L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Iraila-Urrila. 9-10 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera / Liburu berriak—

 

Jesusu aurtxoaren lenengo itzaldia

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k

 

JESUS AURTXOAREN LENENGO ITZALDIA. Jesusen Lagundiko Aita Galdos'ek asmatutako olerkia. Zarauz'en. 1952

 

Zortzi kantutan berezitako poematxo bat duzute. Liburuño tipia, bainan apaina. Ez ditu berrogei orrialde. Ahapaldiak ere bertsu motxetan egiñak, eun eta amaika baizik ez dira. Gabonkari polita benetan. Aita Galdos'ek, lenago ere, euskal liburuak argitara zituen, geienak bir-aldaketak, bat bere-berea «Dabi'ren Abestiak» deritzaiona, ots, Dabid'en eresi edo salmoak euskeratuta.

        Ezin diteke ukatu Aita Galdos'ek bere-bere duen idazkera daukanik, eta beretasun ori oraingo poemaxka ontan ere erakusten digu. Gaitzat, Yesu aurtxoak bere ao xeru artatik ixuri zituen aurreneko itzak nai lituke. Ebangelioak ez dizkigu ordea, itzok eman, bainan Galdos Olerkariak lan aundi gabe asmatu ditu zeintzu zitezkean: aitatxo Josetxo, eta amatxo Mirentxo. Beaz beste aurtxoenak bezelakoxeak, aita ta ama alegia. Ez geiago ez gutiago. Bainan Galdos Idazteunetan yakintsua izaki, zein izkeran eman zituen ere esaten digu: aram-keraz, ua bai zan garai artako Palaistina'ko izkera.

        Galdos'en poematxo au ezin gentzake, iñola ere, Verdaguer'en eretzean yarri. Ez du aren mistiku-arnasik. Alare ba'du xarmantasunik. Ba'du berebiziko zertxobait, geienetan bertsuak lazo-xamarrak izan arren. Nere ustez «Jesus Aurtxoaren Lenengo Itzaldia» ren egilleak, ez du urbiletik yarraitu ogei urteo geroztik euskal olarkariek egin duten lana, are gutxiago zazpi urte auetan euskeraz idatzi duten olarkari garaiena, ots, Orixe, Iratzeder, Mirande, Mitxelena, Zaitegi, Erkiaga eta beste olerkariena, egundaino izan ditugun olerkari yayoenak. Bainan askok, berak dakitena geiegi ere dala uste dute, eta liburuxka onen egilleari ere onelako zerbait gertatu zaio. «Egun ezin gentzake ontzat artu Gardos'ek idatzi dituen neurtitzetatik geienak. Bere euskera ez da egungo olerkariena, eta ez dakit iñoizkoena izan danik ere. Neri beintzat oso aul eta uts agertzen zait Galdos'en olerkera. Alare ezin ukatu beretasun bere-berea duanik, atsegin zaion bezala mintzake.

        Ahapaldi aipagarri batzu ba'ditu, orratio, eta ezin ditzake aipatu gabe utzi. Laugarren abestaldia, ene uste kaxkarrean, zortzietatik ederrena eta sentituena ere duzute. Onatx, irakurle, bertsu zenbait:

 

                        U. Amatxo maitea,

                             laztantxo bat neri.

                        A. Ez bat; nai dituzun

                            beste laztan, zuri.

 

                        U. Ama niaite zaiuit...

                             zeinbat, esan ezin...

                        A. Neurtu dezagun ba

                            gean laztanekin...

 

                            Bata bestearen

                            biotzaren jabe,

                            laztan baten daude

                            ezer esan gabe...

 

                            Alakoren baten

                            amak semeari

 

                        NIK EGUNEN BATEN

                        JAN EINGO ZAITUT ZU...

 

        Orra Galdos'ek bertsurik ederrenak, eta bertsu ok, bi azken aipatuak ain zuzen, poematxoaren guna ta zergatia dituzute: NIK EGUNEN BATEN / Jan eingo zaitut zu». Euskaristiaren ustegabeko iragarketa, eta urrengo'kantatxo guzien muina.

        Liburuxka polita, bainan liburuxka. Zer aundiagorik egungo al dute Galdos eta bere Lagundikoek ain baztertuta daukaten euskera maitearen onerako. Artean eskerrik bizkorrenak eman nai dizkiogu eibartar jatorrari euskeraren onez burua altxatu duelako.

 

Paris'en, [...]-I-53.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.