L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Uztaila-Dagonila. 7-8 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Edesti—

 

Gu bai ibiltari!

Zamakola apaiza

 

Xalokin, K.O.

 

Arequipa deritzayon uria Peru-aldean dugun aundienetarikoa da. URI TXURIA esan oi diote Perutarrak aspaldi, baño izen ori zergatik yarri zioten ez det bein ere yakin izan. Inguratzan duten elurr-txapeldun Misti, Txatxani, Pitxu-Pitxu mendietarik ote du izen ori? Ni beintzat iritzi ortan nauzu, Misti'ko Uria ere esan oi baitiote. Misti ori ordea 5.900 metro ditun mendia duzu, urte guzian bere txapel txuria buru ganean ageri dun mendi ikaragarria. Beste mendiak ere elurr-txapelakin yantziak dituzu.

        Misti'ko Uri, naiz Uri Txuri deitzen dioten Arequipa'ra orain zortzi urte inguru iritxi nintzanean, nere belarriak barna errex sarrtzen, zan izen bat aitzen asi nintzan. ZAMAKOLA Apaizarena. Nere aurtzarotik Zamakola abizena maiz entzundakoa nuela esan bearrik ez dut noski, baño esan dizut eta Euskalerrian, batez ere Bizkai aldean, bi anai Zamakola ta biyak ospe aundikoak izan zirala nere etxean bertan irakatsi zidatela erantsi bearrean nauzu. Peru aldeko Zamakola Apaiz orrek ba ote zun, beste gure Zamakola ospatsuekin zer ikusirik? Inortxori ezer galdetu aurretik nere buru aundi eta gogorr onek bayetz esan zun, gure Zamakolak ta Misti aldekoa zuaitz baten adarrak zirala. Nerekin an zeuden lekaide euskaldunei galdetu nien ortaz beren iritzia, baño batek ere iritzirik eman ez. Nire ustez, Simon Bernardo ta Juan Antonio ospatsuekin lotzen zuen lokarriren bat ba zun, Zamakola Apaiz orrek. Gure artean eztabaida ere sortu zan. Nik besteen sendikoa zala, ta beren anaya zala ere bayeztu bear niyela. Nere lagunek ordea, ezetz, geyenez ere odol berdiñeko izatea gerta leikela, baño anai, baita zera! Yakin bear dut, esan niyen, gauza yakingarria dala argi dago-ta.

        Ta yakin-bide zuzen samarra iduri zitzaidan batera yo nun. Nerekin atxillotuta kerizpean egondako lagun bateri idatzi niyon galdera oek egiñez: «Arequipa uri ortan oso aipatua izan uan Juan Domingo Zamakola Apaiza, ez ote duk Arratia'ko Dima'n jayoa? Yakin zak eta erantzuidak». «Eta nik uste bezela Dima'n jayoa ba duk, ez ote duk beste Zamakola ayen anaya? Ni ortan natxiok, besteok ezetzka ari badituk ere». Eta nere adiskidea, olloak sastegin baño azterka bixkorrago, bazterrak arakatu ostean, nere alde yarri zan. «Arequipa'ko Zamakola Apaiza, Dimostarra uan, erantzun zidan, ta ik uste bezela beste Zamakola ospatsuen anaia, aita ta ama berdiñen seme orok, basetxe baten sortu ta jayoak oro.» Orra ba, nik somatua, egi zan. Misti mendiaren txapel txuriari millaka aldiz begiratu zion Zamakola ta Jauregi'tar Juan Domingo Apaiza eta Arequipa inguruak Yainko morroitza bikañenean, yauparitzan, 45 urte oso igaro zitun yauna, euskal semea zan, Arrati'ko Dima uri politean sortu, jayo ta azia. Bizkaitarra zala yakin ondoren, noiztik Peru aldera etorri zan yakiteko egarri bizia sortu zitzaidan. Nere atxillo-lagunek bere idazkian, Dima'ko Erretore izan ondoren Amerikaratu zala zion, baño ez naiz ortan bere iritzikoa. Arequipa'n esan zidatenez, Argentina'ko Tucumán deritzayon urian yaupari-ikasten aurrearatu xamar zegola Manuel Abad y Llana Gotzai Yaunak, Tucumán'go Gotzaigotik Arequipa'ra aldatu zutenean, oso maite baitzun, berakin Arequipa'ra eraman zun, Zamakola apaizgaya. Aberritik ere berak Tucumán'era ekarri zun, noski, 16 urteko morrosko zan garayan. Apezpiku yakintsu orren alboan eta bere laguntzarekin apaizgintzaraño iritxi zala esan zidaten Arequipa'ko Apaiz yakintsu batzuek, eta nere espetxe-lagunaren iritzia alde batera utzi eta beste au egokiagotzat artu det neretzat. Arequipa'n apaiz egin eta gero bere Dima urira itzuli ba zan, ordun bai, gerta leike nire adiskideak diona egia izatea, 1775'gn. urtean, Dima uriko Erretore izan zala, gero berriz Arequipa'ra etorri eta eriotz arteño Arequipa'n egon zala. Orixe da argi yakin nai nukena, illun-xamar baitakust. Ibarra ta Bergé-tar Xabier jaunak, Bilbo'n, 1941'gn. urtean argitara eman zun «Datos relativos a Simón Bernardo de Zamácola y la Zamacolada» deritzayon idaztian betetzen zalla dan utsune ori arkitzen dugu. Bilbotar jaun yakintsu orrek bere idazti ortan yarri digu noiz jayo zan Juan Domingo, baitare Dima'ko Erretore izan zala ere esan digu. Eta gero auxe erantsi digu: «Fundó la ciudad de Caima, en Arequipa, Reino del Perú, en cuya plaza principal se halla su estatua». Caima ori, Arequipa ondoan dagon erri koskorra dugu. Bere enparantzan bada oroigallu bat eta oroigallu ortan baita ere Zamakola Apaizaren irudia. Baño Caima uria etzun Zamakola Apaizak irasi, Arequipa uri bera baño zarragoa baita, bertako inditarrak aspaldi zuten uri zarra noski. Caima'ko eliza bai, Zamakola jaunak berritu zun, leno zana aundituz eta txukunagotuz, Caima'ko Erretore urte luzeetan izan baitzan eta bertan azken, arnasa ere eman baitzun 1823'gn. urtean.

 

(Urrengoan geyago)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.