Epailla-Yorrailla. 3-4 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Epailla-Yorrailla. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Ur bazterrean

 

Mirande'tar Jon

 

Ba daki urak, urtedun aintzi oentsuetan eta lats umeetan berdin, ba daki gizonari giz-elez itzegiten —bai itzemaiten ere... Eta mendi soildu aietatik apar zuritan datorkigun ugaitzeon, beti, atzo bezela gaur, biar gaur bezela, bere ibar loretsu ontatik iragaile, Mari Urraka bide da mintzo isolaren mintzoz, batean samur-samurra, emakume maitemindua antzo, bestean isaz ta isekaz, txarra: zeren yainko-emea bai'da.

        ...Ur bazterrean etzanik zatzan Jakes mutil gaztea. Urez ikusten zituen bekoki-begi-besoak ta urak ikusten zituen urruneratzen. Aren baranoan alai zeuden lili zuriak; alaiago lore gorriak, batik-bat atz-puntekin laztantzen zituelarik ego-aizeak; arto zirtoin luzeak alkarminaz ezagun ziran, eratsu ta lerden egondu arren —aizeak beroago eman arte beintzat... Orotan irriparrez zegoen Udaberria —Iakes'en lepotik parrez.

        Ugaitza, barriz, ez zenuten iñakaz egun artan; ezti; eztiki zarasan eta Iakes'ek, ai! entzuten zuen yainkosa aldakorrak ur-soinuz esaten, birresaten. «ator enekin... ator enekin...»

        Baita mutilaren gogoa erantzuki:

        «Sorgina, Ama, deitzen zaitute yendeek, gaiztoa zerala otsez. Gaitza zer dan ez dakite. Nola, ba, baldin beren liburu, eskol eta tenpluetan onaren berri baizik ez ba'dute ikasten —gero yotzen, edo mintzen, edo iltzen dutenean, beti onaren onetan baidute egiten? Bestenaz dut nik ikasi.

        Anartean suskurtuz zirauan uinak: «ator enekin... ator enekin... ator enekin...» Bainan musker ziran artoak, ejer ziran lore gorri ta zuriak dantza lagunen zai dauden neskatilen antzez, eta ortze-goietan, txit epelik, txit epelik, Eguzki Gaztea... Yazartzen bai'ziran ainbat bedats-aldiari aitzi Iakes'en aragizko soina ta biotza oro. Ondikoz! gizon bat besteak bezelakoeki zenuten or, ugaitz-ertzean...

        Ezen, soa uretan galdurik zegoen ortan, biotz-begiai agertu zitzaion, arto-erraiñuen artetik ikara, ez Undina'ren Aurpegirik, gizalaba baten musu polit, ituna baizik; eta bere gizon-biotz zolan ezagun zuen mintzo —ez lamiña— bai ordea neskatx-abots, bat, ain ilunki, ain ilunki ain ilunki!

        Botz bat entzün düt charmantik

        Bard'arratsian ametse tarik

        Eztitarzünez betherik beit'zen...

        ...bainan oi! zein mingarri izan oi dira aorik eztienak ere, soilik entzuten eta ixiltzen dakienarentzat.

        ...Oixtion, auzo-erritik igarotzean, lagunekiko batzarleku zuen ostatuan sartu zan Jakes eta an, elestan ari zirala, norbaitek esan zuen: «Bihar ezkontzen da Etxeor'eneko Yoana...» Orduon, danek begiak eraiki eta Jakes'i begiratu. Alperrik onek ez zuen itzik iñardetsi - lagunok aldiz etziran begitarteetan irakurtzen dutenen ariako; yoaitera utzi zuten, ugaitz aldera yoaki.

        Biar ezkontzen da Etxeor'eneko Joana —ez Jakes'ekin atik. Ongi dago. Ez zuen berak orixe nai? Ez al zituen bere Lege Berriak aien lege-zar, ua-zar, zarkinak oro ezuztu? Beranduegi orain. Biar gauan, gau luze baterako, ezagutu duen gorputz otsan ori gizon-gorputz baten alboan etzango da —senar baten alboan— eta deusik deusek ez ditu geroenean bereiziko, ez Jakes'ek, ezta aren legeak ere —zeren ez bai'da bereizi bear Yaunak alkartu duenik.

        Saiatu zan Jakes inguruko arto-zirtoinak zenbatzen, bainan bata besteari muxuka ziarduten gelditu gabe.... Artu zuen lore gorri bat, lili zuri bat gero, biak belarki batez esegi, eta lore-sorta bikoitza ugaitzeko uretara egotzi, urek zeramatela so egonez, liluratua iduri, kantu-itzok oartzeko ezpainetan:

        Bard'arratsian ametsetarik

        Botz bat entzün düt...

·                Bart arratsean, erañegun, aurrenengo arratsean... amets bakar bat (amets utsa ote?), abots bakar bat, amai-ele latzak esaten zituena, bainan ain illunki! Eta berak ezin erantzun, bere aragi-arimek oiuka ziotena ezin entzuneraz:

        «Enetxoa, biotzik ez neukala uste zenuen... negar gaziak ixurtzen zenituen enegatik -ain emakume bai'zera, mintzatu gabeko itzentzako belarri gabea... Yakin ba'zenu! Neure biotza zan mila gaizkinen gudalanda, bainan maite zindudan maitez, zeure gorputzaren araindiraño ere; maiteago zindudan edonor baino; maitatu zaitut siñestunak Khristos maite duen baino areago; maitatu zaitut nola... tximistak maite duen urratzen duen lañoa: zuk ordea beldur-emaile nindaukazun!

        «Zintzoa omen zera. Zergatik, arren, ene izan zerade? Zertako negarrok, enetxoa, orain beste baten izan bear ba'duzu? Eta leial egongo zakizkio, ari, zintzoa beti... eginkizunak egiñaz... bizia autsirik, bainan zintzoa beti! Oi, nolaz ain txintxoa, nitzaz maitatu ori?

        «Parregarria... Gaur ni nauzu etorri, biotz gabe au, dei-egile doan ur-aundi ontara; parregarria, antza!

        Zutitu zan Jakes eta, aopetik, beste norbait aipu bai'lukean, esan zuen berriz ere «Biar ezkontzen da. Etxeor'eneko Yoana. Baita eztei aundiak izango dira: ba dukete zer yan ta zer edan ezteiliarrek; ba dute dantzatuko auzo yende gazteek; ezkon-andrea ordea itun-ituna, soineko zuriaren gatik»

        Orduon, mutilak sakonkiago so egin zion ugaitzeko urari. Urkusi zituen, irkaitz batekin, aldamenean ziran lore politak ta arto muskerrak eta ibarraren bi aldetako muño argiak ere...

        Eta ona non zuen ateman loreak zimeldurik zeudela, txut ta mutiri, muxu danak akiturik, arto-zirtoinak, eta gau ñabarrak iluntzen asi zituela muñoak —ta muñoetan sakabanatuta ziran etxe-arbelegaztiñak. Eta gogoari mintzatu zitzaizkion loreok, itz-zurretan (bai garratz zala loreen philosophia).

        «Oro ilkizun dira, polit ta ezti diranak oro: nesken irriak, aurtxoen irriak, arbel-egaztin-peko zoriontxoak, gizon-emakumeen alkarmaitatzea —eta gu ere, zoritxarrez... Eroa! ez zenuen orren betillun izaterik gure gezurrezko pozaldiari behatuz, oixtion, ezta orrelako ametsak biotzean eukitzerik, oi, eroen eroa!»

        Mintzatu zitzaion ugaitza ere eta Jakes'ek ulertzenago zuen, aldi ontan zer zerasan azti zarrak, ezen aren abotsa ozena zan eguzki epelarenak, dantzarazten duen ego-aizearenak ta udaberri guziarenak bainoago. Ona zer zion:

        «Oro ilkizun dituk: iragankorrik baizik ez duk iraunkor. Eni begira, nola lore zuri-gorriak, arto muskerrok eta, noizik bein, urbiltzenegi zaitan gizakumeren bat eroaten ditudan, ezdeuzeratzen... Sorgina nauk baiki, Zori-egilea, indarzale ta indardunen zale, ilkizunen ilgarri: polit danak, ezti guziak, makalak oro puskatzen ditiat, beren zorakeri ta zintzokeriekin batera. Zuzen duk ori —naiz geinek ez ezagutu zuzen dela nire zuzengabea, eder nire oldarra... Ezagut nazak!

        Ur-bazterretik aldegin zuenean Jakes'ek, arima mukurru zaukan azalli berriz bete. Zail sendi zituen zainak, gogor gogoa, eta gudalanda izandako biotza baketu zan azkenekoz. Onela igaro zan auzoerrian: burgoi eta zangar.

 

Paris'en 8-4-51

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.