Epailla-Yorrailla. 3-4 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Epailla-Yorrailla. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Ixiltze

(Alegia)

 

E.A. Poe

 

euskaratzailea:

Mirande'tar Yon

 

Mirande'tar Yon'ek ingeletik euskeraldua. 25-3-51

 

«Niri entzun», Gaizkinak esan zuen, eskua nire buru-gainean yarriz. «Aipu dudan lurraldea Libia'ko lurralde goibel bat da, Zaire ibaiaren bazterretan. Eta or ez da bakerik, eztare ixiltzerik.

        «Ba dute margo laru, eritsu bat ibaiko urek; eta ez dariote aurrera, itxasorantz, baizik beti ta betiko-ikara eguzki-begi gorriaren pean daude izkanbilka ta kordoka mugituz. Mila askotan ibai-oe liozunaren bi aldeetarik ba da ur-lili larrizko eremu zurbil bat. Alkarri asperenka ari dira bakartegion, lepo zingil latzak zerurantz luzatuz eta buru betiraunkorrak eskubi-ezker kulunkatuz. Ba dator ere aien artetik surmur ezagugaitz bat urpeko ur baten oldarra iduri. Eta alkarri asperenka ari dira.

        «Aien yaurerriak bere muga ordea ba du-baso altsu, beldurgarri ilunak egiten duen muga. Or, Hebride'en aldean uinak antzo, oianpe apala igitzen da tai-gabe. Bainan aizerik ez da zeruan gaindi. Eta lenagoko zugaitz lerdenek ara-oneraka zalantzan irauten dute irringaz ta zaratatsu. Tontor gorek izurtzen ditute, bederazka, intz betiraunkor batzu. Sustraietan berriz edendun lore arrotzak biurturik dautza lo-asman. Eta gainaldetik, karrask-erots ozen batekin, oldarrean doaz odei arreak satalderuntz betiko, ostertzorma goritik bera, yauzkan, biribilkatzeraino. Bainan aizerik ez da zeruan gaindi. Eta Zaire ibaiaren bazterretan ez da bakerik eztare ixiltzerik.

        «Gaua zan, ta euria ari; erortzean, aldiz, euri zenuen, bainan, erori-ta, odol zenuen. Ba nengoen zingiran zutik lore lerdenen artean, ta euria buru-gainera erortzen zitzaidan eta loreak alkarri asperenka ari ziran beren soiltasun gurenenan.

        « Eta bat-batean, laño latz xearen artetik yaiki zan ilargia, gorbeltz kolorez. Eta nire begiek arkaitz urdinarre larri bat idoro zuten, ibai bazterran zegoena, ilargiteak argiturik. Arkaitza urdinarre, latz, ta gora zegoena, arkaitza urdinarri zegoen. Aurrekaldean ba zituen izki batzu arrian idatzirik. Eta ur-lilien zingiran zear ibili nintzan, bazterreraino urbildu arte, arri gaineko izkiok irakur al nitzan. Bainan ezin irakur nitzaken. Zingirabarrura itzultzera nintzan, ilargiak gorriago argitu zuenean, eta inguratu nintzan berriz are begiratuz arkaitzari, ta izkiei; eta izkiak ziran SOILTASUN.

        «Begiak yaso nituen, eta ba'zegoen gizon bat arkaitz-erpinean; ezkutatu nintzan ur-lilien artean gizonak zer egiten zuen ikus al nezan. Lerden eta martzal zuen gizon arek itxura, soin-egitik oinetaraino. Erroma zarreko togan bildurik zenuen. Gizabetea ez zuen ondo nabari - arpegia ordea yainko batena zeukan; ezen gauaren yantziak, ta lañoaren ta ilargiaren, ta intzarenak, utzi zion begitartea estali gabean. Bekokia oldoztearen-oldoztez altsua zuen, nekeak zapuzturik begia, eta masaileko zimur bakanetan leitzen nion garbai, akidura ta gizadieren aldeko nazkaren berri, baita bakar izateko naikunde bat.

        «Eta gizona arkaitzaren gainean exerita zegoen, burua esku-artean, soiltasunari begira. So zegokion peko sasite urduri apalari, ta gaineko zugaitz lerdenai, eta gainagoko zeru zaratatsu ta ilargi gorbeltzai. Urbil-urbil nengoen loreen babespean etzanik, gizonak zer egiten zuen begira. Eta gizona, ikara zan bakartegian; bainan gaua bukatzera zan, ta arkaitz gainean exerita zegoen...

        «Eta gizonak soa itzuli zuen zerutikan, Zaire ibai goibelaren aldera, ur latz laruetara, ta ur-lilien elemenia zurbiletara. Eta gizonak ur-lilien asperenak entzuten zituen, baita aien artetik goiti zetorren surmurra. Urbil-urbil nengoen nire gordalekuan etzanik gizonak zer egiten zuen begira. Eta gizona ikara zan bakartegian; bainan gaua bukatzera zan eta arkaitz gainean exerita zegoen.

        «Orduan zingira-sakonetan ondatu nintzan, lilien eremua zear urgainetik urruneratuz, eta zingira-sakonetako loskoen artean bizi ziran ibai-zaldiai dei egin nien. Baita ibai-zaldiok nire deia entzun eta, etorri ziran, behemotharekin, arkaitz azpiraino, ilargiaren-pean orru beldurgarri zoliak egotziz. Urbil-urbil nengoen ni neure gordelekuan etzanik gizonak zer egiten zuen begira. Eta gizona ikara zan bakartegian; bainan gaua bukatzera zan, ta arkaitz gainean exerita zegoen.

        «Orduan madarikatu nituen lengaiak izkanbil-madarikuz; eta izugarrizko ekaitza bildu zan zeruan aizerik, lenago, izan ez zan tokian. Zerua ubeldu zan ekaitzaren ariaz - euriak zafratu zuen gizonaren berun-ugoldeak yatsi ziran - ibaia apar oro yarri zan - ur-liliak txistuz zeuden beuren oeetan - basoa errautsi zan aizearen aurrean - ostotsa aritu zan zurrunbaz - tximistak yo zuen - eta arkaitza dardaratu zen bere biotzeraino. Urbil-urbil nengoen nire gordelekuan gizonak zer egiten zuen begira. Eta gizona ikara zan bakartegian; bainan gaua bukatzera zan, ta arkaitz gainean exerita zegoen.

        «Orduan aserratu nintzan ta madarikatu nituen, ibiltze-madarikuz, ibaia loreak, aizea, basoa, zerua, ostotsa, ta ur-lilien asperenak. Eta madarikatuak biurtu ziran, ta ixilak izan. Ilargia zerura koloka igotzetik gelditu zan - trumoia itzali zan - tximistak ez zuen yotzen - odeiak ekuru zeuden zibuka - urak galgan yarri ziran ta egon - zugaitzak dardaratzetik gelditu ziran - ur-liliek ez zuten geiago asperenik - eta ez zan oboro aien artetikako surmurrik entzuten, ezta ots-itzalik batere ezi-mugatuzko lekarotz zabalean gaindi. Orduan arri gaineko izkiei so egin nien, ta aldatuak zeuden; eta izkiak ziran IXILTZE.

        «Eta nire begiek gizonaren arpegia idoro zuten, zuria zan izuaren izuz. Bertan, burua eraiki zuen esku-artetik, ta zutik egon zan arkaitzgainean behatuz. Bainan mintzorik ez zan ezin-mugatuzko lekarotz zabalean gaindi, ta arri gaineko izkiak ziran IXILTZE. Eta gizona ikaratuzan, inguratu eta urrunera igestu, lasterka, nik ez bai nuen geiago ikusi».

        Ba da ipuin politik Magoen idaztietan —Magoen burni-azaldun idazti itunetan. Ba dira or, diot, edesti ederrak Zeruan, ta Lurraz, ta itxaso arroaz —baita itxaso, lur ta Zeru goiai agintzen zieten Lamiñetzaz. Ba zan ere yakintz asko Sybil'ek esandako esanetan; eta gauz uren, urenak entzun zituten aspaldion Dodona aldean ikaratzen ziran osto ilunek. Bainan, Allah bizi danaz, nire aldamenean ilobiko itzalpean exerita Gaizkinak yalki zidan alegia ori, oroetarik miresgarriena dela daukat! Eta bere edestiari amaia eman zionean Gaizkinak, ilobiko zulo barruan atzera erorita par-egin zuen. Nik ezin nuen Gaizkinarekin batean par-egin, ta madarikatu ninduen ezin nuelako par-egin. Baita ilobian betiereko bizi dan katamotza, ortik atera zan, ta Gaizkinaren oinetan etzan, eta arpegiari begira zegokion mugitu gabe.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.