Epailla-Yorrailla. 3 eta 4'garren Zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Epailla-Yorrailla. 3 eta 4'garren Zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Idazti Deunak—

 

Paul Deuna Atenai'n

(Big. Eg. XVII, 16-34)

 

Zaitegi ta Plazaola'tar Iokin

 

Paul'ekin batera Atenai betargi ta dirdaitsuan gera. Oraindik irauten zuten aren aintzaro goragarrienaren zenbait oroigarri. Ozkarbi urdiñaren bean, agian, Europe'ko ozkarbi aratzenaren bean, itxaso bizkar urdin eta irri-yarioaren aldamenean zabaltzen da Elade'ko gizkume edertzaleak bilbatu zun eun zoragarria; bertan iñongo alderik ederrena biryosirik ikusten dute gure begiak, larrosa erneberria bai-litzan.

        Keramiku zear gizatalde nabarra doa. Gizabar mordoa aldabe baten ondoan itsasten da ta beraren inbelen oboari arri ta zur egiñik begi-begiratzen dio: goi-aldean, Pidia'k kolpostu zun Paro'ko aitzurdiña. Iñoiz sortutako eredurik bikañena, arriagarriena, eragiñena ta paketsuena dugu begitan.

        Ikusle ederberak on osasungarria nabaitzen du barnez. Atenaia yainkoari eskeñitako Partenon'en aintziñean gaituzu.

        Neskatxak buru gañean lirainki saski ta txantxillak izanik, gerri ederrean elurra bezin esku zuriak ezarrita, gizalde artean bide eginda, yauretxe barrenera doaz; bertan duzu zutik Pala Atene'ren 15 neurkiñeko irudia, urrez ta eburrez estalita. Pidia'k, berebat, bere buru zurian etorriaren urrezko garia aizatu ta galbaitu ondoren, iñolako ukaldiz irudi txanbelin egin zun yainko aren bulkoa.

        Goazen etxarte ori barna: bertsolari begi-diztizkorra ta bekoki-zabala Ektor ta Andoromake'ren agurra abesten ari da, etorri andiz: inguruko gizon, emakume ta aurrak oro arnas-eutsika daude obeki entzuteko.

        Beiñola, Platon'en irakatsi garaiak entzuteko atenaitarrak saillean itoka toki billa zoazten Akademu'ren eskubira, baratz txiki bat dago: nekostaz, akarrez ta hupaz yosia.

        Berta, exeririk dago eri bat: eriz ezindurik ageri da. Ots motel eta eztiz mintzatzen ari da. Irriparre dagi. Inguruan ikasle gazteak ditu. «Gizakumea, gaxtea dalarik, Menoik, yakintzaz ari bear da, ta, agure dalarik, yakintzaz aritzea ez du eten bear. Iñoiz ezpaita ez goizegi ez beranduegi gogoaren osasunerako lan egitea».

        Onela diardute mintzatzen Epikur'en ikastola baten.

        Bat batean, ots zolia dardaka belarriratzen zaigu. Aitzindariak oyuka dio: «Bidea garailleei».

        Iriko bazter guzietatik gizalde ugaria mordoka dator.

        Ostotsak bezin txalo durunditsuak eguratsa eltzagorturik dute, ta, ero-eroan laisterkari gerri-bigun, oin-ariñari agur dagiote, atxintxitokian garaille izaki, purpur-soñekoz yantzita baidator, oliondo-orriz buruntza bekokian eta eskuetan ereñotz-abarra.

        Andik, erri xea Dionisi antzokira doa, nayen osiña beterik, ta, gogoa utsik, Eskil, Sopokel edo Euripide'ren antzerkia ikustera.

        Oraindik ere, atenaitarrok berriz esan dezakete Tukidibe'k ziona Atenai'ri buruz: «Emen ederrak bizitzea ospatzen du, ta, bekosko illuna argitzen. Ederra maite dute atenaitarrak, yakintza ere gogoko dute. Elade'ren ikastola dugu Atenai —ta lurbira osoarena eratxiki dezakegu—. Aren andigoak eztu Omer olerkaririk bear goraipatua izateko. Egun eta beti iraungo duten beraren oroitarriak ditugu aski. Geroa, guri begira, sor ta lor, arnasarik gabe txundioarren geldituko da».

        Alare, Atenai'ren gara-aldirik erosoena yoanik zan. Gainbera zioan: aren arpegi ederra zimurtzen asia zan. Zartzaro luzearen ondoren, illuren zan.

        Sartu zan eguzkiak lits gorria ezarri zun Imeto mendiaren islara.

        Amaxit bide zabala barna, Paul zetorrela Pireo'tik Atenai'ra, yainko ez ezagunei eskeñitako opamayak ikusten zitun or-an-emenka.

        Ta bide ori igarota, Atenai barnera sartu zanean, eidol-saillez inguratuta bere burua ikusi zun: iduri zoragarri ta dirdaitsuak, benetan, aien ondakiñak ere ederrez lausotzen baikaitue oraindik.

        Eidolak beren etxean bezela ziran bertan, gentzatsu, garaille, baikor.

        Egunotan errexa da Elade'ko eskualdean ederra besterik ez ikustea, begiak Yainkoaren pakez argiturik izan ezkero, beintzat, yaureskeri dana bazterturik baitago.

        Egia esan: oarkabez bere baitan zeraman Yainkoaren argiari esker, iñongo eder-zelayean aurrera egin zun erri orrek, alare, benetako Yainko ziña ezagutzea etzun iritxi, ta ortan datza aurrerabide garayena.

        Orregatik irudi lilluragarri aiek eidol utsak dira Bidaliaren begietan, eta zierra baizik eztira: yainkoaizuna ezer ez da ludian (I Kor. VIII, 4), baña, bera yaurestean txerrenari eskeintzen zayo oparia, ez Yainkoari.

        Ori dala-ta, Sila ta Timote'ren zai Paul zegola, barnean gogoa suminduta eta erabat akituta zekarren, «sasi-yainkokoya iri osoa ikusirik» (16).

        Ango bideburu, zei ta yauretxeak irudi ikusgarriz yosita ageri ziran, alegia, eidolez.

        Atenai'z dio zin zuzen ere Pretonio'k:

        «Gure eskualdea yainkoz beterik dagota, yainkoaren bat upatzea errezago da, gizakume batxo baño».

        Pausani'k ta Tito Libi'k ere iritzi bera dute, Luka'k dakarren izenondoa egiztaturik.

        Sopokel eta Yosepu'ren ustez ere, Paul'en gardiz bezela, gizakumerik yaureskorrenak omen zenitun atenaitarrak.

        Aurrenik, oi zunez, sinagogara yo zun larunbatean, ango yudu ta yainkozaleak irabazteko. Nontsu zan sinagoga? Zenbatsu ziran yuduak? Eztakigu. Ez bide ziran kopurutsuak: alare, Bidaliaren esanetara etziran etorri, antza.

        Laister, Paul'en gogoa asmo batek artzi egin zun, pozaldi ta atsekabeen orantzak lez. Elade'ren egingoa agertu zitzayon: alegia, Yainkoa ezagutzera gogak eroatekoa.

        Aren yakintzak aleginka lerrenak egin baitzitun itsu-mutillaren billa, Yainkoagana yoateko.

        Bidaliaren ariurri maitagarriari esker, eta beraren izketa atsegiñaren apeukoz, zenbait entzule bereganatzen asi zan, «egun oro zeyean etorkiñekin izka zerausan» (17) eta.

        Bertan zei asko ziran, alare, berez Agora bakarra zan. Zei ori Akropoli, Musaion, Pnix ta Aregi muñoen tarteko zabalgunean zegon.

        Aren adaburua zan Estoa, yakintzale burutsuen biltokia.

        Bertan batzar ospetsuak izanak ziran, ta Demostene, Eskiñe ta Pokion'en abotsak durungi egin zuten.

        Sail nasiz gizabarrak Agora kunkuin beterik du. Aietako zenbait aukeratu ditu Paul'ek: Epikour ta Etoa'ko yakinbidez ikastun batzu izka darausate (18).

        Epikour'tarren iritziz gizakumeak etziran yainkoen mendeko: yainko oiek gizakume utsak zenitun. Aiengan gizakumeak beraren baitan da ederrena yauresten du. Eztira atze, aiengan nork bere onena baitu gurgarri.

        Yainko aiek beredin utsarte ditute dagoneko: elendarren biotzetako orban eta txaketenak aiengan ageri baitira islara.

        Arrezkero, yainkoak yauretsi bearrik ez da. Yainkoaren eskumakil latzaren beldurrik gabe, gero: gure goga eriok deusezten baitu. Ezilkor dala-ta, orrelakoak zakurren amets urdiñak dira.

        Estoa'ko Zenon'en ikasbideak kistarren erakutsiaz antzalde andiak zitun: gizakumea goretsi bai-zezaken aren ikastunak, bakoitza beraren yainko egin arte. Nork bere burua Yainkoagan murgildurik, yareitasuna erabat kentzen zuten. Nor da Estoa'ko ikastuna bezain orpoz dagonik be-aldeko ospe txatxo ta andizuren mengelei buruz?

        Epikour eta Estoa'ko ikastunen gardiz, Platon'en itxaropen ederrak garayegi ta urdiñegi zenitun: Aristotele'ren aztarrenak, ordea, ezertarako etziran onuragarri ta otzegiak ziran.

        Alare, Estoa'ren azal eta barnea Yainkoak nolarebait edertzen zun.

        «Urretxindorra ba nintz, urretxindorra bezela txorrotxioka aritzea litzake nire bizitzea: adimendun naizen ezkero, Yainkoari erestilloak zor dizkiot». Epiktet'ek poliki esana da, ta orixe duzu labur-zur Estoa-koen yakontzren muiña.

        Aiei Paul'ek Berri Onaren guna azaltzen die: alegia, Yesu ta Berpiztea. Onen itz bero ta bakanak sor ta lor arriturik zitun. Erdian artu zuten buru-belarriago entzuteko.

        «Zer esan ani dik itzontzi orrek?» zioten Epikour'tar alai ta alperrak siñesgogorrez.

        Estoa'ko ikastunak, ordea, zioten: «Yainko arrotzen aldarrikari zirudik». Ori zerasaten, Yesu ta Berpiztea iragartzen zizkielako» (18).

        Dirudinez, Zenon'en ikasleak obekiago ulertu zuten Paul'en azaldizuna. Oiek ere, baña, bi yainko aitatzen zitula Paul'ek uste zuten, antza: Yesu ta Anastasi (Berpizkundea).

        Bazituten atenaitarrak Garaikundeari, Erabideari, Lizunkeriari, e.a. eskeñitako yauretxeak. Izenaren aurrean mugaitza baitarabilte, Berpizkundea yainkotzat artu bide zuten, iñoren lepotik parre egiteko ere, ezpaitziran guziz aketsak.

        Dana dala, yakintzale aiek Paul oi ez bezelakotzat dute. Artaz diotena, lenago Anaxagora, Protagora ta batez ere Sokrate'ren aurka ziotena bera da: «Yainko arrotzen aldarrikari zirudik».

        Yainko berriak Atenai'n azaltzen zituna eriogarri zan, Laterriaren uzkurtza lardaskatzen bazun beintzat.

        «Beraz, eldu ziotela, Aregi'ra eraman zuten, esanaz: «Yakin ote dezakegu zein dan iragartzen duzun ikasbide berri ori?». Izan ere, bitxia da belarrietara dakarkiguzuna ta zer ote liteken yakingale gaituzu. Alabaña atenaitar guziek eta ango arrotzek ezertan ere ez ziarduten, berri zerbait esan-entzuten baizik» (19-21).

        Zer dala-ta, Aregi'ra Paul eraman zuten? Muño ixillagoa izanik, pakeanago ari entzuteko ote? ala, aren ikasbidea auzitara aztertzeko Atenai'ko ebazlerik zorrotzenak?

        Bi iritziok bere aldezleak ditute. Oraiñaldean, ordea, idazle geyentsuenak lenengoaren aldeko dira. Paul'en itzaldia Yainko ta yakintzarekiko azalkizun utsa baita, iñola ere ez epaillen aurrean izandako zuribidea.

        Orrezkero, zenbait entzulek Paul'en irakatsiak sakonago ezagutzea gogoko zuten: beraz, itzaldi luzeago bat eskatu zioten. Elaberri-zale itoak izanik, gizabidez ta itz xuriz Aregi'ra yoateko azaldu zioten.

        Etzien ezezkorik erantzun Paul'ek, ori Goteunari gogor egitea bai-litzan.

        Aregi ura bizkar goiti batean zan, eta ertzean ordoki bat zun arkaitz gorriz esirik. Bertatik iri osoa begien kilikagarri ageri zan.

        Paul Aregi erdian zutik zanean, aurrean, arru sakona zabaltzen zan: Aserre bizien yauretxe da: Eskil'aren Orestiade aipatuan toki bertantxe Erinnie'k Eumenide billakatzen dira.

        Sortzalderuntz begiratu ba'zun, an ikusiko zitun Propileoak Akropoli'ren sarrera, Partenon eta Erekteion begi-betegarriak: aren ezkerrera, Minerbe'ren borontzezko irudi eskerga zegon, Atenai'ren babeslea: eskubian, ego gabeko Garaikundearen yauretxea, atenaitarrak beti garaille zitezan: atzekaldean, Teseu'ren yauretxea ta aurrez-aurre aldabe, lorio, iduri, oroitarri, opamayak ta abar Aregi'ren edergarri.

        Ikuskizun ark begiak argiturik ta atsekabe miña gaintxurituz, Paul'ek zutik itzaldia esan zien: buruen buruko itzaldi onek orain ere biotz-zarrada egiten digu.

        «Atenaitarrok: Orotan dakust oso yaureskor zeratela. Zuen yaureskiñak ikusten ortik nenbillala, opamai bat upatu dut, ba, ta artan idazkun au: Yainko ez ezagunari.

        Or ba, ezaguteke yauresten duzuten ori iragartzen dizuet nik. Ludia ta bertan diranak oro egin ditun Yainkoa, ortzi-lurren Yauna izaki, ez da eskuz egindako yauretxeetan bizi, ezta giza eskutik, zerbait gabean bezela, ezertxo artu bearrean ere ez dago.

        Beraxe da, ba, guziei bizitza, arnasa ta dan dana damazkiena. Berak gizon batengandik gizaldi osoa egin du, lur osoan bizi dedin, nori bere aldi ta mugak bizirako erabakiaz. Ta guziek Yainkoaren billa aztamuka ibilli izan bear dite, guretako bakoitzarengandik urrun ez dagola ere. Beragan bizi, igi ta izan gera-ta, zuetako neurtizlari batzuk esan dutenez: «Beraren yatorri baikera».

        Beraz, Yainkoaren yatorri geran ezkero, ez dugu uste bear gizonek landu ta tankeratutako arri, urre edo zillarraren antzik yainkotasunak dula.

        Orain, berriz, Yainkoak alotzaldi au goitik ikusita, gizonei deyez datorkie, guziak edonun garbai izateko.

        Alabañan, artarako gizon bat auturik, gizadia ebazteko eguna erabaki du ta sinesbidea guziei emateko, gizon ori illartetik berpiztu du» (22-31).

        Itzaldi gorengo onek Paul eskukoya darakus. Elade'ko yakintzatik kistar izatera eltzeko txakoste edo zubito bat ikusi iduri zun.

        Ta Paul'en gogo barreneko armiarmak eladetarren ikaskaya atzeman, eta ari meak sortzen ditu, Elade'ko erriak oro, buruntza bikaiñez Yesu iltzatua edertu dezaten.

        Opamai baten idazkunak egokitu zion sarrera. Itzaldiaren lenengo atalean, izaki guzien Irazlea Yainkoa dala egiztatzen du, izaki guziotatik bereiz dagona ta izatez bikañagoa.

        Egi biribil ori Atenai'ko yakintzaleen eta erri xearen asmoen aurka zegon.

        Egia esan: kistar-ikasbidea Paul'ek azaltzean, entzuleak oro Kisto'ganatu nai ditu.

        Zoritxarrez, aren mamia ulertzeko ere etzeuden gaiturik.

        Berealakoan, Epikour'tarren irakatsia beretakotu ta Yainkoa giza-eskutik ezertxo artu bearrean ez dagola dio.

        Beraz, Paul'ek bere ikasbide osoa moztu ta saldu gabe, entzuleen zenbait esanera bere egiten ditu, ta esanerok Itun Zarreko ta Berri Oneko mamiz biztu, indartu ta gordintzen ditu.

        Bigarren atalean, berriz, Yainkoak gizadi osoa irazan dula ta guziek Yainkoaren billa ibilli izan bear dutela, guretako bakoitzarengandik urrun ez dagola-ta esaten du. Beragan bizi baikera, arri, urre edo zillarraren antzik yainkotasunak ez du.

        Gizakume guzien anaitzako ori Estoa'ko yakitunak ontzat zuten. Besteak oro ez, ordea. Orrela, elendarren abendarekiko arrokeria erabat eraso zun: beren abenda, Elade'ko lurralde bertan sortua uste baitzuten, eta beste erritikoak basati utsak omen ziran.

        Gero, Elade'ko izkera malgu, txanbelin, ximenez, Yainkoa ezagun ditekela, zearka bederen, aitatzen du. Paul'ek tximistaren argitara, odei-ertz berri ta zoarrak erakusten dizkie. Ta azkura aundiagoa emateko-edo, bertako neurtizlarien esanaz gatzatuta.

        Alegia, Arat, Keleant, Epimenide, Tengami, Orpeo ta Platon oroiterazten dizkigu aitatzen dun neurtitzak.

        Yuduei mintzatzen zitzayenean, Isrrael'eko oroigayak artzen zitun oiñarritzat Paul'ek, Kistoaren egia erakusteko. Berari bezin gogoko zitzazkiela baitzekin.

        Onelatsu-edo, ango yakintzale ta olerkariak onartutako gogayak gomutaratzen dizkie. Yuduek arbasoen ekanduak eder zituten bezela, elendarrek ere beren edertzale ta egizaleak maite zituten: ta ayen esanak entzuteko beintzat, itoa duzu Elade erria.

        Oyek, berebat, atsegiñez lagun egiten diote Bidaliari kistar-ikasbidearen atariraño, ta, urrundik, bederen, eskualde eldugaitzeko muño urdiñak ikustera-edo iritxi ziran.

        Orain arte esana, berriz, Paul'en iritziz, esatekoaren uztaya besterik etzan. Beraren Berri Ona ezbaitzan yakintza utsa, lurbira osoaren gaizkabidea baizik, Yesukisto, Yainkoaren Semearen eriotzaz irabazia.

        Buruenik, entzuleak buru-belarri ta ixil ikustean, azken urratsa ematea erabaki zun: arean, Yesukisto'tzaz itz egitea.

        Irugarren atal ontan, gizaldi osoaren atzea bi alditan erdibitzen du: alotzaldia ta yakintzaldia, alegia.

        Auxe dagokio yakintzaldiari: nork bere burua garbaiz ta damuz atondu bearra, Epaille Nagusiaren zai egoteko, gizon ori gizadia ebazteko autua baita.

        Yesu'ri gizona soilki dio, Yainko-Gizona esan ezkero, beren yainkotzakoak bezelekoa dala uste izango dutelakoan baitago.

        Alare, ura kemena ta irardausia. Orduko yakintzale buru-arroen aurrean, Partenon eta beste yauretxe pitxiak ikusterrean izanik, Atenai'ren garaldirik urrezkoena alotzaldia dala, argi ta garbi baitio; ta ayen ospe utsala lur-yorik illaundu, errautsetan belaunikatu ta garbia izan bear dutela, Yainkoa ezagutzerik eztutela izan-eta.

        Orrelakorik entzun al zezaketen atenaitarrak buruei eragin bage? Aldarte ona idurikatuz, illen berpiztea entzun orduko, batzu ixeka asi ziran: bestetzuk, berriz, zioten: «Beste batean orretzaz dantzuizukegu» (32).

        Eladetarrek ere, Erakel eta Adoni berpiztu zirala esaten zuten: yakintunen gardiz, ordea, ipui utsak ziran. Beraz, oyen iritziz, illen berpiztea ta azken ebaztaldia ezinkizunak zenitun.

        Itzaldia luzatzea galgarria izango zala igarri zion Paul'ek, eta bertan bera eten zun.

        «Orrela Paul'ek ayengandik alde gin zun. Gizon batzuk, berari atxiki ta siñetsi zuten, berebat Damari zeritzan andreak eta beste batzuk ayekin» (33-34).

        Alare, eguzkia bezin ukatu eziña dugu, Paul'ek porrot egin zuna Atenai'n. Zer da, ba, bertan bildutako exkute ikol eta zizpilla, ordurarte non-nai yaso zitun bala aletsu mardulen aldean?

        Pisidi'ko Antiokei'n «yudu ta eraskin zintzoetako asko yarrai zitzazkien» (XIII, 42); Ikoni'n «yudu ta elendar askok siñetsi zuten» (XIV, 1); Derbe'n ikasle berri asko egin ziran (XIV, 21); Tesalonike'n «yainkozale eta elendarretako ainitzek ta baita andere nagusietan ez gutxik» (XVII, 4); Beroi'n yudu «ainitzek ere siñetsi zuten; baita elendarretako andre nagusi ta gizon ez gutxik» (XVII, 12).

        Atenai'n, berriz, gizon batzuk eta Damari andrea.

        Ango izlari ta yakintzale sail arranditsuek Bidaliari entzun eta, irri xuriz agur egin diote.

        Gertaera orren iruzkiña Paul'ek berak idatzi zun, oi ez bezin gogor: «Gurutz itza, galtzen diranentzat tentelkeria da, ba; guretzat berriz, yaregiten geranontzat, Yainkoaren indarra da. Idatzirik baitago: Yakintsuen yakintza itzaliko dut, eta zurren zurtasuna utsalduko dut. Yuduak alatz eske dabiltza: elendarrak, yakite eske; guk berriz, Kisto gurutzatua aldarrikatzen dugu, yuduentzat tupustarri, elendarrentzat tentelkeri, deituentzat ordea, yudu elendarrentzat, Yainkoaren indar ta yakintza dan Kisto. Yainkoaren tentelkeria lirudikena, gizayakintza baño bikañagoa dalako; ta Yainkoaren makaltasuna lirudikena, giza-indarra baño azkarragoa» (Ikor. 1, 18-25).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.