Orrilla-Garagarrilla. 5-6 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Orrilla-Garagarrilla. 5-6 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Irakurlearen Txokoa—

 

Euskalzaleon batasuna

 

Amillaitz

 

Guatemala'ko aizeak artu ditugu Gipuzkoako txoko onetan, ta aize oiek osasungarriak ta poz-iturri izan zaizkigu. Euskeraz alajaña ta (nolako euskeraz!) Ameriketako urruti oietan. Maixuak batu zerate alderdi oietan, eta zuen zorionez, eskuak aske dizue euskal-azia zabaltzeko mundu zabalera.

        Guk zer esango? Amesak etzaizkigula atertu, ta zuen lanak susperraldi ederra eman diola gure biotz naigabetu auei. Gai oso sakonak darabilkizue zuen aldizkingi orretan, eta Euskera ondo aztertu ta ikasi dezuela, agertzen dezue zenbaki bakoitzean.

        Baña gure izkuntzak dituan eragozpen eta etsai ugariei arpegi emateko, euskaltzale guztiok bat egin bearra degu. Gutxi gera euskaldunok: gutxiago euskaltzaleok. Baña gure erabaki ta kemenari zorko zaio, gure izkuntzaren bizitza luzatzea edo aitzea. Goazen bada geran apurrok, alkarri besoak emanda gure alegiñean.

        Zuen aldizkingia lagunei emana det, eta orregatik ez ditut begien aurrean zuen lanak. Ala ere gogoan ditudan arazoei erantzun nai nieke nere idazkun onetan.

        Altube'tar Sebero'ri

        Aspaldiko arazoa ta ezpaia esnatu dezu. Euskal-idazleok gure itzkuntzari kalte egin diogulako eztabaida, alegia. Gai au ez al-degu len ere naikoa aztartua? Nik baietz uste det. Onuzkero gure arteko asarre ta aiko-maikoak alde batera lagatzea askoz obea izango degulakoan nago.

        Arazo ontan, nere iritziz, beste arazo guztietan gertai oi-dana gertatu zaigu. Lengo euskaldunak zabarregiak ziran beaien eskribiketan. Erriak zekizkien itzetan ere, erdal-itzetara jotzen zuten. Euskera beaz, zan baño ere urriago atzaltzen zuten.

        Zabarkeri ori ikusi genduanean, beste ertzera jo genduan euskal-idazleok. Zabarregitik estugira: garbitasun geiegira Euskera garbiegi orretan erria aztu zitzaigun: ta janari gogorregia eman genion gure erriari. Baña gure asmoa zuzena zan; eta gure izkuntza bide ortatik itotzera generamala konturatu giñanean, erdira etorri giñan.

        Euskera idazten urte asko daramazkigunok, askoz euskera errikoiago egiten degu gaurko idaz-lanetan. Oraindik euskera garbiegia darabilten oiek, euskera ikasi berriak oi-dira geienetan. Oraindik urte gutxi daramazkite lan ontan. Banaka batzuak kendu ezkero beaz, guztiok ontan tinko gaude: gure euskal-lana erriarentzat danean, erriak errez irakurtzekoa ta atsegiña bear duala izan.

Euskera garbiegia egiten joan zaizkigun urte oiek berriz, ez dira ailperrik joan. Bear-bearreko legea eraman du gure jardunak. Zabarregitik garbira, ta garbiegitik erdira etortzea urteak bear zituan; eta urte oiek igaro dira euskal-idazleontzat zorionean. Gu euskeraz idazten asi ezpagiña, oraindik epe oiek igarotzeko egongo ziran, ta gure izkuntza bitartean aultzen joango zan.

        Beti erderaz ari diran maxiatzale oiek bezela egin izan ba-gendu, oraindik gure Euskera maitea lotan eukiko genduan bere itomenean. Poztu gaitezen beaz, ta gaurtik aurrera alegin biziagoz gure euskal-lurra landu dezagun.

        Orixe'ri

        Zure idaz-lanak, beti Maixu-lanak ditugu. Orregatik arreta aundiz jarraitzen ditugu zure esanak. Donibane Lohitzune'en azkenegoz ikusi ziñudanetik, alditxoa da. Orduan zure Gramatika laburtutik, euskal-aditzaz eginda zenituan Begiztakariak, artu nituan.

        Donosti aldean Euskera erakusten ari diran zenbaitzuei erakutsiak dizkiet zure EUZKO GOGOA'ko lanak. Oien artean emakume bat oso saiatua ta aurreratua dezu, euskera erakusten. Alkarrekin egosi ditugun burutapenetatik zemait, esango dizkitzut.

        Zuk aditzetan alde au jartzen dezu: Aditz-yabean «k» duten aditzak, eta aditz-yabean «k» ez duten aditzak. Erderazko transitivo ta intransitivo ditugu oiek. Gure iritziz, beste bide bat degu ontan.

        Euskerak, erderak ez daraman bidea, artzen du aditz-lanean. Guretzat euskal aditzak betegai auek ditu: 1a) Galdekizuna (paciente) «Nor- Zer». 2a) Aditz-erroa, aditz bakoitzak berea.- 3a) Artzalea (recipiente) «Nori-Zeri» ta 4a) Aditz-Yabea (agente) «Nork-Zerk». Utzi ditzagun oraingoz galdekizuna askorena ala bakarrarena dan ta abar.

        Guretzat ortik ikusiko dezunez, intransitivo'en erderazko sujetoa, ez da aditz-yabea, galdekizuna baizik. Ta bi oietan euskerak berdin jokatzen du. Alde batetik, biak (galdekizun bezela) «k» rik ez dute azkenean. Txakurra dator-Aizeak euria dakar. Euskerarentzat bi oiek ez al-dira berdin? Beste aldetik, bi osagarri oiek, galdera berdiñari erantzuten diote:

 

                ¿Nor dator? —Txakurra.

                ¿Zer dakar? —Euria.

 

        Bigarrenean gauza dalako, ezin genezaken «nor» erabili. Txakurrarenean, «nor» galdetu bearrean, «zein» galdetzea egokiago zitekean bear ba. Baña «nor» eta «zer» batera doaz, dakizun bezela.

        Euskal-aditza arauetan sar nai zenduke. «Regular» egiteak azkura ematen dizu. Orretarako jartzen dizkiguzu: Niza, iza, diza...Naiz, aiz, da... ordez. «Gaitezen ordez, «giten» ta abar.

        Egiteko ontan, auxe bururatzen zaigu. Lenbizi, aldaketa oiek egiteko eskolak gure esku bear ginduzke. Ikastolarik gabe lan ortan astea, ailperrikako jarduna genduke. Ontan zu ere gurekin egongo zerala uste det.

        Baña eskolak gureganatuta ere, aldaketa oiek ongarri al-genituzke? Euskerak bide luzea egiña du: bide ortan bere egoitza bila du: aditza neurtu du. Neurri oiek, egia, ez dira beti arau-barruan egin: baña gaur horrela erabakita dauzkagu.

        Beste alde batetik gure erria euskeran gainbera ikusten degu. Euskerari aldaketarik sartzeke ere, ezin degu gure erria Euskal-zaletu. Aldaketa oiek sartu nairik aste ba-gera, ez-aldegu gure erria geiago aldenduko gure izkuntzan itz-egitetik?

        Erderaz ere, aldaketa oietan ez dira sartzen , naiz eta aditz araugeak «irregulares» asko izan. Iñori etzaio bururatu «Yo cabo» esan bear litzakela-ta, gramatika aldatzen astea. Guri ere ez al-litzaiguke kaltegarri bide ontatik ekitea?

        Euskera errikoia? Euskera garbia? Euskera mordolloa? Ba-degu ontan ere naikoa miztor. Euskera, erderaz aitatzen duten oiek, ederki jorratzen dituzu. Beti besteri au ta ori egin bear litzakela erakusten: ta beti erderaz. ¿Noiz aterako ote-digute kutxatik beaien euskera ezkutu ori?

        Euskera mordolloa, baztartua degu, ta ondo baztartua Jaunari eskerrak. Lurpean bego sekulako. Euskera mordolloa neretzat, joskera okerreko euskera da (sintaxis ura: Dirade itzak irakurtzen diranak... Gure sermolari zarren asiera orrela oi-zan). Aditza oker darabilen euskera ere, euskera mordolloan sar dezagun. Ken ori ere. Erriak darabiltzen itzak baztartu ta erderatiko itz aldrebesak artzea ere, euskera mordollo bedi. Auetan «Amoriua» maitasun ordez erabiltzea, ta abar. Zokora euskera burugabe ori.

        Euskera garbia, askotan ez da garbiegia dalako: gai zallak erabiltzen diralako baizik. Zuek EUZKO GOGOA'n erabiltzen dituzuen gai oiek, erderaz ere, ez lituzke adituko erriak. Zuen lanok beaz ikasientzat egiñak dituzue, ta ikasiak oietatik jasotzeko asko dute.

        Itz berri asko baño, itz zar aiztuak geiago darabilzkizue; ta ontan zuzen etzoaztenik, ezin esan ganezake. Euzkalerri guzian zabalduak diran itzak ere, gure artean ezagun-ezak izan arren, egoki argitaratzen dituzue. Zuen euskera garbiegia danik, ezin esan diteke.

        Baña Euskalerrian bizi geranok, eta gure erriak Euskera baztartzen daraman gainbera au ikusten gaudenok, beste bide batetik joko gendukela uste det. Oraindik gure izkuntza-zaletasuna ezin diogu gure erriari txertatu. Abertzale etxetan ere (Laburdi aldean berdin) guraso askok, ez dute alegiñik txikiena egin nai, beaien aurrak euskera gal ez dezaten.

        Ta gu geroago ta euskera ederrago egiten ari geran bitartean, Euskerak erri osoak galtzen ditu. Gure kezkarik aundiena ta larriena auxe da beaz. ¿Nola geldi genezaken gure izkuntzaren atzeraka au? Gure erriari Euskera lanetarako zaletasuna, ta euskerazko lanak irakurtzeko gogoa sarrarazi bear larria degu.

        Ta erriak gure lanak gogoz irakur ditzan, erriaren gogoko diran lanak ugari sortzea bezelakorik ez degu. Ikasientzako gaiak ere erabil ditzagun tarteka, baña erriari errez ta gozo zaizkionak askoz geiago sortu bear genituzke. Ta zuek ere, gure artean ba-zeundete, gure iritzikoak ziñaketela uste degu.

        ¿Ta gai auek zeintzuk dira? Txikientzat Aur-gaiak, ipui ta abar: ta azientzat, maitasun-gaiak, nobelak. Auek dira erri guzientzat, irakurtzeko egarria geien sortzen dutenak; ta gure erria ere ez da ontan beste erriak ez bezelakoa.

        Abestiak ere indar aundia dute ontan, baña ez dira naikoa. Abesti ta elerti, nobela ta antzerti, ipui ta marrazki: guztia bear degu burruka ontan nagusi ateratzeko.

        ¿Esan al-det naikoa? Gaurkoz baietz uste det. Gauden ba esanetan, eta urrenarte pake ta zorion.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.