Epailla-Yorrailla. 3 eta 4'garren Zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Epailla-Yorrailla. 3 eta 4'garren Zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Idazti Deunak—

 

Bazko-Eguna

 

Monzon-Olaso'neko Telespor (Otea)

 

Eguberri-Gaba baño gau goxoagorik ezpada, bai ote Bazko-Eguna baño egun alaiagorik? Ura oro elur, au dena eguzki; ura etxe-barneko jai, ta au udaberri-pesta. Bañan... Eguberritako sutondoaren txinpartak bezin eder zaizkigu Bazko-Eguneko txori-kantak ere.

        Atzaparkatu zak ire barne ori, ene lagun: Eguberri-Gau ta Bazko-Egun inguruetan atzemanen dituk ire aurtzaro ta gaztaroko gomuta ederrenak, garbienak.

        Eguberri-Gau ta Bazko-Egunez, beste era batera-barneagotik nik uste-gizonak egiten irri.

        Erriarengandik, erri jatorrarengandik urrun ezpaitu ene gogoak ez giro ez egizko atsegin artzerik, erriarekin batera ta aren ondoan nai izaten ditugu Pesta-Buruak batezere igaro: Ostirale Sainduz eliza illunean, oñaze ta damu-kantak erabil ondoren:

 

«Ortzirale sainduz, arratsalde erditan Hiltzen ari ziñen, hiru orenetan...»

 

* * *

 

        «Oi Gurutzea, oi Gurutzea Gurutze saindu maitea...»

 

* * *

 

        «Ah! Orhoit zaite, odola enetzat eman duzula...!»

 

* * *

 

        bai eder gero, erriarekin batera orduan ere, urrengo igandez abestu al izatea!

 

        «Aleluia! aleluia! Goiz huntan da Jauna piztu...»

 

* * *

        «Arropa xuri ederra, Jaun onaren ohoretan, jende onak jauntz dezagun, boskarioz Bazkoetan...»

        Ta elizatik irtenda —!ene Lapurdi maite!—  loreetan dagozen zugaitzeri begira, etxerat abia kantuz, eguerdiko arkume-ezperantzetan:

 

                Bazko-Egunez, Euskalerri'ko

                Sagastietan lorea...

                Baserritarrak errira datoz

                Lepoetan arkumea...

                Maitasunez lorea gaitez,

                Udaberriraturik barnea...

 

* * *

 

        Ekarri ditun ondorengoei begira jarrita ere, Jainko-Gizonaren Pizkundea dugu, ludiak ezagututako gertaera nagusietan nagusi. Geroztik ogei mende igaroak izan arren, kristau guziok urbilduko gera aurten ere Jaunaren illobiraño, biotzak dar-dar. Eta illobi ori utsik arkitzez, ta ereñegundik galdua genun Irakaslea gaur atzera piztua ikustez, Ikasleak artu zuten poz uraxe bera geuk ere artuko. Gizonaren bizi naiak ezpaitu emen, ludi ontan, asetzerik. Ta Jaunaren il ondoko Pizkundeak, guri ere agindua zaigunaren berri baitakarkigu.

        Orregatik abesten Lapurdi'ko elizetan:

 

                «Aleluia! Aleluia! Goiz huntan da Jauna piztu!

                Alelua! Aleluia! Soiñu! kantu...!»

 

        Goaz gu ere Bazko-Egunez, goizean goizik, Jaunaren illobiraño.

        Yuduen legez larunbatari zor zitzaion geldi egon bearra, illuntzearekin bukatzen. Igande goizez —dio Daniel Rops idazle aundi orrek— abia zitezken, beraz, emazteki sainduak atzera Jesu'ren illobiraño, ta ostirale illuntziz orren laister utzi bear izan zuten Gorputz maite aren ardura artu.

        Zer zebiltzaten ordea, ta nun zegozen gordeta artean, Jesu'ren Ikasle izanak? Nagusia oratu dieten ezkero, ez dira iñun ager. Jon ezik —ura beintzat Gurutze ondoraño urbildu baitzan— beste denak zenituzten, izkutaturik-edo, beldurraren menpe. «Atsekabez negarretan» ageri dizkigu Mark Deunak. «Artzaya yoko dut eta saldoko ardiak sakabanatuko dira», baitzegoen idatzia. Emaztekiak orduan ere kementsuenak. Maitasun-indarra izan baita beti beldurraren menperatzallerik azkarrena.

        Emazteki saindu aiek, ostirale illuntziz, Jaunaren Gorputza illobian utzirik bear izan ziran etxeratu. «Ta etxera itzulirik, lurrin ta gantzukiak atondu zituten; larunbatean, ordea, geldi egon ziran aginduaren arauz». (Luk, XXIII, 56) Ta larunbata gauaz ere ez ziran etxetik irtetzen ausartu: Golgotha inguruetan ez gau-girorik. Baña igandearekin, goizean goiz, eguna urratzen asi orduko, atera ziran gure emaztekiak etxetik, Jesu'ren illobirako esperantzetan. Oi! Udaberri-goiz eder aren ederra! Ta ostiraleko oroitzapenetan, bidez-bide badoazela, bat-batez drumoiaren antzeko durrunda entzun dute, ta lurrak egin ikara.

        Nortzu ziran emazteki aiek? Mari Malen, bertze Mari Iakob'ena Salome, Jone... bospasei bat. Mari Malen ote zijoan aldapa-gora aurrena? Gaztea baitzan. Emazteki ederra. Batek baño geiagok erabillia. Zazpi deabru ateriak ziozkan Jaunak gorputzetik. Geroztik ez zan arentzat Jaunarenganako maitasun eder eta itxua baizik. (Baña deabruak aitatu ditugun ezkero, egin dezagun tarte bat. Ebaingeriak maiz aitatzen dituzte deabruak. Jaunak aterazi zitun zalapartaka zenbat gorputzetatik. Ikasleei ere eman zien beste ainbeste egiteko indarra. Gaur ordea, gure iritar eta kaletarrok —eliza-zulo utsak izan arren— ez dituzte deabru-kontu oriek... egi-egitan artzen. Antxiñako kontutzat dituzte. Gure baserritarrentzat berriz, ez dira Ebaingerietako deabru-erranak xaartu. Galdegiozu te gure don Txomin errikoari, Donibane inguruetako zenbat baserrietara joan bear izaten da gaur ere, deabrukeriaren, indar-mende ote-dagozen gizaki abere, ikullu, landa, bide-ertze edo etxe-bazterrak gaizkiñez garbitzera. Kalekeriz beteak gaudenok ez diogu, ordea, gure Erriari usaiñik artzen ere. Moskou'tik Washington baño urrutiago duzute gaur ere, Miarritze'gandik Arbona'ko baserritar bat. Oñez ordu erdiz egin diteken baña, egiten ez dugun bidea) Igesaldia barka, ta itzul gaitez gure bidera geu ere.

        Emazteki sainduak, ibillian doazela: «Illobi atetik arria nork irauliko digu?» (Mark, XVI, 1-3) ari dira elkarri galde. Paper zaarrak diotenez, arri ari ikara eragiteko, ogei gizon ere ez omen ziran gauza-ta.

        Eldu dirala... zabalik atzeman dute illobia «Ta arria illobitik iraulia atzeman zuten; ta barnera sarturik, ez zuten Jesu Yaunaren soña idoro» (Luk, XXIV, 2-3). Zer zan gertatuta. «...lurrikara aundia sortuz, Yaunaren aingerua Zerutik yatxi zan, ta araturik, arkaitza irauli zun, ta aren gañean eseri zan. Aren aurpegiak tximista zirudin, ta aren soñekoa elurra bezain zuria zan. Yagoleak aren beldurrez larri-ikara ta ilda bezela gelditu ziran» (Mat. XXVIII, 2-4).

        Illobia zabalik eta utsik arkitzean, ikaratu ziran gure emaztekiak. Mari Malen, antxintxiketan, badoa Ikasleei berri ematera. Illobi ondoan gelditu dira besteak. Ta ara aiei zer gertatu: «...Keskatan zeudela, soñeko argitzuz jantzitako gizon bi aurkestu zitzaizkien. Emakumeak beldurrez ta burua lurreruntz makurtuta gelditu baitziran, bi ayek esan zieten: «zer ati zerate biziduna illartean billatzen? Ez dago emen: piztu da. Oroi zaitezte nola, oraindik Galilai'n zegola, itz egin zizuen esanaz: «Gizasemena gaiztoen eskuetara etorri, gurutzatua izan ta irugarren egunean piztu berra da» (Luk, XXIV, 4-7)

        Mari Malen'ek, artean, atzeman ditu ikasleak, eta ari zaie, pirpiran, berak ikusiak esaten. Eldu zaizkie, artan beste emaztekiak ere. Aiek aundiagoak dituzte esateko. Ikasleak, ordea, belarri-gor: emaztekien esana ez aisa siñestu nai: «ameskeritzat artu zuten, ta ez zieten siñetsi». Bañan... alare «Kepa yaiki ta illobira leyatu zan». Beste ikasle batek —Yon, Yesu'k maite zun arek— laguntzen du. «Antxintxika biak batera ziyoazan; baña beste ikasle ura, Kepa baño ariñago ibilki, aurrena eldu zan illobira». «...Zerrayon Simon Kepa ere eldu ta illobian sartu zan» (Yon, XX, 4, 6), Ematezkiek esandako guziak egi-egiak ziran. Ikasle bi aien, barne-ikaraz ito-bearra!! Pozak ere bete ditu: sinistearen abotsa baitzaie mintzo. Ta illobia bakarrik utzirik, «beretarrengana itzuli ziran».

        Illobia bakarrik utzirik, dut esana? Ez. Mari Malen gelditu baita an. Illobi ondoan. Egonean egon. Negarrez. Illobi artan utzia baitzun bere Jauna. Ta arek bere nai. Entzun orain, gizonak irakur dezaken gauzarik ederrenetakua: Yon zaigu mintzo; Aita Olabide dugu aren euskeratzalle:

 

        «Mari, ordea, illobi ondoan lekoretik zegon negarrez. Negar egitean, berriz, makurtu zan ta illobira begiratu zun. Ta Yesu'ren soña eortzita egon zan tokian bi aingeru soñeko zuriz yantzita ikusi zitun, bata buru aldean, bestea oin aldean eserita. Ayek dasayote: «Emakume, zergatik negarrok?»

        «Nere Jauna» dasaye «eraman dute ta non ipiñi duten ez dakit-eta». Au esandakoan atzeruntz begirata, Yesu ikusi zun zutik; Yesu zanik ez zekin, ordea.

        Mari'k baratzaya zalakoan, desayo: «Yauna, zuk eraman ba'duzu, esaidazu non ipiñi duzun, ta nik ba-daramaket».

        Yesu'k desayo: «Mari».

        Onek, itzuli ta eberkeraz esan zion: «Rabboni», edo berdin dana, Irakasle.

        Yesu'k dasayo: «Ez Ni ikutu; nere Aitarengana ez naiz oraindik igo-ta. Zoaz nere senideengana; ta esayezu: nere Aitarengana ta zuen Aitarengana, nere Yainkoarengana ta zuen Jainkoarengana igotzen naiz».

        Ta Mari Malen ikasleengana dator berri on au ekartzen: «Yauna ikusi dut, eta au esan dit».

 

        Gure egunetan, ez omen bizi-girorik ez omen alaitasunik. Askotan diot ene buruari galde egiña: nola ez ote gera geu, kristauok, gizonetan alaienak? Eta ene barneak erantzun ere: izenez, azalez, itxuraz besterik ezpaikera kristau. Bazko-Egunez, Aberri-Egunez, eskilak kantari asiak dirala, egingo diogu Jaunari otoi: «Alaitu gaitzazu, Jauna, atsekabean ere. Alaitu zazu, ludi osoarekin batera, «Gudari» en Erria ere: ezpaitzuten gazte aiek —odol ta gorrotozko itxasoetan igerika ibilli bear izan arren— maitasuna besterik ezagutu...!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.