; itz-erorkera geientsuenak errez eta betikoak ziran. Ordurarteko itz-neurtuetan ere, zatarri ugariegi ikusten ziran.

        Asmo berrien geznari ziran Aitzol'en gizaldiko euskel-olerkariek ezin zituten aintzat artu bide estuok: lagungarri izan bearrean, eragozpengarri baitziran. Beraz, itz-neurtizkera eraberritu bear zuten.

        Orain, berriz, Aitzol'en gizaldikoek olerkari zurrian egin zuten lana, osotara bederen, azalduko dizut.

        Itz-neurtizkera eraberritu ta txosberritzeko bideak oiek izan ziran.

        Len esan dudanez, itz asko oroldiz estalita, erdoiz yanda, lizunez beteta ta elbarriz yota, beste ainitz, idazti zarretan eta or-andik sakabanatu ta bakanduta zeuden. Beraz, alik eta itz berri gutxienik asmatuta, Azkue'ren iztegiko itz yatorrak bildu, ta, erabilliaren erabilliz garbitu, soildu ta egutera ekarri zituten. Orrela, ordurarteko olerkietan erabiltzen zan itz-eli urritxoa ugaldu zan.

        Itzak ugaldu ondoren, itz-erorkera ere asko ugaldu ta aberastu zuten Aitzol'en gizaldikoek: gañera, itz-erorkerari garrantzi aundia eman zioten eta itz-erorkera zail, bakan eta oitu-ezen irrika ari ziran.

        Orra itz-erorkera zaillen zenbait erakusburu:

 

                Itzal! Baso'ren ume yaukal,

                xaloagorik ezin al:

                beltxeran, begi bai azal:

                Itzal!

                Itzal!

                .................................

                .................................

                Gure inguru lurra lurrun-yario,

                urre urtuzko yasak baitaragio.

 

                (Baso-Itzal, Lizardi).

 

                ... Sagasti soilla lotan,

                abar makur naspil;

                zelaiek, orbelpean,

                ametsetan Orril;

                txori gaxoei aztu

                gau latzaren urbil;

                aizeñoa lillurak

                otxanduta dabil...

 

                (Izotz-ondoko iguzki, Lizardi).

 

                Oi neure biotzeko ezkongai gardena!

                beti, arren, aditu maitati ortzira.

                Zeugan musua baxen kutun dot arrena:

                Andrak ederren dira zerurantz begira.

 

                (Maitale kutuna, Lauaxeta).

 

                ... Iltzen da, ta aragirik

                auzoan ezin sal,

                artaletan gordea

                idi buruan gal.

                Abarkak egiteko

                larrua gauz aal?

                Aiekin irrixt eta...

                itzaia anka zabal...

 

                (Itzai zeneka, Orixe).

 

                Euskelerri laztana, nire pake-giro!

                gogoz beintzat, zugana banator berriro.

                Oi! urrezko atedun amets-baratz-urdin.

                Andre Poesi lagun, natortzu errimin.

 

                (Euskel-kanta atzerrin, Zaitegi).

 

                Ni ere artzai nauzu,

                Artaldea bai-dut;

                neronen oldozpenak,

                xuxen, zuri ta zut.

                Mendiak gora doaz,

                ibar lizunak ut,

                Yainkoaren argitan

                larratzean ditut.

 

                (Artzaiarena, Zaitegi).

 

        Itz-erorkera zaillagorik ezin asma, benetan. Itz-neurtizkera zarberritzeak ekarri ditun etekin, onura ta onaurkiak, eztabaidan irabiatu ta iratiotu ondoren, aundiak izan dirala ao betez aitortu dezakegu.

        Aldi ontan itz-neurtu markets eta urgunik ez duzu arkituko: alare, xuxen-xuxen biotz-gogora yo oi dute.

        Enuxu-banuxu egon gabe esan dezaket: Aitzol'en gizaldiko olerkariek ekarri duten itz-neurtuaren berpiztea goragarritzat dut.

Oiei esker, zeruan izarrak baño itz geiago ditugu.

        Areago oraindik. Itz-neurtu-idazle antzetsu gelgarriak soillik ez, baita olerkari garaienak ere oien artean dituzu. Adibidez, Lizardi, Lauaxeta edo Orixe añako olerkaririk nekez arkituko dituzu aspaldiko urteetan. Itzez eder eta ugarienak, margoz dizdiratsuenak, abotsez ozen eta zolienak eta biotzondo, erason eta zarradaz sarkorrenak dituzu nonbait. Yauregi legun, malgu ta samurra. Orixe egiti, mamitsu ta sakona. Lizardi osasuntsu zoragarria. Biotz-ikara zindo ta zarrada biziz dardaraka, iduripen gelgarriak eta itz-izunez mendiak mendien gain ezarri ta zeruetaraño igoteko lerrenak egiten ditun Loramendi. Maitasuna azaltzen Lauaxeta baño mutillagorik gutxi. Biotz-leraren abotsa, argi zoli ta aratz entzun-erazten digun Tapia-Perurena: iduripen ugariz moteldu ta ito bearrean, biotz-ixuri ori areagotzen dizu.

        Baso ta mendi, baserri, itxaso ta zeruko margoak oro ikusteko zabal zeuden aien biotz-begiak. Gero ordea, biotz-begietan sortutako olerki ederrak euskera aberatsean idurimen bizi mizke, mardulez aurkeztu dizkigute. Eguzkiaren urbil, arranoak egiten dun gurenda garraxi zolia entzuten da oien olerkietan, baita udako eguerdiz, sargori miñean, baserri inguruetako zelai ederretan entzun oi dan kilker txirritien otsa ere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.