Euskera / Liburu berriak
Bizi
Ibinagabeitia'tar Andima'k
BIZI...: M. M. Arami'k egin zuanetik IRIGOYEN'dar Dumingo, Zumarraga'ko Bikarioak euskeratua. Gazteiz'en 1952.
Igaro urtea ez da ain antzua izan euskal liburuak maite ditugunontzat. Oraindik sortzeko dago noski, euskera bizkortzeko bear-bearreko dugun euskal liburu-jasa. Sortzeko zoritxarrez, gure artean euskaldun guztion artean euskeraren maitasunak ageri ez dalako. Alare, biotzez amets dugun liburu-jasa orren zenbait tanta erori dira irakurle egartsuak gutxiegi damurik nolarebait tanta ozkirriz gozatzeko. Urte azkenean, ain zuzen, aitatu tanta orietako bat nere mai-gainean erori zait. BIZI... deritzan liburu apaina alegia, Irigoyen'dar Domeka Zumarraga'ko Bikarioak ondua. Ondua diot, itzulpena izan arren. Ondua bai, ain dago euskera egokiz itzulia ta yantzia. Itzulariak berak Arami apaizak pantzeraz egiña dala esango ez ba'ligu, iñortxok ete ez lioke itzulpen usairik artuko. Ain dago egoki, tayuz itzulia. Gutxitan izan dugu orrelako liburu euskaldunik irakurtzeko egokierarik.
BIZI... liburuaren gaia izadi-gainetiko bizitzazkoa duzute. BIZI... arimaren bizitzaz ari zaigu, bizitza ori pizkortu ta sospertzeko bear ditugun guzietaz, esker donetzalleaz batez ere, auxe baita gure arimari benetako bizitza ematen dion goi-indarra. Esker donetzaIle gabe, mistiku ta asketa guztiek diotenetik, gure arima izaki il ta itsusi bat besterik ez omen litzake, esker miragarri orrekin ordea, Yainkoz inguraturik dagoen izaki zoragarriena. Eta BIZI... liburu ederrean ikus ditezke esker donetzalle orren inguruko gorabera gtiztiak.
Aurrenekoz esker-donetzallea zer dan adierazten digu; urren esker-donetzallaren ondorenak zeintzu diran, gero esker orri buruz ditugun eginkizunak, zergatik aintzat artu bear dugun, nola zaindu bear dugun, nola galtzen dan, galdu ezkero nola norbereganatu dezakegun. Esker donetzallea gure baita ugaritu eta inguruetan zabaltzeko biderik egokienak ere erakusten dizkigu, Eukaristiak ortarako dituen indarrak nabarmenduz. Azkenekoz, eraskin bezala, otoitzak eta dakazki.
Orra labur, liburuaren mamia.
Norbaitek esango du, bear ba'da, eliz-liburu geiegi ere ba'ditugula euskeraz. Alaxen da izan ere, geiegi ditugu, ikol eta funts gabekoak geienak. Ba'ditugu ederrak ere, bainan Irigoyen jaunaren betekoak oso gutxi, bat ez, esango nuke, barne-bizitza ain ederki azaltzen duenik.
Orainartekoak, Axular eta Mendiburu ere, asketika arruntenaren bidetik euskaldunak eramateko eginak izan dira. Izkera ederrez, bai noski. Doktrinaz ere zintzo nai ba duzute, bainan esker donetzalleak agintzen digun goi-bizitza barna geiegi sartzeke. Gaurko au, ez dugu esango bat-batean bizi-mistikura eramateko egiña danik, bai ordea bizi-mistiku orren urbillera garamatzina. Bizi-mistikua Yainkoaren betetasuneau bizitzetitk dator, Arekin bat, Aren barnean pulunpaturik. Eta esker-donetzallea duzute, ain zuzen, bizitza ortara garamatzin bidea eta bakarra gainera. Beraz BIZI... liburua, kristauak goi bizitzara eramateko egiña da, askesiz zintzoenaren bitartez mistika-goimaillara gure gogoak ere erakar ditzakena. Ez duzute orain arteko liburuak bezalakoa. Ba'du aiek ez duten zerbait, aietan arkitu ezin dezakegun gogo-bazka garaiagoa.
Ba'dizu meriturik Irigoyen'en liburuak. Euskerarik garbi eta errexenean eman dizkigu gogo-yakintza goitarrenok, euskeraren almena erakutsirik; gure izkera tresna egin-egiña ere dala edozertarako sendotu digu. Agiri du idazleak gure orain arteko idazlariak, zaarrenetatik asi eta berrienak arte, gun-gunetik ezagutzen dituala. Eta ezagupen ori gure literaturaren fruktuak yan ta egosiz iritxi duela. Ezin diteke bestela izan ere. Bere du AXULAR, bere MENDIBURU, eta bere batez ere OLABIDE. Olabide zanaren Itun-Berriaren eragiña nun-nai ageri zaigu Irigoyen'en idaztian.
Ez da aski Axular funtsez ezagutzea bear bezala idazteko. Egun Axular besterik ez da aditzen euskal literatura zaleen artean. Ez ditugu maizu aundi orren doai arrigarriak ukatuko, ez orixe. Bainan MENDIBURU zokoratu nai dutela dirudi. Aspaldi ontan beintzat, danik ere ez dugu entzuten Oyartzun'go maizu aundi ori, aundietan aundiena. Axularren eretzean ezarri dezakegu Mendiburu eta zerbait ertzeri begiratuki Urdax'ko irakaslea baino gorago, ala nola aditz eta euskel-garbitasunean. Bego Axular gure maizu, bainan bego Mendiburu ere gore irakasle.
Auxe ere esan nai nieke egungo euskal idazle gazteei. Euskeraz idatzi dutenetatik ezin dezakegula bat ere arbuiatu. Euskeraz argitaratu diran liburu guziak irakur ditzatela; txatxar eta exkaxena dirudian liburutxoan ere, antxe arkituko dute exti-tanta euskal ezti-aberaska osoa egiteko. Ez gera aski aberats ondasun tipienik ere astantzeko. Maite bear ditugu gure idazleak oro, maite eta irakurri. Gurean geinak elizgaiz ari izan dira, bainan gai oien artean ere bide asko arki gentzake bestelako gaiak erabiltzeko. Beraz, idazle-gazteak, ez arren arbuia euskerazko libururik bat ere.
Orrela bakarrik egin al izan dituzute Irigoyen jaunak bezalako liburu ederrak. Luzaro egon zitzaigun Irigoyen jauna liburu ori argitara naiez bainan ezin argitaraturik. Agintari ergel batzuk, ergelkeriaren mendean bizi zaigu aspaldi ontan euskera, gogorki eragotzi zioten liburu ori argitaratzea, itzulpena zalako. Itzulpena zalako ez, euskera zalako baizik. Bainan neke askoren ondoren, iritxi du eguzkiratzea. Ondo egin duzu: orrelako liburuak eguzkitan beren burua erakutsi bear dute eta merezi ere dute.
Ez nuke iritzi au liburuaren itxurari buruz zerbait esateke. Guztiz ederki irarri, bi tintaz apaindua, eta txukun aski antolatua. Lareun orrialde argi dakarzki.
Egile ta irarleak ar bitzate gure zorion-agurrik beroenak.
Paris'en 1952-1-5
|