Elerti
Maita-bidea
Ibinagabeitia'tar Andima
Sarrera
Ovidius'ek «Ars Amatoria» deitu zion liburu oni, geroago, pixka bat aldatuxe, «Ars Amandi» ba'deritzaio ere. «Ars» itzarekin edozein ikasbide edo eginbide izenta oi da lateraz. Gizon yakintsu batek dionetik «itz onekin teknika-ikasbide oro izenta oi zan, ala nola gramatika, rhetorika eta abar. Izpiritu-arrai bear zukean liburu onen egileak aipatu yakintza elkor eta arautuetatik arau-gabe ta ixurkor dan gai ontara itz ori aldatzeko». (Cartault, «La Poesie Latine» Bornecque'k aipatua). Orati'k ere, olerkarien ikasbiderako idatzi zuen liburuari «Ars Poetica» deitu zion. Beaz, argi dago, «ars» euskerazko bide baizik ez dala. Ikasbide, ikasteko bidea bezelatsu, maita-bide, maitatzeko bidea duzute. Orregatik «Ars Amandi» «Maita-bidea» itzuli dugu. Ez dugu itz egokiagorik arkitu olerkariaren gogo-giroa euskeraz yazteko, ezta labur ta muintsuagorik ere.
Maita-bidea iru liburutan bakandua datorkigu. Lenbizikoan maita-gaia nun ta nola billa irakasten digu; bigarrenean, atzeman maitasunari nola eutsi, luzaro iraun dezan. Aitatu bi liburuetan gizonekin du solas. Irugarrenean emakumeentzat aolkuak dakazki gizonekin nola yardun ikas dezaten.
Begi-klixkan ikus diteke ordea, irugarren liburu au geigarri bat besterik ez dala. Olerkaria lanera yarri zanean beintzat gizonekiko beste asmorik ez zeukan, bere itzetatik ageri dan lez; irugarren liburu ori aipatu ere ez du egiten (I, 35-40 neurtitzak). Lendabizikoz, argitara ere bi aurrenekoak argitara zituen J-K. baino lau urtebete lenago. Geroago irugarrena geitu zion, J-K. ezkero urtebetegarrenean. Dirudinez emakume aunitz olerkariari eske zegozkion gizonen ikasbiderako idatziak bezalakoak beaientzat ere idazteko: Ala ageri da urrengo neurtitzetik: «Ecce rogant tenerae, sibi dem praecepta, puellae», «onatx nexka xamurrak ere aolku eske» (II-175).
Idazlan ontara yarri zanean Ovidius'ek berrogei urte ondo beteak zeuzkan. Orduko «Heroides» giz eta eme-urenen arteko idazkiak gaztearoko lana, «Amores», maitasunak, «Medicamina faciei» emakumeen apainbiderako, eta beste zenbait ere idatzita zeuzkan. Maita-bidea goragoko liburuetan ereindakoen laburpen eta antola-bidea esan diteke. Ezin uka diteke liburu onek aipatuen eite aundia duenik.
Bainan, gure au askoz ere ernegarri ta irakurgarriago duzute. Gaiak egokiago eratu ditu, izkera zintzoago darabilki, neurtitzak ere irudimen ta biotzondoz beteago. Iñor gutxik bezala; emakumeen gogo-giroa bulartzen du. Ageri du barnetik ezagutzen zuela emaztekien psykhologia.
Berez aspergarri ziteken gaia elezar, irudi, oitura eta batez ere arimak darizkion oar-ikasiz apaintzen du, pixkortasun ta bixitasunez bidenabar yantzirik. Ua baino lenago ere, latindar eta elendarretan, ikasbide antzera gai berezi banakak azaltzera oldartu ziran. Or duzute Tibul, Grezikoetara yo gabe, maita-bidearen antzeko zerbait idatzi zuena. Or Orati ere, ilburukoak nola atzeman irakasten. Alare aipatu idazleak baino garaiago agertzen zaigu Ovidius, bide ontan beintzat. Molde berriak sortu zituen arlo urratugabeak irauliz. Aien lanak oar-ikasiaren eztena palta dute, baitare gure idazlearen pintasun eta eskuikutu ariña ere.
Ez zegoen Ovidius ere aurretikoen eragin gabe, ez orixe. Olerkariak bere aurretikoak ez eze, bere garaikoak ere ondo ezagutzen zituen, naiz latindar naiz grezitar. Ikusi baino ez daukazute irugarren liburuan aipatzen duen olerkarien samalda. Idazle oro, nolarebait, aurretikoen zordun, eta Ovidius ere bai.
Ez duzu ordea urre olerkari onen lanetan ageri guztia. Ba'du itzalgunerik aski. Alexandriarren kutsu guziak ageri ditu. Poeta aiek, Alexandritarrak alegia, yakintza erakusminez beti ere dagerzkigu, eta garai artan loratu yakinbidez poesi lanak abailtzen ditute, astrologi eta batez ere mithologiz inguraturik. Aspergarri gerta oi zaio egungo irakurleari antzinako yainko ta gizurenen atergabeko kalaka. Orrexek lausotzen du, geienik, maita-bidea ere.
Alare nere itzul lana zintzoa izango ba'zan, ezin mithologikeriok aldebat utzi. Lanak izan ditut yainko eta gizandion izen ta eginak euskeraz gatzatzeko. Xede bat dut ortan ere; ori ere euskeraz egingarri dala sendotu. Yakiña, Ovidius'ek ez zuen guretzat idatzi. Bere garai-kideek ederki zezagutziten antzinako yainko ta yainkosen eginak, eta olerkariak usu, iraizean baizik ez ditu aiek aitatzen. Aski orduko irakurlearentzat; aitatzetik gertarira lazter alda zitezken aien adinak. Gaurko irakurlea berriz, mithologi gabe bizi zaigu, geienetan beintzat, eta ango izenak irakurtzerakoan kamus gelditzen da, olerkariak zer adirazi nai luken yakiteke. Beaz, gaurkoak ere nolarebait argitu bear, poemaren gunaz eta poetaren adieraz-naiaz yabetu ditezen. Oarrez apaindu dut liburu bakoitza. Taket artean ageri zenbakiak irakurlea bear luken azalpenera eramango du. Oarrok mithologi, geographi eta antzinako edestiari dagozkio. Alare argi bearrik asko geldi zaizkit liburu au ez geiegi gizentzearren.
Olerkariak laister ikusi zituen era ontako idazlan batek izan zitzaken ondoren kaltegarriak, eta bere burua zuritzera ere oldartu zan. Alperrik esango du liburu au andre ezkonduetaz ez dala ari. Alperrik geroago ere aitortuko du bere, «Tristia»n maita-bideaz mintzo dalarik, «zilegi ta aizu diran maitasunetaz baizik ez duela solas», ots, yarei ta aske diran gizon-emakumeen artekoetaz. Ezingo du bere burua iñola ere garbitu; naizta yainko ta yainkosen egiteak yarraibidetzat ezarri: «Ite per exemplum, genus o mortale, dearum», «emakume ilkorrak, yainkosen bidetik ibil zaitezte» (III-87).
Bide aiek naas ta lizunegi dira; olimputarrak lurtarrak baino likitsago. Yakina, egungo irakurleek ezin gentzake garai artako oiturak gaurko izarien mugartean ar Ovidius'en idazlanen amoralitatea norainokoa dan neurtzeko.
Plesis yaunak orratio «Poesie Latine»n zuurki maita-bideaz urrengo au dio: «ezin uka diteke, zenbait idaztune gordinxko kendu ezkero (barkakizun noski aintzinatean), liburu guztia esku garbiz, izkera egokiz eta literatur-yantzi apainez antolatua dagonik. Idazlea bere buruaren errespetuz ageri zaigu, ez noski gizon danez, olerkari danez baizik. Maite du bere eginbidea (olerkaritza alegia), eta maitasun onek loitegian sakonegi lerratzea eragozten dio».
Orduko agintaria, aldiz, August alegia laster yabetu zan liburu onek bere barnean zekartzin onda-bideetaz. Yakina da: «Maita-bidea» zala-ta Ovidius erbesteratu zuen J-K. ezkero 8'garren urtean, Pontus Euxinus zeritzan itsas-aldera, egun Itsaso Beltza. Antxen iraun zuen zenbait urtez, eta antxen bere «Tristia» Saminak idatzi ere zituen. Berriz Erromaratuta «Metamorphosis» eta beste neurtitz-liburu batzu ondu zituen, oro aipagarriak.
Maita-bideak izen ta edapen aundia iritxi zituen aintzinatean, olerkaria oraindik bizi zala. Idazti ontako neurtitzak nun-nai aitatzen ditute. Vesubi'k errautspean estali zuen Pompeia uriko ormazarretan ere, eskuz idatzita arkitu ditute ia bi milla urte geroago. Esan bearrik ez mendeerdian ere zabalgo aundia izan zuenik. Kodize ta larrutxetan idatzi zituten, osorik eta zatika, maita-bidearen liburuak. Kodize aiek garai artako komentu ospatsuetan idatziak izan ziran lekaideen eskuz. Gaur ere munduko izkera apain guzietara itzulita eskuz-esku dabilkigu Ovidius'en liburu eder au.
Nere itzul lanerako Henri Bornecque'k sendotu textua erabili dut batez ere. Ikusi ditut beste batzu ere, baina aipatu yaunarena egokiena irudi zait (Ovide. L'Art d' Aimer. Texte établi eta traduit par Henri Bornecque. Paris 1952). Idatz une illunak argitzeko izkera arrotzetara egin itzulpenak ere begipean izan ditut. Alare lanari alik ertsien atxiki natzaio.
Liburu onen euskerazko itzulpenik ez da gaurdaño egin. Beaz, ezin baliatu izan naiz neure aurretikoen lanetaz. Oztoporik arkitu dudala aitortu bear dut, bainan gure euskerak garbi aski erakutsi dit edonolako idazlanak bere soinekoz yazteko gai dala. Eta auxe, batik bat, nabarmendu nai izan dut nere itzulpenean. Norbaitek lan garbiago bati ekin bear niola erasoko dit. Erasoleak berak egin beza. Errex esaten da: au egin bear zenuen, beste ua obeto izango zan. Buru ederra asmo ederragoz gainezka duzutenok, zergatik ez zerate zeuok lanera yartzen? Ez neri esan beste zerbait egin bear nuenik, zeorrek egin ezazu.
|