L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Iraila-Urrila. 9-10 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Erraondoko azken danbolinteroa

 

 

Arturo Campion

 

euskaratzailea:

Ibar

 

Arturo Campion-en ipuia, Ibar-ek euskeraz itzulia

 

I

 

Urre gorrizko dirdira dariola daukate oraintxe egunsentiko argi-printzak' Ameriketatik iristea egin dun itsas-ontzi illuna (1). Eta maiatz-eguzki goiztarrari ongi-etorrika diardue ingurumariko txorikumeak lore ernaberriakin batera, zein baiño zeiñago.

        Txoriak eta baztarrak poz, are pozago du sumatzen biotza Pedro-Fermin Izko-k, ontzia portuan utzi ta San Nikolas-ko atetik barrena bideak gora abiatzerakoan.

        Jendezantzurik ozta ozta, goiz-garbi oetan; eta or dijoa, bidean topatzen duten banakai burua itzul-erazten diela, aldamenetik pasa ondoan. Ez da arritzeko ere: arrotz-itxura tiabarmena ematen baitiote soiñeko arroparen joskera-koloreak, gure alderdiotako nekazarien txapel-abarketak daramatzin arren. Bertako seme egingo zenduke arpegiz; baiña jazkera-moldeak berak dizu naiko garbi adierazten urrutietatik datorren larregizonen bat dala, zein baita ene. Lepotik beera berriz txistu-danboliñak zintzilik...: zer bear zuan besterik edozein bidaztiren begiak bereganatzeko?

        — Orixe agure umorekoa! —egiñez jarraitzen zaizka gero bideari parr-antzean.

        Egia esan, ez da txantxetan bakarrik agure Pedro-Fermin, gordin askoa badago ere bere zaarrean. Arpegiko larmintz soilla zimel, buruko ille-izpiak urdin, ortz-oeak utsik eta ezpaiñaldea barrura bildua... ezagun du zerbait ikusia dana munduan. Ala ta guziz ere ordea, tente jasotzen ditu oraindik sorbalda-gaiñak; arin dauzka aztalak, belaunak gozo ta auspoak samur; ez du lausorik agiri bere begi kixkur urdin-argietan, ezta zalaparta geiegirik ere biotz-pilpiran. Euritakoa eskubiko eskuan eta makillaren puntatik pardela bizkarrean ditula orren bizkor ikusirik, etziñizkake errez asmatuko urteak.

        Zenbat ote ditun?... «Iruetan ogei ta amarretik aitziña, nolanai den...» esanez asiko litzaiguke kontua ateratzen, bere napar-euskeraz; ez paitu egundaiño beste mintzairarik, esateko lain, ikasi. Irurogei ta amarreko orri gaiñean beste zenbat erantsi bearko litzaizkan, ezingo luke erantzun itzetik ortzera gizagajoak, apur bat pentsatzen egon gabe. Eta pentsatzen egonik ere, naiko lanekin.

        Larogei osatu gabeak dituna ba daki beintzat. Ain zuzen, aurtengoarekin datoz berrogei ta amar, Ameriketara jo zula, aita Matxin bere napar-ibarreko tuntunero zaarrari lur emanda laster; noski, Carlos-quinto-ren ez Maria Cristinaren mutil ikusi nai ezik bere burua.

        Berrogei ta amar urte aundi erritik kanpo! Ez biziro epe laburra gizonaren egun laburren alderako; baiña udako tximista eta mirotzaren furruxtada bezin arin adiñak beti guziko berekin eramana...

        Ba dituzu Buenos-Aires-etan larru-ontzaille ta arrai-gazitzaille otsaundiko batzuk, «Araluze y Compañia» izenez ezagutzen diranak, aberats-jende purrukatua. Los Papagayos deritzaion sarobe edo lantegi galanta baitute jaun oek Pampa aldeko zabaldietan; sarobe ortantxe egon dezu berrogei ta amar urtez artzai, Pedro-Fermin Izko.

        Eskola aundirik eraman ez bazun bere basarri-zulotik, argi berrioz burua janzteko erarik ez du izan gerozkoan; eta biotzak ere ez dio bide ma kurrik artzen ikasi. Azi ta bizi, artzantzako bizimodu paketsuan eraman dizu bere denbora guzia; beiñolako kaldea-torrak Testamentu Zaarreko aldi goxoetan riola? alatsu.

        Euskaldunak izan ditu lantegiko lagun, mugaz bi aldeetatik lan-eske ara bildutako jende jatorrak. Jaiotzez ez ezik berezko griñaz ene men ditar izanik, bizimaiña ateratzeko zeribait eldu bear, eta kale-lanetarako barrenak laguntzen ez landa zabalerako bidea artzen zuten geienak. Eta alabearrarekin batean jatorrizko senak elkar billa-erazirik, antxe bizi oi ziran gero, bakoitza bere alde, beren sort-errietako oitura zaarrak berrituz.

        Nekazaritzan gizonezkoak bezela, sarobe-ko esne-arazoetan emakumezkoak jarduten ziran ugari. Eta elkarrekin uztartutako senar-emazte berriak guzizko egoki moldatzen zituten beren etxe-bizitzak, sort-erriko legeak agintzen dunez aek ere: bata bestearen urbillean bai, baiña berez bere, ta etxekoz etxeko.

        Don Jose bizardo, Goizueta-ko semea, zuten langille-buruzagi; eta don Fulgencio apaiz bermeotarra elizako kapillau. (Guzia esan bear bada, bere aspaldi bateko joan-etorri badaezpadakoez zintzoro damuturik, anima salbatzearren zoko artara bildua, gizagajoa.) Aundi ta txiki, guziak ziran euskaldun, barruti aetako maizterrak; eta euskaldun uts, ango oitura-jolas izkuntzak ere. —Basoko loritoak berak euskeraz ari oi ziran elkarrekin erasian—. ¡Zori oneko euskal-erri ñimiño, kutsatu gabea! Ez gure emengo au bezela, erdal-politikak bere erra zitalez jo, ta ondatzen ari diguna!

        Alakoxe ederki bizi da Pedro-Fermin aurreko berrogei ta amar urte ontan osasuna ta pakearekin, ez buru-auste alperrik, ez barrengo arra ren zimikorik, ez iñoren edo ezeren ondamu gaiztorik. Bere lur zaarraren ordez, Argentina-ko lur berriari itsatsi zion erro-errotik biotza; eta ara zan ezkeroz etzuan izan ez sort-erriaren, ez ango aaide-adiskideen miñik gogoan. Nundik nora zebillen iragarriz idatzi zien noizbaiteko batean etxekoai; erantzun ere bai aek, andik puska batera, arreba bakarraren ilberria emanez; eta albiste onetxek oar-erazi zion bat-batetan, urez beste aldeko gauzakin etzula geiago ikuskizunik.

        Mutil ernaia berez, alde batetik, eta arreta aundiko langille saiatua bestetik, saletxe nagusiko buru jarri zuten denboraz, poliki irabazten zuala; eta egunean-egunean egindako soldata-diruak la osorik gordetzen etzuan neke gogorrik izan. Eremu bakar agitan, jokalari ez izanik, zertan dirua alperrik txautu kristauak?

        Gaingiroak ordea etzion dan gutxienik burua, arrotu; eta bere bordatik etorri-berritan bezelaxe, artzai-mutil motz zaneko artan bezin gogotsu jardun zuan gero ere auzokoai tuntun jotzen. Ez txanpon-zurrean, leenbizi berrian oi zunez; gazte jendeari atsegin ematearren baizik; eta guziz gain, joaren joaz txistuari berari artu zion griña biziagatik. ¡Hura soiñua aterazi oi zioten txilibitu garratz ari artzai-aundiaren ezpain legunak! Etzan ari eragingo zion erretxiñolik basoan!

        Euskaldun barririk lantegira agertzen zaneko, etzuan onik izaten Pedro-Fermiñek, etorberriari bere alderdietako doiñu ta dantza bereziak kanta-erazi artean. Orrela bilduz bilduz, zenbait urteren buruan, euskal-erririk geienetako kanta zaarrak, aintzakotzat artu gabez mendirik mendi, ibarrik ibar galtzen dijoazkigun kanta zaar atzenduak, gogan arturik zeuzkan.

        Gogoan arturik ez-eze, baita biotzaren barru-barruraiño sarturik ere. Maiteak maiteari, seaskako aurrak amari, itsasgizonak legorreko emazte kezkatiari, mendiko garo-biltzailleak eta larraiñeko dantza-lagunak elkarri eragiñikako kanta samur aek, ez-artan ez-artan, biotz osoa menderatu zioten Pedro-Fermiñi, eten-eziñezgo sare leun batean bezela bilduz.

        Alakorik batez beiñik-bein, bere erri koxkorra ta jaibot-etxea ta famili-kandarrak ikusteko kutizia egin zitzaion ez bat eta ez bi. Sekula beiñere ez ta, erri-miña biotzean! Zer zan hura?... Doiñu maite aek berekin zuten euskal-arnas beroa ari zitzaion nunbait aurzaroko oroitzapen erdi-illak berriz pizten gogoan...

        Burutaldi zororen bat besterik etzalako ustean, etzion jarerik eman leenbizi. Indar artzen zijoakiola igarririk, gogor egin nai izan zion urrena bere buruari; eta apeta gogaikarri ari zaiñak ebakitzen egiñ-aaala egin zituan. Baiña guzia alperrik. Etsi-etsi eginda, don Jose bizardo-rengana joan bear izan zuan geroenean, diru-kontuak erabat garbitu egin nai zituzkela esanez.

        Asmoa burutik, kentzen leiatu zitzaion don Jose:

        — «Zer aterramentu atera bear dezu gizagajo orrek, iñork ezagutzen ere etzaitun sasi-zulo artan? Onezkero ez dezu ia nik baiño senitarteko geiagorik izango. Illoba zarpaillen batzuk bilduko zaizkitzu dañez ere, diru-zantzura, ezurretaraiñoko guzia zupatu naiean. Eta an egongo dituzu, eztulak edo esteko miñak noiz eramango zaitun irrikitzen, esan oi dan bezela, «illa lurpera ta biziak asera» osaba indianoaren diru-pixarren jabe leenbaileen gelditzeko... Gaiñera, zuk al dakizu zer nolako ustua artu bear dun zure sakel koxkorrak, Europa-ko diruaz trukatzean?... Ez bekokirik zimurtu, koxkorra esan dedalako; Erraondo-ko malkarretan bai, an berealaxe egingo zaitue jaun aundi...

        «Gizona, naiko lan eginda aspertzen asi al zera?... Ze arraio! ta lanak ez al du on atsedena? Tira, etxe polit bat egingo dizugu bereontan, sarobe inguruan; eta denok elkarrekin biziko gera anaitasun ederrean, orain arte bezela zuk soiñua jo ta gazteak dantzatu.

 

(1) «El sombrío cuerpo de Tetrikápolis Alemánika.» Iñondiko alegiñakatik ezin izan det garbitasunik atera zer adierazi nai ote dun emen Campion-ek. Zirt edo zart nolabait egin bear, ipuia euskeraz itzuliko bazan; eta Tetrikápolis dalako ori Pedro-Fermin Ameriketatik Europara ekarri zun ontziaren izen egin det, zuzen ala makur. Nor edo nork beste iritzi itxurazkoagorik azaltzen balu, pozik osatuko nuke noski, gaur ezin-bestean egindako utsa. (Itzultzaillearen oarra.)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.