|  
              
               
  
 
Olerti / Maite kantak 
 
  
 
Antoni ta Anton 
 
  
 
Etxaniz'tar Nemesi 
 
  
 
Antonek  ¡Antoni! Antoni! 
 
            Zure atean nago ni. 
 
Antonik  ¡Ai, anton! Ai, Anton! 
 
            ate-ondoan or konpon. 
 
  
 
        1 
 
       Antonek 
 
Ormatxoriak negu gorrian 
 
ez du atsegin elurra,  
 
zerua goibel, kabia otza,  
 
ta janari gabe lurra. 
 
¡Ai maite! nere biotzak duan  
 
zure otzaren bildurra! 
 
Biontzat kabi bat berotzeko  
 
bilduko nuke egurra. 
 
  
 
        2 
 
       Antonik 
 
Enarak ez du bein egindako  
 
kabirik iñoiz aldatzen,  
 
urtero beti kabi aretan  
 
umeak ditu bazkatzen. 
 
Baña zu, Anton, enara txarra 
 
zaitut neretzat billatzen: 
 
jai bakoitzean nexka berria 
 
ikusten zaitut maitatzen. 
 
  
 
        3 
 
       Antonek 
 
Txori gaxoak bere kabia  
 
galduta ba-du ikusten,  
 
biderik gabe arutz ta onutz 
 
kabitik du aldegiten. 
 
Egarri dagon nere biotza,  
 
zuk eman ezik edaten: 
 
berriro ere ibiliko da 
 
gogorik gabe nunbaiten. 
 
  
 
        4 
 
       Antonik 
 
Zure biotza egarri dala 
 
esan didazu bertsotan: 
 
neronek ere ikasia det  
 
arrazoi dezula ortan. 
 
Zu beti zabiltz edari billa, 
 
ikusi zaitut askotan: 
 
baña neurriz gain egarri ori  
 
itotzen dezu ardotan. 
 
  
 
Antonek  ¡Antoni! Antoni! 
 
            Kalabaza-zale ez naiz ni. 
 
Antonik  ¡Ai, Anton! Ai, Anton! 
 
             aize preskuari, gabon! 
 
  
 
              
              |