Olerti
Itxasora dei
Olerki-liburu baten itzaurre bezela
Mitxelena
«Egun batez ari nintzelarik
sala batean bordatzen,
itxasotik aditu nuen
mariñel bat kantatzen,
mariñel bat kantatzen eta
bertso auek ematen»: (Erri-kanta)
Nausikiro zeruan kaioa egazka;
goi ta be, hur eta lur mendekotzat dauzka.
Aren labain ta ariñik doakit ontziska
urrun-miñez itxasoz arunzka ta arunzka.
Oskorri lor-eziñak dei dagit gozoro:
arako leiaz nai dut itxasoa igaro...
Askatasuna atsartuz nai bezin oparo,
biotz esi-gabeak ibillian giro!
Kantuz noa itxas-zear urruntzen, urruntzen...
O bai «Libertadea zoinen ederra den!»
Kantuz noa, arraun ta amets erabat egiten
Ontziskaren aurretik betire Irudimen.
Legorrean dagonak egonean tinko
eztaki itxastarraren zoria nolako.
Ez ninduke bestela errukarri joko.
Ez nago iñorenakin bizitza aldatzeko!
Iñork gogo ba'leza bizi gezalean,
sar dedilla txalupan nerekin batean.
Poz betea arki baietz emen urdiñean,
ugiñak lez urteak ontziz garaitzean!
Zori oberen baten atzetikan goazen,
biotz Eder-goseak non dezan atseden.
Lur ezaguna atzean utzi ezkutatzen;
Ugarte berriren bat aurki agerturen...
1940
|