L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Iraila-Urrila. 9-10 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Otaño'tar Pello Mari

 

Arrese'tar Emeterio'k

 

 

Arrese'tar Emeterio, tolosar olerkari agurgarriak, Zizurkil'en, Pedro Mari Otaño'ren omenez egin zan jaialdian irakurritako itzak eskeintzen dizkizutegu.

 

Zizurkill'en gaur gurekin dauden Otaño'tar jaun zindoeri lenbizi nere agur maitetsua, gero, entzule guziei.

 

        Jaunak:

 

        Oso arin jardungo naiz, biziro laburki. Adimenaren argitasuna zartzaroan gainbera dijoakidanez itzaldi luzerik ezin egin nezake. Laister, ba, asierako nere ataltxoa bukatu ondoren, iztun jator, bikain batek billera maite oni dagokion eraz, bere egikizuna ederki beteko du. Ta ni, kopeta igurtziz goiargiari deika emen naukazute, orain alditxo batean bederik, iru-lau miñuto, itzegiteko xede onez beintzat.

        Emeretziren bat urte izango nitun nik Pello Mari ezagutu nuen garaian. Donosti'ko zarreko txoko batean aren bertsoak entzuteko abagune izanik, zorionez arkitu nintzan. Izan ere, mendi-mendiko larranbillo usai, iturri naro, ta gañantzeko beste aldegai eder guziak ere berekin zitun Pello Mari' ren bertso bakoitzak. Egun artandik eratorri zan gure adiskidetasun aundia.

        Tolosa'tik Donosti'ra ni naiz erdu-ta gizon asmari atsegin arekin alkarrizketa luze bat egin arteko onik ez nuen izaten. Mintzo-aldi aietan nik opari goxo ta jairik aundiena; euskel-zale gazte batentzat ura bai zala poz-bide jator loretsua, ikuspegi alaia! Bañan... jas!, beti bada baña'ren bat: ordundik onera urte asko, urte geiegi joan diranez, nere buru-ganbarako krixallu zar onek koipe gutxi, nik nai ainbat argi ez-ta nere gogamenean urrutiko «zine» lausotu baten antzo gertaera zar aiek nasiro dagertzu. Au dala-ta, luzaroko nekez jardun gabe, noan laisterbidera.

        Garai artako neurtitz-egille ta olerkarien buru Pello Mari zan; baitere euskalzale gazte guzien irakaslerik goretsiena. Euskeraren aldezko leiaz, arretaz, lan eder, lan mamitsu biziro txalogarria egin zigun gai-gañeko goiztizlari maite aretxek. «Artzai mutilla», «Alkar» eta «Zerbait» deritzaien liburutxoean; berdin ere bestelako eraz, paper-osto askatuetan irargitako aren bertsoak, gure izkuntzak ditun altxor berezi iaioenak dira. Idatz-orri ta liburutxo oiek argi ta garbi dasate Pello Mari zanaren adimen kementsu, diztikorra. Bere omenez, urbizi datorren beste gauza bat ere orain esango dizuet, bere gorantza nere uztez oraindik areago jasotzen dun ezarki bat. Ona emen: irabazpideari dagokion arazoetan, uzkur xamar edo utzia zan gure Pello Mari, otsaundiko neurtizlari geienak bezela amesti bat alegia; ta ametsegilleai zer gerta zaien, jakiña: txanponez urri ta irudimen-egoz aberats izatea beren elburua. Bañan, naiz txindirik izan ez, bost!, diruzko ugaritasuna baño askoz naiago baitzun Pello Mari'k bere bertsoen emana. Emai eder, emai naro goraltzigarria, baiki.

        Jaunak: nere itzak baño mami geigo duten besterenak entzun-zai luzetsita iñor egon ez dedin, nere alditxoa bukatzera noa.

        Oztin-aldeko garbi-sollean arki dan Pello Mari oroitzez egin genezaken biotz-agurrik onena, berak egunero jarraipidean euskera maite zuan neurriz guk ere maitatzea litzake. Onela, ba, gure barne-mueko almen guzik batera lo, zaletasunik biziena erakutsi, gogar beroz jaso ta Ama-Euskera gaxoa biotz eta buru, oso garbi egiñalean maita zagun. Amen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.