Epailla-Yorrailla. 3 eta 4'garren Zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Epailla-Yorrailla. 3 eta 4'garren Zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Idazti Deunak—

 

Eliza narerik

(Big. Eg. IX, 31)

 

Zaitegi ta Plazaola'tar Iokin

 

Zazpi diakonen aukera ondoren, ta aitortzalle gezurtiak, biraolaritzat Estebe salatu aurretik, siñestunak erruz baño erruzago geitzen ari zirala oartzen du Luka'k (VI, 7). Arrezkero, gertariak oso naasi-maasi leyaka yazo ziran: Estebe'ren eriotza, Yerusalen'go Elizaren aurka yazarraldi aundia, ta Yudai ta Samari bazterraldetara siñestunak barreyatu bearra. Batez ere Samari'k Berri Onari ateak irikitzen dizkio: Aitiopi'ko irenaren ukuzpenak ta oroz gain Saul'en onbideratzeak ta beraren lenbiziko aldarriak ta nekeak garai berria darakuste.

        Beltzaldia laster itzali zan: Paul'en aurka eyotako marroa izan zan azkena: beraz, bururen buru, bizpairu urte (37-40) iraun zun yazarraldi ark.

        Geroztik, «Eliza, berriz, Yudai osoan ta Galilai'n ta Samari'n nare zegon, azten ziyoan, ta Yaunaren beldurrez ari zala, Goteunaren urgaziz zabaltzan zan» (31). Andik bi urte geroago, berriro Eliza Erode'k esetsiko du.

        Bitartean, bakerik egongo da. Yuduek ba, larrialdi, axanpa ta dordo onik ba-zituzten beren baitan, iñor zirikatzen ez aritzeko, ogi bezainbat gaztai izan baitzuten. Erroma'ko agintariakin ezin-burutu andia izaki.

        Kaligula zan yaurerriko yaun ta yabe. Aurreko Tiberi'ren yardunbidea bertan bera utzi ta sortzaldeko zenbait erri beren buruen yabe egin zitun, bakoitzari bere eskubideak emanik. Eskualdeok, nork bere buruak zitutela, beren gain eraentzen ziran.

        Yuduek Kaisar'en begitan besteak baño ederrago ziran. Erroma'n Erode Agiripa baitzuten bitarteko, Kaisar berriaren adiskidea. Tiberi'ren seme zan Drusi'kin batera atsegin-bitsetan azia zenun Erode'ren billoba au. Gero, yauregitik atera yaurtia izan zanean, goseak ilda ubarrazkian nora gabe bizi izan zan. Kaprea'n Tiberi illagiñean zegolarik, adiskidezkoak egin ta aren ederra berriz iritsi zun Erode'k. Aren asmorik beñena, ordea, Kaligula, geroko buruzagiaren gogoa bereganatzea izan zan. Bein gurdi bertan egurasten ari ziran: Erode Agiripa'k yaurerriaren buru len-bai-len izatea opa izan zion. Itz ori esan orduko, Tiberi'ri beingoan yalki zioten minluzeak ta Erode Agiripa burugabea giltzaperatu zuten. Sei illabete ezkero, Agiripa'k ogeita bost buruauste bazitun yasanik morroillopean. Alako batean, goizean goiz, Marsia beraren yopu izana atxintxika etorri ta arameikeraz esan zion: «Illik da leoya». Biaramunean, bere adiskidea yaregin zun Kaligula'k, eta zenbait egun geroago, errege egin zun, Koilesiri ta Damasko'ren egoaldea beraren mendean yarririk.

        Yai ta alai ikotu ziran yuduek pozaren pozez, beren erkide batek Kaisar'aren ederra zeukala yakitean. Yainkoari opari ta erropariak lekayoka eskeñi zizkioten birloraturik, agintari berriak onik luzaroan iraun zezan. Leporaturik zuten uztarria urratzeko garairik egodiena zan. Estebe'ren eriotzak eta Elizari ondikoa ekarri nairik piztutako yazarraldiak, etzirala yuduek eskuak antxumaturik egon azaltzen digute.

        Pilat'aren ordez, Maril etorri zan yaurle. Erode Agiripa'k, Kaligula'ren baitan zun ederraren berri, geyegi zekin yaurle berriak, ta magalpeko aren erkideekin burrukarik etzun nai izan: beren geyegizkoak ez-ikusiarena egiten zun limurkari ark.

        Erode bertaratu-ala, yuduek beren buruen yabeago azaldu ziran: Erode'ren billoba izanik, Makabetarren alaba zan Mariamna'ren belaunekoa izaki, yuduen asmoz bera zenun egokienik, arbasoen yauralkia lengoratzeko; orregatik, Yerusalen'go errege ikusteko irrikan ziran. Galilai'n, ordea, artaz besterik uste zuten. Bereak egin zula, bertako buru zan Antipa'k igarri zion nonbait, Kaligula'ren magalpekoak baztertzen yarraitzen ba'zun. Larri aizatzenagotzen zion beraren senar aulari Erodiade kementsuak. Alare, Erode, zorrez yosita, Erroma'tik atera yaurti zutenean, Tiberiade'ko yauregian atotsi zuten senar-emazteok biotz zabalez. Orain, ordea, ari yarki kukurruku egiteko, biderik bakarrena, errege izena irixtea zuten. Ori zala-ta, arto bero usaya baizerion Erode beren leikideari.

        Erroma'n bakarrik irabazi ziteken izen ori: beraz, laurdenburua, Erodiade lagun, aratu zan. Biok Kaisar'a koipatu ta xedeban atzematen alegindu ziran. Agiripa'k, ordea, aurretik esanak zizkion. Partiarren erregeakin izan zituten marroen berri. Antipa saltzalletzat egiztaturik, Gali bazterretara egotzi zuten: usteak ustel irten zion.

        Ark, yaurri zun Galilai, berriz, Kaligula'ren adiskidearen mendean yarri zuten. Arrezkero, etorkizuna urdin zekusten yuduek eta ollartzen ari ziran: beren yaurerriko atal barreyatuak berriro batu ta sendotzen ari ziran. Erode Andia'ren eriotzean urratutako batasuna berrizteko, yaurerri berriari Yudai itsastea aski zan. Uste ederrok egi biurtzeko ziranean, ordea, erabat lur yo eragin zitun Erroma'ko Kaisar'ek burutaldiz ta apetaz.

        Iru urte ezkero, bapateko gaitzak lurbira osoaren ugazaba yo, ta zoro antzean bizi zan, abere odolkoya iduri. Sakatzez bere burua Yainkoa zala uste izan zun Kaligula'k. Elade'tik yainko-iduri aipagarrienak erakarri ta ayen ederrari ta yaurespideari yaramonik egiteke, burua kendu ta aren ordez berea ezartzen zien. Bere buruari yauretxea eraiki ta bertan beredin opari eskeintzen zituten yaupariak.

        Alako batean, Yainko berria yauresteko agindua lurbira osoak yaso zun. Yuduek bakarrik etziran belaunikatu aren aurrean. Ezezko biribil ori yuduen aintzagarri duzu, noski; orain arte yuduen aintzogarri duzu, ratsua, ordea, gorroto beltz billakatu zan. Lenago Kaisar'a zitzayenean babesa, antustez burgoi zebiltzan ustekoyak, ta beste erritarrei gorrotagarri zitzayen. Kaligula'ren agindu zantarra, berriz, apen asperraren bide izan zan. Erri guzietan yudutarrak zituten ukaldi-adoitzat espa, erasi ta mardailkeri guziek, ayen aurka apukoak asmatuz: erri xearen aserretik itzurtzerik ez zan. Sinagogetan Kaligula'ren irudiak ezarri, ta Kaisar altsuaren oparriak eraikitzen zituten, azken beltzean yuduak indarrez errege ari opariak eskeintzera beartzeko asmoz.

        Guzien elepide izanik, axanpa gorriz okiturik zeuntzan non-nai; baña, beste iñon baño gorriagoak Alexanderi'n ikusi: zertan estu estuan, goseak ilda, ta izurriteak txurtenean yota, minki atsekabeturik zeuden: illobi artatik iges egiten zutenak zigor ukaldika larrutu egiten zituten, txiki-txiki egin arte. Sendi osoak geldi-geldika surtan erabat erre ta illaundu, yuduen nagusiak indarrez antzokira zituten: gertari lazgarriok yaso ziran Aigito'ko iriburuan.

        Atsekabez kuzkur eta ebainduta ziralarik yuduek, Pilon eta beste gizaseme agurgarrien sailla aukeratu ta Kaligula'ri erruki eske igorri zituten. Amaika iran beltz irentsi bear izan zuten bidali ayek. Or-an-emen artaburuak urkultzera bota, ta, luzaroan guzien parregarri izan ondoren, Kaisar'i itz egitea iritxi zuten noizpait, landatxe batean.

        Irri gaiztoa ezpain-ertzetan, atotsi zitun Kaisar'ek; ta ortz-karraska esan zien: «Oyek ditugu, beraz, yainkoen etsayok, nerau yauresterik ez dutenak nai, ta beraren izena ere esaten azartzen ez diran Yainkoa aintzat dutenak?». Ta sarrakioz lazturik zeuden yuduen aurrean, Yehobah'ren izen agurgarria ebaki zun oyuka. Gero, etxean barrena ortik ara asi zan ibiltzen, zurubiak gora ta bera, ta aren atzetik ixil-ixil yudu zarrak izuz larri; ayen nagusi Pilon larogei urteetakoa zan. Noizean beinka yuduenganatu ta nausaz narritaka esaten zien Kaisar'ek: «Zer dala-ta eztuzue txerrikirik yaten?» ta yauregikoek parrez purrustaka lertu bear ziran. Yuduek, ordea, erabez erantzuten zioten, erri bakoitzak bere ekanduak ditula-ta, beste zenbaitzuk ere bildotxik etzutela yaten. «Oyek, berriz, izpidean daude, Kaligula'k yardesten zien, aragi geza baidu». Landetxeko etxari nagusian adituko zielazkoa egin zien: yuduetako batek bere itzaldia asi zuneko, esker-eskubi langilliei aginduak ematen ari zan Kaisar'a. Yuduek, alako arreraz larrituta, abetik zintzillik zintzur egiñez, beren biziei amaya ezarriko zien beldur ziran.

        Egun artan, ordea, odol-egarri etzan ta ark burutalditzat artu zien eskabide ura. Iñakaz bidali zitun ziolarik: «dana dala, gizakumeok eztirudite orren gaiztoak: zoro utsak besterik eztira, nerau Yainkotzat ez artzeko».

        Ori ikustean Kaligula'k Isrraek erabat gaiztetsi zula oartu zezaketen: areago oraindik. Yudutarrak oro biotz biotzean zauritu zitun, Yerusalen'go yauretxe agurgarrian, Guren Gurenean, bere buruaren kolpos-irudia yartzeko Kaisar'ek agindu zunean. Agindu ta egin.

        Ori burutzeko asmoz, Siri'ko yaurle berri Petoroni egin zun. Iñolako gogorkerien aurrean etzun eurt egin bear, gudari-saillen buruzagi Yerusalen'en sartzean, ta ala bear ezkero, Euparate'ko gudostea erakarri zezaken. Petoroni etorri, Ptolemaide'n negu-atanda aukeratu ta Yerusalen'go apaiz ta sanedrinekoei Kaisar'aren naya yakin erazi zien. Sidon'go arotzek irudia egitea besterik etzan peit, agindua burutzeko.

        Berri lazgarri ori yakin-orduko, ezin zenbatu ala yudu, zurdatzez yantzi ta buru gañean errautsa, eriosuar bildu ziran: erriko nagusi, gizon, emakume ta aurren tirlu izugarri bat atsekabez illun, eriotzarako gerturik zeuden, yauretxea narriotzen utzi baño len. Petoroni'k, ordea, istiarazi zitun erabat, Kaisar'aren agindua aldarrikatuz. Oste kopurutsuak, Yainkoaren beldurragoa zala, beste Agintariarena baño, erantzun zun. Isrrael osoak pakerik bizi nai omen zun, Yainko bakarraren esanetara.

        Yaurle berriak etsi-etsian ulertu zun, agindu ura burutzeko yudutarrak oro abarrakitu ta ezereztea zala bearrezko. Aburu orri yarraiki, erri ura itsumustuan eraso, erre ta kiskaltzeko alegiñak egin bear.

        Zer burupide aukeratu yakin eziñik, Tiberiade'ra baztertu zan, beste gudosteburuak lagun. Yudu-saillak ere, baña, aratu ziran. Berriz ta berriz yaurleak egiñalak egin zitun, aserrea ito, ta beraren esanetara erri ura erakartzeko. Dana alperrik. «Zuen Kaisar'aren aurka guda egiteko al zerate, ba?». Yuduen erantzuna: «Gudarik ez; gure Legea autsi baño len, ordea, ilko gaituzu». Ta gizoste ugari ura auzpezturik zegon, edozer zigor yasateko gertu-gertu. Ala iraun zuten berrogei egunez. Ereinaroa eldu-arren, etzuten alderik egiten. Petoroni'k etzun adoredik izan, eskualde aberats ura illaundu ta lur etze soil biurtzeko. Bere burua galurren yarri, ta, Kaisar'ari erri aren eskabidea aurkeztea itz eman zun. Erabaki bulartsua, benetan. Zeruak onartu zun berealakoan: burupide ura azaldu zuneko, legorte luzearen ondoren, euri-yasak txinboka zerauntsan, lur egarrien asegarri.

        Bitartean, Erroma'n atzun aztu Agiripa'k bere erriaren arbiñaldia: garai egokienaren zai zegon tukutsu. Bearrik atzeman zun Kaligula'ri eskeñi zion oturuntza baten. Eskatu aña emango ziola agindu zion Kaisar'ek. Berariz ala beraizik ote zion? Dana dala, Isrrael'en aurka emandako agindua baztertzea eskatu zion Agiripa'k, Yainkozaletasunez. Kaligula'k, ordea, engaraz bada ere, emandako itza etzun yan. Orren ordez, Petotoni iltzea erabaki zun. Bearrik, agindu ori zeraman itxasontzia belutu egin zan bidean, ekaitz gogorra egokitu zitzayolako. Siri'ko izpazterretan lurra artu zuteneko, Kerea'k Kaisar odolkoya il zunaren berri bertaraturik zuten.

        Larrialdi artan siñestunak narerik iraun zuten, nausa egiten zituten etsayak, ezin burutu-ala axanpa baitzituzten, yauretxe gurena narriotzetik begiratzen. Egia esan: Yesu Kisto'ren ikasleak berebat beste Isrrael'darren gogaide ziran yauretxe gurenari buruz, oraindik bertan otoi egin oi baitzuten.

        Alare, atsekabe ori, zuten pakeak eztiago zien: baita zenbaitzuk ba-zekusten, yauretxerik ezean, beste edozein mandio aski izango zutela, Paska berria eskeñi ta zeruetako Aita yauresteko. Onela, ekaitz aldi artan ere «Eliza, berriz, Yudai osoan ta Galilai'n ta Samari'n nare zegon, azten ziyoan, ta Yaunaren beldurrez ari zala, Goteunaren urgaziz zabaltzen zan»..



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.