L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Uztaila-Dagonila. 7-8 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Amontillado upela

 

Edgar Allan Poe

 

euskaratzailea:

Mirande'tar Jon

 

Fortunato'ren amaikatxo kalteginak al nuen obekien jasan nituen, bainan iraintzera ozartu zitzaitanean apenduko nintzala zin egin nuen. Zuek ene arimaren izaera ain ondo dazaguzutenok, ayer zerate ez nuela orratio meatxu bat ere atera. Azkenenkotz apenduko nintzan; ori zan bein-da-betiko erabakitako arazo bat-bein-da-betiko erabakitzeak berak, ordea, irrisku oro baztertzen zuen. Ez nuen zigortu bear, bakarrik, baizik ere neu damutzeke zigortu. Oker bat ez dago zuzendurik zuzentzalleak ordaindu bear ba'du. Zuzendu gaberik dago alaber apentzalleak ez ba'du irixten, bere burua zar apentzalle antzo nabarmeneraztera oker-egileari.

        Ulertu bear da ez niola Fortunato'ri, itzez ala egitez, ene nai ona zalatzan jartzeko biderik eman. Beti ere irripar egiten nion, lenago oi nuanez, eta ez zan oartu aren eriotz-opa gogoan nuela orain egiten.

        Makalalde bat zuekan Fortunato orrek bestaldez gizon begiragarri baita beldurgarria ere izanagatik. Arroputz zebillen ardo-ezagutzalle zalakoan. Italiarretan guti dira egizko ezagutzaleak. Geienetan, zaletuarena egiten dute abaguneari dagokiolako, Britaindar eta Austriar milloidunak atzipetzeko. Margo-ertian eta arri-bitxietan Fortunato, bere erritarrak iduri, sasi-jakintsua zenuten; ardo zarretan zinezkoa, berriz. Ortan ez nintzan aren gandik urrun ibiltzen: nerau oentsua nintzan Italia'ko ardoetan eta nasaiki erosten nuen al nuen guzian.

        Illunabar-aldera zan, Iñauteri-zoroaldi zoroeneko arrats batean, ene adiskidea arkitu nuelarik. Su eta gar urbildu zitzaidan, oparo edan bai-zuen. Nabar jantzirik zebillen. Soñeko ertsi, laukitu bat zekarren eta buruan, adar-itxurako txapel girgildun bat (zuen). Ainbat atsegin izan nuen ikustez non uste bai-nuen bein ere ez nintzala geldituko; aren eskua estutzetik.

        Esan nion: «Fortunato maite ori, zorionez ikusten zaitut. Zer arpegi ederra duzun gaur. Bainan ardo-upel bat artu dut, Amontillado dala omen, eta ezbaian nago».

        «Nola?» egin zuen, «Amontillado? Upel bat? Ezin leike! Eta Iñauteri erdian!»

        «Ezbaian nago» erantzun nuen; «eta alako ergela izan naiz Amontilladoaren salneurri osoan ordaintzeko zure iritzia artu gabe. Ezin aurki zindezakedan eta beldur nintzan merkatu on bat gal.»

        «Amontillado!»

        «Ezbaian nago!»

        «Amontillado!»

        «Eta jakin bear dut segurki.»

        «Amontillado!»

        «Egiteko ba duzunaz geroz, Luchresi gana ba'noa. Norbaitek zerbait ba'daki, ura da. Esango dit...»

        «Luchresi'k ez daki Amontilladoa Sherry-ardotik bereizten.»

        «Eta alaz ere, zoro batzuek daukate aren gozamena zurearen bete dala...»

        «Zatoz, goazen...»

        «Nora?»

        «Zure sotora.»

        «Ez, adiskide; ez naiz zure ondasunaz baliatu nai. Egiteko ba'duzula ikusten dut. Luchresi...»

        «Ez dut egitekorik; —zatoz.»

        «Ez adiskide. Ez egitekoaren gatik, bai ordea ezagun zaizun marranta gaitzaren gatik. Sotoa ezinago eze da. Gezalez ianik ditu ormak.»

        «Goazen, alaz'ta guziz ere. Marranta ez da ezer ere. Amontillado! Atzipetu zaituzte. Luchresi'k, berriz, ez daki Sherry-ardoa Amontillado'tik ezagutzen.»

        Orrela mintzo zalarik ene besoaz jabetu zan Fortunato. Nik, zeda beltzezko zomorro bat arpegian jarri eta roquelaure (1) batez soña estuki jantzirik, utzi nuen neure jauregira arin eroan nindezan.

        Miraberik ez zegon etxean; aldegiten zuten jaialdiaren goratzarrez poz artzeko. Esan nien ez nintzala biamon goiza baño len sartuko eta agindu zeatzak egin nizkien etxetik ez mugitzeko. Ba'nekin aginduok aski zitutela dan-danak bereala ayen-erazteko, nik aztala inguratu orduko.

        Bi zuzi artu nituen argi-mutilletatik, eta bata Fortunato'ri emanik, otseman nuen, gela asko zear, sotorako arku-bide bateraino. Zurgu-biribil batetik jatsi nintzan, arduraz ibiliz jarraitzeko lagunari eskatu ondoren. Azkenekotz bukamailera eldu eta alkarrekin gelditu giñan Montresor'tarren eorztegiko lur eze gainean,.

        Ene adiskidea zibuka-zabuka zebillen, txapeleko girgillak diridatuz.

        «Upela!» galdegin zuen.

        «Urrunago da, bainan ikus itzazu sare zuriok leike-orma oietan dir-dir.»

        Eni buruz inguratu zan eta bere mozkor-begi lausoak landatu zizkidan.

        «Gezala?» galdetu zuen azkenean.

        «Gezala, bai! Noiztik duzu estulka ori?»

        «Ugh! ugh! ugh! - ugh'! ujh! ugh! - Ugh! ugh! ugh! - ugh! ugh! ugh! - Ugh! ugh'! ugh!

        Ene lagun gaizoa luzaro egon zan iñardetsi al izan gabe.

        «Ezer ez da,» esan zuen azkenekotz.

        Nik erabakiro: «Zatoz, itzuliko gera; balios da zure osasuna. Aberats eta begiratua zera, miresten zaituzte, eta maite; zoriontsu zera, ni lenago nintzan bezala. Utsune andia utziko zenuke. Enetzako ez du garrantzirik. Itzuliko gera; eri zindezke bestela; ez naiz zeure osasunaren berme izaten al. Gaiñera, ba da Luchresi...»

        «Aski! Eztula ezdeuskeri bat da; ez nau ilko. Ez naiz estul baten gatik ilko.»

        «Egia, egia, eta benetan, ez zindudan, bearrik gabe asaldatu gai, bainan ardura oro eman bear dugu. Tanta batek Medoc ontatik zainduko gaitu ezetasunetik.»

        Bonbillak lerroka ba'zetzaten auts gainean. Bat atera nuen bere kideen artetik eta lepoa autsi nion.

        «Edazu» esan nion Fortunato'ri, ardoa eskainiz.

        Espainetara jaso zuen irripar zabal batekin. Geldi egon zan eta agur nabasi bat egin zidan girgillek din-dan zegitelarik.

        «Gure baranoan, datzaten lurperatuai edaten dut» esan zuen.

        «Eta nik zure bizi luzeari».

        Besotik eldu zitzaitan ostera eta aitzinago joan giñan.

        «Zabal da arpe au» esan zuen.

        «Azkasi andi eta joria ziran Montresor'tarrak», erantzun nion.

        «Zure ikurdia aztu dut».

        «Giza-oin larri bat, zola urdin batean; oñak lertzen du urrezko suge narraztari bat; onen ortzek aztala ausikitzen diote.»

        «Eta ikur-itza?»

        «Nemo me impune lacessit.» Iñork ez nau damurik gabe jotzen.

        «Ederki!»

        Ardoak izarniatzen zizkion begiak eta girgillak dindatzen zuten. Ene gogoa ere berotu zan, Medoc'aren eragitez. Ezurtza metatuzko orma luze, upa eta upelez aldizkatuak, iragan genituen eta eorztegi ondora elduak giñan. Ekuratu giñan berriz eta aldi ontan ausartu nintzan Fortunato'ri besotik eltzera.

        «Gezala!» esan nion; «ikusazu, gero ta geiagotzen... Goroldiaren ariora, zibuka dago gainaldetik. Ibai-oearen azpian gaude. Iro-itoiak darizkie ezurrei. Zatoz, itzuliko gera beranduegi izan gabe. Zure estula...»

        «Ezer ez da! Goazen aurrera. Bainan lenik, beste tanta bat Medoc ortatik.»

        De Grave bonbil bat autsi eta eskaini nion. Arnasa artu gabe ustu zuen. Begiak sutan zituen. Parrez asi zan eta bonbilla goiti aurdiki zuen ulertu ez nuen ayeru bat egiñaz.

        Griñaturik begiratu nion. Berregin zuen ayeru oyes ura.

        «Ez duzu ulertzen?» esan zidan.

        «Nik, ez» iñardetsi nion.

        «Beraz ez zera anaidikoa».

        «Nola?»

        «Ez zera arginetakoa».

        «Baita», esan nuen, «Baita».

        «Zu? Ezin leike! Argina?»

        «Argina, bai!

        «Ikur bat, ikur bat.»

        «Auxe», erantzun nuen, paleta bat Roquelaure-petik agertuz.

        «Txantxetan ari zera!» egin zuen, urrats batzu atzeraka emanik.

        «Bainan goazen aurrera zure Amontillado'ra.»

        «Ala biz», esan nuen tresna soinekoaren pean atzera jarriz eta berriz ere besoa lagunari eskainiz. Aztunki eutsi zion. Bideari jarraitu genion Amontillado-zun. Arku-bide apal eta luze batetik igaro, jatsi, aurrerago joan eta artzara jatsi giñan, azkenean leize sakon batera eltzeko; an, aize ustela zala bide, gure zuziak illauntzen ziran argi andirik eman gabe.

        Leizearen ondo-ondoan, beste estuago bat ageri zan. Onen ormak giza-ondakin, metatuz erpiraino tolestuak izan ziran Paris'ko katakumba andietan bezelaxe. Leize-barne onen iru alde oraindik apaindurik zeuden era ortan. Laugarrenean ezurrak lurreraturik izan ziran eta ortxe zetzaten nas-mas multxo batean. Ezurren lekutzeak orrela biluzitako ormaren barruan, oramdik beste leze edo zulo barneago bat nabaritu genuen, metra bat et'erdi... edo sakon, metra bat zabal, ia bi metra gora. Ba zirudin berezko jomugarik gabe eginik izan zala: eratzen zuen, nola-ere-bait bi egazti-zurkaitz larriren bitarteak eta ingurutako orma gotorretako batek egiten zion atzekaldea.

        Alperrik zan Fortunato, zuzi argala jasoaz, zulo barnea aztertzen alegindu. Argi goibelak ez zigun almenik ematen ondoa ikusteko.

        «Aurrera», esan, nion, «ementxe da Amontilladoa. Luchresi, berriz...»

        «Ez-jakin bat da!,» ene adiskideak itza moztu ziran eta bizpairu urrats eman zitun aitzina, okerkatuz, nik urran narraikiola. Bereala ondoa iritxi zuen eta ikusiz arkaitzak aurreragotzea eragozten ziola, egon zan or, geldi eta zozo. Aurki arkaitzari esegi nuen. Arri-gainaldean ba ziran bi burni-mako, besad'erdi bat-edo bien artean, zearka. Batetik kate labur bat zintzilik zegon, besterik morroil bat. Aren gerri-inguruan katea jaurti eta estekatzea, berealako lana izan nuen. Arrituegi zan gogor egiteko. Giltza kendu ondoan zulotik kanpo aldegin nuen.

        «Eskua orma-gainean igaro zazu,» esan nion, «ez esan ez duzula gezala senditzen,. Eze Ezea da, benetan. Berriz ere otoitz egiten dizut itzul zaiten. Ez? Orduan utzi bear zaitut, utzi. Bainan lenik, artatu bear zaitut al bezeinbatean.»

        «Amontilladoa!» oiu egin zuen ene adiskideak arriduratik oraindik ez bere-baitaratua.

        «Egia», iñardetsi nuen; «Amontilladoa.»

        Itzok esan, eta ekin nion lenago aipatu dudan ezur-moltxoari. Ezurrak barreiaturik, laster agertu nuen gisu eta arri-pilla bat. Ekai oiekin eta palotea lagun, azkar asi nintzan leize-sargua arresitzen.

        Lenengo arri-lerroa doi-doi eraikirik nuen idoro nuenean Fortunato'ren mozkorraldi andiena iraganik zala. Oien agergarri lena izan nuen leize barnetiko auen-oiu luto bat. Ez zan gizon mozkor baten oiua. Gero ixilaldi luze eta sakon bat izan zan. Bigarren, eta irugarren, eta laugarren lerroak eraiki nituen; eta orduan entzun katea indarka dardara. Otsak apur bat iraun zuen; bitartean, laketago izan zakidan entzutea, ene lanak utzi nituen eta ezurren gainean eseri nintzan. Kate-dardara azkenean ixildu zalarik, paloteari lotu nintzaion ostera eta etenik gabe bururatu nituen bostgarren, seigarren eta zazpigarren lerroak. Arresia ene bularra berdintsu gora zan orain. Ekuratu nintzan artzara, eta zuzia argin-lanaren gainetik eutsiz, izpi iñul zenbait eman nituen barruan zegon itxurari buruz.

        Bet-betan orru ozen eta urragarri batzuek, itxura kateztatuaren eztarritik jalkiak, indarrez bezala atzerakatu ninduten. Ergai labur bat zalantzan egon nintzan, ikara. Ezpata zorrotik atera-ta, asi nintzan arekin leize barruan azta-maztaka; limar bateko gogoetatzeak, ordea, lasaitu ninduen. Eskua ezarri nuen katakombetako orma gotorren gainean eta askitu zitzaidan. Arresiari urbildu nintzaion berriz; orruka zegonarren karraxiai erantzun nien. Oyartzun eman eta lagundu nien, indarrez eta edapenez garaitu nituen. Ori egin nuen eta orru-egilea ixildu zan.

        Gaberdi zan orain eta ene egitekoa amaitzera zoan. Zortzigarren, bederatzigarren eta amagarren arri-lerroak osotu nituen. Amaikagarrena, ots, azkenaren zati bat bururatu ere arri bakar bat baizik ezan egoten jarri ta gisuztatu bearra. Bortxaz jaso nuen. Zatika jarri nuen egon bear zan tokian. Bainan ona nun zan irri luto bat zulotik kampo etorri, ene buruan illeak laztu egin bai-zituen. Mintzo goibel batek jarraitu zion, eta nekez nuen artan ezagutu Fortunato gurenaren mintzoa. Zion:

        «Ha! ha! ha! - hi! hi! hi! —jostaketa ona, benetan— jostaketa ezin obea. Par ederrik egin eraziko digu jauregian - hi! hi! hi! —gure ardoa edatez— hi! hi! hi!»

        «Amontilladoa!» esan, nuen.

        «Hi! hi, hi! - hi, hi, hi! bai, Amontilladoa. Bainan ez al da berandu? Ez al daude gure zai jauregian, Fortunato Andrea eta gainerakoak? Goazen emendik».

        «Bai», esan nuen, goazen emendik».

        «Jainkoa maitez, Montresor!»

        «Bai», esan nuen, Jainkoa maitez».

        Bainan erantzunari alperrik behatu nintzaion aldi ontan. Ekuragaiztu nintzan. Oiu egin nun:

        «Fortunato!»

        Iñardespenik ez. Berriz ere deitu nuen:

        «Fortunato!»

        Oraindik ere iñardespenik ez. Zuzi bat egotzi nuen egoten zan utsunetik eta barruan erortzera utzi nuen. Soilki girgil-ots bat etorri zan erantzun antzean. Biotza nasi zitzaitan; lurpeko ezetasunak zuen olakotzen. Laster egin nuen ene egitekoa urrentzeko. Azken arria bere ganean sarerazi nuen, eta gisuztatu. Argin-lan berriaren aurka ezurrezko esi zarra berreraiki nuen. Menderdi ontan ilkor batxok ez ditu ikutu: In pace requiescat.

 

(1) Roquelaure: lenagoko soineko mota bat.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.