Euskera / Liburu berriak
Izeko aberatsa-Irulearen negarra
Ibinagabeitia'tar Andima'k
Etxaniz'tar Nemesi. IZEKO ABERATSA-IRULEAREN NEGARRA. Antzerkiak. Gasteiz'en, 1952
Betidanik eta lurralde guztietan antzerki edo teatrurako yokera nabaria izan da. Antziñatik teatruak aipu aundia iritxi izan zuen lur zaarrenetan ere, greku ta latindarretan batik bat. Latindarrak komedi zaleak izan ziran, aien komedigille garaiena Plautus bere «Menegmi» «Bizkiak» eta beste zenbait antzezkizunez. Guziak erri kutsuz eta erri izkeraz idatziak, irrigarriak gainera. Etzuen aien artean tragedi edo dramak loratzerik ezagutu; ez zaizkigu beintzat, izan ba zuten ere, gureganatu. Grezitarrek ordea, antzerki edo teatruan, beste elerti-mota guzietan bezelatsu, izen aundia iritxi zuten: ez bakarrik komedi arruntean, Aristophane aitor, baita ere trageri edo drama garaian ere, Eskilles eta Sopokel aski argi erakusten diguten bezala. Oiek izango dira gero ere teatrugintzan garaienak; urteak urte, mendeak mende, aien markarik ez dute erre arrezkerokoek. Geroago ere asko ta asko izan dira inguru-mari guzietan teatru arloari ekin diotenak: Inglande'n, Frantzi'n, Espatii'n eta nun nai, antzerkigilleak ater gabe sortu ziran.
Izan ere, erriari begiz baño entzukiz errexago sartzen zaizkio literatur nagusiaren sorpenak. Erria ez da geienetan irakur-zale, entzun-zale amorratu baizik. Antzerki bat iragartzea aski lehago teatroak gunburutzeko. Egun kinemak, teatrurik asko mututu ditu, eta antxinako yokera kine-bidetatik dabilkigu. Alare oraindik ez dira aspertzen yendeak bizien arteko elkarizketa irakaspentsuak entzuten. Izan ere teatru biziak bezin egoki eta taiuz ez ditu ezerk ere erri oiturak gizonen grinak eta aien arteko auziak nabarmentzen
Ontan ere euskaldunak ez dira beste erriak ez bezalakoak. Oiek ere, besteak bezala, gogo berdiña, zaletasun bera erakutsi dute teatroarekiko. Guk ordea, ez ditugu antzerkigille ospatsuak izan gure elerti barrutian. Gure izkera zapuztua ez zuten euskaldunak oraintsu arte aintzat artu teatro ta eskena barna erabiltzeko. Ontan ezin gindezke 18 garren mendea baino gorago joan. Eta aurreneko teatru lana erdi euskaldun eta erdi erdaldun erabat, ageri zaigu «Burracho burlado» delako Peñaflorida kondearen antzerkian.
Geroago bai izan ditugu komedi idazle aipatuak. Oiek emeretzigarren mendea ondo sartuta gero ageri zaizkigu. Aietan leena Toribi Altzaga. Amaikatxo komedi idatzi zituen idazle alai onek, eta amaikatxo irri goxo ere egin dute euskaldunak aren komedien kontura. Geroago, irakasle oni yarraituz, talde ugariagoa ageri zaigu. Aipa ditzagun baten batzu. Guzietan, teatro-sailari gogotsuen ekin diona, Labaien'dar Andoni izan da. ANTZERTI aldizkaria ere sortu Lopez-Mendizabal'dar Ixakarekin batean, eta antzerki ederrik argitara zuten aldizkari aantzi-ezin artan. Antxen ikusi genituen Lekuona'tar Imanol eta Martin'en teatru-lan yakingarria, Lafitte yaunaren antzerki ederra, eta beste aunitzenak ere bai. Iraun zituen bi urteetan ANTZERTI'k lan ederrik utzi zigun, baitare azulpen yakingarririk, Zaitegi'ren «Antigone» esate baterako. Bainan aldizkari onek laster bere azkena ezagutu zuen, zorigabeko gudu artan, eta arrezkero gure teatroa elkor ta igar egon da, edonolako ziturik sortzeke.
Onatx egun, Etxaniz jauna bere antzerki-txorta eskeinka. Gabon saririk bikaiñna, gabon-giro bete-betean bai datorkigu.
Guztiek dazagute Etxaniz'en euskal nortasun bizia. Aspalditik ari da gure alorrean aspertzeke, gazte-gaztetandik. Or dauzkagu bere euskal liburu ederrak: «Arraldea», «Olentzero», «Katuin-zuloa», oitura ta bestelako irakurgaiak. Eliz-sailean ere euskeraz ekin dio, bederatziurren eta Ekintza Katolikoatzaz ikasbidea argitaratzeko. Geroago nola euskeraz kartak idatzi ere irakatsi digu.
Baña bere lan garaiena emateko zeukan eta «Kanta-kantari» idazti berriarekin gure olerkarien artean goi-mallan eseri zitzaigun. Bere bizia zear ondutako olerkiok izkutuan zeuzkan eta izkutaldi ortan bere lan ederrak orraztu, txukundu ta apaindu zitun, azkenean «Kauta-Kantari» idazti ederrena emateko. Poesiz ta goi-arnasaz inguraturik, erri euskera txukun, yori ta aberatsean idatzia, irudi xoragarriz yosia.
Eta gaur arrai ta baikor agertzen zaigu bere liburu barriarekin: «Negarti guzien illetak alde batera utzita, bagoaz euskal zaleok gure bidean aurrera». Eta orixe erakusten digu argi ta garbi, aurrera dabillela arlo guziak euskal baratzean landuz.
Oraingo au ere, garaitikoak bezela, ertz guzietatik oso ta egin-egiña duzute. Bi antzerki, bata baino bestea ederragoa: «Izeko aberatsa» eta «Irulearen Negarra».
Izeko Aberatsa, eres-antzerkitxo irrigarria duzute Maratilla errexa da guziz, oso ederki bilbatua. Aur gabeko izeko aberats batek ondasun guziak utzi nai dizkie bere bi illobai. Illoba oiek ezdute ez izekorik eztare elkar ezagutzen. Bata Azkoitian bizi da, (nexka) eta bestea Lezo'n (mutilla) eta izekoa Zeraingo Dorretxean. Illobai karta bana egiten die lenen bere etxera iritxiko litzakenak izebaren ondasun guziak ere artuko dituala adiraziz. Eta orra ixtillua ta maratilla biak leiaka, bakoitza bere bidetik, izekoarena alik lasterren iristeko. Errex ta egoki arildua.
Elkar-izketan batez ere euskal trebetasuna nabarmentzen digu Etxaniz'ek. Irudien yarraipena laster eto ariña, entzuleai aspertzeko betarik emateke. Antzez lagunak ere ederki mugatuak, bai nagusienak, baitare ondokoak.
Ez zaigu erabe agertu egillea komedi au idazten. Nexka-mutillentzako egiña da, eta nexka-mutillen artean gerta eta esan oi diranak egoki bulartzen ditu. Eta maitasun autuak ezpain axal-azalean erabil oi ditute edonungo gazteak, eta gureak ere bai. Ortan bide onenetik jo duala Etxaniz'ek aitortu bear dut. Maitasun gabe bizitza antzu ta elkorra omen da, eta maitasunak gatz eta bizinaia ere ematen dio gure eguneko bizi-bear aspergarri oni. Etzeukan bada zertan ixili, maita-leloa. Eres-antzerkia izaki, kanta tartean arrotz kutsu dunak ere sartu ditu, eta ortan ere ez dauka eraberik. Askok ez dute euskeraz arrotz soinurik entzun nai; gurago dute arrotz soinuek arrotz itzez entzun. Etxaniz'ek ez eta guk ere ez. Euskera guzitarako nai dugu, soñu guzietan erabiltzeko, yakintzan, elertian eta kantan ere. Euskerak gure bide bakarra izan bear du, oraingo euskal neoklassikoak errango luketen bezala, griña, gogoeta, sentimendu ta bulko guzien expresinoa. Etxaniz'ek sarreran dioen bezala: «Euskera, naiz jakintza gaietan (kulturan), naiz literatura sailean nagusitu ditekela erakusteko. Uste okerretan bai daude asko ta asko gure artean».
Atsegin aundia artuko du gure erriak Etxaniz'en komedi au ikus eta entzutean. Merezi luke ereslari trebe batek eres-antzerki ontarako partitura on bat sortuko ba'lu. Ez al du baten batek ori ere egingo?
Irulearen Negarra tragedi-sailekoa duzute. Gaia Arakistain'en «Tradiciones Vasco-Cantabras» etatik artua da eta Deba'n gertatua. Negarrerako antzerkia, tajuz, zentsuz ta funtsez eratua. Gaston, Usanda ta Andre Miliaren irudiak ezin obekiago ebakiak agertzen dizkigu. Antzerki aurkezpenean ematen dizkigu egilleak antzerki ontako maratilla ta goraberak: «Antxiña galdutako euskaldunen itzalak berriro biziaraziko ditugu gau ontan. Milla ta bosteungarren urteko euskaldunen gorroto ta maitasunak berrituko dira zuen aurrean. Itxasoak burruka ta gorrotoa dakarkie orduko euskaldunei, alderdi bietako euskaldunei ta orixe duzu antzerkiaren guna.
Bainan emen ere maitasuna nagosi. Odol eta maitasunaren arteko burruka gorria ageri zaigu. Gurasoen odol-ardurak, gazte maite-minduen maitasuna ito nai luke. Ez du ordea iristen. Gurasoen arteko gorrotoaren gainetik gazteen maitasuna indarrez ernetzen da. Onatx zeinen bertsu ederretan Gaston'ek kantatzen digun maitasun ori:
Gezurretan ari ziran izarrak elkarri
etziñala neretzako, maite zoragarri.
Ai al ba'zindut lenbailen etxera ekarri,
gure biotzak dezaten maitezko lokarri.
Eta ez ziran elkarrentzako izan Gaston eta Usanda. Tragediak katastrofea eskatzen du eta katastropea samiña oi da beti ere. Gaston gudan iltzen da eta Usanda maitamiñez argizaria bezala akitzen. Gurasoa, ama gaxoa, alabaren erio-ondoan burua galduta beti ere ardaketan ageri zaigu eta andik lasterrara au ere iltzen da.
Ezin obeki bizi-azi ditu Etxaniz'ek antxiñakoen itzalak. Bañan ba du antzerki onek maitasunaren gainera beste zio aundi bat ere, euskaldun guzion artean batasun aundiena ta zabalena sortu naia. Ots, euskaldunak euskaldun gerala, ango ta emengo, odol bateko asmo askotako izan arren eta odola bezala asmoa ere bakarra bear litzake gure artean. Euskaldunak euskaldun, beraz euskaldungo oso ta bakarra.
Ar bitza Azkoitiko idazle azkarrak euskaldunen eskarronik oberenak. Eta beste guziak ere aren bidetik ibiltzen ikasiko al dugu, beti ere, tai gabe, euskal arloan lanean jarduteko.
|